10. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BIURRUN-OLKOTZ

Udal ordenantza, Euskara ikasteko diru-laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Biurrun-Olkozko Udalak, 2016ko urriaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen euskara ikasteko diru-laguntzak arautzen dituen udal ordenantza, 2016ko 220. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren 15ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Biurrun-Olkotzen, 2017ko urtarrilaren 4an.–Alkatea, Pablo Labiano Jauregui.

ORDENANTZA, EUSKARA IKASTEKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da euskara sustatzeko diru-laguntzak arautzea. Udal honek emanen ditu laguntza horiek, euskara ikasteko ikastaroak egiten dituzten pertsonei.

2. artikulua. Baldintzak.

Diru-laguntza horiek jasotzeko eskubidea izanen dute udalerri honetako 16 urtetik gorako bizilagunek, erroldatuta baldin badaude gutxienez ere eskaeraren data baino urtebete lehenagotik eta udal mugapeko kontzejuetako batean egiazki bizi baldin badira. Helduendako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateek emandako ikastaroak egin behar dituzte.

Matrikulatutako ikastaroan bertaratze kopuruak %80tik gorakoa izan beharko du.

Eskatutako baldintza guztiak betetzen ez dituztenen eskaerak baloratzen ahalko ditu Udalak, horiek ordenantza honetako ikastaroetako bat egiten baldin badute.

3. artikulua. Lagunduko diren ikastaroak.

Diru-laguntzei dagokienez, lehentasuna emanen zaie euskara ikasteko ikastaro homologatu estentsiboei, trinkoei eta barnetegiei. Urteko aurrekontuak aukera ematen badu, bigarrenez, udako unibertsitateko euskarazko ikastaroak ere diruz laguntzen ahalko dira.

Eskualdearen barruan ematen baldin badira ikastaro horiek, entitate sustatzaileek Udalaren berariazko diru-laguntza izanen dute, udalerriko bizilagunen gastuak ordaintzeko erabiliko baita.

4. artikulua. Diru-laguntzen zenbatekoa.

Oro har, matrikularen kostu osoaren %50 izanen da, gehienez ere 250 euro pertsonako.

Langabezian edo gizartean bazterturik geratzeko arriskuan egonez gero aurrekoa baino %20 gehiago jasotzen ahalko da, gehienez ere 300 pertsonako.

Diru-laguntzen zenbateko osoa Udalaren aurrekontuan deialdirako erreserbatutako diru kopurua baino handiagoa baldin bada, deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta diru-laguntzen onuradun direnen artean hainbanatuko da.

5. artikulua. Laguntzarik jaso ezin dutenak.

Ez dira inola ere gastutzat hartuko garraioari eta materialari dagozkienak. Lehenago diru-laguntzarik jaso duten ikastaroak baino maila altuagoa ez duten ikastaroek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

Administrazio Publikoan lan egiten duten udalerriko bizilagunek, Administrazioko euskara ikasteko programetan parte hartzen badute, ezin izanen dute diru-laguntzarik jaso.

6. artikulua. Epeak.

Diru-laguntza eskatzen ahalko da urte bakoitzeko irailaren 1etik hurrengo urteko abuztuaren 31ra bitarte egindako ikastaroetarako.

Eskabideak Udal Erregistroan aurkeztuko dira, urteko abenduaren 31 arte, deialdi publikoaren ondoren.

Epe hori ezin da luzatu eta ez da eskaerarik onartuko epetik kanpo.

7. artikulua. Aurkeztu beharreko agiriak.

Agiri guztiak jatorrizkoak izanen dira edo Udalak egiaztatuak. Eskatzaileen datuak tratatuko dira Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

Ikasleak honako hau aurkeztu beharko du:

–Berariazko eskabidea.

–Nortasun agiriaren fotokopia.

–Ikastaroa antolatu duen entitatearen egiaztagiria. Horrek ikastaroaren ezaugarriak (iraupena, maila, ordu kopurua eta kostua) zehaztuko ditu eta matrikulan agertzen diren mailak ikasleak gainditu dituela egiaztatuko du.

–Matrikularen ordainagiria, matrikularen zenbateko osoa ordaindu dela egiaztatuko baitu.

–Diru-sarrera zer banku-libretatan jaso nahi duen, libreta haren lehenbiziko orrialdearen fotokopia.

–Langabezian egonez gero, SEPEk (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa) emandako diru-sarreren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

–Gizartean bazterturik geratzeko arriskuan egonez gero, errenta aitorpen negatiboa aurkeztu beharko da, baita Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen ziurtagiria ere.

8. artikulua. Eskaeren gaineko ebazpena eta ordainketa.

Ikastaroa bukatuta eta eskatutako agiri guztiak aurkeztuta Udalak diru-laguntza ordainduko du, Udaleko Euskara Zerbitzuak aldeko txostena egin, eta ahalmena duen udal organoak behar den ebazpena eman ondoren.

Udalean diru-laguntzaren onuradunaren ez ordaintzeren bat agertzen bada, horren zenbatekoa kenduko zaio jaso beharrekoari.

9. artikulua. Eskatzailearen betebeharrak.

–Udalari diruz lagunduriko ikastaroetan gertatzen diren aldaketa garrantzizko guztien berri ematea, nahitaez.

–Ebaluatzaileen lana erraztea.

–Diruz lagundutako ikastaroak eskatzen dituenak arrazoi beragatik beste erakunde baten diru-laguntza jasotzen badu, horren berri eman beharko dio berehala Udalari eta Udaleko Batzordeak erabakiko du diru-laguntzaren zenbatekoa.

10. artikulua. Ez-betetzeak.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak laguntza emateko ebazpena aldatzea edo deuseztatzea ekarriko du berarekin.

Iragarkiaren kodea: L1700126