112. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Berdintasunerako Kontseiluaren funtzionamenduari buruzko erregelamendua. Behin betiko onespena

2017ko urtarrilaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zen Tuterako Berdintasunerako Kontseiluaren funtzionamenduari buruzko erregelamendua. Iragarkia 2017ko 43. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 2an.

Jendaurreko aldia amaitu da, eta epe horretan ez da espedienteari buruzko erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Horrenbestez, behin betiko onetsi da aipatu erregelamendua, eta argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Tuteran, 2017ko apirilaren 26an.–Alkatea, Eneko Larrarte Huguet.

Eranskina

TUTERAKO BERDINTASUNERAKO UDAL KONTSEILUAREN FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Izaera.

Tuterako emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunerako Kontseilua organo aholku-emaile gisa sortu da, Tuterako emakumeek eta gizonek parte har dezaten aukera berdintasunerako printzipioa udalerriko bizitza politikoan, kulturalean, ekonomikoan eta sozialean garatzen eta sustatzen; horretarako, erregelamendu honen helburu diren gaiei buruzko kontsultak, aholkuak, proposamenak eta jarraipena eginen du, deusetan galarazi gabe Kontseiluak esparru honetan garrantzia izan dezakeen beste edozein aferaren gaineko kontsulta egin behar izatea.

2. artikulua. Helburuak.

Hauek dira Berdintasunerako Udal Kontseiluaren helburuak:

1.–Udal politika orientatzea, organo aholku-emaile den aldetik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortze aldera.

2.–Udalaren aukera berdintasunerako jarduketa planak bultzatzea, haien jarraipena egitea eta Berdintasunerako Udal Planeko printzipioak betetzen ote diren begiratzea.

3.–Neurriak bultzatzea eta proposamenak egitea, bere ekimenez edo Udalak eskatuta, instantziei –eta udalei bereziki– proposatuz, emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna egiazki lortzeko programak eta jarduketa bereziak har ditzatela.

4.–Emakumeen bizi kalitatea –aukera berdintasunean– hobetzen laguntzen duten alderdiei buruzko sentsibilizazio eta informazio kanpainak egin daitezela proposatzea.

5.– Bultzatzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea xede duen asoziazionismoa, emakumeena, gizonena eta/edo mistoa, eta sustatzea haien erakundeen jarduerak eta azpiegitura, bai eta esku hartzeko duen gaitasuna ere arlo horretan eskumena duen departamentuarekin lotutako politika publikoen sustapenean.

6.–Udal politikek eta zerbitzuek emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna berma dezatela zaintzea.

7.–Halaber, egiazko aukera berdintasuna zaintzea diskriminazio anitza pairatzen duten emakume taldeengan, edozein delarik ere diskriminazio horren kausa (jatorria, etnia, desgaitasuna, erlijioa, sexu-orientazioa, lanbidea, etab.).

3. artikulua. Eginkizunak.

Aurreko artikuluan adierazitako helburuak betetzeko, Berdintasunerako Kontseiluak honako eginkizun hauek garatuko ditu:

1.–Tuterako emakumeek pairatzen duten genero-diskriminazioaren eta diskriminazio anitzeko inguruabarren gaineko azterketak eta txostenak egin daitezela bultzatzea.

2.–Botere publikoekin bitartekari aritzea, eta bultzatzea, laguntzea eta aholku ematea Tuteran berdintasun egiazkoa eta eraginkorra lortzeko oztopoak kentzen laguntzen duten jarduketa politikei edo zerbitzu emateari buruzko proposamenak egitean.

3.–Aurreko ataleko helburuak lortzeko beharrezko baliabide publikoen hornidura bultzatzea.

4.–Berdintasunerako politiketan eskumena duen udal departamentuarekin lankidetzan aritzea, Tuterako Udalaren berdintasunerako planen prestatze, aplikazio eta gauzatzean jarraitu beharreko lehentasun eta irizpideak proposatzean, betiere zainduz kalitatezkoak, eraginkorrak eta gardenak izan daitezela.

5.–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun balioak babestea, eta beste pertsonengan zabaltzea, sexu-diskriminaziorik gabe.

6.–Emakumeen sustapenerako jarduerak bultzatzen dituzten elkarteen eta gainerako entitateen arteko lankidetza sustatzea.

7.–Biltzea, aztertzea eta, behar izanez gero, baita bideratu eta bultzatzea ere, Kontseiluari aurkezten zaizkion iniziatibak eta iradokizunak, harekin parte hartzen duten entitateak eginikoak izan ala ez.

8.–Bideratzea, organo eskudunen aurrean, Kontseiluari helarazitako portaera diskriminatzaileengatiko salaketak oro, baldin eta berdintasunezko printzipioa urratzen badute.

9.–Tuterako Udalari eskatzea bere helburuak lortzeko beharrezko informazioa, bereziki Berdintasunerako Udal Plana ebaluatzeko eta haren jarraipena egiteko beharrezko dena.

10.–Tuterako Udalak eskuragarri jarriko ditu bitarteko egokiak Kontseiluaren eginkizunak betetzeko eta haren behar bezala funtziona dezan.

Berdintasunerako politiketan eskumena duen udal departamentuak Kontseiluak programatutako jarduerak finantzatzeko diru-zuzkidura bat aurreikusi beharko du urtero bere gastuen aurrekontuetan.

11.–Kontseiluak, organo aholku-emaile gisa, dagozkion eginkizunak gauzatuko ditu, txostenak eta irizpenak emanez, eta proposamenak eta eskakizunak eginez; horiek ez dira lotesleak izanen udal organoentzat.

II. KAPITULUA

Kontseiluaren osaera

4. artikulua. Osaera.

Kontseilua honako hauek osatuko dute:

–Kontseiluburua, Alkatetzak aurrez izendatuko du, Gizarte Ongizate eta Emakume eta Berdintasun Alorreko zinegotzia izanen da, eta hizpidea eta botoa izanen ditu.

–Udal talde bakoitzeko ordezkari bat, alkateak izendatua talde bakoitzak proposatuta.

Hizpidea eta botoa izanen ditu.

–Herriko emakume elkarteetako ordezkariak eta, berdintasunarekin lotura duten eta gaiarekin interesa agertzen duten toki elkarteetako ordezkariak. Elkarteok idatziz jakinaraziko dizkiote Idazkaritzari beren ordezkarien eta haien ordezkoen izenak.

Hizpidea eta botoa izanen dituzte.

–Tuteran ordezkaritza duten sindikatuetako ordezkariak. Idazkaritzari idatziz jakinaraziko zaizkio beren ordezkarien eta haien ordezkoen izenak.

Hizpidea eta botoa izanen dituzte.

–Tuterako beste entitate batzuetako ordezkariak, berdintasunarekin lotura zuzena eta gaiarekiko interesa dutenak, hala nola Unibertsitatea, ikastetxeak, etab., aurretik idatziz adierazi dutenak Kontseiluko kide izan nahi dutela, beren ordezkarien eta haien ordezkoen izenak ematearekin batera.

Hizpidea eta botoa izanen dituzte.

–Kontseiluak Tuterako pertsona fisikoen, taldeen eta/edo kolektiboen parte-hartzea baloratzen ahalko du, aurretik idatziz adierazi badute Kontseiluko kide izan nahi dutela, eta irabazi-asmorik gabe badihardute, frogatzen badute berdintasunaren aldeko jarduerak egiten dituztela eta gaiarekiko interes egonkorra badute.

Hizpidea eta botoa izanen dituzte.

–Kontseiluak genero-berdintasuneko adituen eta esparru horretan balio handia duten pertsonen parte-hartzea izaten ahalko du, gai zehatz eta espezifikoei buruzko azterketak egin eta aholkuak jasotzeko. Haien parte-hartzea une zehatzetan edo aldi baterako izanen da.

Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

–Kontseiluko idazkaria aukera berdintasunerako teknikari bat izanen da.

Hizpidea izanen du, baina botorik ez.

Titular bakoitzaren ordezkoa izendatuko da.

5. artikulua. Kontseiluan sartzea.

Tuterako Berdintasunerako Udal Kontseiluan sartu nahi duten entitate edo erakundeek Kontseiluko Burutzari zuzendu beharko diote eskaera, eskabidea udal erregistroan aurkeztuta; hartan adieraziko dituzte zein diren Kontseiluan sartzeko dituzten arrazoiak eta behar diren agiriak erantsiko dizkiote, frogatzen dutenak aurreko atalean ezarritako beharkizunak betetzen dituztela.

Elkarteek edo entitateek nortasun juridikoa izan beharko dute, baita elkarteen udal erregistroan inskribaturik egon ere, eta Tuterako udalerria izanen da haien jarduketa eremua.

6. artikulua. Kontseiluko kide izateari uztea.

Kide izaera honako arrazoi hauetakoren batengatik galduko da:

1.–Udalbatzaren berritzea, udal hauteskundeen ondorioz.

2.–Espresuki uko egitea, Burutzari idatziz adieraziz.

3.–Elkartearen desegitea, kasua bada.

4.–Erregelamendu hau behin eta berriz ez betetzea, edo Kontseiluaren funtzionamendua larri nahastea.

Kide izaera galduko da, kideen gehiengoaren erabakiz, kontseiluburuak proposatuta.

Entitateek, erakundeek eta kolektiboek izendatutako pertsonak ordezten ahalko dira, egoki iruditzen zaienean, eta idatziz jakinarazita betiere.

III. KAPITULUA

Udal kontseiluko organoak

7. artikulua. Kontseiluaren egitura.

Tuterako Berdintasunerako Udal Kontseiluaren egitura hauxe izanen da:

a) Osoko Bilkura.

b) Burutza.

c) Idazkaritza.

8. artikulua. Kontseiluko Osoko Bilkura.

Osoko Bilkura osatuko dute Kontseiluko buruak, idazkariak eta 4. artikuluan aipatu ordezkari guztiek.

9. artikulua. Osoko Bilkuraren eskudantziak.

a) Kontseiluaren jarduteko ildo orokorrak adieraztea.

b) Elkarte, fundazio edo sindikatuetako ordezkariak hautatzea eta kargutik kentzea.

c) Egoki juzgatzen dituen lan-batzordeak eratzea.

d) Onetsi behar dituen txosten eta proposamenei buruz hausnartu eta erabakitzea.

e) Berdintasunerako Alorreko jarduera-programa proposatu eta ebaluatzea.

f) Osoko Bilkurak, bai erakunde instituzionalen batek eskatuta bai ofizioz, auzi zehatzei buruzko irizpenak ematen ahalko ditu, bai eta informatu ere proiektu, programa, plan eta xedapen orokorrei edota emakumeen eta gizonen aukera berdintasunari eragin diezaiokeen beste edozein jarduketari buruz.

10. artikulua. Osoko Bilkuraren funtzionamendua.

a) Tuterako Berdintasunerako Kontseiluak osoko bilkurak eginen ditu kontseiluburuak deituta. Kontseiluak bilkura arruntak eginen ditu hilabetean behin, kontseiluburuak deituta.

Deialdia 48 ordu lehenago eginen da, gutxienez.

b) Bilkura berezia eginen da, Kontseiluko kideen herenak idatziz eskatzen duenean.

c) Eguneko gai-zerrenda Kontseiluko Burutzak egoki juzgatzen dituen gaiek osatuko dute, bai eta proposatzen zaizkion beste batzuek ere. Edonola ere, proposamenok Kontseiluko Burutzari jakinarazi beharko zaizkio, bilkura egiteko aurreikusitako eguna baino 15 egun natural lehenago gutxienez.

d) Erabakiak adostasunez hartuko dira edo, bestela, bertaratuen botoen gehiengo soilaz.

Bozketan berdinketa egonez gero, beste bozketa bat eginen da, eta horretan ere berdinketa badago, Kontseiluko buruaren kalitateko botoak erabakiko du.

11. artikulua. Kontseiluko Burutza.

Aukera berdintasunerako udal alorreko zinegotzi ordezkariak beteko du Burutza, eta Alkatetzak askatasun osoa izanen du hura izendatu eta kargutik kentzeko.

Kontseiluko Burutza betetzen duenak gehieneko ordezkaritza izanen du, eta honako eskudantzia hauek edukiko:

a) Batzar Orokorrerako deia egin eta hartan buru izan.

b) Batzar Orokorraren saioetan moderatzaile arituko da, haren hausnarketak gidatuko ditu eta bozketetan gertatu berdinketak ebatziko ditu.

c) Erregelamendu hau interpretatzeak eta aplikatzeak sorraraz ditzakeen zalantzak argitzea.

d) Kontseiluaren beraren helburuak betetzen ote diren zaintzea, bai eta bere jarduketak indarreko araudian xedatura behar bezala egokitzen ote diren ere.

e) Udalbatzari Batzar Orokorrak hartutako erabakien berri ematea.

12. artikulua. Idazkaritza.

Idazkaria Udaleko aukera berdintasunerako teknikari bat izanen da.

Idazkaritzari dagokio Kontseiluaren kudeaketa administratiboa eta teknikoa egitea, eta hizpidea izanen du, baina botorik ez.

Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Saioetarako deia egin eta bidaltzea, Kontseiluko buruak aginduta.

b) Saioetako aktak egitea (hurrengo saioa hastean aktan jasotako saiora joandakoek sinatuko dituztenak).

c) Kontseilua osatzen duten entitateen erregistroa egunean edukitzea, bai eta haren ordezkariena nahiz ordezkoena ere.

d) Kontseiluko organoek agintzen dioten beste edozein.

Iragarkiaren kodea: L1705046