18. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

1/2017 FORU AGINDUA, urtarrilaren 9koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren irailaren 17ko 129/2010 Foru Agindua aldatzen duena. Haren bidez onetsi zen 170 eredua, kobrantzak kreditu edo zordunketa txartelen bidez kudeatzeko sistemari atxikitako enpresaburu edo profesionalek egindako eragiketen aitorpena aurkeztekoa.

Foru agindu honen helburua da aldaketa teknikoak egitea 170 ereduan. Eredu horren bidez, Espainian ezarritako enpresaburu eta profesionalei kobrantzak kudeatzeko zerbitzua kreditu edo zordunketa txartelen bidez ematen duten banku edo kreditu entitateek eta gainerako entitateek sistema horri atxikitako enpresaburu edo profesionalek egindako eragiketen urteko aitorpen informatiboa aurkezten dute, kobrantza horien urteko zenbateko garbia 3.000 eurotik gorakoa denean. Betebehar hori ezartzen die Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onetsia) 62.1 artikuluak.

Horretarako, eta Administrazio Publikoen arteko informazio trukea errazteko, irailaren 17ko 129/2010 Foru Aginduaren II. eranskinean aipatutako ereduaren erregistro-diseinuak aldatzen dira, idazgune kopurua handitzeko “Saltokiaren adierazleen guztirako kopurua” izeneko eremuan.

Bestalde, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadunei eskaintzen zaizkien datu fiskalak kalitate handienarekin prestatzeko informazioa aurreratzeko, beharrezkotzat jo da otsailera aurreratzea 170 eredua aurkezteko epea.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62.23 artikuluak Ekonomia eta Ogasun kontseilariari baimena ematen dio informazio-eredua aurkezteko modua eta tokia finkatzeko.

Horregatik, aipatutako 62.23 artikuluak esleitutako gaikuntzaren arabera,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren irailaren 17ko 129/2010 Foru Agindua aldatzea. Haren bidez onetsi zen 170 eredua, kobrantzak kreditu edo zordunketa txartelen bidez kudeatzeko sistemari atxikitako enpresaburu edo profesionalek egindako eragiketen aitorpena aurkeztekoa.

Bat. Irailaren 17ko 129/2010 Foru Aginduaren 4. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“4. artikulua. 170 eredua aurkezteko epea.

Kobrantzak kreditu edo zordunketa txartelaren bidez kudeatzeko sistemari atxikitako enpresaburuek edo profesionalek egindako eragiketen aitorpen informatiboa, 170 eredua, urte bakoitzeko otsailean aurkeztuko da, aurre-aurreko urte naturaleko eragiketei dagokienez.”

Bi. Honako aldaketa hauek sartzen dira 170 eredua ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarrien eta telematika bidez aurkezteko prestatzen diren artxiboen diseinu fisiko eta logikoetan (aurkezteko modu horiek irailaren 17ko 129/2010 Foru Aginduaren II. eranskinean jaso dira):

1. Idazgune kopurua aldatzen da 1. motako erregistroko (aitortzailearen erregistroa) “SALTOKIAREN ADIERAZLEEN GUZTIRAKO KOPURUA” izeneko eremuan (136-140 idazguneak), eta, hemendik aurrera, erregistro horretako 136-143 idazguneak hartuko ditu.

2. “AITORTUTAKO ERAGIKETEN GUZTIRAKO KOPURUA” eremuak (141-149 idazguneak), hemendik aurrera, 144-152 idazguneak hartuko ditu.

3. “AITORTUTAKO ERAGIKETEN GUZTIRAKO ZENBATEKOAK” izeneko eremuak (150-166 idazguneak), hemendik aurrera, 153-169 idazguneak hartuko ditu. Orobat, eremu horretako 150-164 eta 165-166 idazguneek, hemendik aurrera, 153-167 eta 168-169 idazguneak hartuko dituzte.

4. ZURIZ bete beharreko 167-500 idazguneek, hemendik aurrera, 170-500 idazguneak hartuko dituzte.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta lehenbiziko aldiz aplikatzen ahalko da 2016. urteari dagozkion 170 ereduko aitorpenetan, zeinak aurkeztu beharko baitira 2017ko otsailaren 1etik aurrera.

Iruñean, 2016ko urtarrilaren 9an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1700178