1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
498E/2017 FORU AGINDUA, ekainaren 22koa, Osasuneko kontseilariak emana. Honen bidez, finantzaketa publikoari lotuta dauden eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek agintzen dituzten tratamendu medikoei atxikitzen laguntzeko diren laguntzak arautzen dira.
Osasun arloan ezberdintasunak gainditzea Osasun Administrazio guztiek bete behar dituzten helburuetako bat da, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan adierazitako osasunerako eskubidea babesteko ondorioetarako.
Alde horretatik, Nafarroako 2014-2020 Osasun Planak osasun arloan ezberdintasunak murrizteko helburua ezartzen du, bereziki, kolektibo ahulenei lotuta daudenak.
Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko presako neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuaren bidez, onuradunek farmazia-prestazio anbulatorioari egindako ekarpen sistema aldatu zen. Horrek ekarri zuen, besteak beste, pentsiodunek, errenta txikiak dituztenak barne, prestazio horren truke ordaindu behar izatea, nahiz eta une horretara arte ez zuten horrelakorik egin behar.
Baina, gainera, 16/2012 Errege Lege Dekretuaren aurretik jada bazegoen eta oraindik ere badago herritarren kolektibo bat, berariazko kolektiboetan sartu gabeko erabiltzaile aktiboek osatzen dutena: urtean 18.000 eurotik beherako errenta izan arren, prestazio horrengatik sendagaiaren prezioaren %40, gehienez, ordaindu behar zuten eta dute, koordainketarako mugarik gabe.
Kolektibo oso ahul horietan egiaztatu da nabarmen handitu dela, emateko agindu arren, azkenean eman ez diren sendagaien ehunekoa. Agindutako tratamenduarekiko atxikidurarik eza gertatzen da ordainketa horrek kolektibo horren egoera ekonomiko eskasean duen muntagatik, zalantzarik gabe. Gertaera horrek, ekitatea nabarmen hausteaz gain, pertsona horien osasun egoera okerragotzea eragin dezake, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako laguntza arloko ondorioak ekarrita eta, epe ertainera, ekonomikoak ere bai.
Horregatik guztiagatik, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, foru agindu honen bidez laguntzen araubide bat arautu nahi da Nafarroan; araubidearen helburua da agindutako tratamendu medikoaren jarraitutasunari laguntzeko behar diren mekanismoak ezartzea eta, horrela, haien muga ekonomikoengatik edo gizarte bazterkeriako egoeran egoteagatik tratamenduari behar ez bezala jarraitzeko edo agindu medikoei jaramonik ez egiteko arriskua duten tratamendupeko zenbait pertsonarengan sor daitezkeen ezberdintasunak murriztea. Dena den, arau honek helburu hori duten laguntzen ondoz ondoko deialdiak ekarri beharko ditu gero.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak honako hau ezartzen du diru-laguntza bat emateko baldintzen artean: “Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak xede izan dezala onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat sustatzea edo xede publikoren bat sustatzea”. Faktore sozioekonomikoak osasunari eragiten dioten faktoreak dira. Alde horretatik, Osasun Planak bere helburu orokorren artean ezartzen du ekitatea bermatzea eta ezberdintasunak murriztea osasun arloko emaitzetan.
Horrez gain, foru lege horren 17.1 artikuluak ezartzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidean eginen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean.
Halaber, artikulu horrek xedatzen du banakako ebaluazioaren araubidetzat joko dela eskaerak ebaluatzeko eta bakoitzari bere ebaluazioaren araberako diru-laguntza emateko irizpideak araudian edo deialdiaren oinarrietan ezartzen direnean. Eskaerak jaso ahala espedienteak tramitatu eta ebatziko dira, eta diru-laguntzak emanen dira, horretarako aurrekontu-krediturik dagoen bitartean.
Foru agindu honetan arautzen diren laguntzen izaera dela eta, laguntzek ez daukate norgehiagoka zehaztu beharreko lehentasun ordenarik. Hori dela eta, bidezkoa da ezartzea aldez aurreko eskaera behar duten laguntzak esleitzeko onetsi behar diren deialdi publikoak banakako ebaluazioaren araubidean eginen direla.
Alde horretatik, Nafarroako Gobernuak, 2017ko ekainaren 14an egin bilkuran, banakako ebaluazioaren araubidea baimendu du laguntza horietarako.
Laguntzak barne merkatuarekin bateragarriak dira, Europako Erkidegoaren Tratatuaren 107.2 artikulua aplikatuta.
Horrenbestez, Osasuneko zuzendari nagusiak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Laguntzen xedea eta helburua.
1. Arau honen xedea da gaixorik dauden eta premia larrian dauden pertsonak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek agindutako tratamendu medikoei atxikitzen laguntzeko diren laguntzak arautzea.
2. Onuradunendako laguntzak finantzaketa publikoari lotuta dauden sendagai eta osasun-produktuak erostearen ondorioz gastua ekarri eta frogatzen diren zenbatekoak oinarri hartuta ordainduko dira.
2. artikulua. Onuradunak.
Honako hauek izanen dira laguntzen onuradunak:
a) Gizarte Segurantzako aseguratu aktiboak edo pentsiodunak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren adierazpenean, likidazio-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren oinarriaren laukian, hain zuzen, jasotako 18.000 eurotik beherako errenta dutenak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eman eta bermatzen duen banakako osasun-txartelaren titularrak direnak. Halaber, aseguratuaren onuradunei ere laguntzak berdin jasotzea egokituko zaie.
b) Osasun Sistema Nazionalaren aseguratuak edo onuradunak izan gabe, Nafarroan bizi diren pertsonei Nafarroako osasun-sistema publikoan doako osasun laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen dien otsailaren 25eko 8/2013 Foru Legearen aplikazio eremu subjektiboan dauden eta urteko 18.000 eurotik beherako errenta dutela adierazten duten pertsonak.
3. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.
1. 6.000 eurotik gorako urteko errenta mugak gainditzen ez dituzten onuradunek laguntzak jasoko dituzte, hil bakoitzean ordaindutako zenbatekoaren eta 2,6 euroren arteko aldea bezalakoak, Nafarroako Foru Komunitateko farmazia bulegoetan erosten dituzten sendagai eta osasun-produktuak ordaintzeko, zeinak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek agintzen dituzten eta finantzaketa publikoari lotuta dauden.
2. Gainerako onuradunek laguntzak jasoko dituzte, hil bakoitzean ordaindutako zenbatekoaren eta 8,23 euroren arteko aldea bezalakoak, Nafarroako Foru Komunitateko farmazia bulegoetan erosten dituzten sendagai eta osasun-produktuak ordaintzeko, zeinak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek agintzen dituzten eta finantzaketa publikoari lotuta dauden.
4. artikulua. Deialdi publikoaren bidez eman beharreko laguntzen oinarri arautzaileen eskumena eta edukia.
1. Foru agindu honetan araututako laguntzen deialdiak onestea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari egokituko zaio, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura organikoa ezarri duen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera. Diru-laguntza horiek emateko prozedurak antolatu eta instruitzea Farmazia Zuzendariordetzari egokituko zaio.
2. Laguntzen deialdiek honako hauek hartuko dituzte barne: laguntzak zehazteko aldia; aurrez aurre zein Internet bidez tramitatzeko zehaztapenak; eskaerak aurkezteko epea, tokia eta modua; laguntzak finantzatzeko zenbatekoa biltzen duen aurrekontu-partida; eta laguntza emateko baldintzak egiaztatze aldera eskatzen diren eskaera eredua eta dokumentazioa.
5. artikulua. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.
1. Aseguratuek eta onuradunek urtero aurkeztu beharko dituzte eskaerak, dagokion deialdia onesten duen ebazpenean adierazitako epearen barnean.
2. Onuradunek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute. Bertan aipatu beharko dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan egoera hori lortzeko ezartzen diren baldintzak betetzen dituztela.
3. Eskaera aurkezteak badakar berekin eskatzaileak baimena ematea Farmazia Zuzendariordetzari, horrek dagokion erakundearen aurrean automatikoki egiazta dezan onuraduna dela egiaztatzeko baldintzak betetzen dituen eta pertsona horrek farmazia eta osasun-produktuetan zer gastu egin duen.
4. Deialdi baterako aurkeztutako eskaerak baliozkoak izanen dira deialdi horren indarraldi osorako, emate eta ordaintze ekintza bakoitzerako berriro aurkeztu beharrik izan gabe.
6. artikulua. Eskaera zuzendu eta hobetzea.
Aurkeztu beharreko eskaerak eta dokumentazioak arau honetan ezartzen diren baldintza guztiak biltzen ez badituzte edo haien edukia nahikoa ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio, hori egin ezean, eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela. Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman eta hori jakinarazi beharko du.
7. artikulua. Ematea, ordainketa, baliabideak eta publizitate araubidea.
1. Foru agindu honetan ezarritako laguntzen emate eta ordainketa edo ukapena hiru hilean behin eginen da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, eta espedienteak sarrera ordenari jarraikiz ebatziko dira.
2. Aurreko puntuan xedatutakoa gorabehera, ebazpen hori eman eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaera tramitatzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartu zen egunetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori iragandakoan, eskaera ukatutzat joko da.
3. Laguntza eman edo ukatzen duen ebazpenaren aurka, indarreko legediaren arabera egokiak diren errekurtsoak aurkezten ahalko dira.
4. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako diru-laguntzak jakinaraziko ditu, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan xedatutakoarekin bat. Emandako diru-laguntzen argitalpenak ez du inola ere izanen onuradunen datu pertsonalik.
8. artikulua. Laguntzen balizko ordainketa hurrengo aurrekontu-ekitaldian.
Aurrekontu-ekitaldi batean horretako deialdiaren eta aurrekontu-kredituen babesean erabat bete ezin diren eskaerak badaude, hurrengo ekitaldiko deialdiaren eta aurrekontu-kredituen kontura egozten ahalko dira, eskaera berriro aurkeztu beharrik izan gabe, baldin eta eskaera horiek foru agindu honetan laguntza lortzeko ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.
9. artikulua. Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1. Foru agindu honetan arautzen diren laguntzen ematea bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio batzuek edo erakunde publikoek edo pribatuek jarduera bera finantzatzeko ematen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomiko batzuk eskuratzearekin. Beste laguntza batzuk eskuratzen badira, guztien batura ezin izanen da izan adierazi bezala agindu den tratamendu farmakologikoarekiko atxikiduraren ondoriozko kostua baino handiagoa.
2. Eskuratutako laguntza eta diru-laguntza guztien baturaren zenbateko osoa onuradunak agindu zaion tratamenduari atxikitzeko egiten duen ekarpen ekonomikoa baino handiagoa bada (3. artikuluan ezarritako mugak errespetatuta), eman beharreko laguntza murriztuko da, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduta.
10. artikulua. Jarraipena eta kontrola.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jarraipen eta kontrol ekintzak gauzatzen ahalko ditu, foru agindu honen bidez lortu nahi diren helburuak betetzen direla bermatzeko behar direnak.
11. artikulua. Onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan adierazten diren eta, hala denean, aplikagarriak diren betebeharrei kalterik egin gabe, laguntzen onuradunek honako hauek egin beharko dituzte:
a) Diruz lagundutako egoeraren xedea edo izaera funtsean aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin batera lan egitea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, jarraitu eta kontrolatzeko prozeduretan.
b) Laguntzen xedea ikuskatzeko eginkizunak betetzeko eskatzen zaien informazio guztia ematea.
c) Nafarroako Zerga Ogasunarekiko zerga arloko betebeharrak egunean izatea.
12. artikulua. Itzulketak eta ez-betetzeak.
Laguntzaren onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluaren kasuetako batean badaude edo foru agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan edo, hala denean, dagokion deialdian edo emateko ebazpenean ezarritako baldintzetako edozein betetzen ez badute, dagokion ebazpenaren bidez adieraziko da kobratu gabe dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu dutela eta, hala denean, laguntza ordaindu den unetik jaso diren zenbatekoak gehi horien legezko interesak itzuli beharko dituztela.
13. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak:
Foru agindu honetan araututako laguntzak eskatzen dituzten pertsonak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
14. artikulua. Datuen babesa.
Foru agindu honetan xedatutakoaren babesean ematen diren datuak ondorio horretarako sortzen den berariazko fitxategi automatizatura gehituko dira. Fitxategiko datuak ez zaizkie lagako hirugarren pertsonei edo erakundeei, eta horren erabilera Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak laguntzak kudeatzeko gauzatu behar duen erabilerara bakarrik mugatuko da. Eskatzaileek datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Foru Legearekin bat.
Lehen xedapen gehigarria.–Osasun Sistema Nazionalaren esparruko preskripzioengatiko laguntzak.
Osasun Sistema Nazionaleko langileek agintzen duten eta finantzaketa publikoari lotuta dagoen tratamendu mediko bakoitzeko benetan ordaintzen diren zenbatekoetarako laguntzak eskatzen ahalko dira.
Bigarren xedapen gehigarria.–Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko farmazia bulegoetan hartutako sendagaietarako laguntzak.
Laguntzen onuradunak izan daitezkeen pertsonek sendagaiak eta osasun-produktuak hartzen badituzte Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo dauden farmazia bulegoetan, farmazia horietan gehiegi ordaindutakoa itzultzeko eskatzen ahalko dute, 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere Nafarroako Foru Komunitateko farmazia bulegoetan ordainduko zutena erreferentziatzat hartuta.
Hirugarren xedapen gehigarria.–MUFACE, MUGEJU eta ISFASen mutualistei laguntzak aplikatzea.
Deialdiari buruzko ebazpenean kreditu aski eta egokia badago, 2. artikuluan aipatutako errenta baldintzak betetzen dituzten eta osasun zerbitzuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren bidez jasotzea aukeratu duten MUFACE, MUGEJU eta ISFASen mutualistak gehitzen ahalko dira, aipatu deialdian ezartzen diren muga eta baldintzekin.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2017ko ekainaren 22an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F1707676