10. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESLABA

Bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena

Eslabako Udalak, 2016ko irailaren 22an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea udal mugarteko bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza. Iragarkia 2016ko 193. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urriaren 5ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Eslaban, 2016ko azaroaren 21ean.–Alkatea, Ignacio Barber Zulet.

ESLABAKO UDAL MUGARTEKO BIDE PUBLIKOEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Eslabako herriko bide eta pisten sarea Eslabako herritar guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du Eslabako udal mugarteko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Ezinbertzeko elementua da nekazariak, abeltzainak, herritarrak oro har, bisitariak eta iragaitzazkoak hartatik igarotzeko, eta hura kontserbazio egoera egokian izateak ongizatea ematen die herritarrei.

Landabideak eta mendiko pistak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: Eslabako natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki nekazariek, abeltzainek, herritarrek eta bisitariek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.

1. artikulua. Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, arautzen du Eslabako herriko bideen, lurzati berrantolamenduko bideen eta mendiko pista eta bideen erabilera.

Aplikazio eremua

2. artikulua. Ordenantza hau Eslabako udal mugarteko bide publiko guztietan aplikatuko da, baita areka, hustubide eta gainerako azpiegituretan ere, ibilgailuak bide publikoetan ibiltzeko behar badira.

Erabilera

3. artikulua. Pertsona guztiek erabiltzen ahalko dituzte Eslabako bide publikoak.

4. artikulua. Bideetan erabiltzen ahal diren ibilgailuek trafiko arloan indarra duten xedapenen arabera zirkulatzeko baimena behar dute, baita hertsiki bete ere pisuaz eta tamainaz ezarritako zehaztapenak.

Dena dela, espresuki debekatuta daude lehiaketak, lasterketak eta nekazariei, abeltzainei, txirrindulariei, etxeko animaliei, basa-faunari eta gainerakoei arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

Erabilera debekatuak

5. artikulua. Eslabako bide publikoen azpiegituretan, erabilera hauek espresuki debeku dira:

a) Bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak ez errespetatzea.

b) Areketako lurra lantzea.

c) Nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera, finketan nekazaritzako lanak egiten direnean.

d) Ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubeta zelaituta.

e) Zuhaitzak landatzea edo finketan hesiak paratzea, bideekiko hiru metroko distantzia baino txikiagoa utzita. Bideetatik hiru metro baino gutxiagora dauden landaketak ez dira bideetan ez araketan sartzen ahalko.

f) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

g) Finketako hustubideak areketara ateratzea, proiektuan eta berrantolamendu obraren exekuzioan aurreikusita ez badago edo Udalak ez badu espresuki baimentzen.

h) Hustubideen sarea ez errespetatzea.

i) Urari finketatik bideetara ematea irteera, finketako sarbidean barna.

j) Bideetan egurra edo bertze material batzuk uztea edo herrestan eramatea.

Erabiltzaileen betebeharrak

6. artikulua. Finken jabe eta erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:

–Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak paratu, aldatu edo handitzeko, Udalari eskatu eta baimena eskuratu beharko da.

–Ura aise pasa dadin, garbi atxiki beharko dituzte beren finketako arekak eta areka gaineko pasabideak.

–Dauden seinaleetan ezarritako pisu eta abiadura mugak errespetatuko dira. Seinalerik gabeko bideetan ezin izanen dira honako muga hauek gainditu:

  • Pisua, gehienez ere: 15 tona.
  • Abiadura, gehienez ere: 30 euro/ordua.

–Uhinbikoak deitzen diren metalezko hesiak baldin badaude, bere horretan utziko dira, segurtasuna dela eta.

–Hodiren bat hondatzen baldin bada, diametro bereko bertze bat jarri beharko da haren lekuan.

7. artikulua. Bideetan gehiegizko erabilera sortzen duten jarduerak.

Bideetan edo bide zehatz batean gehiegizko joan-etorria sortzen duten jarduerak erabilera berezitzat joko dira, eta Udalak erabakitzen duenari jarraikiko zaio, haiek hobeki zaintzeko.

8. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak dira, indarrean diren xedapenetan ezarritakoez gain, ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea, Udalak edo alkateak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoa ez betetzea, eta ordenantza honetan ezarritako baimenak ez eskatzea.

9. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko bertze pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, kontsumitzailea edo zergaduna izanen da errudun bakarra.

10. artikulua. Zehapenak.

Nekazaritzako Azpiegituren Erreformari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legearen 120.etik 122.era bitarteko artikuluetan xedatuari jarraikiz, ordenantzako honen arau-hausteak isunak ezarriz zehatuko dira, 60 eurotik, arau-hauste arinengatik, 1502 eurora bitarte, arau-hauste oso larriengatik, gehi desegiten edo hondatzen direnak lehengoratzeko obren kostua. Kalteen balorazioa administrazio bidez eginen da.

Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, indarrean diren xedapen aplikagarrietan ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1613632