1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
88/2017 FORU AGINDUA, ekainaren 5ekoa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren apirilaren 5eko 74/2016 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horrek Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen bulegoen mailan.
SARRERA
Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren apirilaren 5eko 74/2016 Foru Aginduaren bidez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen da bulegoen mailan.
Martxoaren 15eko 18/2017 Foru Dekretuaren bidez, irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretua aldatzen da. Horren bidez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Aldaketa horren bidez, Barne Zuzendaritza Nagusiaren eskumen juridiko-administratiboak berriz planteatu eta egituraren aldetik zehazten dira, zenbait irizpideri jarraituz: antzeko eskumenak organikoki biltzea eta maila organikoa egokitzea erantzukizun mailara, eskumenen izaerara eta hartu beharreko erabakien konplexutasunera.
Antolaketa berriaren eta batez ere Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuaren definizioan aurrera eginez, administrazio zerbitzu osoa bilduko duen Kudeaketa Administratiboaren Bulego bat sortzea planteatzen da. Horrela, aipatu funtzioak unitate organiko berean zentralizatzen eta homogeneizatzen dira, atalen, zerbitzuen edo Zuzendaritza Nagusiaren beharrei erantzuteko, atxikipenari dagokionez mugarik gabe. Halaber, Araubide Juridikoaren eta Zehapenen Prozeduraren Bulegoa deituriko unitate berria sortuz, hierarkikoki Araubide Juridikoaren eta Kudeaketa Administratiboaren menpean, atalak laguntza juridiko-administratiborako eta tramitaziorako dituen funtzioak bulego mailan ezartzen dira.
Bestalde, irailaren 9ko 197/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren erakunde autonomoa desegin zen, eta haren eginkizun eta zerbitzuak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren organo desberdinetan txertatu ziren. Aipatu arauak, bai eta Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak berak ere, egoera iragankorra aurreikusi zuten orduan zeuden bulegoetarako eta haiekin parekatutako unitateetarako, garapen neurriak hartu bitarte.
Bulegoen mailan, aipatu integrazioa egiteko, desegindako Nafarroako Larrialdietako Agentziaren oinordeko diren bi zerbitzuen artean funtzioak banatzea planteatzen da. Horretarako, Langile Operatiboen Kudeaketarako Bulegoak Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren beharretarako bakarrik emanen du zerbitzua; Babes Zibilerako Zerbitzuari dagokionez, ordea, funtzio horiek Txanden Kudeaketaren eta Estatistiken Bulegoa desagertzearen ondorioz sortu den Laguntza Administratiboaren eta Langileriaren Bulegoa izeneko bulego berriak emanen ditu. Babes Zibilerako Zerbitzuko bulegoen funtzioen analisi arrazionalaren barruan, planteatzen da Txanden Kudeaketaren eta Estatistiken Bulegoari esleitutako funtzioak banatu eta Laguntza Administratiboa Emateko eta Langileriaren Bulego berriari, Prestakuntza eta Gainbegiratze Bulegoari eta Sistemen eta Komunikazioaren Bulego berriari ere esleitzea.
Azken bulego honek Babes Zibilerako Zerbitzuko bulegoen egitura osatzen du, larrialdien arloan (huraxe baita Zerbitzuaren eskumen nagusia) berebiziko garrantzia duen eremu funtzional batean.
Horregatik guztiagatik, bidezkoa da Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa eguneratzea bulegoen mailan. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 24.4 artikuluak xedatuari jarraikiz, kontseilari bakoitzaren esku uzten baitu bere departamentuko bulegoak sortu, aldatu edo kentzeko eskumena,
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren 74/2016 Foru Agindua, apirilaren 5ekoa, aldatzea. Honen bidez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen da bulegoen mailan.
Bat.–16. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:
“16. artikulua. Sistemen eta Komunikazioaren Bulegoa.
Sistemen eta Komunikazioaren Bulegoak, Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazio Atalari atxikia, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Koordinazioa gelako arduradunekin, akatsak, gorabeherak eta hobekuntzak atzemateko larrialdien kudeaketarako informazio sistemetan.
b) Gorabeheren jarraipena larrialdien kudeaketarako informazio sistemen erabileran.
c) Prozesatzea eta haztatzea larrialdiak kudeatzeko sistemaren behar operatiboak eta ebolutiboak.
d) Laguntza ematea larrialdien informazio sistema kudeatzaileari dagokionez eskudunak diren unitate zentralek proposatutako aldaketen eta irtenbideen beharren, egokitasunaren eta bideragarritasunaren azterketan.
e) Analisi funtzionalean laguntzea larrialdien informazio sistemen integrazioari dagokionez, eta hura sare nazionaletan eta nazioartekoetan sartzea.
f) Barne koordinazioa zabalkuntza eta sentsibilizazio tresnak egiteko: kanpainak, prestakuntza ekintzak, etab.
g) Eguneko jarduerari buruzko parteak, oharrak eta agiriak egitea eta informazioa eguneratzea eskumena duten unitate zentralek ezarritako bideetan (web-orriak eta sare sozialak).
h) Estatistikak egitea eta kudeatzea.
i) Bere esparruko azterlanak eta memoriak egiten laguntzea.
j) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo agintzen zaizkionak.”
Bi.–17. artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:
“17. artikulua. Prestakuntza eta Gainbegiratze Bulegoa.
Prestakuntza eta Gainbegiratze Bulegoa SOS Nafarroa Atalari atxikia dago, eta eginkizun hauek ditu:
a) Larrialdiak kudeatzeko zentroari atxikitako langileen prestakuntza jarraitua ikuskatzea.
b) Operadoreen eta aretoko buruen jarduera ikuskatzea.
c) Baliabideak larrialdietan mobilizatzeko protokoloak, baliabideen katalogoak eta, oro har, informazioa eta datu baseak mantentzea eta prestatzea.
d) Osasun zerbitzuekin batera aritzea larrialdiak planifikatzen eta kudeatzen, osasun gaiei dagokienez, bai eta hil edo biziko larrialdiez arduratzeko berariazko protokoloak prestatzen ere.
e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.”
Hiru.–17. bis artikulua gehituko da, eta honela idatzita agertuko da:
“17. bis artikulua. Laguntza Administratiboaren eta Langileriaren Bulegoa.
Laguntza Administratiboaren eta Langileriaren Bulegoa Babes Zibilerako Zerbitzuari atxikia dago, eta eginkizun hauek izanen ditu:
a) Artxibo administratiboak eta espedienteak tramitatu, jarraitu, antolatu, mantendu, artxibatu eta kontrolatzea, Zerbitzuko Zuzendaritzaren eskumenekoak diren gaietan.
b) Laguntza administratiboa ematea, kasuan kasuko erabakitze organoei bidali beharreko gaien prestaketan.
c) Kudeatzea, koordinatzea eta kontrolatzea ekipamendu eta instalazioen obrak, erosketak, eskuratzeak, hornidura, berrikuntza eta haien mantentze-lanak; horietatik kanpo gelditzen dira beste unitate organiko batzuek tramitatu behar dituztenak.
d) Zerbitzuko buruari laguntza administratiboa ematea eta Barne Zuzendaritza Nagusiko gainerako unitate organikoekin lankidetzan aritzea.
e) Kasuan kasuko organo erabakitzailearen aurrean Babes Zibilerako Zerbitzuari atxikitako langileei buruzko gaiak tramitatzea. Hauek dira, besteak beste: langileen erregistroa mantendu eta eguneratzea, ezarririk dagoen erregelamenduzko prozedurari jarraituz aldi baterako langileak kontratatzearen arloko beharrak kontrolatzea, langileen nominako elementu aldakorren kudeaketa materiala eta kontrola, langileen lanaldiak kontrolatzeko sistema kudeatzea, langileen osasun azterketak kudeatu eta kontrolatzea, aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileen baja-agiriak tramitatzea, bajak eta altak berrestea eta baita istripu-agiriak eta laneko gertakariak tramitatzea ere, beste unitate batzuei esleitzen zaizkionak izan ezik.
f) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo agintzen zaizkionak.”
Lau.–18. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:
“18. artikulua. Langile Operatiboen Kudeaketarako Bulegoa.
Langile Operatiboen Kudeaketarako Bulegoa Gai Administratiboak eta Langileria Kudeatzeko Atalari atxikia dago, eta ofizial, ofizialorde, sarjentu, kabo eta suhiltzaile lanpostuetan aritzen diren langileei dagokienez, eginkizun hauek ditu:
a) Langileen erregistroa mantendu eta eguneratzea.
b) Ezarririk dagoen erregelamenduzko prozedurari jarraituz aldi baterako langileak kontratatzearen arloko beharrak kontrolatzea.
c) Langileen nominako elementu aldakorren kudeaketa materiala eta kontrola.
d) Langileen lanaldiak kontrolatzeko sistema kudeatzea.
e) Langileen osasun azterketak kudeatu eta kontrolatzea.
f) Aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileen baja-agiriak tramitatzea, bajak eta altak berrestea eta istripu-agiriak eta laneko gertakariak tramitatzea.
g) Bere esparruko azterlan bereziak (memoriak, azterlanak eta abar) egiten laguntzea.
h) Agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.”
Bost.–5. atala erantsi da III. kapituluan, eta honela idatzita agertuko da:
“5. atala
Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzua
18. bis. artikulua. Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa.
Kudeaketa Administratiboaren Bulegoak, Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Artxibo administratiboak eta espedienteak tramitatu, jarraitu, antolatu, mantendu, artxibatu eta kontrolatzea, Zerbitzuaren eskumenekoak diren gaietan.
b) Zerbitzuko buruari laguntza administratiboa ematea eta Barne Zuzendaritza Nagusiko gainerako unitate organikoekin lankidetzan aritzea.
c) Laguntza administratiboa ematea, kasuan kasuko erabakitze organoei bidali beharreko gaien prestaketan.
d) Aplikazio eta tresna informatikoen inguruko beharrak koordinatzea.
e) Zerbitzuaren edukiak mantentzea, eguneratzea eta argitaratzea, eta atarietarako eta web-orrietarako sarbidea, Zerbitzuari dagozkion gaietan.
f) Administrazioko langileak koordinatzea.
g) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo agintzen zaizkionak.
18. ter. artikulua. Araubide Juridikoaren eta Zehapenen Prozeduraren Bulegoa.
Araubide Juridikoaren eta Zehapenen Prozeduraren Bulegoak, Araubide Juridikoaren eta Kudeaketa Administratiboaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek beteko ditu:
a) Laguntza juridikoa eta kudeaketan laguntzea Araubide Juridikoaren eta Kudeaketa Administratiboaren Atalari dagozkion gaietan.
b) Laguntza juridikoa eta administratiboa arauen prestaketan.
c) Lan egiteko metodoak, administrazio prozesuak eta kudeatzeko tresnak ezartzea eta erraztea.
d) Laguntza ematea ikuskapen eta kontrol planak proposatzeko, gauzatzeko eta horien jarraipena egiteko.
e) Salaketak kalifikatzea eta espedienteak langileen artean esleitzea.
f) Arau-hausteen ondoriozko zehapen prozedurak kudeatu, kontrolatu eta jarraitzea, Barne Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen arloan.
g) Koordinazioa agintaritzako agenteekin, baita beste administrazio publikoekin ere, ikuskapenaren eta zehapenaren arloan.
h) Espedienteak eta bulegoarekin loturiko dokumentu guztiak artxibatu, antolatu eta gordetzea.
i) Espedienteen tramitazioa, instrukzioa eta proposamena, eta ondorengo betearazpen-ekintzak, baita haien ohiko eta ohiz kanpoko errekurtsoak ere.
j) Jendearen harrera, buruz buru eta telefonoz, Bulegoari dagozkion gaietan.
k) Bestelako administrazio organoek edo epaitegiek eskatutako dokumentuak prestatzea.
l) Bulegoaren jarduerari buruzko txostenak egitea.
m) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo agintzen zaizkionak.”
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak.
Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:
–Langile Operatiboen Kudeaketarako Bulegoko burua.
–Prestakuntza eta Gainbegiratze Bulegoko burua.
Bigarren xedapen gehigarria.–Unitate organikoa kentzea.
Kendu egiten da Txanden Kudeaketaren eta Estatistiken Bulegoa.
AZKEN XEDAPENA
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2017ko ekainaren 5ean.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1706829