1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
25E/2016 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Cintruenigoko udal mugapean lur zirkuitua cross country eta enduro indoor probak egiteko proiekturako. Sustatzailea Club Motor Club Cirbón da.
2016ko urtarrilaren 12an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko E) epigrafean sartua dago (antolamendu turistikorako proiektuak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektatutako jarduketan, lur zirkuitu bat prestatuko da cross country eta enduro indoor probak egiteko Cintruenigon. Halaber, proba federatuak eginen dira, Nafarroako Motoziklismo Federazioarekin batera antolatuak.
Lur motoziklismoaren jarduera bultzatu gogo da, zaletu guztiak ahalik eta egoerarik onenean ari daitezen. Bestalde, Nafarroako Motoziklismo Federazioak eta Motor Club Cirbónek sarrera eta jarduera horretan aritzeko lizentziaren indarraldia kontrolatuko dituzte.
Jarduera egin gogo den lurzatiak 2,8 ha-ko azalera du. Lehengo legar hobia da, ondoren udal hondakindegi gisa erabili zena. Egun, lehengoraturik dago. Bi zirkuitu proiektatzen dira cross country egiteko, oztopo artifizialak izanen dituztenak. Baina ez da lur mugimendu handirik egin behar. Zutoinez eta zintaz markatuko dira zirkuituak lurrean. Kronometraje etxola bat eta biltegi bat planteatzen ziren proiektuan. Instalazioen perimetroa hesituko da bihurdura bakuneko sare baten bidez.
Ukipenik ez sortzeko bezain urrun dago lurzatia edozein herriguneren edo jardueraren motatik. Landare estalki erruderalak balio txikia du ingurumenaren aldetik. Lurzatiaren inguruan, alorrak, mahastiak eta fruitu arbolak daude. Sarbide zabalak eta egoera onekoak ditu.
Espedientean aldeko txostenak jasota daude, Cintruenigoko Udalak 2016ko irailaren 19an eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 2016ko azaroaren 11n emandakoak. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena eman du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Cintruenigoko udal mugapean lur zirkuitua cross country eta enduro indoor probak egiteko proiekturako. Sustatzailea Club Motor Club Cirbón da.
2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Ingurumen arlokoak:
- Motorren joan-etorriak zirkuituaren barrenera murriztuta egonen dira eta egungo bideak erabiliz sartuko da zirkuitura. Gogora ekarri gogo da hertsiki debekaturik dagoela soroetan barna ibiltzea ibilgailu motordunekin.
- Zirkuitura sartzeko kontrol bat ezarriko da, eta kreditazioa eta indarreko lizentzia duten pilotuei baino ez zaie utziko sartzen. Sarrerak erregistratuko dira.
- Urtero, memoria bat aurkeztuko da departamentu honetan, honako hau ekarriko duena: jardueraren garapenaren deskribapena, pilotuen kopurua kontrolatzearen emaitzak, izandako gorabeherak eta jaso gogo diren datu guztiak.
- Obrak bukatuta, lurrak nibelatuko dira, eta ukitutako eremu guztiak garbituko. Sortutako hondakin guztiak kudeatzaile baimenduak kudeatuko ditu.
- Garaiz emanen zaio lanen hasieraren berri Tutera aldeko Basozaintzari (ogfotude12@cfnavarra.es edo 609-904957).
–Hirigintza arlokoak:
- Cintruenigoko Udal Planaren bidez kokalekuaren lurzoru urbanizaezinaren kategorian aplikatu beharreko araubidearekin bat, baimen honek ez ditu babesten proposatutako eraikinak (kronometrajearen etxola eta biltegia).
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, itxiturek (perimetroko hesia) 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.
- Cintruenigoko Udalak begiratuko du Udalaren eskumeneko determinazioak betetzen direla.
- Herrilurren Atalak 2016ko irailaren 15ean emandako txostenarekin bat, garatu beharreko jarduketak herri-lurrak ukituko dituenez gero (Montes del Cierzo y Argenzon), Cintruenigoko Udalak, obra lizentzia eman aurretik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez eskuratu beharko du horiek desafektatzeko baimena, beharrezko tramiteen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritakoarekin bat.
- Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat, sustatzaileak eskaera bat egin beharko dio Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari errepideen sare orokorretik aurreikusten den sarbideari dagokionez.
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua 5 urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.
- Baimen honek indarrik gabe uzten du Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren irailaren 11ko 1294/2003 Ebazpena, aldeko txostena egin ziona Construcciones Banzo SLk Cintruenigoko El Gallardo alderdian (4. poligonoko 1488. lurzatian) agregakinak ateratzeko sustatutako proiektuari.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Cintruenigoko Udalari, Basozaintzari (Tuterako barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko abenduaren 15ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1614533