127. ALDIZKARIA - 2017ko uztailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

901/2017 EBAZPENA, maiatzaren 12koa, Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, aldaketa egiten da laguntza berezien balorazioan eta kontzesioan aplikatu beharreko kontzeptuak, baldintzak, gehieneko zenbatekoak eta prozedura ezartze aldera Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak abuztuaren 9an emandako 3422/2005 Ebazpenaren eranskinaren 8.2 idatz-zatian.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duenak, “bazterketa sozialeko egoeran dauden pertsonentzako larrialdiko laguntza bereziak” izenekoak arautzen ditu, beste prestazio ekonomiko bermatu batzuen artean. Prestazio horrek jarraitutasuna eman zien Gizarte zerbitzuen arloan banakoentzako eta familientzako prestazioak eta laguntzak arautzen dituen ekainaren 28ko 168/1990 Foru Dekretuaren 7. artikuluak araututako laguntza bereziei; laguntza horien kudeaketa irizpideak Gizarteratze Atalak laguntza berezien balorazioan eta kontzesioan aplikatu beharreko kontzeptuak, baldintzak, gehieneko zenbatekoak eta prozedura ezartze aldera Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak abuztuaren 9an emandako 3422/2005 Ebazpenaren bidez onetsi ziren. Gaur egun, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak arlo horretako eskumena esleitu dio Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari.

Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak ebazpen horren aldaketa partzialari buruz egindako proposamen txostena aztertu ondoren.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Aldaketa egitea laguntza berezien balorazioan eta kontzesioan aplikatu beharreko kontzeptuak, baldintzak, gehieneko zenbatekoak eta prozedura ezartze aldera Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak abuztuaren 9an emandako 3422/2005 Ebazpenaren eranskinaren 8.2 idatz-zatian. Honela idatzita agertuko da:

“8.2. Ebazpena, gastua frogatzea eta laguntza ordaintzea.

Ebazpen honen arabera laguntza bereziak jasotzeko egiten diren eskaeren balorazioa Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiko Diru-sarreren Bermearen eta Prestazio Ekonomikoen Atalari dagokio eta ebazpenak ematea, berriz, horretako zuzendari nagusiari.

Ebazpenak arrazoituak izanen dira eta interesdunei igorriko zaizkie.

Kontzesioaren ebazpenean emandako zenbatekoa azalduko da, bai eta eskatutako zenbatekoarekiko zer portzentaje duen ere familia-unitatearen diru-sarreren arabera, non eskatutakoak ez duen gainditzen diruz laguntzen ahal den gehienekoa, halakoetan portzentajea dagokion mugaren arabera ezarriko baita.

Kontzesioaren ebazpenarekin batera, emandako laguntzak ordainduko dira. Ondoren, onuradunek zorrak ordaindu edo, dagokionaren arabera, diruz lagundutako elementuak erosi beharko dituzte, baita ordainketaren frogagiriak aurkeztu ere bi hilabeteko gehieneko epean, kontzesioaren ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Hori egin ezean, dagokion itzulketa espedientea abiaraziko da. Halaber, etxebizitza egokitzeko laguntzei dagokienez, laguntzak ordaintzea ere aukeratzen ahalko da, egindako gastua justifikatu eta gero.

Oro har, eskatzaileak jasoko du laguntza. Salbuespenez, zilegi izanen da eskatzaileak baimendutako beste pertsona edo entitate bati ordaintzea. Sakelako gastuak ordaintzeko laguntzak direnean, Terapia Komunitateari ordainduko zaio, aldi bakar batean.

Gastuen faktura edo frogagirietan agertu beharrekoak: pertsona fisiko edo juridiko jaulkitzailearen oinarrizko datuak, identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) edo nortasun agiri nazionala (NAN) barne, gastu kontzeptuak zehatz emanda eta horien zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) zatia barne dela, hala behar denean. Faktura edo frogagirietan jarri beharrekoak dira, orobat, pertsona fisiko edo juridiko jaulkitzailearen hartu-agiriaren zigilua eta sinadura. Gastuak banku-transferentziaren bidez ordaintzen badira, horren kopia erantsiko da.”

2. Ebazpen hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari eta Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuko Diru-sarreren Bermearen eta Prestazio Ekonomikoen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan, baita Nafarroako Aldizkari Ofizialari ere, hori argitara dezan.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 12an.–Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusia, Gema Mañú Echaide.

Iragarkiaren kodea: F1706673