1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
561/2016 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxeek egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onesten dituena, 2017-2018 ikasturterako.
0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Ataleko buruak, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariaren oniritziarekin, ebazpen hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du; 2017-2018 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onestea du xede ebazpen honek, baliagarriak izan daitezen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren 15. artikuluan arlo horri buruz ezarritakoa garatzeko. Foru dekretu horrek (uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuak aldatua) Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen du Nafarroako Foru Komunitatean, eta lehen zikloa ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak ezartzen ditu, bai eta hezkuntza edukiak ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ebazpen honen eranskinean egutegia eta ordutegia prestatzeko ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horiek bete beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeek 2017-2018 ikasturtean.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
4. Ebazpen hau igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari eta 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko abenduaren 20an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.
ERANSKINA
Haur Hezkuntzako lehen zikloko egutegia
eta ordutegia prestatzeko jarraibideak
Egutegia eta ordutegia irizpide pedagogikoei jarraikiz zehaztuko dira. Profesionalen lehentasunek nahiz interesek inolaz ere ez dute oztopatuko azaldutako irizpideen aplikazioa.
1. Egutegia prestatzeko irizpide orokorrak.
1.1. Ikastetxe publikoak.
1.1.1. Ikastetxeko egutegirako proposamen zehatza eta librea, hurrengo baldintzak beteko dituena, egiten ahalko dute entitate titularrek:
–Ikastetxea soilik 208 egunez irekiko da. Horietako lau egun zereginak antolatzen emanen dituzte hezkuntzako langileek; aldiz, garbiketa orokorreko lanetan, zerbitzuetako langileek. Gainerako 204 egunak haurrez arduratzeko izanen dira.
–Ikastetxea irekita egoteko aurreko lerroaldean aipatzen diren egunak 10,6 hilabeteko edo 318 egun jarraituko erreferentzialdi baten barruan egonen dira, hilabeteak 30 egun naturalekoak izanik.
–Egutegia prestatzeko, kontuan hartuko dira Nafarroako Foru Komunitatearen egutegi ofizialean jaiegun gisa adierazitako egunak, honako hauek hain zuzen 2017-2018 ikasturterako: 2017ko urriaren 12a, azaroaren 1a eta abenduaren 4a, 6a, 8a eta 25a eta 2018ko urtarrilaren 1a, martxoaren 29a eta 30a, apirilaren 2a, maiatzaren 1a eta Udalak erabakitzen duena, bertako zaindariari eskainia.
1.1.2. Proposamena 3.1. atalean ezarritako epean aurkezten ez duten ikastetxeei ofizioz esleituko zaie oinarrizko egutegi hau:
–Oro har, ikasturtea irailaren 1ean hasi eta uztailaren 18an bukatuko da.
–Ikastetxea soilik 208 egunez irekiko da. Lehen biak eta azken biak zereginak antolatzen emanen dituzte hezkuntzako langileek; aldiz, garbiketa orokorreko lanetan, zerbitzuetako langileek. Gainerako 204 egunak haurrez arduratzeko izanen dira.
–Eguberrietako oporrak 2017ko abenduaren 26tik 2018ko urtarrilaren 3ra arte izanen dira, biak barne.
–Aste Santuko oporrak 2018ko martxoaren 29an hasi eta 2018ko apirilaren 6an bukatuko dira, bi egun horiek barne.
–Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean ezarritakoak izanen dira jaiegunak: 2017ko urriaren 12a, azaroaren 1a eta abenduaren 4a, 6a, 8a eta 25a eta 2018ko urtarrilaren 1a, martxoaren 29a eta 30a, apirilaren 2a, maiatzaren 1a eta Udalak erabakitzen duen jaieguna, bertako zaindariari eskainia.
1.2. Ikastetxe pribatuak.
1.2.1. Ikastetxeko egutegiak honako baldintzak bete beharko ditu:
–Haurrez zuzenean arduratzeko egunak gutxienez 175 izanen dira.
–Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean ezarritakoak izanen dira jaiegunak: 2017ko urriaren 12a, azaroaren 1a eta abenduaren 4a, 6a, 8a eta 25a eta 2018ko urtarrilaren 1a, martxoaren 29a eta 30a, apirilaren 2a, maiatzaren 1a, uztailaren 25a, abuztuaren 15a eta Udalak erabakitzen duen jaieguna, bertako zaindariari eskainia.
1.3. Ikastetxe publiko eta pribatuentzako egutegiko aldaketak.
Ikastetxeko egutegia Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean gertatzen ahal diren aldaketetara moldatu beharko da.
2. Irizpide orokorrak, ikastetxe publiko eta pribatuen ordutegia prestatzeko.
2.1. Ikastetxeko ordutegiak honako baldintzak bete beharko ditu:
–Ikastetxea zabalik egonen da astelehenetik ostiralera bitarte, biak barne.
–Entitate titularrak ezarriko du ikastetxea irekitzeko eta ixteko ordutegia, baita sartzeko eta ateratzeko ordu tarteak ere, kontuan hartuta familien beharrak, hezkuntzako langileen ordutegia antolatu eta malgutzeko aukerak, taldeen funtzionamendu egonkorra eta horretarako araudian ezarritako ratioa.
–Sartzeko eta ateratzeko ezarritako ordu tarteetatik kanpo ez da baimenik izanen ikastetxean sartzeko, arrazoi justifikatuekin izan ezik.
–Eguneko lanaldia antolatzeko ardatza izanen da haurren jateko, garbitzeko eta lo egiteko erritmoa.
2.2. Ikasturte hasieran haurren harrera aldirako plangintza egin beharko da eta, besteak beste, honakoak hartuko dira kontuan: harrera errazteko berariazko jarduerak diseinatzea, banakako beharrak kontuan hartzea, familiakoen parte-hartzea eta laguntza, ordutegien malgutasuna eta ikastetxearen antolaketa. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onetsi beharko du egokitzapen epe horren plangintza, eta ikastetxearen proposamen pedagogikoan sartuko da. Familiek plangintzaren berri izan beharko dute ikasturtea hasi aurretik.
2.3. Gainera, ikastetxe publikoetan:
–Haurrak zein ikastalditan (osoa, murriztua, erdia) dauden matrikulatuta ikasturte guztian, haren araberako ordutegia beteko du ikastetxeak.
–Haurrez zuzenean arduratzeko ez den denbora, lanaldia osatu arte, familiekin izaten diren bilerak egiteko, materialak prestatzeko eta proposamenak, koordinazio-lanak eta prestakuntza-jarduerak egiteko erabiliko dute ikastetxeetako hezkuntzako langileek.
3. Tramitazioa.
Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:
3.1. Ikastetxeko entitate titularrak egutegia eta ordutegia igorri beharko ditu Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura 2017ko ekainaren 2a baino lehen, unitateek zer-nolako lanaldia duten (osoa, murriztua, erdia) zehaztuta.
3.2. Egutegiak eta ordutegiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, sie/hiz@navarra.es, igorri beharko dira eta, hark, haiek aztertu ondoren, onetsi edo ezetsiko ditu. Onetsitzat joko dira 2017ko ekainaren 30erako jakinarazpenik hartzen ez duten ikastetxeetakoak. Horietakoren batek proposamena igortzen ez badu ezarritako epearen barrenean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio.
3.3. Ikastetxe sortu berriek, ikasturtea 2017ko irailaren 1etik aurrera hasten badute, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorri beharko dituzte egutegia eta ordutegia, ikastetxea ireki baino bi hilabete lehenago, beren unitateen lanaldia (osoa, murriztua, erdia) zehaztuta. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, haiek aztertu ondoren, egutegiak eta ordutegiak onetsi edo ukatuko ditu, eta ikastetxeei jakinaraziko die hilabeteko epean. Ikastetxeetako egutegi eta ordutegiak onetsitzat joko dira ez badute jakinarazpenik jasotzen hilabeteko epean.
3.4. Egutegia eta ordutegia onetsirik, nahitaez bete beharko dira. Ikastetxeko Zuzendaritzaren erantzukizuna izanen da haiek betearaztea, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarena egutegien ezarpena gainbegiratu eta kontrolatzea.
3.5. Egutegia eta ordutegi orokorra ikastetxeko iragarki oholean jarriko dira ikusgai, eta ez dira inoiz aldatuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren baimenik gabe, entitate titularrak hala eskatuta.
Iragarkiaren kodea: F1614612