18. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

26E/2016 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Muruzabalgo udal mugapean “Saratsua Norte” legar hobia lehengoratzeko eta behin betiko uzteko planari. Sustatzailea Construcciones y Excavaciones Erriberri SL da.

2016ko maiatzaren 16an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O) epigrafean dago sartuta (Aldi baterako instalazioak, obra osagarriak, lurraren edo bestelako hondakin inerteen hondakindegiak, haiek ustiatzeko aldia bi urtetik beherakoa bada, metaketak, beste eranskin batzuetan ageri ez diren erauzketa lanak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 20ko 30E/2012 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zen “Saratsua Norte” legar hobian legarra ateratzeko, eta epea luzatu zen Nafarroako Ubidearentzako “Saratsua” mailegu eremua lehengoratzeko. Bi jarduketak Obras y Construcciones Ollobarren SLk sustatu zituen Muruzabalgo udal mugapean. Zortzi hilabeteko indarraldia zuen baimen horrek, baina epe horretan ez ziren bukatu proiektutako lanak.

2015eko otsailean, meatzaritza eskubideak Obras y Construcciones Ollobarren SLtik Construcciones y Excavaciones Erri Berri SLra pasa ziren. Horrek, 2014ko martxoaren 11n, 6.000 euroko abala eratu zuen, 30E/2012 Ebazpenean legar hobia lehengoratzeko berme gisa eskatzen zena.

2015eko abenduaren 17an, Construcciones y Excavaciones Erriberri SLk memoria laburpen bat aurkeztu zuen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Muruzabalgo “Saratsua Norte” legar hobia ustiatzeko proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazioaren tramitazioa hasteko asmoz. Aldez aurreko kontsulten tramitea hasi ondoren, Arkeologia Atalaren 2016ko martxoaren 11ko txostena jaso zen, non iritzi baitzen proiektua ez zela bateragarria “Saratsua” aztarnategi arkeologikoaren kontserbazioarekin. Hartara, ez zen bidezko legar hobia baimentzea. Txosten hori sustatzaileari igorri zitzaion Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren 2016ko apirilaren 4ko txostenaren bidez.

Lehengoratzeko eta uzteko aurkeztutako planaren helburua da, batetik, meatzaritzari buruzko araudi sektoriala betetzea, eta, bestetik, legar hobian egiteko dauden lehengoratze jarduketak ingurumenaren aldetik tramitatu beharrari erantzutea.

Planteatutako lehengoratzeak “Saratsua Norte” legar hobian andeatutako lurrak ukitzen ditu, Muruzabalgo 3. poligonoko 103. lurzatian kokatuak. Lurzatiaren azalera 47.884 m²-koa da. Horietatik, 19.000 m² gutxi gorabehera daude ustiaturik eta lehengoraturik, lurrak erantsita nekazaritza berreskuratu baita. 8.000 m², gutxi gorabehera, iparraldean kokatuak batik bat, ustiatu gabe daude, eta, 20.000 bat metro koadroko azalera lehengoratzeko dago. Azalera horren barrenean hegoaldetik sartzeko bide bat dago, eta lehengoratze plan honen xedea da. Iparraldeko mugako ezponda batzuk erabat bertikalak dira, 5 metrotik gorakoak.

Legarraren aprobetxamenduan, materiala atzerakako hondeamakinekin kendu zen hasiera batean. Materiala, gero, bahe estatiko finko batera pasatzen zen, eta, bahetu ondoren, kamioetan kargatzen zen obra publikoan erabiltzeko. Sasiak garbitzeko, lurra kentzeko eta bahetzeko prozesuetatik soberan ateratako lurrak lehengoratzeko betetze lanetan erabili ziren, baita leku hurbiletako obretatik soberan gelditu ziren lurrak ere.

Planteatutako lehengoratzean, material drainatzailea erantsiko zaio plazako leku andeatuari, 445 kotaraino. Hustubidearen zangari eutsiko zaio legar hobiko mendebaldean. Ondoren, betetze lanak eginen dira indusketako lurrez eta harriz, halako eran non betetako azken ezponden malda 3H:1V izanen baita.

Betetzeko lurren ekarpena, kalkulatzen denez, 25.679 m³-koa izanen da gutxi gorabehera. Horietatik, 6.434 m³ landare lurrekoak dira, azalerako 40 cm-ko geruzari dagozkionak. Legar hobia lehengoratzeko egokitzat jo dira indusketatik datozen lur eta harri garbiak (LER kodea: 17 05 04) eta erauzketa jardueretatik datozen harri inerteen errefusak (LER kodea 01 01 02).

Zuloa bete ondoren, profilatu eta 40 cm-ko landare lurraren geruza bat erantsiko da. Azalera landuko da, eta nekazaritza erabilera berreskuratuko. Bi urteko epea ezartzen da lehengoratzeko.

Espedientean jasota dago Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak egindako txostena, non adierazi baitu, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 111. artikuluan xedatuari jarraikiz, eskatutakoa baimendutako jardueratzat har daitekeela. Baimendutako jarduera eta erabilerak udal eskumenaren esparrukoak dira eta ez dute lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar (aipatu foru legearen 117. artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Muruzabalgo “Saratsua Norte” legar hobia behin betiko utzi eta lehengoratzeko Planari, Erriberriko udal mugapean. Sustatzailea Construcciones y Excavaciones Erriberri SL da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Hertsiki debekaturik daude indusketa lanak legar hobian. Lehengoratze lanak baino ez dira baimentzen, hau da, betetze eta profilatze lanak erantsitako materialak erabiliz. Alde horretatik, gogora ekartzen da proiektua aztarnategi arkeologiko baten ondoan dagoela, eta horren babesa bermatu beharra dagoela, Arkeologia Atalaren 2016ko martxoaren 11ko txostenean adierazi bezala.

–Lehengoratzeko lanetan betelaneko material gisa bakar-bakarrik hondeatutako material naturalak erabiliko dira, hau da, eraikuntzako jardueretatik etorritako gai arriskutsuz kutsatu gabeko lurzoruak, lurra (begetala edo ez) eta/edo harria, honako hauek, alegia: 9/2005 Errege Dekretuan beste erabilera batzuetarako ezarritako erreferentziazko maila generikoak gainditzen ez dituzten materialak, konposatu organikoetarako eta erreferentziazko maila generikoen azterketan lortutakoak metaletarako Nafarroan, betiere lurzoruak kutsatzen ahal dituzten jarduerak egin diren tokietatik etortzen ez badira, Lurzorua kutsatzen ahal duten jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuak aitortzeko irizpide eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan zehaztu bezala.

–Sustatzaileak bermatu beharko du legar-hobiaren lehengoratze-lanak egiten direla, bakar-bakarrik, aipatutako hondeaketetatik ateratako lurren hondakinekin, eta lurrak R10 gisako baimena duen lurren kudeatzaile batetik datozela, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Lurrak eremuan zabaldu baino lehen, egiaztatu behar da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinetatik harri zatiak kendu direla, baita hondeaketa lurren definizioarekin bat egiten ez duten hondakin guztiak ere, lurren jatorrizko obretan sor litezkeenak.

–Lehengoratzeko epea ez da bi urtetik gorakoa izanen proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena ematen duen ebazpen hau ematen denetik.

–Lurrak bota baino lehen, lurperatu behar ez den legar-hobiaren zuloko materiala kenduko da, ongi kudeatzeko. Ondoren, barruan dauden lurrak zabaldu eta erregularizatuko dira.

–Azkenik, 40 cm-ko geruzako landare lurra jarriko da, lurzorua lantzeko prestatuko da.

–Legar-hobiaren lehengoratzeak irauten duen bi urteetan itxitura eraginkorra mantenduko da bere perimetro osoan.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 18.543 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko. Zenbateko horretatik abal gisa utzitako 6.000 euroak ken daitezke.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Muruzabalgo Udalari, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko abenduaren 15ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1614402