Iragarkia
127. ALDIZKARIA - 2017ko uztailaren 3a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
189/2017 FORU AGINDUA, ekainaren 15ekoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, 2017-2018 kanpainarako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten duena.
Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 33. artikuluak ezartzen duenez, ehiza aprobetxamendua antolatzeko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak urtero onetsiko ditu aprobetxamendugai izan daitezkeen espezieak ehizatzeko debekualdiei buruzko xedapen orokorrak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela aginduko du.
Halaber, foru lege beraren 7.d) artikuluak xedatzen du debekualdiei buruzko xedapen orokorrari eta Ehiza Antolatzeko Planari jarraikiz egin beharko dela ehiza Nafarroan.
Lege agindu horiek betetzeko asmoz, bidezko da 2017-2018 kanpainan ehiza arautzen duen xedapen orokorra onestea.
Hori horrela, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak proposaturik, eta Ehizako Aholku Batzordearen eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren txostenak ikusirik, eta Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 33.1 artikuluak emandako eskumena erabiliz,
AGINDU DUT:
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Nafarroan 2017-2018 kanpainako ehizari buruzko araudi berariazkoa finkatzea da foru agindu honen xedea.
2. artikulua. Ehizaldiak.
Foru agindu honek, oro har, ehizaldia finkatzen du: 2017ko abuztuaren 15etik 2018ko otsailaren 25a arte. Dena dela, ez du zertan eraginik izan Ehiza Antolatzeko Planetan ageri diren beste jarduera batzuetan. Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legearen ondoriozko ehiza modalitate berriek Ehiza Antolatzeko Planean aurreikusiak egon beharko dute, edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak espresuki baimenduak izan.
3. artikulua. Eskualdeak.
Ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 52. artikuluan ezartzen da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldeko iparraldea eta hegoaldea bereizten dituen marra; izan ere, foru dekretu horrek Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onetsi zuen.
II. KAPITULUA
Ehizatzeko espezieak eta izurri diren espezieak
4. artikulua. Ehizatzen ahal diren espezieak eta izurri espezieak.
1. Ehizatzen ahal diren espezieak.
Ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoak dira 2017-2018 denboraldian ehizatzeko Nafarroan baimentzen diren espezieak; foru dekretu horren bidez, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onetsi zen.
2. Izurri diren espezieak.
Basa faunako zenbait espezie izurri deklaratu eta haiek harrapatu eta hiltzeko neurriak arautzeko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak uztailaren 20an emandako 351/2010 Foru Aginduan sartutako espezieak harrapatzen ahal dira, ehizarako baimendutako denboran jakina, foru agindu honen mugen barrenean.
III. KAPITULUA
Ehizaldiak
5. artikulua. Ehiza garaiak eta ehiza egunak.
1. Kapitulu honetan finkatutakoak dira ehizaldiak eta ehiza egunak, ehizaldia irekitzeko eta ixteko egunak barne. Ehiza barrutiren bat zenbait udalerrik osatua baldin bada, haietako bateko jairen bat hautatu beharko da, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari haren berri eman, baldin eta egun hori ehiza garaiko lehenbizikoa bada.
2. Oro har, ehizan aritzeko ordutegia eguzkia sortu baino ordu bat lehenago hasi eta sartu eta ordu batera bukatuko da. Egutegitik hartuko dira sortzearen eta sartzearen orduak.
6. artikulua. Basurdea.
1. Baimena ematen da basurdea ehizatzeko, 2017ko irailaren 2tik 2018ko otsailaren 25era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, su armaz uxaldietan, lasterkako ehizaldietan eta gaueko itxaronaldietan, eta arkuz uxaldietan, lasterkako ehizaldietan, uxaka, zelatan eta gaueko itxaronaldietan. Gaueko itxaronaldietan eta segurtasun arrazoiengatik, baimena ematen da fokuak edo armari lotutako linternak izateko, betiere tiroa egin edo gezia bota aurre-aurreko unerako.
Gaueko itxaronaldiak –ehiza su-armaz egin edo arkuz– Ehiza Antolatzeko Planean baimendutako postuetan egin beharko dira.
2. Nekazaritzako laboreetan kalteak izateko arriskua dagoen ehiza barrutietan, uxalditan ehizatzen ahalko da, Ehiza Antolatzeko Planean adierazitako uxalekuetatik kanpo.
7. artikulua. Orkatza.
1. Orkatza uxalditan ehizatzeko baimena ematen da, 2017ko irailaren 2tik 2018ko otsailaren 25era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Epe horretan berean baimenduta dago zelatan eta uxaka ehizatzea asteko egun guztietan. Horretarako, 24 ordu lehenago jakinaraziko zaio Eskualdeko Zaintzari; orobat, erabiliko den besokoaren zenbakia ere adieraziko zaio. Ez daude horretara behartuak ehiza egunetan ehizako guarda duten barrutiak, guarda horrek koordinatuko baitu jarduera, eta bere gain hartuko baitu zelatan dabiltzan ehiztarien eta erabilitako prezinto zenbakien eguneroko kontrola. Ehiza Antolatzeko Planean zehaztuko dira kupoak.
Erabilitako besokoen gordekinak, baita eme eta kumeen besoko erabili gabeak ere 2018ko martxoaren 16a baino lehenago aurkeztu beharko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko bulegoetan.
2. 2018ko apirilaren 1etik uztailaren 31ra arte, egunero ehizatzen ahalko dira, zelatan, Ehiza Antolatzeko Planeko kupoaren barrenean sartutako orkatz arrak. Horretarako, 24 ordu lehenago jakinaraziko zaio Eskualdeko Zaintzari; orobat, erabiliko den besokoaren zenbakia ere adieraziko zaio. Ez daude horretara behartuak ehiza egunetan ehizako guarda duten barrutiak, guarda horrek koordinatuko baitu jarduera, eta bere gain hartuko baitu zelatan dabiltzan ehiztarien eta erabilitako prezinto zenbakien eguneroko kontrola. Erabilitako besokoen gordekinak eta besoko erabili gabeak ere 2018ko irailaren 1a baino lehenago aurkeztu beharko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko bulegoetan.
3. Erabili gabeko besokoak eta erabilitakoen gordekinak itzultzen ez badira, litekeena da hurrengo denboraldian ehiza larriaren aprobetxamendua egiteko debekua jartzea.
8. artikulua. Oreina.
1. Baimena ematen da orein arrak zelata eginez harrapatzeko 2017ko irailaren 15etik urriaren 8ra arte, egunero, Ehiza Antolatzeko kasuan kasuko Planean xedaturikoari jarraikiz. Horretarako, ehiztariak 24 ordu lehenago jakinarazi beharko die Eskualdeko Zaintzari, Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzuari eta Foruzaingoko Babes Ekologikorako Patruilari, ehizako guardaren izena eta bi abizenak adierazita.
2. 2017ko urriaren 12tik 2018ko urtarrilaren 28ra arte uxalditan ehizatzeko baimena ematen da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, Ehiza Antolatzeko Planak ezarritako kopurua betiere.
3. 2018ko martxoaren 16a baino lehen, erabilitako besokoen gordekinak eta erabili gabeak aurkeztu beharko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko bulegoetan.
6. Erabili gabeko besokoak eta erabilitakoen gordekinak itzultzen ez badira, litekeena da hurrengo denboraldian ehiza larriaren aprobetxamendua egiteko debekua jartzea.
9. artikulua. Adarzabala.
Baimena ematen da adarzabala ehizatzeko 2017ko urriaren 12tik 2018ko otsailaren 25era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Adarzabala ehiza larriaren uxaldietan baizik ezin izanen da harrapatu.
10. artikulua. Zorro.
Baimena ematen da azeria ehizatzeko, honako ehiza modalitateen bidez betiere:
a) Saltoko modalitatean: galeperra harrapatzen ahal den egun eta toki beretan ehizatzen ahalko da, debekualdi erdian, eta 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urtarrilaren 28ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.
Untxia epe orokorretik kanpo ehizatzeko baimena dagoen barrutietan, azeria ere harrapatzen ahalko da, salto-ehizan, untxia harrapatzeko baimendutako egun eta toki beretan.
b) Uxaldiko eta taldeko modalitateetan: 2017ko irailaren 2tik 2018ko otsailaren 25era arte harrapatzen ahalko da azeria modalitate horietan, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Ehiza larriaren uxaldietan baizik ezin izanen zaio balaz tiro egin. Espres azeria harrapatzeko uxaldietan, perdigoiez egin beharko zaio tiro, eta parte hartzen duten ehiztariek txaleko aski nabarmenak jantzi beharko dituzte.
c) Itxaronaldiko modalitatean: 2017ko azaroaren 1etik 2018ko otsailaren 25era arte ehizatzen ahalko da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, azeri-zuloen inguruan.
11. artikulua. Eperra eta erbia.
1. Baimena ematen da eperra eta erbia harrapatzeko 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urtarrilaren 28ra arte, igandeetan eta Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan, barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz. Izaera orokorrez, eta populazioen egoera dela-eta, gehienez bi ale harrapatzen dira eguneko eta ehiza barrutiko. Ehiztariak 14:00ak arte aritzen ahalko dira ehizan beranduenez.
Salbuespen gisara, muga orokor hori gehienez lau egunez hausten ahalko da, edo Ehiza Antolatzeko Planean ezarritakoari jarraituz, baldin eta ehiza barruti batean, behar adinako populazioa egonik, baldintza hauek betetzen badira:
–Barrutiak frogatzen badu azken urteetan eperraren habitata hobetzeko neurri eraginkorrak ezarri dituela, espezie honen egoera hobetzekoak: alor-zerrenda batzuetan uzta ez biltzea edo lur zerrenda batzuk ez lantzea, ereiteko edo sasi-garbitzeko lanak.
–Frogatzea lanean aritu dela harrapariak kontrolatzeko.
–Azkeneko urteetan barrutiko populazio naturalak kontuan harturik egokiak diren ehiza-egutegiak aurkeztu izana.
Justifikazio horrekin batera, aurreko denboraldian harrapatutakoen datuak aurkeztuko dira, baita egutegien proposamena ere. Ezin izanen dio inola ere salbuespen horri heldu genetikoki hibridoak diren etxaldeko eperrak askatu dituen ehiza barrutia.
2. Eskopetaz harrapatzen denean, gehieneko kupoa, eguneko eta ehiztariko, hauxe da: bi eper eta erbi bat salto ehizan. Uxalditan erbia botatzeko, kupoa bi erbikoa da ehiztari taldeko. Erbia eta eperra botatzeko taldeak ez dira inoiz hiru ehiztari baino gehiagokoak izanen.
3. Eper gorririk ez dagoen Nafarroako Iparraldeko ehiza barrutietan, baimena ematen da arrastoko usna zakurrekin eperra eta erbi europarra harrapatzeko, 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urtarrilaren 28ra arte, igandeetan eta Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan, barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz. Uxalditan, taldeak gehienez ere 6 ehiztarikoak izanen dira. Ehiza egunen kopurua ele kopururaren arabera egokituko da, Ehiza Antolatzeko Planean ezarritakoari jarraikiz.
4. Xarlangoz (erbi-txakurrez) egindako erbi ehiza (eskopetarik eta makilarik gabe, gehienez ere bi xarlango askerekin pertsonako edo ehiza taldeko, beste bi xarlango loturekin eta arrastoko usna bi zakurrekin), epe horren barrenean, larunbatetan ere egiten ahal da, arestian adierazitako egunetan ez ezik. Kupoa bi erbikoa izanen da pertsonako edo ehiza taldeko, eta taldea, gehienez ere, 6 pertsonak osatua.
5. Ehiza barrutietako esleipen-hartzaileek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute, ehiza egun bakoitzean animalia harrapatzen den unetik beretik atzemandako animaliak kontrolatzeko.
6. Larreratzeko baimena ematen da egun hauetarako, ehiztari bakoitzak gehienez ere 4 txakur erabilita:
–eperra eta erbia dituzten ehiza barrutietan, 2017ko urriaren 7an, 8an, 14an, 15ean, 21ean eta 22an, lumarako txakurrak edo arrastoko usna zakurrekin.
–erbi europarra duten ehiza barrutietan, urriaren 8an, 15ean, 22an eta 29an, azaroaren 5ean, 12an, 19an eta 26an eta abenduaren 3an, 10ean, 17an, 24an eta 31n, arrastoko usna zakurrekin.
7. Eperra eta erbia harrapatzeko baimendutako egunetan, Ehiza Antolatzeko Planean espezie hauetarako ezarritako babeslekuak erreserbatzat joko dira. Horregatik, ezin izanen da inolako ehiza jarduerarik egin egun horietan. Ehiztariek babeslekuak bideetatik baizik ezin izanen dituzte gurutzatu, eta, betiere, arma deskargatuta.
12. artikulua. Untxia.
1. Baimena ematen da untxia ehizatzeko 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urtarrilaren 28ra arte, ostegun eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, barruti bakoitzean ezarritako egutegiari jarraikiz.
2. Udako ehizaldia: ehiza barruti osoan edo Ehiza Antolatzeko Planetan horretarako ezarritako tokietan 3 untxi larriko IKA (kilometroko ugaritasun indizea) duten barrutietan, eremu horietan ehizatzen ahalko da, 2016ko abuztuaren 15etik urriaren 2ra arte, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Ehizaldi hauek egiteko, nahitaezkoa izanen da barrutiko guarda bertan egotea. Horretarako, aldez aurretik, laginketa bat, ehizako guarda batek sinatua, aurkeztu beharko da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan ehiza egin behar den egunetan, baita guardaren kontratazioa ere, udako ehiza egin behar den egunetarako.
13. artikulua. Uretako hegaztiak.
1. Baimena ematen da antzara hankagorrizta, zertzeta arrunta, basahatea, kopetazuri arrunta, hegabera eta istingor arrunta ehizatzeko 2017eko azaroaren 1etik 2018ko urtarrilaren 28ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.
2. Basahatea 2017ko abuztuaren 15etik irailaren 24ra arte ere ehizatzen ahalko da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere. Hegoaldeko zonan, aipatu epean, Ehiza Antolatzeko Planek baimendutako eremuetan bakarrik ehizatzen ahalko da.
14. artikulua. Oilagorra.
1. Baimena ematen da oilagorra ehizatzeko 2017ko urriaren 12tik 2018ko urtarrilaren 31ra arte, egunero, egunsentian hasi eta ilundu baino ordubete lehenagora arte, basoan, ohiko txintxarria edo txintxarri elektronikoa duten zakurrak erabiliz, non dauden jakiteko, beste erabiltzaileekin gerta daitezkeen istripuak saihesteko. Larreratzeko baimena dago oilagorraren ehiza barrutietan, otsaileko egun guztietan, basoan, betiere lumarako lau zakurrekin gehienez.
Gerora, espezie honi dagokionez, GPSa erabiltzeko eta geolokalizazio beste gailu batzuk erabiltzeko arauzko debekuak jarriko dira.
2. Ehiztariak gehienez hiru ale harrapatzen ahalko ditu egunean. Ehiza barrutietako esleipen-hartzaileek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza egun bakoitzean eta ehiza-denboraldi bakoitzean harrapatutakoak kontrolatzeko.
3. Debekatua dago oilagorra itxaronaldietan eta uharketan ehizatzea.
4. Muturreko egoera meterologikoetan (hotz bolodetan),Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak epe hori “abantaila egun” deklaratzen ahalko du, eta, beraz, ehiza debekatu. Hedabideetan emanen da horren berri.
5. 2017-2018 ehiza-denboraldian, debekaturik egonen da oilagorra merkaturatzea.
15. artikulua. Birigarro arrunta, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia.
1. Baimena ematen da birigarro arrunta, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia salto-ehizan edo itxaronaldian harrapatzeko 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urtarrilaren 28ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.
2. 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urtarrilaren 28ra arte, birigarroa ehizatzeko postuetan ere ehizatzen ahalko da, asteko egun guztietan.
3. Uso migratzaileen postu baimenduetatik ere botatzen ahalko dira 2017ko urriaren 1etik abenduaren 31ra arte, usotarako baldintza beretan.
16. artikulua. Galeperra.
1. Baimena ematen da galeperra harrapatzeko:
a) Nafarroako hegoaldean, 2017ko abuztuaren 15etik irailaren 24ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, Ehiza Antolatzeko Planetan ezarritako eremuen barnean.
b) Nafarroako iparraldean, 2017ko abuztuaren 15etik irailaren 24ra arte, ostegun, larunbat, eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, ehiza barruti guztietan.
2. Bestetik, eper gorriarentzako barruti bakoitzean baimendutako egun berberetan harrapatzen ahalko da galeperra.
3. Iparralderako zein hegoalderako gehieneko kupo bat ezartzen da: ehiztari bakoitzak, eguneko, 10 ale harrapatzen ahal ditu.
17. artikulua. Usapala.
1. Usapala botatzeko baimena ematen da:
a) Nafarroako hegoaldean, 2017ko abuztuaren 15etik irailaren 24ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere, bakarrik galeperra harrapatzeko toki beretan eta uso-postuetan.
b) Nafarroako iparraldean, 2017ko abuztuaren 15etik irailaren 24ra arte, ostegun, larunbat, igande eta jaiegunetan, ehiza barruti guztietan.
2. Iparralderako zein hegoalderako gehieneko kupo bat ezartzen da: ehiztari bakoitzak, eguneko, 2 ale harrapatzen ahal ditu.
18. artikulua. Mika, bele txikia eta belea.
Baimena ematen da mika, bele txikia eta belea foru agindu honetan beste edozein espezie harrapatzeko ezarritako garaietan ehizatzeko, baldintza beretan.
19. artikulua. Pagausoa eta txoloma.
1. Pagausoa eta txoloma botatzeko baimena ematen da, 2017ko urriaren 1etik abenduaren 31ra arte, baimendutako postu eta txaboletan, asteko egun guztietan. Orobat, Nafarroako Hegoaldeko ehiza barrutietan, pagausoa salto-ehizan harrapatzen ahalko da galeperra harrapatzen ahal den eremuan, eta, Nafarroako Hegoaldean, baita uso-postuetatik ere, 2017ko abuztuaren 15etik irailaren 24era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.
2. Salto ehizarako baimena ere ematen da, 2017eko azaroaren 1etik 2018ko urtarrilaren 28ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.
20. artikulua. Faisaia.
Faisaia harrapatzeko baimena ematen da, 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urtarrilaren 28ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.
IV. KAPITULUA
Ehiza larriaren uxaldietarako eta lasterkako ehizaldietarako arauak
20. artikulua. Baimendutako zakurrak.
1. Debekatua dago heltze zakurren bidezko ehiza.
2. Debekatua dago uxaldietan zakur arraza hauek eta haien arteko mestizoak erabiltzea: dogoa, bulldoga, pitbulla, rotweilerra, boxerra, dobermana eta Kanarietako ausiki zakurra.
3. Uxaldietan, arrastoko usna zakurrekin batera, gehienez arraza hauetako edo haien hibridoetako bi zakur erabiltzen ahalko dira: ohalanoa, ardi zakur alemaniarra eta artzakurra.
V. KAPITULUA
Xedapen bereziak
21. artikulua. Ereindako ehiza.
Ehiza Antolatzeko onetsitako Planetan ezarritako eremuetan eta 11/2012 Foru Aginduan ezarritakoetan baizik ezin izanen da praktikatu ereindako ehiza. Eremu horiek erabiltzeko epea hurrengo hau izanen da: 2017ko abuztuaren 15etik 2018ko otsailaren 25era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita Espainiako, Nafarroako eta herriko jaiegunetan ere.
22. artikulua. Hegan doazen hegazti migratzaileak ehizatzeko postuak, ehiza elkarte frantsesekin konpartituak.
Hegan doazen hegazti migratzaileak ehizatzeko postuetan, ehiza elkarte frantsesekin konpartitzekoetan, Frantzian dauden baldintza berberetan ehizatzen ahal da ehiza eztei ondoko migrazioan, baina bakar-bakarrik Nafarroan baimendutako espezieak harrapatzen ahal dira.
23. artikulua. Ehiza txapelketak.
Ehiza txapelketak egiteko, beharrezkoa izanen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Zerbitzuak aldez aurretik aldeko txostena ematea. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak aldez aurretik onetsitako ehiza txapelketetan zilegi izanen da Foru agindu honetan ezarritako kupoak gainditzea.
Ehiza txapelketak Nafarroako Ehiza Federazioak baizik ezin ditu antolatu.
24. artikulua. Ehizakiak.
Ehizakiak etxera eraman baino lehen lumatzen edo larrutzen badira, burua eta hankak kendu gabe eduki behar dira, identifikatu ahal izateko.
25. artikulua. Inurri hegaldunak.
Debekatua dago inurri hegaldunak harrapatu, eduki edo merkaturatzea, baita beita gisa erabiltzea ere.
26. artikulua. Segurtasun neurriak.
1. Ehiza larriaren uxaldiak:
Eliza larriaren uxaldiak behar bezala seinaleztatuko dira bide eta sarreretan. Segurtasun neurri gisa, ehiztariek eta uxatzaileek txaleko aski nabarmenak jantzi beharko dituzte.
Eite handiko nekazaritzako laboreetan egiten diren uxaldietan, postuak goratuak egonen dira, lurraren gorabeherak aprobetxatuz, edo egitura berariazkoen gainean.
Uxaldietarako diseinuan eta postuen kokaeran, animaliari uxalekuetatik kanpo eta arma-lerroa pasatuta dagoenean tiro egiteko kokalekuak hobetsiko dira.
Ehiztari bakoitzak su-arma edo arku bakar bat eramaten ahalko du.
2. Birigarroa eta usoa ehizatzeko baimentzen diren postuak:
Ehiza-postuak finkoak izanen dira, eta debekatua dago eskopeta hegalariak deitutakoak erabiltzea eta postuetatik kanpora armak zorrotik aterata eramatea, postutik hurbil eroritako usoren bat biltzeko izan ezik. Horrelakoetan, arma kargaturik eraman beharko da. Birigarroaren kasuan, arma deskargaturik eraman beharko da.
27. artikulua. Prezintoak.
Nahitaezkoa izanen da prezinto zenbakidunak erabiltzea, harrapatutako orein eta orkatzei paratzeko, Ehiza Antolatzeko dagokion Planean ezarritako kupoen arabera.
Plastikozko prezinto bakoitzak bere zenbakia izanen du, baita egunak, hilabeteak eta urteak identifikatzeko moduko zenbakia ere, zein egunetan harrapatu zen markatu ahal izateko, kasuan kasuko zenbakiak eta datuak erauziz.
Prezintoak sistema bat izanen du hura itxi ondoan ireki ezin izateko.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak emanen ditu prezintoak, ehiza barrutia kudeatzeko arduradunak eskatuta.
Ehizan ateratzen den bakoitzean, harrapatu nahi diren animaliak adina prezinto eraman behar dira gutxienez.
Animalia harrapatu ondoren, ezin da handik mugitu harik eta prezintoa paratu eta harrapaketaren eguna markatu arte. Betiere, prezintorik gabe eramaten ahalko da hurbilen dagoen mendiko pistaraino, bertan jartzeko; alabaina, abisu eman beharko zaio uxaldiko arduradunari alea harrapatzen den unean.
Belaun-txokoko tendoiaren eta hankaren artean paratuko da prezintoa; ondoren, itxi eta, erauziz, zein egunetan harrapatu den markatuko da. Adarrak dituzten animalien kasuan, prezintoa errosetaren gain-gainean paratuko da, baldin eta harrapatutako animalia aski handia bada (prezinto itxia adarretik ez ateratzeko adinakoa).
28. artikulua. Mugak eta debekuak.
2017-2018 kanpainan Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean ezarritako gainerako debeku eta mugak aplikatuko dira, bai eta lege hori garatu eta betearazteko Erregelamenduan (ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuan) ezarritakoak ere.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Indarra hartzea
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko ekainaren 15ean.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.
Iragarkiaren kodea: F1707551
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
