127. ALDIZKARIA - 2017ko uztailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

154E/2017 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen zaio proiektu honi: ikerketa zundaketak kokatzea eta sarbideak egitea Urkilon, Esteribarko udal-mugartean (Eugi). Sustatzailea Magnesitas Navarra SA da.

2016ko abenduaren 16an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

2017ko urtarrilaren 19an, José María del Río Jiménez jaunaren eta Gloria Cantero Marticorena andrearen eskaera jaso zen, prozeduran interesdun gisa parte hartzeko. Ondorio horietarako, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 89. artikuluarekin bat, espedientea ebazteko proposamenaren zirriborroa eta horren dokumentazio teknikoa igorri zitzaizkien pertsona horiei, 15 egun balioduneko epean bidezkotzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten. Jasotako alegazioen laburpena eta haiei eman zaien erantzuna ebazpen honen eranskinean daude.

Deskribatutako lanak Eugin kokatzen dira (Esteribar), egun ustiatzen den meategitik hegoaldera, Urkilo izeneko alderdian. Lan horien helburua da egungo meategiaren ingurunean eskura dauden magnesita baliabideen gaineko ezagutza osatzea, ustiategiaren iraupena luzatzeko asmoz. Gaur egun, sustatzaileak beharrezkotzat jotzen du eremu berean lehenago egin ziren ikerketak berrikustea, gaur egungo kalitate irizpideak kontuan hartuz eta beste zundaketa batzuei eta oraingo N-130 proiektuaren garapenarenari esker lortutako informazioa erantsiz.

Proiektatu diren lanak Natura 2000 Saretik kanpo daude guztiz eta, zehazki, “Aldude Mendia” Kontserbazio Bereziko Eremutik kanpo. Lau hilabetez gauzatu gogo da plana obren hasieratik, lehengoratze-lana barne.

Proposatzen da 5 zundaketa egitea guztira, etengabeko lagina errekuperatuz. Haien sakonera 90 metrotik 300 metrora bitartekoa izanen da (1.160 metro lineal, orotara). Honako hauek dira kokalekuen koordenatuak (UTM ETRS89) eta izenak:

ID

UTM X

UTM Y

TXALOT 1

621.410

4,761.840

INDIANO 1

621.499

4,761.698

INDIANO 2

621.502

4,761.546

BOIARRE

621.500

4,761.389

IPERMALDA

621.777

4,761.316

Indiano 2 kokalekurako, sartzeko pista bat ireki behar da, 200 bat metroko luzerakoa eta 2,5 bat metroko zabalerakoa.

Indiano 1 eta Ipermalda kokalekuek sartzeko pistak dituzte, baina egokitu beharrean daude. Izan ere, ertzetan landareak moztu behar dira, eta zenbait puntutan, berriz, gainazala berdindu eta betetze-lanak egin, zagor naturala edo legarra erabiliz. Behar den tokietan, nibelazioa eginen da, eta arekak jarriko, hustubidea izateko, euri urak higadurarik sor ez dezan. Jotzen denez, 25 bat metro egokitu behar dira Indiano 1 kokalekuan, eta 325 bat metro, berriz, Ipermalda kokalekuan.

Ez da pista ireki edo egokitu beharrik Txolot 1 kokalekurako (egungo ustiategiaren perimetroaren barnean) eta Boiarre kokalekurako (pista baten zabalgunean baitago).

Kokaleku bakoitzean 30 m² inguruko plataforma bat eginen da, zunda, zulatzeko materiala eta dekantazio putzua hartzeko eta ura biltzeko modukoa. Zundaketaren parterik handienak 63,5 mm-ko diametroa du. Lurra zein den, zundaketa batzuetan 85 mm-ko diametroarekin has daiteke, eta 47,6 mm-ko diametroarekin bukatu. Aurreikusten da inklinazioa 30.º-tik 70.º-ra bitartekoa izanen dela bertikalarekiko. Aurreikusten da 20 metro eginen direla egun eta makina bakoitzeko.

Kokalekuan bi idoi txiki paratuko dira, bata ura biltzeko tarteko fase batean, eta bestea hagaxka-koroa sistema hozteko zirkuituko uretako lohien dekantazioa egiteko. Txalot 1 kokalekuko zundaketan, hornidura grabitatea baliatuz eginen da, meategian dagoen ur depositu batetik. Besteetan, hazbete eta erdiko polietilenozko linea baten bidez egiten ahal da, edo andela-traktorearen bidez, kokaleku bakoitzaren tarteko idoiraino eramanez ura.

Kateen gaineko zundarekin eginen dira lanak. Plataforma mugigarri batean eramanen da zunda kokalekuetaraino, eta kateen bitartez mugituko da zulatzeko puntu batetik bestera.

Atzerakako hondeamakinaz eginen dira pistak eta plataformak, landare estalkiko belar-sastrakak aldez aurretik garbituta. Landare-lurra trazaduraren inguruan pilatuko da, lehengoratze morfologikoa egin ondoren berriz bere lekura itzultzeko.

Berariazko azterlan bat aurkeztu da ukitutako landareei eta habitatei buruz. Indiano 2 kokalekuko sarbidea egitean sortuko da ukipenik handiena landareen gainean. Bideko lehenbiziko tarteak xendra baten trazadurari jarraitzen dio, Indianoko Borda baserriaren ondoko errekako ertzean. Xendra hori gutxika-gutxika desagertzen da batik bat iratzeak, sastrakak, elorriak, arkakaratsak eta hurritzak dituen pagadi zabal batean. Zundaketa plataforma errekatik oso gertu kokatuko da. Bidea egiteak zuhaitzen gainean izanen duen ukipena murritza izanen da oso; izan ere, pagoetako zenbait adar eta, bidearen hasieran, tamaina txikiko gaztainondo bat besterik ez dira ukituko. Zuhaixkei dagokienez, elorriak ukituko dira nagusiki.

Tarte horretan, lur-erauzketak eginen dira pistaren kaxa irekitzeko. Garrantzitsua da kaxa ez izatea behar baino handiagoa eta lurrik ez botatzea errekara.

Oraingo pista batetik ailegatuko da Ipermalda zundaketara. Pista hori egokitu beharko da, ertzeetako landareak kenduz, behar adinako zabalera izan dezan. Kendu beharreko landare horiek, batik bat, zuhaixka zerrendako sastrakak eta elorriak izanen dira, hala nola laharrak, basaranak, sahatsak eta aihenzuriak. Bideak tamaina handiko haritz bat inguratuko du. Haren adar baxuenetako batzuk moztu beharko dira.

Landareria ukitzen duten zundaketetan ez da katalogatutako flora mehatxatuaren espezierik atzeman.

Faunari dagokionez, azterlanak baztertzen du okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos lilfordi) edo okil beltza (Dryocopius martius) biltzea ukitutako eremuetan, egur hil ugari duten baso helduak behar baitituzte espezie horiek. Inguruneko pagoen masak oso txikiak dira, egur hil gutxikoak. Ugaltze garaian egindako landa bisitetan, ez da aurkitu edo hauteman aipatutako espezieen presentziaren frogarik. Eremuan, dena dela, intereseko zenbait fauna espezie daude, baina proiektuak ez du eraginik izanen haien gainean.

Paisaiaren gaineko eragina ere eskasa da, oso eremu txikiak baitira, lehengoratzen errazak; lanek, gainera, gutxi iraunen dute eta ez dira apenas ikusiko jende askoko tokietatik.

Proiektuko lehengoratze plana jasota dago dokumentazioan. Honako hauetan eginen dira lehengoratze lanak: ireki beharreko pistan eta egokitze lanak izanen dituzten bideetan, eta zundaketa plataformetan eta dekantazio idoietan. Lan horietan, lurraren morfologia lehengoratu eta landare lurra berreskuratuko da.

Espezie hauek hautatu dira ukitutako eremuan landatzeko: astigar arrunta (Acer campestre), hurritza (Corylus avellana), iparraldeko elorri zuria (Crataegus monogyna) eta basarana (Prunus spinosa). Halaber, belar espezie hauek ereitea aurreikusten da: Poa sp-a, Lollium sp-a eta Festuca gr rubra.

300 cc-ko baso albeolotan landatuko dira zuhaitzak eta zuhaixkak. Landareen tamaina 20-30 cm-koa izanen da. 1,3 metroko sare batez babestuko dira eta akaziaren zurkaitzak paratuko dira (1,5 metro garaierakoak eta 3 x 3 cm-ko lodierakoak). Zundaketen kanpaina bukatu ondoko 10 eguneko epean eginen dira lehengoratze lanak.

Aurkeztu den dokumentazioak ingurumen balorazio egokia egiten du proiektuaren eremuari buruz, eta berariazko kapituluak jasotzen ditu balizko ukipenen balorazioari buruz.

Lurzoru urbanizaezinaren baimenarekin lotutako alderdiak Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2017ko urtarrilaren 12ko txostenean aztertu ziren. Ez zen beharrezkoa izan dokumentazio osagarririk eranstea. Txosten horretan zehazten da ezen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 111. artikuluan xedatuari jarraikiz, eskatutakoa baimendutako jardueratzat har daitekeela. Baimendutako jarduerak eta erabilerak udalaren eskumenekoak izanik, ez da beharrezkoa aipatutako 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan lurzoru urbanizaezinerako aurreikusitako jardueraren baimena.

Hori dela eta, Esteribarko Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren beharrezko txostenak eta dokumentazioa aztertu ondoren, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu zaizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Esteribarko udal-mugartean, Eugiko oraingo meategiaren ondoan, goiko eremuan ikerketa zundaketak kokatzeko eta pistak egiteko proiektuari. Sustatzailea Magnesitas Navarra SA da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Zundaketak dokumentazio teknikoetako koordenatuen arabera kokatuko dira. Muntazko arrazoiren bat bada sustatzaileak zundaketaren bat hasieran aurreikusitakotik hurbil beste toki batean kokatzeko, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari adieraziko zaio hura gauzatu aurretik, txostena egiteko eta espedientean sartzeko.

–Neurri hauek hartuko dira eragozpenik ez sortzeko ingurunean habitaturik dauden bordetan:

  • Lan guztiak argi orduetan eginen dira.
  • Indiano 2 kokalekuko zundaketa egiten azkena izanen da. Gainerako zundaketen argitan, hura ez egiteko aukera aztertuko da, hurbil dagoen etxebizitzari eragozpenik ez sortzeko.
  • Obrek, makinek, lur metaketek eta materialek ez dute trafikoa oztopatuko bordetara edo finka partikularretara ailegatzeko bideetan.
  • Sustatzaileak konponduko ditu obrek bideetan egiten dituzten kalte guztiak.
  • Proiektuan zehazten den moduan, obrak herri-lurretan eginen dira. Sustatzaileak konponduko ditu lur partikularretan egiten den edozein kalte.

–Edozein lur mugimendurik hasi baino lehen, ukitzen den eremuko landare-lurra altxatu eta pilatuko da, oso-osorik erabil dadin lehengoratze-lanean.

–Neurri hauek hartuko dira, lurraren okupazioa eta arbolak botatzea gutxitzeko:

  • Zuinketa bidez, argi seinalizatu beharko da pisten okupazioaren zabalera eta egin beharreko sasi-garbiketarena, obren ondoko landarediak ez dezan beharrik gabeko ukipenik pairatu.
  • Pista berrien trazadura lurraren topografiari egokitua izanen da, malda handiko eta harri askoko tokiak saihestuko dira, lurren mugimendua (ezponda eta lubetak) ahalik eta txikiena izan dadin.
  • Neurri orokor gisa, zuhaitzak errespetatuko dira lehentasunez, eta adarrak kimatzea hobetsiko da, zuhaitzak botatzearen aurretik. Tresna egokiaz egin beharko dira kimaketak, ebakiak garbiak izan daitezen eta urraketarik izan ez dadin zuhaitzetan.
  • Ipermalda kokalekuko sarbidean dagoen tamaina handiko haritza errespetatuko da. Bestelako aukerarik ez badago, behealdeko adarrak kimatuko dira, kimatzeko jarraibideak betez, betiere.

–Indiano 2 kokalekuko sarbidea egitean sortzen den lur-erauzketa kendu eta metatuko da, eraginik sortu gabe errekari eta inguruneko landare naturalak dituzten eremuei. Lehengoratze lanetan erabiliko da material hori.

–Jarduketak hasi baino lehenago, Aezkoa-Kintoa barrutiko landazainei emanen zaie abisua, obra-zuinketa eta zuhaitzen ukipenak gainbegiratu ditzaten (telefonoak: 608 06 26 79 eta 608 25 18 62).

–Vianako Printzea instituzioaren aldeko txostena izan behar du proiektuak, historiaren eta kulturaren ondarea ukitzen ez dela baztertzeko.

–Lehengoratzea bukatuta, sustatzaileak memoria bat aurkeztuko du, non, argazkietan, erakutsiko baita nola gelditu diren azkenean zundaketen kokalekuak lehengoratu ondoan.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 12.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Esteribarko Udalari, Aezkoa-Kintoko Basozaintzari, sustatzaileari eta interesdunei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 25ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

ERANSKINA

Interesdunei entzutea emateko tramitean jasotako alegazioak

José María del Río Jiménez jaunak eta Gloria Cantero Marticorena andreak honako hau alegatu dute alegatzaile gisa:

1. alegazioa.

Alegatzailearen iritziz, aurkeztutako dokumentazioak ez du 4/2005 Foru Legeak eskatzen duen edukia. Halaber, beharrezko zehaztasunik ez du, eta ukipenak ez dira behar bezala baloratu, aurreikusitakoak baino handiagoak baitira. Alegatzaileak dionez, ez da aurkeztu deskripzio zehatza duen oinarrizko proiektu bat.

Erantzuna:

Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioak honako hau dakar: jarduketen deskripzio teknikoa, planoak, aurrekontua, aukeren deskripzioa, ingurumen ukipenen azterlana, babesteko eta zuzentzeko neurriak, eta ingurumena zaintzeko programa. Dokumentazio horrek bat egiten du legediak eskatzen duen edukiarekin, zehazki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 34. artikuluarekin. Artikulu horrek zehazten du “jarduera zehaztasunez deskribatzen duen dokumentu tekniko bat” aurkeztu behar dela, kontuan hartu gabe “memoria” edo “oinarrizko proiektua” deitzen zaion.

Lurzoru urbanizaezineko balioak babesteko dokumentazioari dagokionez, adierazi behar da 93/2006 Foru Dekretuaren 33. artikuluak ezartzen duela “behar denean” aurkeztuko dela. Lurzoru urbanizaezineko baimenarekin lotura duten alderdiak, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak aztertu ditu 2017ko urtarrilaren 12ko txostenean, eta ez da dokumentazio osagarririk aurkeztu behar. Txosten horrek adierazi du ezen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 111. artikuluan xedatuari jarraikiz, eskatutakoa baimendutako jardueratzat har daitekeela. Baimendutako jarduerak eta erabilerak udalaren eskumenekoak izanik, ez da beharrezkoa 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan lurzoru urbanizaezinerako aurreikusitako jardueraren baimena.

Aurkeztutako dokumentazioaren zehaztasun mailaz bezainbatean, juzgatzen da egokia dela ingurumen ukipenak baloratzeko. Zundaketen kokalekuak UTM koordenatuekin zehaztu da (zehaztasun metrikoa), plataformen azalera 30 m²-ra dago mugatuta eta sarbideak behar bezala zehazturik daude.

2. alegazioa.

Alegatzailearen iritziz, ebazpenak ez ditu ukipenak eta zuzenketak baloratzen. Zehazki, Indiano 2 zundaketak, alegatzailearen arabera, pertsonen segurtasuna eta erreka bat ukituko lituzke, eta ez da baloratu eta neurri zuzentzailerik ez da hartu.

Erantzuna:

Pertsonen segurtasunarekin lotura duten gaiak ez dira ingurumen ukipenetarako baimen honen xedeko. Zundaketak egiteko, meatzaritza jardueren segurtasunari eta osasunari buruzko araudia bete behar da, eta gai horretan, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua da organo eskuduna.

Ebazpen honetan zenbait neurri biltzen dira, eragozpenik ez sortzeko ingurunean habitaturik dauden bordetan. Sustatzaileak nahitaez bete behar ditu neurri horiek, dokumentazio teknikoan horretaz zehazten denaren gainetik.

Indiano 2 zundaketa eta haren sarbidea oso hurbil daude errekatik, baina horretatik kanpo. Hortaz, obra-zuinketa behar bezala eginda, ez litzaioke ukipenik egin beharko erreka horri. Hori dela-eta ez da neurri zuzentzailerik ezarri, baina bai erreka babestekoak.

3. alegazioa.

Alegatu da ebazpenak ez dituela biltzen proiektua gauzatzeko baldintzak, epeak eta 4/2005 Foru Legean jasotako gainerako alderdiak. Jasotako neurriak okerrak eta anbiguoak dira, alegatzailearen ustez. Gainera, adierazi du ez direla jaso lurzoruak urbanizaezintzat hartzeko arrazoiak, ez eta Natura 2000 Sarearen hurbiltasuna ere.

Erantzuna:

Hasierako deskripzio zatian nahiz ebazpen honen 2. puntuan argi jasotzen dira proiektua gauzatzeko baldintzak.

Lurzoru urbanizaezinaren baimenaren alderdiei dagokienez, 1. alegazioaren erantzunera jo daiteke.

Aurreikusitako jarduketak Natura 2000 Saretik kanpo eginen dira. Beraz, ez zaie inolako ukipen zuzenik eginen kontserbazio bereziko eremuei. Egin beharreko jarduketen tamaina kontuan harturik, baztertzen da zeharkako ukipenak ere egitea Natura 2000 Sareari.

4. alegazioa.

Alegatu da ez dagoela auditoretza eta kontrola egiteko tresnarik.

Erantzuna:

Ebazpen honek honako tresna hauek ezartzen ditu kontrola egiteko:

–Obra-zuinketan, Aezkoa-Kintoa barrutiko landazainek egon behar dute (Basozaintza), obra-zuinketak irauten duen bitartean egon ere, eta ez bakarrik zuhaitzak mozten direnean.

–Zuinketaren edozein aldaketa Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari jakinarazi behar zaio, bere txostenerako.

–Ebazpen honetan ezartzen da bermea jarri behar dela nahitaez, ingurumenari egin dakizkiokeen kalteak lehengoratzeko, aurrea hartzeko, gutxitzeko edo deuseztatzeko neurriak bermatzeko.

Bestalde, sustatzailea beharturik dago zaintza plan bat gauzatzera, dokumentazio teknikoarekin batera aurkeztu duena. Ingurumen arloko administrazioak eskatzen dion aldiro adierazi behar du betetzen duen.

Halaber, ezarri da lehengoratzearen gaineko azken memoria bat aurkezteko beharra dagoela, obrak bukatu ondoren.

5. alegazioa.

Alegatzailearen iritziz, eskatutako bermea ez da aski balizko kalteen eta lehengoratzearen ordaina izateko.

Erantzuna:

Hasierako bermea kalkulatzeko, plataformak, sarbideak eta idoiak lehengoratzeko kostua hartu da oinarri. Eskatutako bermea 12.000 eurokoa izatera pasa da, sor litezkeen beste kalte batzuk kontuan hartu direlako, batez ere sarbideetako pista orokorren zoladuran.

6. alegazioa.

Eskatu da Indiano 2 zundaketa egiten azkena izan dadila, agian beharrezkoa ez baita izanen gainerako zundaketen emaitzaren arabera.

Erantzuna:

Proposamen hori jaso da ebazpenaren behin betiko testuan.

Alegazio osagarria.

Alegatu da obrak egiteak kalteak eginen dituela herritarrek sartzeko erabiltzen duten pistan, eta arazoak sortuko zaizkiela herritarrei segurtasunean eta sartzeko orduan zundaketak egiten diren bitartean.

Erantzuna:

Ebazpen honek garbi ezartzen du sustatzaileak nahitaezkoa duela sarbidean sor litezkeen kalteak konpontzea. Alde horretatik, bermeak handitu nahian, eskatutako bermea handitu da, 12.000 eurokoa izatera pasa baita.

Orobat, argi zehazten da obrek, makinek, lur metaketek eta materialek ez dutela trafikoa oztopatuko bordetara edo finka partikularretara ailegatzeko bideetan.

Pertsonen segurtasunari buruzko alderdiei dagokienez, 2. alegazioaren erantzunera jo daiteke.

Iragarkiaren kodea: F1706592