1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
914/2016 EBAZPENA, abenduaren 12koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Lizarrako “Mater Dei-Puy-Andéraz” Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren baimena aldatzen duena, unitateak handitzeagatik, bai eta “Nuestra Señora del Puy” Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuarena ere, Batxilergoko ikaspostuak murrizteagatik.
Ikusita instruitu den espedientea, José Cruz Asarta Sánchez jaunak, “Consorcio Mater Dei-Puy-Andéraz” ordezkatuz, hura baita “Mater Dei-Puy-Andéraz” Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren entitate titularra, eta Iruñeko Artzapezpikuak, hura baita Lizarrako “Nuestra Señora del Puy” Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribaturen titularra, hezkuntza etapa horretan lerro berri bat (4 unitate berri) behin betiko baimentzeko aurkeztu duten eskaera dela-eta.
Ikusirik Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak emandako aldeko txostena, non azaltzen baita San Pol kaleko 1. zenbakian kokatutako ikastetxearen instalazioak egokiak direla unitate berriak bertan kokatzeko.
Kontuan harturik Nafarroako Foru Komunitatean araubide orokorreko irakaskuntza ez-unibertsitarioa ematen duten ikastetxe pribatuak baimentzeko prozedura ezartzen duen uztailaren 6ko 251/1992 Foru Dekretuak ezarritakoa.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz, eta Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak proposaturik,
EBATZI DUT:
1. Lizarrako “Mater Dei-Puy-Andéraz” ikastetxe pribatuaren (kodea: 31008542) baimena aldatzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 4 unitate gehiago jartzeko. 2016-2017 ikasturtea hastearekin izanen ditu ondorioak.
2. Une horretatik aurrera, honako hau izanen da ikastetxearen osaera juridikoa:
–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 16 unitate, gehienez ere 480 ikaspostu.
3. Ikastetxeak, gainera, baimen iragankorra dauka, eskolatze premiak direla-eta, unitate baterako Oinarrizko Hezkuntza Berezian (Berariazko Unitatea Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeetan), hura eman zuen ebazpenean zehaztu bezala. Indarrik gabe geldituko dira, ebazpen honen 1. atalean zehazten den egunetik aurrera, ikastetxeak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako zituen gainerako unitateen aldi baterako baimenak.
4. Lizarrako “Nuestra Señora del Puy” Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren baimena aldatzea (ikastetxe kodea: 31002230), Batxilergoko ikaspostuak murrizteagatik, 210etik 206ra pasa baitira.
5. Une horretatik aurrera, honako hau izanen da ikastetxearen osaera juridikoa:
–“Zientziak” eta “Giza eta Gizarte Zientzien” modalitateetako Batxilergoa: 6 unitate, gehienez ere 206 ikaspostu.
6. “Mater Dei-Puy-Andéraz” ikastetxeak itundurik dauzkanez Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak, ebazpen honen bidez baimentzen diren unitate berriak abian jartzeko, bete egin beharko da itunei buruzko legediak horretaz xedatutakoa.
7. Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9. Ebazpen hau igortzea ikastetxeen titularrei, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari eta Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalari, eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari.
Iruñean, 2016ko abenduaren 12an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.
Iragarkiaren kodea: F1614305