1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
117/2016 FORU DEKRETUA, abenduaren 21ekoa, “José Lázaro Galdiano” edizio saria RM Verlag argitaletxeari eta Museu d’Art Contemporani de Barcelonari (MACBA) ematen diena, “Miserachs Barcelona” lana argitaratzeagatik.
Martxoaren 30eko 26/2009 Foru Dekretuak “José Lázaro Galdiano” edizio saria sortu zuen, José Lázaro Galdiano nafarrari agur eta ohore egiteko, eta, alde batetik, liburuen edizioaren kalitatea eta, bestetik, artea, esanahi zabalenean ulerturik, aztertzen duten ikerketa historikoa eta saiakeragintza aintzat hartzeko.
Aipatutako foru dekretuak proposamenak aurkezteko baldintzak eta saria emateko prozedura finkatu zituen; sariduna proposatzeko eskumena Nafarroako Gobernuaren, Lázaro Galdiano Fundazioaren, Beireko Udalaren eta Madrilgo Nafarroako Kultur Elkartearen ordezkariek eta artean adituta dauden teknikari batzuek osatutako epaimahai bati eman zion; eta proposamena Nafarroako Gobernuaren lehendakariari bidali behar zaiola xedatu zuen, Nafarroako Gobernuak saria emateko erabakia har dezan.
Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren ekainaren 9ko 25/2016 Foru Aginduaren bidez, 2016ko “José Lázaro Galdiano” edizio sarirako deia egin zen, haren oinarri arautzaileak onetsi ziren eta 3.000 euroko gastua baimendu zen sari hori emateko.
Epaimahaiak, 2016ko urriaren 10ean egindako bilkuran, aho batez erabaki zuen “José Lázaro Galdiano” edizio saria (2016. urtea) RM Verlag argitaletxearen eta Museu d’Art Contemporani de Barcelonaren (MACBA) “Miserachs Barcelona” lanari ematea proposatzea.
Liburua Xabier Miserachs (1937-1998) argazkigileari egiten zaion omenaldia da, bai eta haren lan nagusiari ere, hau da, Barcelona, blanco y negro liburuari; hiri argazkigintzaren maisu lan bat da, lehenengoz 1964an argitaratua. RM Verlag argitaletxeak eta Museu d’Art Contemporani de Barcelonak (MACBA) batera argitaratu dute liburu hau, Ramón Pezek eta Laia Abrilek diseinaturik, MACBAn 2015eko irailaren 18tik 2016ko martxoaren 27ra arte aurkeztu zen Miserachs Barcelona erakusketaren harira.
Epaimahaiak kontuan hartu du portfolio argitalpen bat dela, non izugarri zaindu den zer paper hautatu eta nola inprimatu, ahalik eta beltzen kontrasterik sakonena lortzearren. Liburua josi gabe koadernatuta dago eta argazkiek bizitza hartzen dute diseinuari esker.
Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko abenduaren 21ean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
1. RM Verlag argitaletxeari eta Museu d’Art Contemporani de Barcelonari (MACBA) ematea 2016ko “José Lázaro Galdiano” saria, “Miserachs Barcelona” lana argitaratzeagatik.
2. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta RM Verlag argitaletxeari eta Museu d’Art Contemporani de Barcelonari (MACBA) jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko abenduaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
Iragarkiaren kodea: F1614605