2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OLTZA ZENDEA
Oltza Zendeako Udalaren eta Kontzejuen arteko Harremanen Kontseilua izeneko koordinazioko eta parte-hartzeko udal organo osagarriaren funtzionamendurako erregelamendua.
Behin betiko onespena
Oltza Zendeako Udalak, 2017ko martxoaren 17an egin osoko bilkuran, onetsi zuen sortzea Oltza Zendeako Udalaren eta kontzejuen arteko koordinazioko eta parte-hartzeko udal organo osagarria, Oltza Zendeako Udalaren eta Kontzejuen arteko Harremanen Kontseilua deituko dena, eta hasiera batean onestea haren funtzionamendua arautzen duen erregelamendua.
Hasierako onespenaren erabakia 2017ko 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 17an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik edo iradokizunik aurkeztu; hortaz, erregelamendu horiek behin betiko onetsi eta osorik ematen dira argitara, behar diren ondorioak izan ditzaten; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Oltza Zendean, 2017ko maiatzaren 5ean.–Alkatea, Moisés Garjón Villanueva.
OLTZA ZENDEAKO UDALAREN ETA KONTZEJUEN ARTEKO KOORDINAZIOKO ETA PARTE-HARTZEKO UDAL ORGANO OSAGARRIAREN ERREGELAMENDUA
I. KAPITULUA
Definizioa eta eginkizunak
1 artikulua. Izaera.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legearen 8. artikuluan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 20. artikuluan, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 119. artikuluan eta hurrengoetan, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa garatuz, Oltza Zendeako Udalak Oltza Zendeako Udalaren eta kontzejuen arteko koordinazioko eta parte-hartzeko udal organo osagarria sortu du, Oltza Zendeako Udalaren eta Kontzejuen arteko Harremanen Kontseilua deituko dena, elkarrizketarako foro gisa eta kontsultarako eta parte-hartzeko organo gisa; toki araubideari buruzko legedian eta horrekin bat datozen arauetan eta erregelamendu honetan ezarritakoaren bidez arautuko da.
2. artikulua. Xedea.
Udal organo osagarriari dagokio eztabaidak, txostenak, aholkuak eta proposamenak egitea kontzejuen eta udalaren interes komunen inguruko gaietan, alegia, udalerriko bizilagun guztien interesen aldekoetan.
Udal organo osagarri hau iraunkorra da, eta udal agintaldi bakoitzean berrituko dira bertako kideak.
3. artikulua. Egoitza.
Udal organo osagarriak Oltza Zendeako Udalean izanen du egoitza (Ororbiako Angulo kaleko 2an), eta hantxe eginen ditu bilkurak.
4. artikulua. Eginkizunak.
Udal organo osagarriak eginkizun hauek izanen ditu:
1. Bere eskumenen esparruan eskatzen zaizkion txostenak egitea.
2. Udalaren eta kontzejuen interesekoak diren gai estrategikoei buruzko azterketak eta lanak egin eta eztabaidatzea, alegia, udalerriko bizilagun guztien intereseko gaietan.
3. Proposamenak egitea kontzejuen eta udalaren interesen inguruko gaietan; hor sartzen dira aurrekontuen, hirigintzaren, ingurumenaren, tokiko garapen ekonomikoaren eta udalerriaren eta kontzejuen plangintza estrategikoaren gaineko proposamenak, bai eta kontzeju bakoitzeko zerbitzuak eta jarduerak hobetzea ere, betiere udalerri guztiaren alde eginez.
4. Udaleko Osoko Bilkurak zehazten duen beste edozein eginkizun.
5. artikulua. Ahalmenak.
Udal organo osagarriak ahalmen hauek izanen ditu bere eginkizunak betetzeko:
a) Udalari eskatzea, Alkatetzaren bitartez, bere eskumenen esparruko azterlanak eta txostenak egiteko beharrezkoa den informazioa eta dokumentazioa.
b) Beste administrazio, instituzio edo erakunde batzuei eskatzea beharrezkotzat jotzen duen informazioa, tokiko garapenari eta plangintza estrategikoari buruzko azterlanak egiteko.
c) Bilkurak sustatzea, kualifikazio teknikoa duten pertsonen parte-hartzearekin, udal organo osagarriaren iritzia behar duten gaiak eztabaidatzeko.
d) Bere eskumeneko gaietan adituak direnen laguntza proposatzea Alkatetzari.
II. KAPITULUA
Eraketa, osaera, egitura eta organoak
6. artikulua. Udal organo osagarriaren osaera.
Udal organo osagarriak 14 kide izanen ditu, honela hautatu edo izendatuak:
1.–Alkatea, organoaren Burutza izanen duena.
2.–Lau ordezkari, Kontzejuekiko Harremanen Informazio Batzordekoak, Udalbatzan ordezkatuta dauden talde politikoen arteko proportzionaltasunaren arabera. Horietako batek organo osagarriaren buruordetza izanen du.
3.–Bederatzi ordezkari (kontzeju bakoitzeko bat), kontzeju hauetako kideak:
–Arazuriko Kontzejua.
–Artazkozko Kontzejua.
–Asiaingo Kontzejua.
–Iberoko Kontzejua.
–Izkueko Kontzejua.
–Izuko Kontzejua.
–Lizasoaingo Kontzejua.
–Oltzako Kontzejua.
–Ororbiako Kontzejua.
4.–Egiten diren bilkuretara kontzeju bakoitzeko beste kide bat ere joaten ahalko da, hitza duela baina botorik ez. Pertsona hori Kontzejuko kidea izanen da, Kontzejuak hautatuko du, eta egiten den bilkura bakoitzeko aldatzen ahalko da.
7. artikulua. Izendapena.
Udaleko Osoko Bilkurak izendatuko ditu udal organo osagarriko kideak, kontzejuek aurkezten dituzten proposamenak ikusirik. Ordezkaritza kontzejuko buruaren gain egonen da, nahiz eta kontzeju bakoitzak, dagozkion arau edo estatutuen arabera bete behar dituen tramiteei jarraikiz, Kontzejuko beste kide bat izendatzen ahalko duen, hark uko eginez gero. Halaber, ordezkari bakoitzaren ordezkoa izendatuko dute, titularra ordeztuko duena, kanpoan edo gaixo badago edo eginkizunak betetzeko ezinduta.
8. artikulua. Kargu-uztea.
Udal organo osagarriko kideek kargua utziko dute Udal berria eratzen denean eta, gainera, jarraian azaltzen diren arrazoiak izaten direnean. Kargu-uzteek indarra izanen dute Udaleko Osoko Bilkurak aintzat hartzen dituenetik hasita:
1. Berariaz uko egitea.
2. Izendapena sustatu zuen entitatearen proposamena.
3. Heriotza edo sortutako desgaitasuna.
9. artikulua. Organoak.
Udal organo osagarriak organo hauek ditu:
a) Burutza.
b) Buruordetza.
c) Kontzejuen Batzarra.
d) Idazkaritza Nagusia.
10. artikulua. Burutza.
Udal organo osagarriko Burutza Alkatetza betetzen ari denak izanen du, berezko kide gisa; hala ere, bere eginkizunak zinegotzi baten esku utz ditzake.
11. artikulua. Burutzaren eginkizunak.
1. Udal organo osagarriaren jarduketa zuzendu, sustatu eta koordinatzea.
2. Udal organo osagarriaren ordezkaritza gorena izatea eta dagozkion ekintzak gauzatzea.
3. Kontzejuen Batzarraren bilkuretarako dei egitea eta horien buru izatea, eta eztabaidak moderatu eta zuzentzea.
4. Kontzejuen Batzarraren bilkuretako gai-zerrenda finkatzea, egindako proposamen eta eskaerak kontuan harturik, erregelamendu honen arabera.
5. Aktak ikus-onestea eta Kontzejuen Batzarraren erabakiak zuzen betetzen diren begiratzea.
6. Bozketetan izaten diren berdinketak bere kalitate botoarekin haustea.
7. Udal organo osagarriaren izenean, beharrezkotzat jotzen duen laguntza eskatzea instituzio, agintari, erakunde, entitate, elkarte eta partikularrei.
8. Adituen parte-hartzea baimentzea, udal organo osagarriak egiten dituen bilkuretan eta batzordeetan aritu daitezen, landu beharreko gaien inguruan.
9. Txostenak eta azterlanak egin eta irizpenak emateko proposamena egitea udal organo osagarriari.
10. Udal organo osagarriaren funtzionamendu organikoaren arauak betetzea eta betearaztea.
12. artikulua. Buruordetza.
Buruordea Udaleko Osoko Bilkurak izendatuko du bere kideen artetik, Alkatetzak proposaturik; organoko buruarekin lankidetzan arituko da bere eginkizunetan, eta hura kanpoan edo gaixo dagoenean edo kargua hutsik dagoenean ordeztuko du.
13. artikulua. Idazkaritza.
Idazkaritza Oltza Zendeako Udaleko idazkariari dagokio.
14. artikulua. Idazkariaren eginkizunak.
Idazkariaren esku dago udal organo osagarriaren fede publikoa, eta eginkizun hauek izanen ditu:
a) Hizpidea duela baina botorik ez, Kontzejuen Batzarraren bilkuretara joatea.
b) Bilkuren aktak egitea, eta bere sinadurarekin eta organoko buruaren oniritziarekin baimentzea; hartzen diren erabakiak bideratzea.
c) Udal organo osagarriaren dokumentazioa artxibatu eta zaintzea, eta bertako organoen eta kideen eskura jartzea, eskatzen diotenean.
d) Akten, erabakien, irizpenen, boto partikularren eta zaintzeko ematen zaizkion bestelako dokumentuen ziurtagiriak egitea, organoko buruaren oniritziarekin.
15. artikulua. Kontzejuen Batzarra.
Kontzejuen Batzarra bertako kide guztiek osatzen dute, Burutzaren zuzendaritzapean eta idazkari nagusiaren laguntzarekin; bilkura arruntak urtean hirutan eginen ditu, buruak dei egin ondoren. Bilkura berezietarako deia Burutzak eginen du, bere ekimenez edo kideen herenak gutxienez eskaera egiten duenean.
16. artikulua. Lan batzordeak.
Kontzejuen Batzarrak lan batzordeak sor ditzake, bere eskumeneko gaietan txosten teknikoen proiektuak prestatzeko. Iraunkorrak izan daitezke, edo behin-behinekoak berariazko gaietarako.
Batzorde horiek sortzeko erabakian zehaztuko dira helburuak, eta emandako mandatua, halakorik bada, betetzeko epea finkatuko da.
III. KAPITULUA
Kontzejuen Batzarraren funtzionamendurako araubidea
17. artikulua. Deia.
Burutzak Kontzejuen Batzarreko kideei dei eginen die bilkura arrunt eta berezietarako, gutxienez ere 6 egun baliodun lehenago.
Presazko bilkura berezietarako deia, berriz, lehenago jaso ahal izateko edozein bide erabiliz eginen da, Kontzejuen Batzarreko kide guztiei bertaratzeko aukera emanen dien zentzuzko aurrerapenarekin, eta landuko diren gaien presa kontuan harturik.
Kontzejuen Batzarreko deiak landuko diren gaien zerrenda ere azalduko du; Burutzak prestatuko du zerrenda hori.
Deiak posta elektronikoaren bidez jakinaraziko dira, Kontzejuen Batzarreko kideek emandako helbidean. Dena den, paperean jakinaraziko zaie idazki baten bidez horixe eskatu dutenei.
18. artikulua. Quoruma.
Kontzejuen Batzarraren eraketak balioa izateko, bertan egon behar dute, gutxienez, udal organo osagarriko kideen legezko kopuruaren erdiek eta, betiere, buruak eta idazkariak edo horiek legez ordezten dituztenek. Bertaratuen botoen gehiengoz hartuko dira erabakiak, eta Burutzaren kalitate botoak hautsiko ditu berdinketak.
Bilkuretan eta erabakiak hartzerakoan norberak egon behar du bertan, ezin baita urrutitik parte hartu.
19. artikulua. Aholkularitza, Kontzejuen Batzarrari.
Kontzejuen Batzarraren eta Lan Batzordeen bilkuretara agintariak, funtzionarioak eta teknikari edo adituak joan daitezke, informazioa emateko edo galderei erantzuteko gonbidatzen badituzte, beren eskumenen gaien inguruan.
Era berean, Kontzejuen aholkulari juridikoa den langilea ere joan daiteke, hitza duela baina botorik ez.
Kontzejuen Batzarrak, Burutzaren bitartez, landu beharreko gaiei buruzko informazio osagarria eska dezake, baldin eta informazio hori beharrezkoa bada irizpena emateko.
20. artikulua. Udal organo osagarriaren irizpena.
Kontzejuen Batzarraren iritziak “Udalen eta Kontzejuen arteko parte-hartzeko udal organo osagarriaren irizpena” izenez adieraziko dira eta ez dira lotesleak izanen.
Irizpenak dokumentatuko dira aurrekariak, egindako balorazioa eta ondorioak bereiziz, eta idazkariaren sinadura eta Burutzaren oniritzia izanen dute.
21. artikulua. Udal organo osagarriaren baliabide ekonomikoak.
Udalaren aurrekontuetan urtero diru kopuru batzuk jarriko dira, udal organo osagarriaren funtzionamendurako gastuei aurre egiteko.
Xedapen gehigarria.–Araudi osagarria.
Erregelamendu honetan aurreikusi ez den orotan, organo kolegiatuen araubide juridikoari eta prozedurari buruzko arauak eta Toki Administrazioari aplikatu beharreko gainerako arauak aplikatuko dira.
Azken xedapena.–Indarra hartzea.
Erregelamendu honek, behin betiko onetsi ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L1705608