10. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARAS

Datu pertsonalen fitxategiak sortzeko erabakia

Arasko Udalak, 2016ko abenduaren 2an egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen, bertzeak bertze:

Arasko Udalak erabaki du fitxategi bat sortzea, kontratuekin lotutako datuak erregistratzeko: bai langileak kontratatzearekin bai era guztietako obra, zerbitzu eta horniduren kontratuekin lotutakoak.

Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 20. artikuluak ezartzen duenez, administrazio publikoen fitxategiak sortu, aldatu eta kentzeko nahitaezkoa da xedapen orokor bat, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratuko dena.

Fitxategiak sortu edo aldatzeko xedapenetan alderdi hauek zehaztu beharko dira:

–Fitxategiaren helburua eta eman nahi zaizkion erabilerak.

–Datuen iturri diren pertsona edo taldeak edo datu horiek ematera beharturik daudenak.

–Datu pertsonalak biltzeko prozedura.

–Fitxategiaren oinarrizko egitura, eta hartan sarturik dauden datu pertsonalen deskribapena.

–Datu pertsonalen lagapena eta, halakorik bada, hirugarren herrialdeendako aurreikusten diren datu eskualdaketak.

–Fitxategiaren ardura duten administrazioen organoak.

–Zer zerbitzu edo unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak.

–Segurtasun neurriak, zehaztuz nolakoak diren: oinarrizko mailakoak, maila ertainekoak edo handikoak.

Fitxategiak kentzeko ematen diren xedapenetan fitxategien xedea ezarriko da, edo nola suntsitu behar diren adieraziko da, hori xedatuz gero.

Lehenbizikoa.–Fitxategi hau sortzea, deskripzio eta ezaugarri hauekin:

Kontratuen fitxategia:

Xede eta erabilera aurreikusiak: langileen kontratazioen kudeaketa, zerbitzu, obra, hornidura eta laguntzen kontratuen esleipenak, aplikatzeko den legeriaren arabera.

Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunek emanda, dagokien kontratua esleitzeko aurkezten diren agiriekin batera.

Ukitutako norbanakoak edo taldeak: enplegu deialdietan parte hartzen dutenak eta Udalak kontratuak esleitzeko sustatzen dituen lehiaketetan parte hartzen dutenak. Kontratistak.

Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio datuak: NANa, izen-deiturak, helbidea, telefonoa, sinadura.

Inguruabar sozialen datuak.

Ikasketa eta lanbide datuak.

Ezaugarri pertsonalen datuak.

Informazio pertsonaleko datuak.

Enpleguaren gaineko datuak.

Datu ekonomikoak, finantzarioak eta aseguruenak.

Tratamendurako erabilitako sistema: mistoa.

Datuen komunikazioa: udal webgunea, Nafarroako kontratazio ataria, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 97. artikuluan ezarriarekin bat.

Organo arduraduna: Arasko Udala.

Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Arasko Udala.

Segurtasun maila: oinarrizkoa.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta xedatzea zehaztutako fitxategia dagokion erregistroan inskriba dadila Datuak Babesteko Espainiako Agentzian.

Arasen, 2016ko abenduaren 5ean.–Alkatea, Francisco Javier Murguiondo Marquínez.

Iragarkiaren kodea: L1613887