2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LOS ARCOS
Bide publikotik zuzeneko sarbidea duten higiezinetan kutxazain automatikoak jartzeko tasa arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena
Los Arcosko Udalak, 2017ko urtarrilaren 27an egin bilkuran, legez ezarritako quoruma zuela, erabaki zuen hasiera batez onestea Los Arcosko bide publikotik zuzeneko sarbidea duten higiezinetan kutxazain automatikoak jartzeko tasa arautzen duen ordenantza.
Erabakia 2017ko 28. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 9an, eta jendaurrean egoteko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsita gelditu da Bide publikotik zuzeneko sarbidea duten higiezinetan kutxazain automatikoak jartzeko tasa arautzen duen ordenantza, eta haren testu osoa ematen da argitara, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Los Arcosen, 2017ko apirilaren 10ean.–Alkate udalburua, Javier Chasco Abaigar.
BIDE PUBLIKOTIK ZUZENEKO SARBIDEA DUTEN HIGIEZINETAN KUTXAZAIN AUTOMATIKOAK JARTZEKO TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
1. artikulua. Zerga-egitatea.
Tasaren zerga-egitatea da jabari publikoaren aprobetxamendu berezia; kasu honetan, banketxeek beren zerbitzuak emateko erabiltzen dituzten kutxazain automatikoak eta bestelako gailuak bide publikotik zuzeneko sarbidea duten higiezinetan jartzeak dakarrena.
Ordaindu beharra sortzen da administrazio-lizentzia ematean, edo aprobetxamendua hastean, dagokion lizentziarik gabe eginez gero.
2. artikulua. Subjektu pasiboak.
Tasa honen subjektu pasiboak dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 104. artikuluan xedatuarekin bat, pertsona fisiko edo juridikoak eta, nortasun juridikorik izan gabe ere, unitate ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen duten entitateak:
a) Baldin eta tokiko jabari publikoa bereziki beren mesedetan erabili edo aprobetxatzen badute, aipatu foru legearen 100.4 artikuluak aurreikusten dituen kasuetako baten arabera.
b) Baldin eta toki entitateek egiten dituzten zerbitzu edo jarduera horien eskatzaile edo onuradun badira edo haien eragina hartzen badute, foru lege horren 100.5 artikuluak aurreikusten dituen kasuetako baten arabera.
Lizentzien hartzaile direnak edo aprobetxamenduaren onura hartzen dutenak, dagokion baimenik gabeko kasuetan eta, kasu guztietan, kutxazain automatikoko finantza entitate titularra.
Zergadunaren ordezkotzat hartuko dira etxebizitza edo lokaletako bizilagunek hartzen dituzten edo eragiten dieten zerbitzuen aldera jarritako tasen kasuan, etxebizitza edo lokal horien jabeak; horiek zilegi izanen dute tasak, hala tokatzen bada, kasuko onuradunei egoztea.
3. artikulua. Zerga-kuota.
Ordenantza hau arautzen duen tasaren zerga-kuota hurrengo atalean aipatzen den tarifan finkatutakoa izanen da.
Eraikinean jartzen den kutxazain bakoitzagatik tarifa hau ezartzen da: 300,00 euro/urtea.
4. artikulua. Salbuespenak.
Tasaren izaera dela eta, ez da ez salbuespenik ez hobaririk emanen.
5. artikulua. Kudeaketa arauak.
Ordenantza honetan arautzen diren aprobetxamenduak hartzeko interesa duten pertsona edo entitateek dagokien lizentzia aitzinetik eskatu beharko dute, eta aprobetxamenduaren kokapena zehazten duen aitorpena egin.
Udal honen zerbitzu teknikoek egiaztatuko dituzte interesdunek egindako aitorpenak eta bidezko denean emanen dituzte baimenak.
Lizentzia eman ondotik, edo hura izan gabe aprobetxamenduari halere ekiten bazaio, Udalak dagokion tributu-likidazioa igorriko du, eta horrek ez du ekarriko ezein lizentzia ematea.
Aprobetxamendua luzatutzat joko da, interesdunak behar bezala justifikatutako baja aurkezten ez duen arte. Horretarako, subjektu pasiboek dagokion aitorpena aurkeztu beharko dute, instalazioa kendu eta hurrengo hilabetean. Aitorpenarekin batera, subjektu pasiboak Udalak emandako lizentzia aurkeztu beharko du, gailua fisikoki kentzeko.
Bajak ondorioak sortuko ditu, kutxazain automatikoa egiazki kendu eta hurrengo hiruhileko naturalaren lehenengo egunetik aitzina.
Kontrako alegaziorik eginda ere, arrazoia zeinahi dela, ez bada aurkezten arestian zehaztutakoa adierazten duen baja, tasa ordaintzen jarraitzeko betebeharra ekarriko du berarekin.
6. artikulua. Zergaldia eta sortzapena.
Zergaldia urte natural batekoa izanen da, salbu eta aprobetxamendu berezia hasi edo eteten den kasuetan; halakoetan, zergaldia inguruabar horretara egokituko da, eta dagokion hainbanaketa eginen. Tarifak proportzionalki kalkulatuko dira, aprobetxamendu berezia hasi zen urteari bukatzeko falta zaizkion hiruhileko natural kopuruaren arabera.
Halaber, eta aprobetxamendua etetearen ondoriozko baja gertatuz gero, tarifak hiruhileko naturaletan hainbanatzen ahalko dira, etetea gertatu den hilabeteari dagokiona kenduta. Horretarako, subjektu pasiboek aprobetxamendurik egin ez den hiruhileko naturalei dagokien kuotaren zati proportzionala itzultzeko eskatzen ahalko dute.
Autolikidazioaren araubidea ezarri da tasa hau kobratzeko kudeaketan. Ordainketa eginen da Udalaren Diruzaintzan, edo Udalak zehaztutako tokian, zuzeneko diru-sarreraren bidez, eta zerbitzua emateko eskaera aurkeztearekin bat.
Diru-sarrera aurretiko gordailutzat joko da, aipatu Foru Legearen 105. artikuluan ezarritakoarekin bat, eta dagokion lizentzia ematean igaroko da behin betikoa izatera.
Hurrengo ekitaldietan, epez epe ordainagiri bidez kobratzeko zentsuaren edo erroldaren bidez likidatuko da tasa, Udalbatzak urtero zehazten dituen epeetan.
7. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Kitatu gabeko zorrak badira, premiamenduzko administrazio-prozeduraren bidez eskatuko dira, indarrean den Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean eta harekin bat datorren araudian xedatuaren arabera.
Aprobetxamenduak aginduzko baimen edo lizentziarik gabe egiten badira, organo eskudunak aprobetxamenduaren onuradunei ezarriko dizkie legez edo erregelamenduz ezarritako zehapenak (gradurik altuenekoak), deusetan galarazi gabe aipatu araudian tributu arloko arau-hauste eta zehazpenei buruz xedatua.
Azken xedapenak
Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan aurreikusirik edo ez, gertatzen diren goiti-beheiti guztiak bere iritziaren arabera ebatziko ditu Los Arcosko Udalak, horren gainean Udalak hartzen dituen erabakietan zehazten den gisan.
Bigarrena.–Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L1704976