10. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

23E/2016 EBAZPENA, abenduaren 5ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen zaio proiektu honi: lurrak botatzea Zuriaingo harrobi zaharrean. Sustatzailea Apezetxea Anaiak SL da.

2016ko urriaren 19an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Aipatu foru dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere jasoko duela. Horri dagokionez, azaroaren 28an Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak honako hau adierazi zuen txosten bidez:

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 111. artikuluan xedatuari jarraikiz, eskatutakoa baimendutako jardueratzat har daiteke. Baimendutako jarduera eta erabilerak udal eskumenaren esparrukoak dira eta ez dute lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar (aipatu foru legearen 117. artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen (Ur Konfederazioa, Ingurumeneko Departamentua, Herri Lan Zuzendaritza Nagusia...) lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Hauxe da proiektatutako jarduketa: jatorri naturaleko lurrak botatzea eta zabaltzea, 1.600 m³, abandonatutako harrobi zahar bat lehengoratzeko, Esteribarko udal mugapeko 7. poligonoko 90. lurzatian, C azpilurzatian, Zuriaindik hurbil. Sareak eta zoladura berritzeko Eugin egin diren lanetatik heldu dira lurrak, baita Gendulaina joateko errepideko zoladura berritzeko lanetatik ere.

Zuriain eta Gendulain lotzen dituen errepidean dago sarbidea. Espediente honen xede den lurzoruan bada errepide abandonatu bat, non utzi izan baitira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak eta hondeatze-lanetako lurrak. Harrobiak bi maila ditu: goitikoan hondeatze-lanetako lurren geruza bat dago.

Espedientean dago Esteribarko Udalak emandako aldeko txostena, azaroaren 8koa, jarduketa baimentzeko modukoa dela dioena.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Zuriaingo harrobi zaharrean lurrak botatzeko proiektuari, Esteribarko udal mugapean. Sustatzailea Apezetxea Anaiak SL da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Honako lurrak onartuko dira bakar-bakarrik: “Eugiko sareak eta zoladura berritzeko proiektua” izeneko obretatik eta Gendulaingo errepidea berritzeko lanetatik datozen hondeaketa-lurrak (LER kodea: 170504). Gainera, lur horiek 2003/33/EE Erabakian hondakin inerteetarako zehaztutako ezaugarriak bete beharko dituzte.

–Hau izanen da lurrak botatzeko ukituko den lurzati bakarra: Esteribarko udal mugapeko 7. poligonoko 90. lurzatia, C azpilurzatia, kareharriko harrobi abandonatu bat dagoen lekuan.

–Lehengoratze helburua lortzeko, jarduketa metodo hau erabiliko da: lehenik, balorizatzen ahal diren zaborrak kenduko ditu hondakinen kudeatzaile baimendu batek. Ondoren, harrobiko goitiko mailan lurrak zabalduko dira, gaur egungo betegarrien forma leuntzeko, harrobi zaharreko ezpondekin hobeki harmonizatzeko, baita beheitiko mailara doan ezpondan ere, malda txikitzeko.

–Ondoren, behetiko mailan botako dira lurrak, maila horretatik jaisten den ezpondako landaredia naturala ukitu gabe, salbu ezponda horretako iparraldeko muturrean dagoen eraispen-hondakinen eta lurren isurpen bat.

–Metro batetik bi metrora bitarteko altuerako geruzaka botako dira beti lurrak, eta ongi trinkotu beharko dira, makineria egokiarekin.

–Adierazitako azken topografiara iritsita, bukatutako gainazalak berriz profilatu eta harriak kendu ondoren, kalitatezko landare-lurreko geruza bat zabalduko da, 20 cm-koa. Geruza horretako azkeneko lurrak ez badu landare-lurraren berezko ezaugarririk, substratua gehitu beharko da, materia organikoarekin.

–Landareztatze lanetan, belar-espezieetako haziak ereinen dira. Gainera, eremuan hobeki integratzeko, zuhaitzak landatuko dira, Pinus sylvestris espeziearen zuhaitz-landareekin, harrobiko bi mailetan, 1 m x 1 m neurriko landaketa markoarekin. Bi urteko bermea izan beharko dute landaketek.

–Sustatzaileak eraikuntza eta eraispen obretako hondakinen kudeatzaile baimena atera beharko du, eta, lurrak lehengoratu beharreko harrobian pilatzen hasi aurretik, ziurtatu beharko du bertatik kendu direla eraikuntza eta eraispen obretako hondakinen harri zatiak, lurren jatorrizko obretan sortu direnak, eta fluxutik kenduko ditu hondeaketa lurren definizioa betetzen ez duten hondakin guztiak. Departamentu honen Hondakinen Atalari komunikatuko zaio lurren lekualdaketa.

–Proposameneko lanak gauzatzeko 3 hilabeteko epean eginen dira gehienez, andeatutako eremua itxi eta lehengoratzeko obrak hasten direnetik. Obra bukaerako txostena aurkeztu beharko da, harrobia lehengoratzeko lanen azken emaitza erakusten duen dokumentazio grafiko nahikoa erantsita.

–Zuriaini trabarik ez egiteko, 9:00-14:00 ordutegian garraiatuko dira lurrak herrian barna.

–Inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, eta abar) sustatzaileak Basozaintzari abisu eman behar badio, mezu elektronikoa bidaliko dio Aezkoa-Kintoa barrutiko Basozaintzari (ogfoaequ2@cfnavarra.es).

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Esteribarko Udalari, Basozaintzari (Aezkoa-Kintoa barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko abenduaren 5ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1613950