10. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LOS ARCOS

Bideen eta eremu publikoen garbiketari buruzko udal ordenantza. Behin betiko onespena

Los Arcosko Udalak, 2016ko uztailaren 1ean egin bilkuran erabaki zuen, legeak eskatzen duen quoruma zuela, hasiera batean onestea Los Arcosko bideen eta eremu publikoen garbiketari buruzko udal ordenantza.

Erabakia 2016ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 1ean. Jendaurrean egoteko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez zuenez gero, behin betiko onetsita gelditu da Los Arcosko bideen eta eremu publikoen garbiketari buruzko udal ordenantza, eta haren testu osoa ematen da argitara, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Los Arcosen, 2016ko azaroaren 7an.–Alkate udalburua, Javier Chasco Abaigar.

LOS ARCOSKO BIDEEN ETA EREMU PUBLIKOEN GARBIKETARI BURUZKO UDAL ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honek helburu du Los Arcosko udal mugapean bideen eta eremu publikoen garbiketarekin ikustekoa duen oro arautzea, bizilagunek bideak eta eremu publikoak erabiltzen baitituzte, eta prebenitzeko, zuzentzeko eta/edo konpontzeko neurriak hartzea, horiek zikin ez daitezen.

2. Ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko dira, izaeragatik ordenantzaren ezarpen esparruan izanik espresuki araututa ez dauden kasuetan.

3. Ordenantza honen edukia ez jakitea ez da aitzakiatzat hartuko, hura betetzen ez bada.

2. artikulua. Eremu publikoaren kontzeptua. Udal eskumenak.

1. Honako hauek hartzen dira eremu publikotzat eta, hortaz, Udalaren erantzukizunekotzat: Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean edo hura garatzeko behin betiko onetsi diren tresnetan halakotzat joak direnak (esaterako, pasealekuak, kaleak, plazak, espaloiak, bideak, lorategiak eta lurguneak, zubiak), eta, halaber, jabari publikoko gainerako ondasunak, herri-lurrak edo ondare-lurrak, erabilera edo zerbitzu publikoari atxikiak daudenak, bai eta jabeek Udalari aldi baterako lagatako lur partikularrak ere.

2. Barneko patioak, orubeak eta gisa horretakoak salbuespenak dira, ez baitira publikoak; izan ere, partikularrei dagokie haiek garbitzea, jabetza bakarra, partekatua edo jabetza horizontalaren araubidekoa izan.

3. Eremu publikoek izen edo zenbaki bat izanen dute bereizgarri eta identifikagarri, desberdina bakoitzerako, eta hura Udalak onetsi beharko du. Hirian ez da bi eremu publiko izaten ahalko izen bera edo zenbaki bera dutenak, ezta desberdinak izanda ere, beren antzekotasun grafiko edo fonetikoak nahasmendurik ekartzen ahal badu.

3. artikulua. Herritarren laguntza.

1. Los Arcosko pertsona fisikoak zein juridikoak beharturik daude, hiriaren garbiketari dagokionez, zikinkeria saihesteko eta prebenitzeko jarrera izatera.

2. Bestalde, agintaritza eskudunari gaztigua egiten ahalko diote garbiketa publikoaren arloan arau-hauste bat ikusten duten aldiro edo ziurtasunez horren berri duten aldiro, udaletxean horretarako dagoen postontzian.

3. Udal zerbitzuek sistema bat ezarriko dute aitortza publikoa egiteko hiri garbiagoaren eta biziagoaren alde jarduteagatik nabarmentzen diren pertsona fisiko, enpresa, jabeen elkarte eta abarrei.

4. artikulua. Zerbitzu egitea.

1. Udalak, eremu publikoa garbitzeko eta horko hondakinak biltzeko zerbitzuak ematerakoan, unean-unean hiriaren intereserako bidezkotzat jotzen dituen prozedura teknikoak eta kudeaketa bideak erabiliko ditu.

2. Udalak zilegi izanen du subsidiarioki egitea ordenantza honen arabera zuzenean pertsona fisikoei edo juridikoei dagokien garbiketa, eta, halakoetan, garbiketaren kostua egotziko zaie, ezertan galarazi gabe kasu bakoitzean ezar daitezkeen zehapenak.

3. Aurreko ataleko baldintza berberetan, Udalak zilegi izanen du subidiarioki egitea mantentze, konpontze eta garbitzeko lanak higiezinetako kanpoko elementu eta aldeetan, eta abandonatutako hondakinak kargatu, kendu, garraiatu eta deuseztatzea; berdin jokatuko da, ordenantza hau ez betetzea dakartzan jarduketa guztietan.

4. Udal Administrazioaren eskumenekoa da eremu publikoetako egiturazko nahiz apaindurazko elementuen kontserbazio zuzenerako lan eta obrak egitea. Eremu publikoen kontserbazio egoera hobetzeko izanik ere, inork ez du elementu horiek berritzeko edo konpontzeko lanik egiten ahalko, aitzinetik Udalaren lizentziarik ez badu.

5. artikulua. Udalaren zerbitzuek garbitu behar ez dituzten elementuak.

Kasuan kasuko zerbitzu bakoitzaren titular administratiboei dagokie herritarren zerbitzurako izanik ere Udalaren ardurapean ez dauden elementuak garbitzea.

II. KAPITULUA

Garbiketaren antolamendua

Debeku da:

a) Eremu publikoa erabiltzea auto edo motoak konpontzeko, edo metal arotzerian, iturgintzan edo gisakoetan aritzeko, edo ibilgailuak nahiz animaliak garbitzeko.

b) Ibilgailuak abandonaturik uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal badira.

c) Eremu publikoan pixa egitea edo gorotzez zikintzea.

d) Futbolean, pilotan edo beste edozein kiroletan aritzea jendearen, bidaiarien eta abarren atsedena eragozten ahal den tokietan, hala nola adinekoen egoitzetan eta erromesen aterpeetan, 22:00etatik aurrera.

e) Zoladuraren gainean, inolako babesik gabe, materialak uztea ebaketak eta zuloak egiteko, margoa emateko, etab., hala eremu publikoko zoladura kaltetu edo zikintzeko modurik badago.

f) Kotak, neurketak, markak egitea zoladuraren gainean espraiarekin edo pinturarekin, gai kimikoak erabili behar badira ezabatzeko.

6. artikulua. Kaleak, patioak eta jabetza partikularreko elementuak.

1. Jabeen betebeharra izanen da barneko patioak eta orube partikularrak garbitzea.

2. Partikularrek erakusleihoak, dendak, saltokiak, merkataritzako establezimenduak, patioak, atariak, higiezinetako eskailerak eta abar garbitzen dituztenean, saiatuko dira eremu publikoa ez zikintzen. Behar bezain maiz eginen da garbiketa, oinezkoei eragozpenik sortzen ez dien orduetan. Jardueraren titularra izanen da arduraduna.

3. Finken, etxebizitzen eta establezimenduen jabeak beharturik daude garbi mantentzera eremu publikotik ikusten diren higiezinetako parteak.

4. Artikulu honetako garbiketa lanetan sortzen diren hondakinak, zer hondakin klase diren kontuan hartuta, horretarako dauden edukiontzietan utziko dira, baita garbigunean ere, horretarako ezarritako orduetan.

5. Hiri finketan dauden zuhaitzetako adarrak finketatik irteten direnean, horien jabeek edo errentariek neurri egokiak hartu behar dituzte eremu publikora eror ez daitezen fruituak, adarrak edo hostoak.

7. artikulua. Espaloi eta galtzaden garbiketa.

1. Udalak aldez aurretik adierazten ahal du zein karrikatan ezin den aparkatu, haien egoera dela-eta halako egunetan bete-beteko garbiketa egin behar delako. Horretarako gaztiguak utziko ditu ibilgailuetan edo mugitzeko moduko seinaleak jarriko ditu, “garbiketa publikoa” zein egun eta ordutan eginen den adierazita.

8. artikulua. Zakurren gaineko arau berariazkoak.

Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantzan xedatua aplikatu beharko da.

Ordenantza horretan zehaztua bete ezean, agintaritza eskudunak arau-hausleak salatuko dituzte, eta behar den zehapen espedientea irekiko zaie; hori guztia, Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantzan (“Arau-hausteak eta zehapenak”) xedatuarekin bat.

9. artikulua. Elurra garbitzea.

1. Elurte batean, eraikinen jabeak, negozioen titularrak, eraikin publikoen titular administratiboa, orubeen jabeak, eta, subsidiarioki, horien arduradunak, beharturik daude ondoko betebeharrak konplitzera:

1.1. Fatxadaren aurreko elurra eta izotza garbitu behar dute, oinezkoek toki librea izan dezaten igarotzeko.

1.2. Honelako tokietan utziko dute elurra edo izotza eremu publikoa garbitu behar dutenek (hala nola, eraikinen eta negozioen jabeak):

Ura zintarrietatik pasatzea eragozten ez dutenean, ezta ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorriak ere, eta libre uzten dutenak estolderiako hustubide edo erregistro-estalki hurbilena.

2. Elurteak irauten duen bitartean, herritarrek oro har, eta higiezinen, negozioen, etxabeen, orubeen, ibilgailuen eta abarren jabeek bete behar dituzte udal agintaritza eskudunak une oro ematen dituen jarraibideak.

3. Inola ere ez da eremu publikora botako terraza, balkoi eta eraikinen bertzelako tokietan pilatu den elurra, udal agintaritza eskudunak kontrako xedapenik eman ezean.

10. artikulua. Balkoietatik eta leihoetatik astintzea.

Arropak, alfonbrak, erratzak eta erratz handiak astintzean eremu publikoaren gainean, ahaleginak eginen dira inori eta ezeri kalterik edo eragozpenik ez egiteko.

11. artikulua. Hondakinak kentzea.

Garbigunean bolumenaz, ordutegiaz eta egunez ezarritakoa bete beharko da.

12. artikulua. Salmentako instalazioen garbiketa.

1. Eremu publikoan dauden salmenta instalazioen titularrak edo arduradunak beharturik daude garbi edukitzera tokia eta horren ingurunea eta hura garbi uztera jardueraren ordutegia bukatu ondoren.

2. Betebehar bera dute kafetegien, tabernen eta antzeko establezimenduen jabeek, mahaiekin eta aulkiekin okupatzen diren eremu publikoari, fatxaden luzerari eta inguruko eremuari dagokienez.

3. Ezin da produkturik edo materialik bildu edo metatu mahaiak dituzten terrazen ondoan, ezta instalazioaren berezko hondakinik ere, dela estetikagatik eta begiramenagatik, dela higieneagatik.

13. artikulua. Zamalanak.

Zamalanak ondoan dituzten establezimenduen titularrek garbiketa osagarria egin behar dute, beharrezkoa den aldiro, eremu publikoa behar bezain garbi egon dadin, udal agintaritza eskudunaren agenteek hala agintzen dutenetan.

Halaber, beharrezko segurtasun neurriak hartu beharko dituzte lan horietarako.

14. artikulua. Lurrak, hondakinak edo bestelako materialak garraiatzea.

1. Lurrak, zerealak, hondakinak, erregaia, hormigoia, hautsak, kartoiak, paperak edo, isuriz gero, eremu publikoa zikintzeko modua duen, eta, hortaz, hirugarrenei kalteak sor diezazkiekeen beste edozein materiala garraiatzen duten ibilgailuen jabeek eta gidariek hertsiki beteko dute Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren 14. artikuluan xedatutakoa, eta karga ez erortzeko moduan egokituko dute, horretarako behar diren neurri guztiak hartuz.

2. Ibilgailuaren jabea eta gidaria izanen dira aurreko atala ez betetzearen arduradunak, eta isuritako materiala nahiz ukitutako eremu publikoa garbitzera beharturik egonen dira, ezertan ukatu gabe legozkiekeen zehapenak.

3. Istripua edo iraulketa gertatuz gero edo karga eremu publikora isuri edo erorita bide segurtasunean arriskuak sortzeko aukera izanez gero, kasuan kasuko gidariek horren berri eman beharko diote agintaritza eskudunari, ahalik eta lasterren.

4. Lurrak eta hondakinak bildu, garraiatu eta isurtzeari dagokionez, martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuak araututako indarreko araudian xedatutakoari jarraituko zaio (2011ko 69. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 8koa).

15. artikulua. Eremu publikoko obrak.

1. Obra batek (esaterako, eraikuntzak egitea, zaharberritzea, berritzea edo eraistea) arrazoia edozein dela ere eremu publikoa ukitzen duenean, finkaren jabetzak eta, subsidiarioki, obrak egiten dituenak, kontrolatu beharko du ez dela zikinkeriarik sortzen, Eraikuntzari buruzko Ordenantza Orokorrean aurreikusitako segurtasun eta prebentzio elementuak paratuz, materialik zabaldu eta isur ez dadin (konparazio baterako, eraispenak, lurrak eta obretatik soberan gelditzen diren beste material batzuk) lanek ukitutako eremutik kanpo, eta estolderiako hustubideak buxatu ez daitezen.

2. Bereziki, eremu publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta abarren lanen inguruak garbi eduki beharko dira beti, galtzadan inolako hondakinik ez dagoela, eremu publikoko erabiltzaileei arriskurik ez sortzeko.

3. Eraikinak eraisteko eta hondakinak ateratzeko lanetan, behar adinako presioko urez baliatu beharko da, lan horiek sortzen duten hautsa eusteko.

4. Obra lizentzia ematean, erabilera zein den, zilegi izan daiteke bankuko gordailua edo abala eratzeko eskatzea, helburua izanik aipatutako betebeharrak konplitzea eta Udalari dagokion kalte-ordaina pagatzea, eremu publikoko hirigintza elementuetan, zuhaitzetan barne, baimendutako erabileraren ondorioz sor litezkeen kalteengatik.

5. Zerbitzu teknikoek txostena egin ondoan likidatuko da berme hori, lizentzia argitaratu eta gero, baldin eta egiaztatzen bada ez dela kalterik egin edo, egin bada, ordaina pagatu dela, dela borondatez, dela bermearen kargura. Udalak eginen du konponketa betearazpen subsdiarioaren bidez eta interesdunaren kargura.

6. Eremu publikoan obrak eta instalazioak planifikatu eta gauzatzen direnean elektrizitatearen, gasaren eta uraren hodiak eta loturak, linea telegrafikoak, telefonikoak eta antzekoak ezarri, mantendu eta konpontzeko, eraikitzaileak eta Udaleko departamentu teknikoak bisita bat eginen dute kanalizazioak ukitzen duen eremura. Aldez aurreko bisita bat eginen da, ikusteko nola dagoen obra hasi aurretik. Horren ondoren, beste bisita bat eginen da, ikusteko baldintzak bete diren, eta aldeak konparatuko dira, alderik balego.

7. Kanalizazioa estalitakoan, obran erabilitako materialetatik udal zerbitzuek zehazten dutena aplikatuko da kanalizazioak ukitutako eremu osoan.

8. Lan horietarako, bankuko gordailu edo abal bat ezarriko da, lanen azaleraren araberako zenbatekoa izanen duena.

16. artikulua. Ibilgailuen garbiketa.

1. 15. artikuluan zehazten diren lanetarako erabiltzen diren ibilgailuek eta hondeaketa lanetan, eraikuntzak egitekoetan eta antzekoetan erabiltzen direnek gurpilak garbitu beharko dituzte obretatik edo lan eremutik ateratzerakoan, lokatzik eror ez dadin eremu publikoan.

2. Neurri hori, halaber, eraikuntzak eraisteko obretan hartuko da, hautsa sortzea saihesteko behar diren neurriekin batera.

17. artikulua. Zirkuak, antzerkiak eta atrakzio ibiltariak.

Zirkuen, antzerki ibiltarien eta zaldiko-maldikoen gisako jarduerek eta beren ezaugarri bereziak direla-eta eremu publikoa erabiltzen duten beste batzuek berme bat utzi behar dute, beren jardueraren ondoriozko erantzukizunei heltzeko. Udalak garbiketa bat egin behar badu, berme horrekin pagatuko dira kostuak, eta horiek bermea baino handiagoak badira, jardueraren titularrek ordaindu beharko dute aldea.

III. KAPITULUA

Debekuak

18. artikulua. Hondakinak, zaborra eta ur zikinak.

1. Debeku da hondakinak, hondarrak eta, oro har, edozein zabor botatzea edo uztea eremu publiko eta pribatuetan, eta orobat haien sarbideetan eta hesitutako edo hesitu gabeko orube edo finketan, izan ere, horretarako edukiontziak erabili beharko dira beti.

2. Debeku da ur zikina isurtzea eremu publikoan, baita bertze edozein gauza botatzea ere eremu publikoan diren hustubideetara.

19. artikulua. Paperontzien erabilera.

1. Debeku da mota guztietako hondakinak botatzea eremu publikora, hala nola zigarrokinak, paperak, fruitu lehorren azalak, txikleak, latak, botilak, bilgarriak edo gisa bereko beste edozein hondakin. Horretarako paratutako paperontzietan utzi behar dira.

2. Era berean, debeku da paperontzietan puruak, zigarretak, zigarrokinak edo bertze zernahi botatzea, piztuta egonez gero. Itzalita bota behar dira paperontzietara kasu guztietan.

3. Paperontzien xedea da paperak eta hondakin txikiak biltzea. Debeku da haietan etxeko hondakinak edo xedekoak ez diren beste gauza edo produktu batzuk botatzea.

20. artikulua. Ibilgailuak garbitzea, isurketa desberdinak eta hondakinen manipulazioa.

1. Debeku da eremu publikoa zikintzen ahal duen edozein lan egitea, batik bat ibilgailuak garbitzea, olioa aldatzea, garbitu ondoko ura isurtzea eta manipulazioa edo hautaketa egitea hiri hondakin edo hondar solidoekin.

2. Orobat, debeku da edozein hondakin mota botatzea eraikin, etxebizitza edo establezimenduetako leihoetatik, balkoietatik, kanpoko irekiduretatik eta abarretatik.

3. Debeku da ibilgailuak konpontzea edo muntaketak egitea eremu publikoan, edo hura erabiltzea materialak edo zernahi produktu gordetzeko.

4. Debeku da, halaber, edozein hondakin botatzea ibilgailuetatik, abian nahiz geldirik egon.

5. Debeku da udal mugapeko ibaietako ertzeetan eta ibilguetan, parkeetan eta eremu publikoetan egitea aurreko ataletan aipatutako lanak.

21. artikulua. Landareak ureztatzea.

Balkoietako eta terrazetako landareak ureztatzean saihestuko da ura eremu publikora isurtzea. Oinezkoei trabarik egiten ez zaien orduetan egin behar da ureztaketa.

22. artikulua. Eginkariak eta pertsona eta animalien bertze jariakin batzuk.

1. Debeku da listu, pixa eta kaka egitea eremu publikoan edo erabilera publikoko nahiz pribatuko eremuetan.

2. Zakurren eta lagun egiteko bertze animalien jabeak beharrezko neurriak hartzen saiatuko dira, eginkariak kalean geldi ez daitezen.

3. Zaldien jabe edo gidariek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte eremu publikoa ez zikintzeko; bertzenaz, berehala kenduko dituzte eginkariak, horretarako tresna eta materialak aldean dituztela.

4. Debeku da animaliak eremu publikoan garbitzea.

IV. KAPITULUA

Obligazioak

23. artikulua. Fatxaden estetika eta mantentze-lanak.

1. Eremu publikora begirako fatxadak dituzten higiezinen jabeek edo arduradunek saihestu behar dute eremu publikoaren estetikaren kontrako edozein gauza erakustea leihoetan, balkoietan, terrazetan edo antzekoetan. Era berean, ezin dute arropa zabaldu eremu publikotik ikusten den fatxadako aldean, salbu eta fisikoki bestelakorik egin ezin duten etxebizitzetan. Halakoetan, edonola ere, kaletik gutxien ikusten den aldean zabalduko dute, bizilagunei eragozpenik egin gabe. Halakorik ezean, etxebizitzako bizilaguna izanen da erantzulea.

2. Eraikinen jabeen elkarteak edo finken, etxebizitzen eta establezimenduen jabeak behartuak daude garbi edukitzera fatxadak, atarietako zenbakien errotuluak, ageriko mehelinak, sarrerak eta sarbideko eskailerak eta, orokorrean, eremu publikotik ikus daitezkeen eraikin zati guztiak.

V. KAPITULUA

Publizitatea

24. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Eremu publikoan edo eraikin publikoetan egiten diren ekitaldi publikoen, ezkontzen edo ospakizun pribatuen antolatzaileak dira horietan sortzen den zikinkeriaren erantzuleak eta Udalari jakinarazi behar diote zein den egin gogo den ekitaldiaren ibilbidea, ordutegia eta tokia.

2. Udalak berme bat eska diezaieke, ekitaldi hori egitearen ondoriozko garbiketa lanetarako aurreikusten den zenbatekoaren adinakoa. Okupatutako eremu publikoa eta inguruak behar bezain garbi geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.

3. Ekitaldi publiko baten ondorioz, kalterik egiten bada eremu publikoan edo altzarietan, horren erantzuleak antolatzaileak edo sustatzaileak izanen dira eta konponketa gastuak ordaindu beharko dute, izan daitezkeen zehapenak gorabehera.

25. artikulua. Publizitaterako elementuak.

1. Eremu publikotik ikusgai dauden kartelak paratzeko lizentziak, baldin eta ez lokal itxietan ez badaude, ekarriko du ekintzaren titularrek kartela paratzeko erabili den eremu publikoko espazioak garbitzeko betebeharra, eta, behar denean, publizitaterako elementuak eta kasuan kasuko osagarriak kentzekoa, kasua bada.

2. Kasuan kasuko lizentzia beharko da kartelak eta publizitaterako hesiak paratzeko, margotzeko, mural artistikoak pintatzeko, etab.

26. artikulua. Kartelak, pankartak eta itsasgarriak paratzea.

1. Baimendutako tokietan baino ez dira kartelak, pankartak eta itsasgarriak paratuko. Edonola ere, eskaerarekin eta lizentzia ematearekin bat zehaztuko da paratzeko tokia. Zinta itsaskorra erabiliko da, kolak, lekedak edo antzekoak erabiltzea baztertzen baita.

2. Debeku da kartelak, iragarkiak eta pankartak urratzea, erauztea eta/edo eremu publikora botatzea.

3. Enpresa edo paratzen dituztenak izanen dira paratzearen arduradunak, eta, horiek identifikatu ezik, iragartzen den enpresa.

27. artikulua. Esku-orriak.

Esku-orriak eta antzekoak banatuz gero, enpresa banatzaileak eskura eman beharko ditu, edo haizetakoetan eta abarretan paratu, baina ezin dira eremu publikora bota, ez oinez ez ibilgailuetatik.

28. artikulua. Pintadak

1. Debeku da eremu publikoan pintadak egitea egiturazko elementuen, galtzaden, hiri altzarien, murru eta pareten gainean.

2. Salbuespenak:

a) Jabearen baimenarekin pintatzen diren muralak.

b) Udal agintaritzak baimendutakoak.

VI. KAPITULUA

Hiri altzariak garbitu eta zaintzea

29. artikulua. Arau orokorrak.

Zainduta eta behar bezain garbi eta txukun edukiko dira parke, lorategi, berdegune eta bide publikoetako hiri altzariak (besteak beste, eserlekuak, umeentzako jolasak, paperontziak, iturriak, seinaleak eta kaleko argien gisako apaindura elementuak).

30. artikulua. Mugak.

a) Eserlekuak:

Ezin da eserlekuak desegoki erabili, ezta horiek edozein modutan kaltetu edo hondatu ere. Batik bat, ezin dira finkatutakoak deslotu, lurrera finkatuta ez daudenak bi metrotik gora lekualdatu, ordenarik gabe elkartu, horietan inskripzioak egin edo margotu.

Haurrak zaintzeaz arduratzen diren pertsonen betebeharra da horiek eserlekuen gainean utz ez dezaten arearik, urik, lokatzarik edo eserlekuak zikintzen ahal dituenik, edo horien erabiltzaileak zikindu edo kaltetzen ahal duenik.

b) Umeentzako jolasak.

Haurrek erabiliko dituzte. Debeku da helduek erabiltzea. Jolas bakoitza erabiltzeko dauden jarraibideak errespetatuko dira.

c) Paperontziak.

Hondakinak edo paperak horretarako paperontzietan utzi beharko dira. Debeku da paperontziei edozein manipulazio egitea (lekuz aldatzea, su ematea, iraultzea, tokitik kentzea), inskripzioak egitea edo haietan itsasgarriak eranstea, Udalaren baimenarekin izan ezik, baita horien itxura hondatzea edo erabilera arrunta eragozten duten beste ekintza batzuk egitea ere.

d) Iturriak.

Debekatuta dago edozein manipulazio egitea hoditerian eta iturrietako elementuetan, ez badira erabilera arruntarenak.

Honako hauek ezin dira iturrietan egin:

a) Jolasean aritzea.

b) Arropa garbitzea.

c) Jendea garbitu eta zakurrak nahiz bertzelako animaliak bainatzea.

d) Etxeko animaliei giza kontsumorako diren iturrietatik zuzenean edatera uztea.

e) Ibilgailu mota guztiak garbitzea.

f) Zaldiak eta aziendak edatera eramatea.

e) Seinaleak, argiak eta apaindurak paratzea.

Debeku da haietara igotzea, gora egitea, kulunkatzea edo erabilera arrunta eta funtzionamendua eragotzi, hondatu, kaltetu edo zikintzen duen edozein gauza egitea.

31. artikulua. Saltokiak:

1. Debeku da kalez kaleko salmenta egitea parkeetan eta haien sarbideetan, Alkatetzak ez badu espresuki baimentzen kalez kaleko salmentari buruzko araudian aurreikusitako moduan eta baldintzak betez. Horretan xedatutakoa bete beharko da une oro jarduera horiei dagokienez.

2. Parke publikoetan kokatzen diren saltokiek Udalak propio eskatzen dien diseinura egokitu beharko dute instalazioa, haien kokalekuaren inguruaren arabera, eta begiratuko dute estetikak bat egiten duela kokalekuaren hiri multzoarekin. Udalak, horretarako, saltokiek bete beharreko arauak ezarriko ditu.

3. Saltokien titularrak izanen dira ordenantza honetan zehaztutako arau-hausteen erantzuleak, haien menpeko langileek edo saltoki horietan aritzen direnek egiten badituzte ere.

32. artikulua. Asotsak.

Eremu publikoan asotsik sortuz gero, ez dira gaindituko herritarren bizikidetzak behar dituen mugak. Eraikin eta jardueretan asotsak eginez gero begiratu beharko diren arauak izanen dira jarduera sailkatuei buruzko foru araudia eta asotsak eta bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen foru dekretua.

1. Debeku da:

a) Patio, etxabe edo galerietan, beren asots eta oihuekin auzoaren atsedenari traba egiten dioten animaliak edukitzea.

b) Petardo klase guztiak saltzea eta erabiltzea eta suziriak jaurtitzea Udalaren baimenik gabe.

c) Obrak gauez egitea.

33. artikulua. Parkeak eta lorategiak.

Debeku da:

a) Kanpoko seinaleen bidez mugatutako berdeguneak zapaltzea.

b) Zuhaitzetara igotzea.

c) Txoriak harrapatzea eta hiltzea.

d) Banku publikoetan etzatea eta gauez haietan lo egitea.

e) Berdeguneetan hondakinak botatzea, paperontziak edo edukiontziak erabili gabe.

f) Lorategietan sua piztea edo piztua edukitzea.

g) Kanpaina-dendak jartzea.

h) Zakurrak lotu gabe eramatea.

i) Soropilean nolanahiko ibilgailuetan ibiltzea (autoak, motozikletak, bizikletak etab.).

j) Bonbillak edo kale-argiak haustea.

k) Zaldiak edo aziendak sartzea larratzera.

VII. KAPITULUA

Zehapenen araubidea

34. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honek arautzen dituen gaiei dagokienez, arau-hauste administratiboa da ordenantza osatzen duten arauetan ezarritakoa hausten duten egiteak edo ez-egiteak.

35. artikulua. Zehapenak.

Alkateak berretsiko ditu arau-hausteak, aplikatu beharreko araudiak baimentzen dituen mugen barrenean, ezertan ukatu gabe kasu bakoitzean egon litezkeen erantzukizun zibilak edo penalak.

36. artikulua. Erantzukizunak.

1. Ordenantza honetan adierazitako betebeharrak ez betetzeagatik sortzen diren erantzukizunak eskatuko dira, ez bakarrik norberak egindakoarengatik baizik eta norberak erantzuten dituen pertsonengatik eta norberak dituen animaliengatik.

2. Betebehar kolektiboen kasuan, hala nola elementu komunen garbiketan, erantzukizuna kasuan kasuko jabeen elkarteari esleituko zaio, edo, hura eraturik ez badago, higiezineko okupatzaileei edo bizilagunei.

37. artikulua. Mailaketa. Kalifikazioa.

Arau-hausteen berrerortzearen arabera mailakatuko dira zehapenak. Ondorio horietarako, aurreko 6 hilabetean kontzeptu beragatik behin edo gehiagotan zehapena jaso duen titularra edo partikularra joko da berrerorletzat.

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izanen dira, osasunaren arriskuaren, intentzionaliate mailaren, sortutako kaltearen larritasunaren eta berrerortzearen arabera.

Lehenago ezarritakoaren ondorioetarako, denboran edo espazioan aparte dauden eta ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten jarduketa guztiak joko dira zehatzeko moduko ekintza independentetzat, eta ordenantza hausten duten egiteen edo ez-egiteen arduradunei egotziko zaizkie arau-hausteak, pertsona fisikoak edo juridikoak izan.

38. artikulua. Neurri osagarriak.

Nolanahi ere, ezar daitezkeen zehapenak gorabehera, jabari publikoko ondasunetan egindako kalteek beren bidezko ordaina izan behar dute, kasuan kasuko zerbitzuek ebaluatu ondoren.

39. artikulua. Arau-hauste arinak.

1. Hondakinak, hondarrak eta zaborrak botatzea edo uztea eremu publikoan, haien sarbideetan eta orubeetan, edo hesiturik edo hesi gabe dauden finketan.

2. Ibilgailuak, garbitu eta manipulatzea eremu publikoan.

3. Gomendatutako ordutegitik kanpo ureztatzea landareak, baldin eta eremu publikoan kalteak edo herritarrei eragozpenak sortzerik badago.

4. Garbiketarik eza kale partikularretan edo izaera bereko beste espazio batzuetan.

5. Etenik gabe garbi ez edukitzea eremu publikotik higiezinetan ikusgai diren aldeak.

6. Baimendutako tokietan dauden kartelak edo iragarkiak kendu, urratu edo zikintzea.

7. Eremu publikoan uztea merkataritzako establezimenduetako erakusleihoak, ateak edo toldoak garbitzearen hondarrak.

8. Ordenantza beste edozein modutan ez betetzea, arau-hauste larri edo oso larritzat berariaz jota ez badago.

40. artikulua. Arau-hauste larriak.

1. Elurra edo izotza kentzeko betebeharra ez konplitzea, ordenantza honetan ezarritakoari jarraituz.

2. Olioa eta beste likido batzuk aldatzea ibilgailuei eremu publikoan edo eremu publiko libreetan.

3. Beharrezko garbiketa ez egitea ibilgailuekin zama-lanak egin ondoren.

4. Eremu publikoa ez garbitzea obretara sartzeko eta ateratzeko eremuetan.

5. Agintaritzen berariazko errekerimenduak ez betetzea, lehendabiziko aldiz egiten direnean.

6. Arau-hauste arinetan berrerortzea.

41. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Arau-hauste larriak berriro egitea.

42. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinek 60tik 150 eurora bitarteko isunak izanen dituzte zehapen; larriek 151tik 300 eurora bitartekoak, eta oso larriek 301etik 1500 eurora bitartekoak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza fiskal honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta horren aldaketetan aurreikusitako izapideak bete ondoan hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1613418