112. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANGUREN

Animaliak edukitzea arautzen duen osasun arloko udal ordenantza. Behin betiko onespena

Arangurengo Udalak, 2016ko urriaren 25eko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Animaliak edukitzea arautzen duen osasun arloko udal ordenantza.

Iragarkia 2016ko 214. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 7an.

Jendaurreko epean aurkeztutako alegazioa ez da onetsi.

Hori dela eta, Aranguren Ibarreko Udalak, 2017ko apirilaren 25ean egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Aranguren Ibarreko udal mugapean Animaliak edukitzea arautzen duen osasun arloko udal ordenantza. Hona hemen haren testua:

ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN OSASUN ARLOKO UDAL ORDENANTZA. BEHIN BETIKO ONESPENA

I. KAPITULUA

Ordenantzaren esparrua eta xedea

1. artikulua. Osasungintza eta segurtasun aldetik behar diren baldintzak ezartzea da ordenantza honen xedea, herritarrek, animaliekin batera bizitzerakoan, bizi-kalitate egokia izan dezaten. Horrez gain, Aranguren Ibarreko udal mugartearen barnean animalien behar bezalako babespena bermatu eta animaliekin ikusteko duten industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak arautu nahi dira, Udalaren eskumen eta beharkizunen esparruaren barnean.

2. artikulua. Aplikazio eremua Aranguren Ibarreko udalerrira mugatuko da.

3. artikulua. Animalien edukitzaileak, haztegi, saltoki edo lagun egiteko animaliak aldi batean altxatzeko establezimenduen jabe eta arduradunak, animalien babes eta defentsarako elkarteak eta abeltzaintzako ustiategiak, denak beharturik daude ordenantza honetan xedatzen dena betetzera eta, horren ezean, Abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritakoa betetzera, baita udal agintaritzarekin lankidetzan aritzera ere, beraiekin harremana duten animalien datu eta aurretiko zehatzak eskuratzeko.

Era berean, betekizun berberak izanen dituzte hiri-lur nahiz landa-lurreko finketako atezain, etxezain, zaindari edo arduradunek, zerbitzu egiten duten toki horretako animaliei dagokienez, betiere nork bere lan kontratuaren arabera dituen mugetan.

4. artikulua. Arau hauetako edozein bete ezean, zehapena ezarriko da eta, hala behar bada, animaliak kenduko eta/edo jarduera hein batean nahiz erabat itxiko.

II. KAPITULUA

Definizioak

5. artikulua. 1. Lagun egiteko etxeko animalia: irabazi asmorik gabe, atsegin eman eta lagun egiten diolako jendeak bereziki etxean zaintzen duen animalia.

2. Lagun egiteko basa animalia: irabazi asmorik gabe, atsegin eman eta lagun egiten diolako jendeak, bereziki etxean, zaintzen duen animalia, baldin eta hura hemengo edo kanpoko faunakoa bada eta giza ingurura egokitzeko aldi bat iragan behar izan badu.

3. Ustiatzeko edo errentan emateko etxeko animalia: giza-ingurura egokitua izanik, jendeak irabazi asmoarekin zaintzen duena, betiere inguruko gizon-emakumeentzat arriskutsua izan gabe.

4. Animalia abandonatua: ez jabe ez helbide ezagunik ez duen animalia, jatorriaren edo jabearen identifikagarririk ez duena, eta bere jabetza froga dezakeen jende lagunik ez duena.

III. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

6. artikulua. Udal mugartean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskugarriak ez gertatzea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene-baldintzak betetzea.

7. artikulua. Animaliekin ikusteko duten jardueretarako Udalaren aginduzko baimen edo lizentzia beharko da, eta jarraipena izateko, ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte betiere, eta aipatua ez ezik, geroan nahitaezkotzat jo daitezkeen zuzenketak aplikatu ere egin beharko dituzte, muntadurek eta beren hartan egiten diren jarduerek kalterik ez dutela eragiten bermatzearren.

Alderdi horiek kontrolatu ahal izateko, Udalaren zerbitzu tekniko eskudunek ikuskatuko dituzte aipatu jarduerak.

8. artikulua. Animalia guztien jabeek uneoro bete beharko dute gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartzeari eta desagerrarazteari buruz indarra duen araudia. Epizootiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari buruz agintari eskudunek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.

Albaitariek eta albaitaritza klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko diete berehala, Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin osasunaren aldetik bete behar diren beharkizunak deusetan galarazi gabe.

IV. KAPITULUA

Lagun egiteko animalien gaineko arau orokorrak

9. artikulua. 1. Animalia abandonatua da jatorriaren edo jabearen identifikagarririk ez duena eta inorekin ez doana. Horrelako kasuetan, Udalak animalia bere gain hartu eta atxiki beharko du, harik eta dagokionak hartu, norbaiti utzi edo heriotza ematen zaion arte.

2. Zortzi eguneko epea egonen da identifikaziorik gabeko animaliak berreskuratzeko.

3. Animaliak identifikagarririk badu, jabeari gaztigatuko zaio eta horrek, une horretatik goiti, hamar eguneko epea izanen du berreskuratzeko, aldez aurretik ordaintzen baditu haren mantenuaren gastuak. Epe hori jabeak berreskuratu gabe iraganda, animalia eskutik utzitzat joko da eta horrek animaliaren jabeari erantzukizunak eskatzeko parada emanen du.

4. Animalia biltzeagatik eta mantenua emateagatik, tasak hauek dira:

–10 euro/egun arrunta.

–35 euro/jaieguna.

10. artikulua. Animalien jabe edo edukitzaile izaten segitu nahi ez dutenek debeku dute udalerriaren barreneko edozein lekutan haiek abandonatzea, bai toki irekietan, bai finka edo lokal itxietan, abandonatzen badituzte dagokien zehapen espedientea irekitzen ahal delako.

11. artikulua. Animaliek pertsonei nahiz ondasunei arazorik ez eragiteko:

1. Animalia deslai edo abandonaturik ikusiz gero, herritarrek Udalaren osasun zerbitzuei horren gaztigu egin beharko diete. Animaliak halako moduan egon ez daitezen, debeku da jaten ematea kasu guztietan eta edozein tokitan, dela etxebizitzen patioan, dela teilatuan eta abarretan. Orobat debeku da hiri ingurunean aske bizi diren hegaztiei –usoak, txolarreak etab.– jaten ematea, bereziki etxeetako terraza, balkoi eta leihoetatik egiten bada.

2. Debeku da, inolako salbuespenik gabe, bide eta gune libre publikoetan edota pribatu baina jendea ibili ohi denetan, basa espezietako animaliarik ibiltzea, etxekoturik egonagatik ere.

3. Aranguren Ibarreko Udalak, dagozkion udal zerbitzuen bidez, egokiak iruditzen zaizkion neurriak hartuko ditu herritarrek edozein salaketa jarritakoan, animaliek eremu publikoan nola pribatuetan beldurra, estresa, jazarpena eta abar eraginez gero.

12. artikulua. 1. Udalerriek lagun egiteko animaliak dekomisa ditzakete tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo muntadura desegokietan badira.

2. Halaber, osasun arloko eskumenak dituzten administrazio publikoek lagun egiteko animalien isolamendua edo dekomisoa agintzen ahal dute, gizonarentzat kutsagarri den eritasuna diagnostikatuz gero, bai sendabide egokia emateko, bai hiltzeko, horren beharrik bada.

3. Jendeari edo beste animalia batzuei lesioak eragin dizkieten animaliak, baita amorrua dutelako susmagarriak direnak ere, albaitariaren kontrolpean egonen dira hamalau egunean. Behaketan egon beharreko denbora hori Udalak esaten duen zentroan eginen da.

4. Jabeak eskatzen badu eta osasun zerbitzuek adostasun txostena emanez gero, zakur erasotzaile baten behaketa jabearen etxean egin daiteke, betiere animaliak agiri egokiak baditu, eta kasuan kasuko urteko txertoa eta identifikazioa jasota badago.

5. Udalak animaliak hartzeko zentrorik ez badu, behaketa jabearen etxean eginen du behar den administrazio publikoak izendaturiko albaitari batek.

6. Jabeek ordainduko dituzte aipatu animaliak atxiki eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.

13. artikulua. 1. Debeku da animalia hilik leku agerietan, ibaibideetan eta gainerako gune publiko edo pribatuetan uztea, baita haiek ehorztea ere.

2. Animalia hilak gainetik kendu nahi dituenak udal mugartearen barnean ezarritako zerbitzuen bitartez eginen du.

3. Animalia hilen deuseztapenak ez ditu jabeak salbuesten animaliaren heriotzaren eta horren arrazoien berri emateko betebeharretik, ordenantza honek edo bertze ordenantza eta erregelamenduek horrela ezartzen badute.

14. artikulua. 1. Pertsonen garraio kolektiboan diharduten zerbitzu publikoko ibilgailuetan, bidaiariek debeku dute berekin inolako animaliarik eramatea, non eta ibilgailuan ez dagoen horrelakorik garraiatzeko leku berezirik. Debeku honen barrenean ez dira sartzen ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida zakurrak.

Animaliak ibilgailu pribatuetan garraiatzeko, kontuan hartu beharko da beren mugimenduekin ez dezaten txoferra distraitu, ez eta gidatu edo ikusteko ahalmena kendu ere, eta bete beharko dira arlo horri doakionean Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorrak ezartzen dituen baldintzak.

2. Animaliek, beren etologia eta espeziearen arabera, behar adina leku izan beharko dute batetik bertzera garraiatzeko. Animaliak garraiatzeko ibilgailuek eta enbalajeek haiek eguralditik eta hozbero aldaketa handietatik babesteko modukoak izan beharko dute, eta enbalaje horietan paratu beharko da barrenean animalia bizidunak eramaten direla. Animalia zutik egoteko eta jarreraz aldatzeko adinako neurriak izan beharko dituzte. Animaliak erasokorrak badira, garraiorako behar diren segurtasun neurriak hartuko dira.

3. Garraioan eta egonaldietan, egoki edatera eta jatera emanen zaie animaliei, behar bezain maiz.

4. Animaliekiko zamalanak behar bezala eginen dira.

15 artikulua. Espresuki debekaturik dago animaliarik sartu eta egotea elikagaiak fabrikatu, erabili eta biltegiratzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.

Mota guztietako establezimendu publiko edo hostalaritzakoen jabeek, hala nola hotel, apopilo-etxe, jatetxe, ostatu, kafetegi eta gisakoak dituztenek, beren nahierara, uzten ahalko dute zakurrak beren establezimenduetan sartu eta egon daitezen, baina kasu horretan egoitzaren sarreran seinalea paratu beharko dute denek ikusteko maneran. Baimenduta ere, sartu eta egon ahal izateko, erregelamenduaren ariora identifikaturik eta behar bezalako osasun baldintzetan egon daitezen eskatuko da, baita beren muturrekoa emanik eta uhalez edo kateaz loturik egon daitezen ere. Ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida zakurrek betiere izanen dute sarrera baimendua.

16. artikulua. Ez dago baimendurik animaliak sartzea ikuskizun publikoetako lokaletara, kultur eta kirol arlokoetara, ez eta erabilera publikoko igerilekuetara ere.

Orobat, debeku da animalia erietxeetara edo anbulatorioetara eta ikastetxeetara sartzea.

Artikulu honetan ezarritako debekuetatik salbuetsirik daude ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida zakurrak.

17. artikulua. Jendeari ostatu ematen dioten etxeetan eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduetan, jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, tokiaren maila edo kategoria kontuan hartu gabe, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute.

Nolanahi ere, debeku horrek ez du indarrik ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrentzat.

18. artikulua. Etxeetako igogailuetan animaliekin batera sartu nahi denean, beste erabiltzaileak bertan ez daudela erabiliko dira, beroriek horrela eskatuz gero. Dena dela, nor iristen den lehenago, hark izanen du erabiltzeko lehentasuna.

Animalien jabeak edo edukitzaileak beharturik daude haiek eraikinen eremu eta elementu komunetan gorotzak edo zikinkeriak galaraztera eta egindakoak garbitzera.

19. artikulua. Lagun egiteko animaliaren batek norbaiti ausiki eginez gero, horrek gertatuaren berri emanen die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren partea aurkeztuko. Udalaren teknikari eskudunek erabakiko dute animalia ausikigilearekin egin beharreko osasun kontrola.

Osasun zentroek eta sendagileek Udalaren zerbitzuak jakitun egin behar dituzte, baldin eta laguntza medikoa edo kirurgikoa ematen badiote norbaiti animaliaren batek hozka egin diolako.

V. KAPITULUA

Zakurren gaineko arau berariazkoak

20. artikulua. Aranguren Ibarreko mugartean, zakurren zentsua prestatu eta kudeatzea Udalaren eginkizuna da. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude haiek identifikatzera lau hilabete egitean, une horretan legeriak ezarria dukeen prozeduraren bidez. Udal zerbitzuek edo albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute identifikazio lan hori. Azken bi kasu horietan, egindako identifikazioen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean, zentsua eguneratu ahal izateko.

Identifikazioa egindakoan, zakurraren eramaileari emanen zaio animaliaren identifikaziorako osasun agiria.

21. artikulua. Xede berarekin –zakurren zentsua eguneratzea– zakurren jabeak edo edukitzaileak beharturik daude Udalaren osasun zerbitzuari, hamar eguneko epean, honako hauen berri ematera:

a) Bajak, heriotza edo desagertzea dela medio.

b) Beste udalerriren batean identifikatutako zakurrak eskuratu direla.

c) Zakurren jabetzari dagokionez gertatutako aldaketak.

d) Jabeen helbide aldaketak.

22. artikulua. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen birtxertaketa egutegiarekin segitzera.

Txertaketa horiek animaliaren identifikaziorako osasun agirian agertu beharko dute, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da.

Udal zerbitzuek nahiz albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute txertatze lan hori. Azken kasu horietan, egindako txertaketen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean.

23. artikulua. Zakur batek ausikirik inori egiten badio, horrek gertatutakoa jakinaraziko die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren gaztigu-orria aurkeztuko.

Hozka egiten duen zakurraren jabea edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasotua gertatu denari edo haren legezko ordezkariei, bai eta eskaera egiten dioten agintari eskudunei ere. Horretaz gain, beharturik dago animalia bere ohiko aterpean edukitzera, espresuki debekaturik baitago bertze inora eramatea edo hiltzea.

Animalia osasun aldetik aztertu eta begiratuko dute, legeriak ezarrita daukan denboran, eta, bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.

Orobat, zakur baten jabe edo edukitzaileak uste badu bere zakurrak badituela amorru zantzuak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraziko die, osasun aldetik egin beharrekoak egin daitezen.

24. artikulua. Zakurrak loturik ibiliko dira eremu publikoan nahiz etxeetako sarbide eta leku komunetan (atari, eskailera, igogailu, solairuarte eta abarretan), salbu aske ibiltzeko udalak baimendutako eremuetan.

Zakurrak aske ibiltzeko espazioetan, hauek beti haien jabeen kontrolpean egon beharko dute. Bere zaintzaren ardura duen pertsonaren kontroletik kanpo dagoela irizten da, 50 metro baino urrunago dagoenean edo begi-bistan ez dagoenean. Espazio hauen barruan, ezarritako arauak bete beharko dira.

Landa eremuetan zakurrak aske joaten ahalko dira, betiere kontrolpean badaude. Zakurrak zaintzen dituen pertsonaren kontroletik kanpo daudela irizten da, hauek pertsona zaintzailearengandik 50 metro baino gehiago urruntzen direnean landaredirik gabeko eremu irekietan, edo 15 metro baino gehiago landarediak animalia bere zaintzailearen bistatik ezkuta lezakeen eremuetan.

Nolanahi ere, lehenago noizbait erasorik egin duten zakurrek edota aldez aurretik arriskugarritzat jo daitezkeenek nahitaez eraman beharko dute muturrekoa.

Kate edo uhalarekin lotuak joateko obligaziorik ez dute izanen artzakurrek, betiere beren ohiko lanean ari badira.

Ehiza-zakurrak ere izan daitezke katea edo uhalarekin loturik joateko obligaziotik salbuetsiak, baldin eta ehiza barrutian badaude eta horretarako aritzeko egunetan.

Agintaritzako agenteek zehapena paratuko dute zakurrak aipatu baldintzak bete gabe ibiliz gero, eta Udalaren osasun zerbitzuek agindua emanen dute, pertsona arduradunik gabe dabiltzan zakurrak harrapatu eta eraman ditzaten.

25. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoa betez harrapatzen diren zakur guztiak identifikaturik ote dauden egiaztatuko da.

Identifikazioa jakindakoan, animaliaren jabeari jakinaraziko zaio.

Identifikaziorik ez duten zakurrak eta ezarritako epean jabeak biltzen ez dituenak edo, formalki adierazita, berreskuratu nahi ez dituenak, Zakurtegiaren esku geldituko dira.

26. artikulua. Zakurtegiaren esku gelditzen diren zakurrek bete beharko dituzte funtzionamendu egokirako legez ezarrita dauden arau eta xedapenak.

27. artikulua. Zakurrekin dabiltzan pertsonek galarazi behar dute zakurrek kaka egin dezaten espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko bertze edozein elementuren gainean.

Zakurraren eramailea beharturik egonen da aitzineko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

Berariaz debeku da animaliek erabilera publikoko iturrietako ur txorrotatik zuzenean edatea.

Aurrekoa betetzen ez bada, udaltzainek arau-hausleak salatuko dituzte eta behar den zehapen espedientea irekiko zaie.

28. artikulua. Debeku da etxebizitzetako komunitateko patioetan eta etxeetako terraza edo jabetza komuneko bertzelako lekuetan zakurrak egotea.

Halaberean, debeku da balkoiak, terrazak, etab. erabiltzea, etxebizitza pribatukoak direnean ere, baldin eta gorotz eta hondakinen bidez bertatik kutsatu edo zikintzen badira azpiko etxebizitzak edo bide publikoa.

29. artikulua. Ikusmen urriko pertsonen “gida-zakurtzat” hartuko dira, Itsuen Erakunde Nazionalak aitorturiko zentro nazional edo atzerrikoetan, ikusmen urriko pertsonei lagun egin, eta haiek gidatu eta laguntzeko irakatsiak izan direla egiaztatzen direnak.

Gida-zakurrek, ikusmen urriko pertsonei lagun egiten joaten direnean, agerian eraman beharko dute zer diren adierazteko ofizialki ezarrita dagoen seinale berezia.

Gida-zakurra bere lana egiteko ezgauzatzat hartuko da eri dagoela ikusten bada, oldarkor ageri bada, behar bezain garbi ez badago eta, oro har, pertsonentzat arriskutsu izan daitekeela uste bada.

Ikusmen urriko pertsona bera arduratuko da animalia behar bezala porta dadin, eta berarekin eramanen du gida zakurraren osasun egoera ona dela egiaztatzen duen agiria.

Ordenantza honek ematen dion eskubideaz baliatuz, gida-zakurra norabait sartzeagatik, ikusmen urriko pertsonak ez du gastu gehigarririk ordaindu beharko, non eta gastu hori ez den dirutan neur daitekeen zerbitzu bereziren bat emateari dagokiona.

30. artikulua. Edozein motatako finka edo lokaletan, zaindari lanetan zakurrik baldin bada, ikusteko moduko lekuan ongi seinalaturik adierazi beharko da. Betiere, beren jabeak erantzule direla, jendeari edo gauzei kalterik eginen ez dieten lekuetan egonen dira.

Zakur horiek estalperik ez badute, etxola edo aterpe egokia beharko dute, eguraldi txarra denean babeslekua izan dezaten.

Mutilnovako eta Ibaialdeko bizitegi eremuan (Mutiloa) ez da baimenik izanen kanpoan zakurrendako etxolak paratzeko. Animalia horiek etxebizitzaren barnean edo garajean gelditu beharko dute.

Ez dira beti lotuak egonen, eta, hala daudenean, lokarriak ez die galaraziko mugitu ahal izatea.

Eremu publikoan, eremu mugatu eta horretarako seinalatuetan baizik ez da baimentzen zakurren joan-etorria; animaliek identifikaturik eta txertaturik joan beharko dute. Nahitaez, ardura duen pertsonak eraman beharko ditu, gehienez ere 2 metroko kate edo uhal sendoan lotuak, salbu aske ibil daitezen udalak baimendutako eremuetan. Lehenago eraso egin duten zakurrek edo arriskugarritasuna aurreikusteko modukoek muturrekoa eraman beharko dute nahitaez, eta pertsona arduradunak adinez nagusi beharko du izan.

Agintaritzako agenteek salaketa eginen dute zakurrek, ibiltzean, ez badituzte baldintza hauek eta ordenantza honen gainerakoak betetzen; zakurrak bildu eta altxatzen ahalko dituzte, betiere fakultatiboaren ikuskapenarekin.

VI. KAPITULUA

Lagun egiteko animaliekin ikustekoa duten jarduerak

31. artikulua. Honako hauek dira ordenantza honi atxiki beharreko industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak:

1. Animalien haztegiak.

2. Animalien zaindegiak.

3. Animaliak salerosteko dendak.

4. Animaliendako apaindegi zerbitzuak oro har.

5. Animaliendako kontsultategiak, klinika eta ospitaleak.

6. Aipatu horietako batzuk batera hartzen dituzten jarduerak edo beren funtzionamenduan animaliak erabiltzen dituztenak.

Instalazio eta funtzionamendurako lizentzia tramitatu beharko da jarduera sailkatuei buruzko arauen eta aplikagarri diren gainerako xedapenen arabera.

32. artikulua. Udalak jarduera lizentzia emateko, eta horretarako Jarduera sailkatuei buruzko erregelamenduak eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoa deusetan ukatu gabe, nahitaezko baldintza izanen da eskabideari memoria bat eranstea eta hartan honako hauek zehaztea:

1. Jardueraren izena.

2. Kokalekua.

3. Zuzendari teknikoaren izena, helbidea eta telefonoa.

4. Eskaini gogo dituen zerbitzuak.

5. Instalazio eta egoitzen zerrenda eta deskribapena. Haien planoak.

6. Aireztapen sistema. Ezaugarriak eta banaketaren planoa.

7. Nola garbitu eta desinfektatzen diren animaliekin erabiltzen diren lokalak, materialak eta tresnak eta, halakorik balitz, animaliak garraiatzeko ibilgailuak.

8. Animaliak hazteko tokiak, haiek altxatzeko tokiak edota salerosteko jarduerak direnean, kontratu-agiri bat, jardueraren eskatzaileak eta udalerrian diharduen albaitari batek sinatua. Hartan ezarri beharko da albaitaria arduratuko dela higieneaz eta abere-osasunaz, zoonosiari dagokionean eta jarduera jakin horretan animaliaren babesari buruz indarra duen legerian agindutakoa bete dadin.

Aipatu kontratua deuseztatzen bada, jardueraren titularra beharturik egonen da bertze albaitari bat kontratatzera, 15 eguneko epearen barrenean, eta hala egin duela jakinarazi beharko die Udalaren osasun zerbitzuei.

33. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren jarduera guztiek honako baldintza orokor hauek bete behar dituzte:

1. Bertze etxeetatik aparteko eraikinetan egon beharko dute eta zehaztu xedea baizik ez dute izanen, salbu eta salerosteko jarduerak, animaliak apaintzeko zerbitzuak eta animalien kontsultategi edo klinikak, horiek beheko oineko lokaletan paratzen ahal baitira.

2. Merkataritzako edozein lokalek izaten ohi duen gutxieneko gela-banaketa izanen dute, kasu bakoitzerako zehazten diren berariazkoez gainera.

3. Gela guztietako zola eta paretek, administraritza lanetarakoak izan ezik, material iragazgaitzekoak izan behar dute, soluzio desinfektanteak erabiliz garbitu eta tratatu ahal izateko.

4. Aitzineko lerroaldean aipatzen diren geletako zola guztiek, behar den drainatzea eta/edo hondakin urak husteko sistema izanen dute.

5. Instalazioak, tresnak eta ibilgailuak garbitu, desinfektatu eta desintsektatzeko lanak sistematikoki, aldizkakotasunez eta jarduerak berak eskatzen duen maiztasunarekin egin beharko dituzte establezimenduko langileek.

Horrez gain, urtean behin bederen, ofizialki baimenduriko enpresak desinfektatu eta desintsektatuko du lokala.

6. Jarduera abian dagoela sortzen diren hondakin solidoak egunero atera beharko dira bertatik, itxitako poltsa iragazgaitzetan.

7. Jardueran egon daitezkeen animalien kopurua lokalaren neurrien araberakoa izanen da, eta irekitzeari buruz txostena egin edo aldizkako ikuskapenez arduratzen diren Udalaren osasun zerbitzuek ezarriko dute, beren irizpideen arabera.

8. Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak dituzten jarduerek animalia horientzat behar diren neurriak hartuko dituzte, behin ere libre utzi gabe, ezbeharrik suerta ez dadin.

9. Establezimenduaren kanpoko aldean animaliarik ez egoteko, behar den tamainako itxaron gela izanen da nahitaez, horrelakorik behar duten jardueretan.

10. Bi jarduera edo gehiago batera egiten dituzten establezimenduek, haietako bakoitzaren muntadurak berezirik izanen dituzte, eta denetan bete beharko dira ordenantza honetan haientzat ezarri diren baldintza berariazkoak.

11. Jarduera hauetan eritasun zoonosikorik agertuz gero, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko zaie.

34. artikulua. 1. Lagun egiteko animaliak hazteko tokitzat hartuko dira espezie bereko lau eme baino gehiago dauzkatenak, baldin eta haien xede nagusia ugalketa eta, horren ondotik, salmenta bada.

2. Lagun egiteko animaliak salerosteko establezimendutzat hartuko dira beren jarduera nagusia animaliak saldu edo erostea dutenak.

3. Lagun egiteko animaliak hazteko edo salerosteko establezimenduek, aplikatzen ahal zaizkien gainerako xedapenak ukatu gabe, ondoko arauak bete behar dituzte:

a) Administrazio publikoen eskura egonen den erregistroa eraman beharko dute, eta hartan jaso erregelamenduak eskatzen dituen datuak eta aldian-aldian egindako kontrolak.

b) Higiene eta osasun baldintza onak izan behar dituzte, bertako animalien betebehar fisiologiko eta etologikoetara egokituak.

c) Janari osasungarria izanen dute, behar adina, baita ura, lo egiteko tokia eta langile trebatuak ere haiek zaintzeko.

d) Eritasunik izanez gero, behar bezalako muntadurak izanen dituzte kutsadura galarazteko edo, horren beharrik bada, berrogeialdia egiteko.

e) Albaitaritza zerbitzua izanen dute, animalien osasuna zaintzeko arduradun.

f) Animaliak bizkarroiz gabeturik eta eritasun bakarrik ere gabe saldu behar dituzte, eta albaitariaren ziurtagiria erantsi, gauzak hala direla adierazten duena.

4. Inkubazio aldian egoteagatik saltzeko unean hautematen ez den eritasunik izanez gero, establezimenduaren mende albaitaritza zerbitzu bat izateak eta horrek animalien salmentarako osasun ziurtagiriak emateak ez dute saltzailearen erantzukizuna garbituko, hark hirugarrenei erreklamazioa egin ahal izatea ukatu gabe.

35. artikulua. Lagun egiteko animalien zaindegitzat hartuko dira, ordenantza honen ondorioetarako, animaliak hartu, ostatu eman, mantenuaz arduratu eta zaintzeko zerbitzuak halako denbora batez ematen dituzten establezimenduak.

Establezimendu horiek erregistro liburua izanen dute, honako hauek zehazteko: animalien espezie eta arraza, sarrera eta irteera datak, jabe edo edukitzailearen izen eta helbidea, eta interesgarritzat jotzen diren gainerako gorabeherak.

Zenbait muntadura izanen dituzte, honako hauetarako: eri dauden animaliak isolatzeko gelak, ariketak egiteko lekua, aterpe aldea eta sukaldea.

Establezimenduan animaliarik onartzeko, animaliaren osasun agiriak aurkeztu beharko dira, eguneraturik, zakurra baldin bada, eta gainerako animalien kasuan jardueraz arduratzen den albaitariaren irizpideari eginen zaio kasu.

36. artikulua. Animaliak apaintzeko establezimendutzat hartuko dira, haiek garbitu eta ikuzten eta haiei ilea apaintzen eta estetika zerbitzua ematen dihardutenak.

Lan egiteko behar den tresneria eta ur beroa izanen dituzte.

37. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, albaitaritzako kontsultategi, klinika edo ospitaletzat hartuko dira fakultatibo espezialistek animalien diagnostikoa egiteko eta haiek tratatzeko establezimenduak, haien zuzendaritza teknikoa albaitari profesionalen esku baldin bada.

Jarduera hauetarako lokalek, nahitaez izan beharko dituzte honako gela hauek gutxienez:

–Kontsultategiak: harrera gela, kontsulta gela eta zenbait sendaketa lanetarakoa.

–Klinikak: itxaron gela, kontsulta gela, ebakuntzetarako gela espezifikoa, indarra duen legeriaren araberako instalazio erradiologikoa, laborategia eta suspertze lanetarakoa.

–Ospitaleak: klinikarako aipatu direnak eta etengabeko zainketarako ospitaleratze gela. Jarduera honetan, arreta zerbitzuak gau eta egunekoa izan beharko du.

VII. KAPITULUA

Animaliekin ikusteko duten beste jarduera batzuk

Kapitulu honetan sartzen dira lehiaketak, erakusketak, agerraldiak eta antzekoak egitea xedetzat daukaten jarduerak, denbora baterakoak edo iraunkorrak izan, bai leku itxietan bai leku irekietan egiten direnak.

38. artikulua. Modu iraunkorrean paratu gogo diren jarduerek, bai leku itxietan bai leku irekietan, jarduera lizentzia izan beharko dute. Hura tramitatuko da jarduera sailkatuei buruz indarra duen araudiaren eta gainerako xedapenen ariora eta beharrezkoa izanen da ordenantza honetako 32. eta 33. artikuluek dakartzaten baldintzak betetzea. Salbuetsita daude bilduma zoologikoak.

39. artikulua. Denbora baterako bakarrik egiten diren jarduerek, hala leku itxietan nola leku irekietan, beren baimena izan beharko dute, Udalak horretarako emana.

Baimen hori eskuratzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Jardueraren deskribapena:

2. Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.

3. Kokalekua.

4. Jarduera zenbat denborarako eskatzen den.

5. Jarduerako animalien kopuru eta espezieak.

6. Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.

7. Instalazioen onarpenari eta erregistroari buruzko egiaztagiria, behar den ministerioak luzatua.

40. artikulua. Denbora baterako egiten diren jardueretan, funtzionatzen hasteko, ondotik aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira Udalean, Udalaren osasun zerbitzuek azter ditzaten:

–Teknikari eskudunak luzatu ziurtagiria, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia, instalazioak egoki muntatu direla dioena.

–Kasuan kasuko dokumentazioa (jatorri gida, osasun kartila, animaliaren identifikaziorako txartela etab.), jardueran dauden animaliei buruzkoa.

Enpresa edo erakunde antolatzaileak urez hornitzeko hargunea eta ura saneamendura husteko bidea izanen ditu, behar bezala jarduteko horren beharra daukaten jardueraren osagai guztietan, eta zuzen beteko ditu asotsei buruzko aginduzko mugak.

Jarduteko baimendutako denboran okupatzen diren muntadura eta/edo guneak garbitzeko zerbitzuak ere ez dira faltako, eta bere jarduna akitutakoan zehatz-mehatz garbitu eta desinfektatu beharko ditu.

41. artikulua. 1. Debeku da animaliak erabiltzea ikuskizun, borroka, eta bertzelakoetan, horrek sufrimendua edo tratu txarra ekartzen ahal badie.

2. Zezen ikuskizunak espresuki salbuesten dira debeku horretatik.

3. Zakur borrokak, oilar borrokak eta animaliak elkar erasotzea helburu duten bertze guztiak debeku dira.

4. Usakumeei tiro egiteko lehiaketek administrazio baimena beharko dute aurrez, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Departamentuak emana.

VIII. KAPITULUA

Ustiatzeko etxeko animaliak

42. artikulua. 148/2003 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz baizik ez da emanen ukuiluak, eskortak eta, orokorrean, abeltzaintzako edozein ustiategi mota, zaindegiak, aterpeak, etab. paratzeko baimena.

Aipatu muntaduretarako lizentziak, jarduera sailkatuentzat indarra duen legerian eta horretan aplikagarri diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz izapidetuko dira.

43. artikulua. Animaliak lekuz aldatu behar direnean, bai udalerriaren barrenean bai bertze udalerrietara, Epizootien Erregelamenduan eta alor honetan aplikatzen ahal diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraitu beharko zaio.

44. artikulua. Lege xedapen baten indarrez edo osasun arrazoi larriengatik, halako lokal edo toki batzuetan animaliarik egoteko baimena ez bada ematen ahal, udal agintaritzak, behar den espedientea aldez aurretik eginda, zilegi izanen du jabeei errekerimendu egitea bertatik eraman ditzaten beren borondatez, eta, bestela, horixe bera erabakitzea, izan litezkeen erantzukizun zibil eta penalak deusetan ukatu gabe.

IX. KAPITULUA

Animalien babesa

45. artikulua. 1. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki beharko du higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.

2. Debeku da:

a) Tratu txarrik ematea edo justifikatu gabeko kalte edo oinazerik eragin diezaiekeen edozein gauza egitea.

b) Kontsumorako edo pertsonendako produkturen bat erdiesteko animaliak hiltzen direlarik, ankerkeria erabiltzea edo justifikaziorik gabe oinazea ekartzen dieten metodo orokorrak erabiltzea, Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeak agindutakoen kontra.

c) Animaliak abandonatzea.

d) Higiene edo osasun baldintza eskasak dituzten muntaduretan edukitzea, edo desegokiak direnetan bakoitzak bere arraza eta espeziearen arabera dituen premia etologikoek behar dituzten zainketa eta arta izateko.

e) Mutilazioak egitea, salbu beharragatik edo funtzionaltasunagatik albaitarien kontrolpean egiten direnak.

f) Normal hazteko behar duten mantenua ez ematea.

g) Animaliak erabiltzea sari, publizitateko deigarri edo esker-saritako, edo ordaineko opari gisa diru bidez eskuratzearekin ikustekorik ez duten bertzelako erosketen truke.

h) Animaliak saltzea edo ematea laborategi edo klinikei, indarra duten arauek agindutako bermeak bete gabe.

i) Hamalau urtez beheitikoei eta ezinduei saltzea, guraso-agintea edo zaintza dutenen baimenik gabe.

j) Lagun egiteko animaliak edo bertzelakoak kalez kale saltzea, behar bezala baimendutako merkatu eta ferietatik kanpora.

k) Alferrikako sufrimendu edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

l) Zakurrak beti loturik edukitzea.

m) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1984 Foru Legeak arau-hauste administratibotzat dauzkan egintza eta ez egiteetan erortzea.

n) Animaliak herri bestetan erabiltzea, salbu eta zezen ikuskizunei buruz indarra duten arauek edo Nafarroan animaliekin egiten diren herri ikuskizunek tradizioz izan dituzten baldintzez bestela erabiltzea.

3. Animaliak giza kontsumorako hiltzen direnean, istant batez eta oinazerik gabe eginen da, erregelamendu bidez finkatzen den gisan.

X. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

46. artikulua. 1. Ordenantza honetan xedatzen dena bete ezean agintaritzako agenteek salaketa eginen dute; arau-haustetzat hartuko dira bertan halako tipifikazioa dutenak.

Zehapen prozedurari udal zerbitzu eskudunek hasiera emanen diote, edo arau-haustearen ondorioz ukitutako alderdiak bultzaturik has daiteke, edo Aranguren Ibarreko edozein herritar edo entitatek bultzaturik. Hori horrela, eta Administrazio Prozedurari buruzko Legean xedatuari dagokionez, ustezko arau-hausteak salatzen dituzten partikularrak interesduntzat hartuko dira prozeduran.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteen erantzule izanen dira bere aplikazio esparruko jardueren eta instalazioen titularrak, bai eta udal mugartean diren animalien jabeak ere.

Ordenantza honi dagokionez, arau hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2. Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Lagun egiteko animalia bat erroldatu gabe edukitzea 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluan agindutakoaren kontra.

b) 7/1994 Foru Legeak agintzen dituen artxibo edo erregistroak ez eramatea, edo osatu gabe eta eguneratu gabe eramatea.

c) Lagun egiteko animaliak 14 urtez beherakoei edo ezinduei eskualdatzea, guraso-agintea, babesa edo zaintza dutenen baimenik gabe.

d) Lagun egiteko animalia bat oparitzea ordenantza honek edo, bertzenaz, 7/1994 Foru Legeak xedatzen duenaren kontra.

e) Animaliak garraiatzea ordenantza honetako 14. artikuluko arauak bete gabe.

f) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

g) Albaitariaren kontrolik gabe txertatzea.

h) Zakurrak kate edo uhalik gabe eramatea eremu publikoetan, salbu aske ibil daitezen udalak baimendutako eremuetan.

i) Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

j) Hiriko karriketan basa espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.

k) Bidaiarien garraio publikorako zerbitzuetan animaliekin bidaiatzea, horretarako eremu berezirik ez badute.

l) Ikastetxe, igerileku eta eraikin publikoetan animaliekin sartzea.

m) Noizbait erasoak eginak dituzten zakurrak muturrekorik gabe eramatea.

n) Behar bezainbat baliabiderik ez jartzea animalia etxetik edo etxebizitzatik arduradunik gabe atera dadin eragozteko.

ñ) Zakurrak edukitzea etxebizitzen komunitateen patioetan, eta balkoiak, terrazak etab. erabiltzea, etxebizitzetan beretan, beren iraizkinekin beheko etxebizitzak edo eremu publikoa kutsatzen edo zikintzen dituztenean.

o) Ordenantza honetako edozein xedapen ez betetzea, larriak edo oso larriak direnak izan ezik.

p) Beste pertsonei edo animaliei eta/edo haien ondasunei kaltea eragitea zakurrak.

3. Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene eta osasun baldintza txarretan.

c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzea inongo albaitariren kontrolik gabe edo 7/1994 Foru Legean finkatutako baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Lagun egiteko animaliak denbora batez edukitzeko instalazioen gainean 7/1994 Foru Legeko II. tituluko III. kapituluan finkatu diren baldintza eta eginbeharrak ez betetzea.

f) Animaliak indarra duen araudiaren kontra saltzea.

g) Usakumeei tiro egiteko saioak antolatzea, edo jarduera horretan aritzea, aitzinetik administrazioaren baimenik izan gabe edo haren zehaztapenen kontra.

h) Zinema nahiz telebistarako animaliekin eszenak filmatzea, baldin ankerkeria, tratu txarrak edo sufrimendua ekartzen badiete, administrazioaren aldez aurreko baimenik izan gabe.

i) Animaliak laborategi edo kliniketara eramatea, indarra duen araudiko baldintzak bete gabe.

j) Egoitza pribatuetan 7/1994 Foru Legeak eskatzen dituen albaitari zerbitzuak ez izatea.

k) Animalia bizkarroidunak edo erituak saltzea, edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe.

l) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

m) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliarekin sartzea.

n) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

o) Arriskugarri gerta daitekeen animalia aske uztea edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

p) Animaliari identifikagarria paratzeko betebeharra ez betetzea.

q) Erregistroan ez inskribatzea.

r) Arriskugarri gerta daitekeen zakurra, toki publikoetan, muturrekorik gabe edo katez lotu gabe egotea.

s) Behin eta berriz enbarazu edo gogait egitea.

t) Beste pertsonei edo animaliei eta/edo haien ondasunei kaltea eragitea arriskutsuak izan daitezkeen zakur gisa sailkatutakoek.

u) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak garraiatzea, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko 50/1999 Legearen 10. artikuluan xedatuari kontra eginez.

v) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko 50/1999 Legeak ezarritako egitekoak bete beharrez agintari eskudunek edo haien agenteek eskatzen dituzten datu eta argibideak emateari uko egitea edo eman nahi ez izatea, baita argibide okerrak edo dokumentazio faltsua ematea ere.

w) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliek pertsonei, animaliei edo objektuei kalterik eragin ez diezaieten neurri egokirik ez hartzea.

x) Arriskutsuak izan daitezkeen zakurren lizentziarik ez eramatea, animalia toki publiko batean dagoenean.

4. Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) 7/1994 Foru Legearen 4. artikuluan xedatzen denaren kontrako jarduerak antolatu eta egitea, baita haien publizitatea ere.

b) Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak.

c) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

d) Alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

e) Zakurrak beti loturik edukitzea.

f) Estatu espainiarrean indarra duten nazioarteko hitzarmen eta itunek babestuak edo itzaltzeko arriskutan deklaratu dituzten kanpoko animalia espezieen banakoak, umeak, arrautzak, edo haiengandiko produktuak merkaturatu, saldu, eduki, merkataritza helburuz erakutsi edo bertakotzea.

g) Arau-hauste larrietan berrerortzea.

h) Arriskutsua izan daitekeen animalia abandonatzea, betiere inork lagundurik ez badoa.

i) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edo zakurrak lizentziarik gabe edukitzea.

j) Arriskutsua izan daitekeen animalia edo zakurra saltzea edo edozein tituluren bidez eskualdatzea lizentziarik ez duenari.

k) Animaliak heztea haien erasokortasuna pizteko edo xede debekatuetarako.

l) Gaitasun agiria ez duenak arriskutsuak izan daitezkeen animaliak heztea.

m) Arriskugarri izan daitezkeen animalien lehiaketak, ariketak, erakustaldiak edo ikuskizunak antolatzea edo egitea, eta haietan parte hartzea, animalien oldarkortasuna erakustea helburu badute.

47. artikulua. 1. Arau-hauste arinek 60tik 150 eurora bitarteko zehapena izanen dute; larriek, 151tik 600 eurora bitartekoa, eta oso larriek, berriz, 601etik 3.000 eurora bitartekoa.

2. Zehapenak ezartzerakoan honako irizpideak hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan duen eta zer kalte egin duen.

b) Irabazi asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Ankerkeriarik izan den animaliarekin.

d) Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den.

3. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko 50/1999 Legeak eta ordenantza honetako 57. artikuluak aurreikusitako arau-hausteak eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliei erreferentzia egiten dietenak ezin izanen dira kopuruan murriztu berehala ordaintzeagatik.

48. artikulua. 1. 7/1994 Foru Legean aipatzen diren arau-hausteengatik zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari segitu beharko zaio.

2. Zehapen espedienteak ireki eta ebazteko eskumena, fauna aloktonoaren babeserako araubidea hausteagatik eta baimen administratiboa ez egin edo urratzeagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio.

3. Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteen gaineko zehapen espedienteak irekitzeko ahalmena Udalbatzako idazkariari dagokio, edo alkateak ebazpen bidez izendatzen duen zinegotzi, udaltzain edo aholkulariari.

Erabakitzeko eskumena alkatearena izanen da eta ebazpen bidez eskuordetzan eman dezake.

49. artikulua. 1. Animaliaren jabeak, behar bezala hala agintzen zaionean, identifikatu behar du animalia nork zeukan eta beraz nor den arau-hauste administratiboen erantzulea, eta prozedurako tramitean arrazoi justifikaturik gabe hala egiten ez badu, diru isuna ezarriko zaio hutsegite arin batengatik, gero ordaindu behar dituzkeen kalte-ordainak deusetan ukatu gabe.

2. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.

3. Animalia bati tratu txarrak emateagatik arau-haustea egin duten guztiak gabetuak izanen dira hemendik aitzina animaliak edukitzeko gaitasunaz. Desgaitzea denbora batekoa izan daiteke, urtebetekoa nahiz iraunkorra, arau-haustea nolakoa den, larria edo oso larria, eta kontuan hartuta animaliari egin zaion kaltea zenbateraino egin den ankerkeriaz edo nahita.

50. artikulua. 1. Isuna ezartzeak arau-hausteko animaliak dekomisatzea ekartzen ahal du, eta betiere arau-haustean erabili diren harrapagailuak edo ehiza tresnak dekomisatzea.

2. Arau-hauste oso larriak egiteak ekar dezake, hala behartzen denean, arau-haustean erantzule izandako egoitza, lokal edo establezimenduak ixtea.

51. artikulua. 1. Bere agenteen bitartez, administrazio eskudunak zilegi izanen du babestu beharreko animaliak dekomisatzea, baldin eta arrazoizko zantzurik bada ordenantza honetako xedapenak hautsi direla, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeari dagokionez.

2. Dekomisatze hori badaezpada eginen da, behar den zehapen espedientea ebatzi arte; ebazpena ikusirik, animalia jabeari bihurtuko zaio, edo administrazioaren jabetzara pasako, eta hark zilegi izanen du erakunde zoologiko-zientifikoei ematea, jatorrizko herrira bihurtzea, animaliak sendatzeko zentroetara eramatea edo bere ingurune naturalean askatzea animalia autoktonoa baldin bada.

3. Dekomisatutako animaliak luzaz edukitzea arriskutsua bada beren bizirako eta berehala askatu beharra baldin bada, animalia Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Departamentuko langileek askatu beharko dute haren inguru naturalean eta lekukoen aitzinean.

XI. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak

52. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartzen dira, 50/1999 Legean aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

–Izatez basa direnetakoa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz bertze animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaiekeen espezie edo arrazatakoa dena, eta ondasunei kalte egin ahal diena, erasokorra izan ala ez.

–Arraza hauetako zakurrak: American Staffordshire Terrier, Pit Bull Terrier, Staffordshire Bull Terrier, Fila Brasileiro, Dogo Argentinarra, Rottweiler, Tosa Inu eta Akita Inu. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoa izanik, haien ezaugarri etnikoak dituena.

Edozein espezietakoa izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo hezia izan den animalia.

–Edozein espezietakoak izanik, behin bederen pertsona edo animaliaren bati eraso egin dietenak, edo izaera bereziki oldarkorrak dituztenak.

–Halakoetan, ustezko arriskugarritasun hori agintaritza eskudunak ikusi beharko du, ofizioz edo alderdi batek eskaturik, eta horrela deklaratzen ahalko da animaliak pertsonaren bati edo bertze animaliaren bati erasotzen dion unetik beretik.

53 artikulua. 1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskutsuak izan daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du.

2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

–Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

–Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko arauteriaren aurkako arau-haustea egiteagatik zehatua ez izatea.

–Gaitasun psikologikoaren agiria, udal agintariek aintzat jotzen duten erakunde ofizial batek luzatua.

–Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez 180.303,63 euroko zenbatekoa duena.

–Udalaren tasa ordaintzea (10 euro).

3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Aranguren Ibarrean bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Aranguren Ibarrean egiten bada. Orobat, animalia Aranguren Ibarrean gutxienez ere hiru hilabetez egon behar duenean ere lizentzia eskatu beharko dute arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Aranguren Ibarreko Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

4. Lizentziak 4 urteko indarraldia izanen du, eta indarrik gal ez dezan, eskuratzeko eskatu ziren baldintzei eutsi beharko zaie. Aitzinekoa ukatu gabe, Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsu gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsu gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

54. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, hilabeteko epean eskuratu denetik.

–Lizentzia eskuratzeko ordenantza honetako 53. artikuluaren 2. atalean aipatzen diren baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

–Erregistroan inskribatzea, hilabeteko epean, beren esku duten arriskutsua izan daitekeen animalia bakoitza.

–Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bost eguneko epean, baita hura beste inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

–Animalia eskuratzeko unean, bertze jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzin, arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bortz eguneko epean, gehienez ere, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

–Erregistroko datuetan gertatzen den bertze edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabortz eguneko epean.

–Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko dute, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

–Arriskutsua izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

–Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Aranguren Ibarrera ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta herritarren segurtasunerako neurriak hartu beharko ditu.

–Oro har, animaliak edukitzeari buruz bete behar diren obligazio guztiak konplitu beharko ditu.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabost egun izanen da.

55. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek, erregistroan sartu nahi badituzte, Aranguren Ibarreko Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

–Animaliaren espeziea.

–Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

–Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

–Sexua.

–Erreseina edo erreseina erdia.

–Jaioteguna.

–Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bertzela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako bertze xede baterako den.

–Jabearen izena, helbidea eta NANa.

–Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

–Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

–Trebakuntza zentroko datuak, halakorik bada.

–Eraso kasuak.

–Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabost eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala komunikatu behar baita.

56. artikulua. Albaitaritzako klinika, kontsultategi eta ospitaleek erregistro liburu bat eduki beharko dute; hartan paratu beharko dituzte 55. artikuluan aipatzen diren datuak, arriskugarri gerta daitekeen animaliak udal erregistroan duen zenbakiarekin batera.

57. artikulua. Abenduaren 23ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere debeku dira:

–Arriskutsua izan daitekeelako animalia muturrekorik gabe ibiltzea eremu publikoan barna, arduradunik gabe edo adingabe batek daramala.

–Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskutsua izan daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo bertze animalia batzuei, edota kalte edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

–Aranguren Ibarreko Udalaren aginduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

–Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta jokamolde hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako bertze arau-haustetzat.

58. artikulua. 50/1999 legean ezarritako zehapenez gain, aurreko ataletan (57. art.) aipatzen diren arau-hausteak, ordenantza honen aurkako arau-hauste oso larritzat hartuko dira eta, ondorioz, 990 eurotik 1.500era bitarteko isuna paratuko da, eta erantzulea izanen da arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea.

50/1999 Legean aurreikusitako arau-hausteak zehatuko dira bertan edota horren ordez indarrean legokeen arauan ezarritako isunekin.

Zehapena mailarik gorenean ezarriko da urte natural berean arau-haustea berriz gertatzen bada.

Berriz ere araua hautsi dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

59. artikulua. Datu Pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

–Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

–Fitxategia eginen da Aranguren Ibarreko Udalak bete ditzan 50/1999 Legeak Udalei ematen dizkien obligazioak.

–Fitxategia Aranguren Ibarreko Udalak bakarrik erabiltzen ahalko du.

–Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

–Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

–Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentzia espedientea.

–Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek aukera izanen dute sartu, zuzendu, deuseztatu eta kontra egiteko eskubideak erabiltzeko.

–Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

–Datu pertsonal horien erabileraren arduraduna Aranguren Ibarreko Udala da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, kontuan hartuko da Toki Administrazioari buruzko Foru Legean, Jarduera Sailkatuen Erregelamenduan eta dagozkien araudi osagarrietan xedatutakoa eta Abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan xedatutakoa.

Bigarrena.–Indarrik gabe gelditzen dira maila bereko edo txikiagoko udal araudi guztiak, ordenantza honi kontra egiten badiote edo bertan arautzen diren gaiei buruzko xedapenak badituzte, baita Animaliak eduki eta babestea arautzen duen Aranguren Ibarreko Udalaren osasun ordenantza ere, 2007ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofizialean publikatua, uztailaren 20an.

Hirugarrena.–Ordenantza honetako manuak ez betetzeak udaltzainen eta osasun zerbitzuen salaketa ekarriko du berekin.

Laugarrena.–Zehatzeko ahalmenaren printzipioak.

Ordenantza honetan aipatzen diren arau-hausteengatik zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari segitu beharko zaio.

Bosgarrena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betiko argitaratzean hartuko du indarra.

Mutiloan, 2017ko apirilaren 28an.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

Iragarkiaren kodea: L1705571