10. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURGI

Burgi, Bidankoze eta Gardeko Udalen Batasunaren funtzionamendu arauak onestea

Batasunaren Batzarrak, 2016ko azaroaren 21ean egindako bilkuran, Burgi, Bidankoze eta Gardeko Udalen Batasunaren funtzionamendu arauak onetsi zituen.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatutakoarekin bat, onetsitako ordenantzak ez du jendaurrean azaldu beharrik, toki entitatearen beraren antolaketan eragina duten alderdiak arautzen baititu; hori horrela, indarra hartuko du, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragaten denean.

Burgin, 2016ko azaroaren 21ean.–Alkatea, Elena Calvo Petroch.

BURGI, BIDANKOZE ETA GARDEKO UDALEN BATASUNAREN FUNTZIONAMENDU ARAUAK

I. titulua

Eraketa, izena eta helbidea

1. artikulua. Batasunaren xedea.

Burgi, Bidankoze eta Gardeko Udalen Batasunaren xedea da Idazkaritzaren eta Kontu-hartzailetzaren zerbitzua hiru entitateen artean partekatzea, 7. artikuluan ezarritako moduan.

Burgi, Garde eta Bidankozeko Udalen Batasuna deituko da.

2. artikulua. Nortasun juridikoa eta lurralde eremua.

Batasunak nortasun juridikoa du, hura osatzen duten udalerrietatik bereizia, eta, horrenbestez, ahalmen juridiko osoa du bere berariazko xedeak betetzeko beharrezkoak diren egintza juridikoak gauzatzeko.

Erabakiren bat hartu nahi bada xede horietatik kanpo (Idazkaritza zerbitzuaren ohiko funtzionamendua), beharrezkoa izanen da batutako entitateetako osoko bilkurek gehiengo osoz berrestea Batasunaren erabakia.

Batasunaren lurralde eremuak hura osatzen duten udalen mugapeak hartzen ditu.

3. artikulua. Une bakoitzean zein udalek duen burutza, hantxe izanen da Batasunaren egoitza, eta toki entitate horren bulegoetan eginen dira bilkurak.

Batasuna osatzen duten udal guztiak beharturik daude Batasunari erabiltzera uztera bai beren egoitzak, haren organo kolegiatuen bilkurak egin ditzan, bai beren instalazio eta baliabide materialak, Batasunak berezko dituen lanak edo berari manatu zaizkionak egin ditzan.

4. artikulua. Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, hirugarren interesdunek Batasuneko edozein udali igortzen ahal dizkiote beren idatziak; kasuan kasuko Sarrera Erregistroan jartzen den datak izanen du balioa, Batasunera noiz igortzen den jakiteko.

5. artikulua. Helbide fiskala Burgiko Herriko Plaza, 1ean egonen da.

II. TITULUA

Batasunaren xedea, eskumenak eta ahalmenak

6. artikulua. Xedea.

Batasunaren xedea da bera osatzen duten udalerrien administrazio zerbitzuak bateraturik eman eta mantentzea, Idazkaritzako eta Kontu-hartzailetzako eginkizun publikoak direla eta.

Xede hori handitu edo aldatzeko Batasunaren erabakia beharko da, eta erabaki hori berretsi egin beharko dute batutako hiru entitateetako osoko bilkurek, gehiengo osoz.

7. artikulua. Plantilla organikoa.

Udalerri bakoitzeko Idazkaritza eta Kontu-Hartzailetzako eginkizun publiko eta beharrezkoak esleituko zaizkio Batasunaren plantilla organikoan horretarako eratzen den lanpostua betetzen duenari.

III. TITULUA

Indarraldia

8. artikulua. Indarraldia.

Batasuna 2017ko urtarrilaren 1ean hasiko da arau hauei jarraikiz funtzionatzen, baldin eta, data horren aurretik, Batasuneko hiru udaletako osoko bilkurek gehiengo osoz onetsi badituzte eta Batasunak eraketa bilkuran berretsi baditu.

Iraupen mugagabea du.

IV. TITULUA

Antolaketa eta funtzionamendua

9. artikulua. Organoak.

Organo hauei dagozkie Batasunaren gobernua eta administrazioa:

a) Batzarra.

b) Batasuneko burua.

c) Batasuneko buruordea.

10. artikulua. Batzar Orokorra.

Batasuneko Batzarrak Batasuneko udalerriak ordezkatuko ditu, eta entitate bakoitzak ordezkari bat izanen dute bertan.

Batasuneko udal bakoitzak boto bat izanen du.

Entitate bakoitzeko alkateak izanen dira Batzarreko berezko kideak, eta horiek zilegi izanen dute beren ordez beste pertsona bat bidaltzea eta botoa haren esku uztea, kasuan kasuko udalbatzako kidea izan ala ez. Eskuordetze hori Alkatetzaren ebazpen bidez eginen da, eta bilkura hasi aurretik aurkeztu beharko da.

Bilkurara joaten direnek teknikari edo aholkulari baten laguntza izan dezakete landuko diren gaien arabera, baina aholkulari horiek ez dute botorik izanen; zein gaietarako deitzen zaien, horien eztabaidan arituko dira, baina Batasuneko buruak eskatuz gero soilik.

Nafarroako toki entitateek erabakiak hartzeko duten araubideari jarraituz hartuko dira erabakiak. Horrenbestez, oro har, emandako botoen gehiengo soilaz onartuko dira erabakiak, eta Batasuneko buruak kalitateko botoa izanen du; hala, berdinketa izanez gero, bigarren bozketa eginen da, eta berdinketa hausten ez bada buruaren kalitateko botoak erabakiko du.

Botoen gehiengo kualifikatuaren aldeko botoa beharko da, legeak hala agintzen duenean.

Batasunaren xedea edo arau hauek aldatu edo handitzeko, aho batez hartu beharko da erabakia, eta Batasunak bere xedea betetzeko duen ohiko funtzionamendutik kanpoko edozein erabaki ere aho batez hartuko da. Entitate bakoitzeko osoko bilkurek gehiengo osoz onetsi beharko dituzte erabaki horiek.

Burutzak eginen du bilkuretarako deia, eta eguneko gai zerrenda finkatuko du. Deialdi arruntak bi egun lehenago gutxienez jakinarazi beharko dira, eta bilkurako gai zerrenda finkatuko dute. Oro har, hiruhileko bakoitzeko azken hilabeteko hirugarren ostiraletan eginen dira bilkurak (martxoa; ekaina; iraila; abendua). Zilegi izanen da bilkura ez egitea aztertu beharreko gairik ez dagoenean, non ez duen eskatzen egin dadila entitateetako bateko alkateak, gai zerrenda zehaztuta; halakoetan, Batasuneko buruak bilkurarako deia eginen du. Bilkura zein egunetan eskatzen den, ez da hamabost egun baliodun baino gehiago atzeratuko, eta eguneko gai zerrenda eskatzaileak aipatzen duena izanen da. Burutzak aukera izanen du egokiak iruditzen zaizkion gaiak gehitzeko.

Bilkurak balioa izan dezan, Batasuneko bi udalek gutxienez egon behar dute bertan.

11. artikulua. Batasuneko burutza.

Burutza txandakakoa izanen da; entitate bakoitzeko alkateak hartuko du bere gain, hurrenkera honen arabera: lehenbizi Burgikoak, gero Bidankozekoak eta ondoren Gardekoak, eta txanda bakoitza urtebetekoa izanen da. Bi mila eta hamazazpiko urtarrilaren batean Burgiko alkateak hartuko du burutza; bi mila eta hemezortziko urtarrilaren batean Bidankozeko alkateak; bi mila eta hemeretziko urtarrilaren batean Gardeko alkateak, eta horrela hurrenez hurren.

Urte bakoitzean burutza duen entitateak Batasunaren eskura jarriko ditu bere lokalak bilkurak egiteko, baita baliabide materialak ere; urte horretan burutza duen entitateko paper ofiziala, zigiluak eta abar erabiliko dira, eta herri horretan egonen da Batasunaren egoitza. Salbuespena da paper tinbreduna, zeina entitatearen funtzionamendua hasi aurretik eskatuko baitzaio Nafarroako Gobernuan eskuduna den departamentuari, Batzarren bilkuren aktak inprimatzeko.

12. artikulua. Batasuneko buruordetza.

Burutza duen entitateko lehenbiziko alkateordea izanen da buruordea, non ez duen alkateak Alkatetzaren ebazpena ematen, udalbatzako beste kide bat izendatzeko buruorde.

Buruordeari dagokio buruaren ordez aritzea haren zeregin guztietan, hura kanpoan edo eri dagoenean edo eskudantziak erabiltzea galarazten dion ezintasunen bat duenean; orobat, buruaren eginkizunak beteko ditu kargu hori hutsik dagoenean, buru berria izendatu arte.

V. TITULUA

Idazkaritzako eta Kontu-hartzailetzako zerbitzu bateratua

13. artikulua. Idazkaritzako eta Kontu-hartzailetzako kontratuaren subrogazioa.

Bi mila eta hamazazpiko urtarrilaren batean, Batasuna subrogatu eginen da gaur egun Burgiko Udalak, Batasuna ordezkatuz, María Díaz Castillo andrearekin hitzartua duen lan kontratuari dagokionez; indarra izaten segituko du gaur egungo baldintza beretan, eta langileak eskuratuak dituen eskubideak izaten segituko du (antzinatasuna etab.).

14. artikulua. Idazkaritzako eta Kontu-hartzailetzako zerbitzuaren banaketa.

Idazkariaren lanaldia gaur egun bezalaxe banatuko da aurrerantzean ere: 3 lanaldi Burgin (astelehena, osteguna eta ostirala), 1 Garden (asteartea) eta 1 Bidankozen (asteazkena), eta gastuak proportzio berean hainbanatuko dira (Gardek zati bat ordainduko du, Bidankozek beste bat eta Burgik hiru).

Proportzio horiek aldatu nahi izanez gero, adostu egin beharko dute aldaketa proposatzen duen aldeak eta ondorioa jasanen lukeenak.

Aurreko lerroaldearen kasuan, aldaketari buruzko adostasunik ez dagoenean, arau hauek ezarriko dira:

–Entitate batek zerbitzuaren prestazioan aldaketa bat proposatzen badu, eta proposamen berriaren arabera, zerbitzuaren eta bere kostuaren %33,3 (zerbitzu eta kostu osoaren herena) baino gutxiago hartzen badu bere gain, eta entitateak ez badira horri buruz ados jartzen, proposamenak ez du aurrera eginen; hala bada, entitate bakoitzak zerbitzua jasotzen eta bere kostua ordaintzen segituko du, proposamena aurkeztu aurreko proportzio berean.

–Aitzitik, aldaketa proposatzen duenak zerbitzuaren eta bere kostuaren %33,3tik gorako portzentajea badu, eta hori murriztea eskatzen badu, beste bi udalek zati berdinetan hartu beharko dute beren gain, betiere aldaketa horrek ez badakar berarekin proposamena egin duen entitateak %33,3tik beherako portzentajea hartzea.

15. artikulua. Idazkaritzako eta Kontu-hartzailetzako zerbitzuaren eginkizunak.

Idazkariari dagokio Batzarraren bilkuren akta jasotzea; orobat, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 238. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako eginkizunak betetzea, eta aplikatu beharreko gainerako xedapenak, bai bere ekimenez, bai kasuan kasuko Alkatetzen erabakiz; edo Burutzak edo Batzarrak bere eskumenak erabiliz agindurik.

Organikoki Batasunaren mende egon arren, bertako udalerrietako alkateek beren udalerriko zerbitzuak egiteko eskatzen ahal diote. Eginkizunak ez betetzearen ondorioz diziplinazko falta egiten bada, diziplinazko prozedura irekitzeko eskumena Batasuneko organo eskudunak izanen du, alkate kaltetuak eskaturik.

V. TITULUA

Ordezko araubidea

16. artikulua. Ordezko legeria.

Arau hauetan berariaz aurreikusi ez den orotan, Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren gaineko araudia aplikatuko da modu osagarrian.

Iragarkiaren kodea: L1613460