10. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

579/2016 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleendako laguntzen deialdia onesten duena 2016-2017 ikasturterako.

Aukera berdintasunaren printzipioa sustatzea da deialdi honen helburua, bekak eta laguntzak bitartekorik eraginkorrenetakoak baitira printzipio hori gauzatzeko.

Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu da 2016-2017 ikasturterako hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleendako laguntzen deialdia onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleendako laguntzen deialdia onestea 2016-2017 ikasturterako, 1. eranskinaren oinarriekin bat.

2. Gehienez ere 180.000 euroko gastua baimentzea: 165.000 euro Haur Hezkuntzarako, Lehenengo Hezkuntzarako eta Bigarren Hezkuntzarako, eta 15.000 euro derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzarako, 2017ko gastuen aurrekontuetan “Hezkuntza bereziko bekak eta laguntzak” izeneko 425004-42190-4809-322400 kontu-sailaren baliokidea den kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalera, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Eskolatze Bulegora, Argibide eta Agiri Bulegora, Beka Bulegora eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentrora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko abenduaren 30ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA - DEIALDIAREN OINARRIAK

I.–Hezkuntza bereziko bekak

Lehendabiziko oinarria.–Onuradunak.

Hezkuntza bereziko bekak: xedea da behar duten eskatzaileei laguntzea Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan, herrietako Hezkuntza Bereziaren Gela Alternatiboetan (AA), erdibideko unitateetan/garapenaren nahaste orokorreko unitateetan (UT/TGD), Curriculum Bereziko Unitateetan (UCE), Hasierako Lanbide Kualifikazio Bereziko programetan (PCPIE), Oinarrizko Lanbide Heziketa Berezia (FPBE) eta entzuteko nahiz mugitzeko desgaitasuna duten ikasleentzako Lehentasunezko Integrazio Zentroetan edozein maila edo gradutako ikasketak egiteagatik sortutako gastua finantzatzen, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko (CREENA) taldeek proposaturik.

Bekak kontzeptu hauengatik eskatzen ahal dira:

–Jantokia.

–Garraioa.

–Egoitza.

Bigarren oinarria.–Onuradunen baldintzak.

1. Horretarako baldintzak betetzen badira, Hezkuntza Ministerioaren beka eskatua izatea 2016-2017 ikasturterako. Baldintza horiek betetzen ez badira, edo beka horien epean salbuespenezko inguruabarrengatik betetzen ez badira, eskatzaileak arrazoi hori behar bezala frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du, eta batzorde teknikoak baloratu beharko du.

Beka ukatu bazaio, arrazoia hauetako bat ez izatea:

a) Deialdi horretan agiriak aurkezteko epeak ez betetzea.

b) Eskabideko oinarrizko datuak ez betetzea edo lehiaketa erabaki ahal izateko beharrezkoa diren agiriak, eskatu bazaio ere, ez aurkeztea.

Bestela, beka automatikoki ukatuko da.

2. Beka horiek eskatzeko lehendabiziko oinarrian kasu bakoitzerako aipatutako hezkuntza premia bereziak aurkeztu beharko dira eta eskaera egiten denean helbidea Nafarroan izan beharko da.

3. Adinari buruzko baldintza: ikasleek hirutik hogeita bat urte bitarteko adina izanen dute 2016ko abenduaren 31n.

4. Ezinbesteko baldintza da 2015-2016 ikasturteko deialdian eskatu ziren egiaztagiriak aurkeztu izana, deialdi horretako bekarik edo laguntzarik jaso bada, eta aurreko ikasturteetako beketatik deus ere itzultzekorik ez izatea.

5. Diru-laguntza jaso ahal izateko, atal honetan adierazitako kontzeptuetarako gastuak 2016ko irailetik 2017ko ekainera bitarte egin beharko dira.

Hirugarren oinarria.–Onuradun izateko betebehar ekonomikoak.

1. Beka jasotzen ahalko dute 2015. urtean 10.000 euroko per capita errenta familiarra gainditu ez duten familia unitateetako kideek, edo 2015. urtean pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztu beharrik izan ez duten familia unitateko kideek. Per capita errenta lortuko da familia unitateko kideen errentaren aitorpenetako zerga-oinarri guztien batuketari kenduz ezkontidearen alde ordaindutako konpentsazio pentsioak –epaileak agindu dituenak–, horrelakorik badago, eta gero, diru-kopuru hori familia unitatea osatzen duten kideen kopuruarekin zatituz. Familia unitateko kide ez izanda ere, aitorpenean kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten kideen kasuan, haien errenta aitorpenaren zerga-oinarriaren %50 baino ez da gehituko.

2. Betebehar hori ez da eskatuko Hezkuntza Bereziko zentroetarako eskola garraioaren beken kasuan.

3. Salbuespen gisa, 1. puntuko baldintza ekonomiko hori ez da aintzat hartuko, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak (CREENA) proposatuta, herrietako Hezkuntza Bereziaren Gela Alternatiboetan (AA) eta erdibideko unitateetan/garapenaren nahaste orokorreko unitateetan (UT/TGD) eskolatuta dauden ikasleentzako jantokiko beken kasuan.

4. Aitortu beharrari dagokionez eta aurreko atalek aipatzen dituzten gainerako kontzeptuetarako, indarra duen legerian xedatutakoari lotuko zaio.

5. Eskabidea aurkezten den egunerako, 2015. urteko diru-sarrera aitortuak asko murriztu baldin badira, familia unitatean errentak jasotzen dituzten kideetako bat hil delako edo lanerako ezintasun nahiz langabezia egoeran dagoelako, eskatzaileak hori espresuki adieraziko du eskabideari erantsitako orri batean eta, horrekin batera, egoera berria frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, deialdia ebazteko izendatutako batzordeak baloratu ahal izateko.

6. Onuradun izateko, eskatzailearen familia unitateko kide guztiek zerga arloko betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan eskatzen diren baldintza guztiak bete.

7. Bekarako eskaera aurkezteak berarekin dakar Hezkuntza Departamentuari baimena ematea ondareari eta errentei buruz behar dituen datuak Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren bidez lortzeko.

Laugarren oinarria.–Bekak. Gehieneko zenbatekoak.

1. Aurreko baldintzak betez gero, hezkuntza bereziko bekak kontzeptu hauengatik ematen ahalko dira, gehieneko diru kopuru hauek gainditu gabe:

a) Jantokia (mantenu erdian): 300 euro gehienez. Herrietako Hezkuntza Bereziaren Gela Alternatiboetan (AA) eta erdibideko unitateetan/garapenaren nahaste orokorreko unitateetan (UT/TGD) ez da kontuan hartuko muga hori.

b) Garraioa: zerbitzu honen erabileraren ondorioz sortutako gastuaren arabera zehaztuko da.

Garraiobidea ibilgailu partikularra bada eta eskatzaile batzuek konpartitzen badute, gasturako beka eskatzaile horien artean banatuko da.

c) Egoitza: 1.800 euro gehienez, baldin familiaren etxetik ikastetxera 30 kilometrotik gora badago. Laguntza hau eta jantokiko beka edo laguntza bateraezinak dira.

2. Bekak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Diruz lagundu daitekeen aurrekontu aurkeztuaren %100ekoa izanen da diru-laguntza beken kasuan, betiere aurreko puntuetan modalitate bakoitzerako zehazten diren mugak izanik. Onartutako eskaerek gainditzen badute deialdi honetarako baimendutako gehieneko gastua, salbuespen gisa, bekak emateko proposamenak onuradunen artean hainbanatuko du diru-laguntzari esleitutako gehieneko zenbatekoa.

Bosgarren oinarria.–Aurkeztu beharreko eskaera eta agiriak.

1. Beken eskaerak inprimaki baten bidez (karpeta) aurkeztuko dira. Inprimaki hori ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan (Iruñeko San Domingo kalea, zk.g.), Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroaren web orrian (http://creena.educacion.navarra.es) edo Nafarroako Gobernuko zerbitzuen katalogoan eskura daiteke, eta oso-osorik bete beharko da aintzakotzat hartu izateko.

2. Beken eskaerei agiri hauek erantsi behar zaizkie:

a) Aitaren, amaren edo tutorearen NANaren fotokopia.

b) Familia liburu osoaren fotokopia. Ikaslearen gurasoak bereizirik edo dibortziaturik baldin badaude edo tutoreak baldin badauzka, ikaslea eskabidea egin duenaren mende dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio.

c) Eskatzailearen familia unitateko kideek 2015ean aurkeztutako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenen fotokopia osoa. Zaintza partekatua denean, bi gurasoen aitorpenen fotokopia.

d) Beka zer kontzeptutarako eskatzen den, horiengatik familiak hilabetero eta 2016ko irailetik 2017ko ekainera bitarte pagatzen duen zenbatekoa berariaz agertzen duen egiaztagiria.

e) Familiaren bizilekuaren ziurtagiria (errolda).

f) Eskatzailearen familia unitateak, legez beharturik ez egoteagatik, 2015. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin ez badu, eskabideari ondokoa erantsi beharko zaio:

f.1) Besterendako lanean ari direnen, pentsiodunen edo langabeen kasuan, 2015. urtean izandako diru-sarreren frogagiria, kasuan kasuko enpresak edo erakundeak luzatua.

f.2) Enpresaburuen, nekazarien eta profesional liberalen kasuan, 2015. urtean izandako diru-sarrera gordinen aitorpena.

3. Edonola ere, betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko zaizkie eskatzaileei.

II.–Hezkuntza laguntzako berariazko premiak
dituzten ikasleendako laguntzak

Lehendabiziko oinarria.–Onuradunak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Hezkuntzan eskolatuta dauden honako hezkuntza laguntzako berariazko premia hauek dituzten ikasleendako laguntzak:

–Desgaitasun psikiko, fisiko, zentzumenezko edo mugitzeko nabarmenari lotutako hezkuntza premia bereziak.

–Portaeraren nahaste larriak.

–Bere ikastetxeko prestakuntza osatzeko jarduerak behar dituzten adimen gaitasun handiak.

–Logopediako arreta behar duen mintzamenaren berariazko nahastea edo arlo horretako atzerapen larria.

–AFN-H (arreta faltagatiko nahasmendua eta hiperaktibitatea) curriculumean bi ikasturteko edo gehiagoko atzerapenarekin.

–Curriculumean bi kurtsoko edo gehiagoko atzerapena ekarri duten ikasteko berariazko zailtasunak.

Kasu horietan guztietan, txosten psikopedagogikoa eta, kasua bada, txosten medikoa beharko da.

Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

–Lehen Hezkuntzako lehen zikloan teknika instrumentalak ikasteko laguntzak.

–Ospitaleetan edo etxean berean arreta emateko programetan laguntzen zaien ikasleendako laguntzak.

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako logopediako laguntzak.

–Ahotsaren eta erritmoaren nahasteetarako laguntza logopedikoa (disfoniak, disfemiak...).

–Psikoterapiako tratamenduak, psikomotrizitateko tratamenduak, fisioterapiako tratamenduak edo optometriako tratamenduak. Eskolatik kanpoko bestelako tratamenduak.

Kasu guztietan, curriculuma egokituz edo aniztasunarekiko arretarako ohiko edo ohiz kanpoko baliabide pertsonalen bidez ikastetxean bertan jorratzen ahal diren arazoak geratzen dira laguntzatik kanpo.

2. Desgaitasuna izanik derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan ari diren ikasleentzako laguntza: Zentzumenezko edo mugitzeko desgaitasuna edo nahaste psikiatriko larriak dituztenen ikasleak, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean eskolatuta badaude, laguntza pedagogiko berezia edo garraio egokitua behar dutenean. Honako hauek dira derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzak: Batxilergoa, Oinarrizko Lanbide Heziketa, maila ertaineko eta goi mailako Lanbide Heziketa, maila ertaineko eta goi mailako Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak eta maila ertaineko eta goi mailako Kirol Ikasketak.

Bigarren oinarria.–Onuradunen baldintzak.

1. Horretarako baldintzak betetzen badira, Hezkuntza Ministerioaren laguntza eskatua izatea 2016-2017 ikasturterako. Baldintza horiek betetzen ez badira, edo laguntza horien epean salbuespenezko inguruabarrengatik betetzen ez badira, eskaerak arrazoi hori behar bezala frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du, eta batzorde teknikoak baloratu beharko du.

Laguntza ukatu bazaio, arrazoia hauetako bat ez izatea:

a) Deialdi horretan agiriak aurkezteko epeak ez betetzea.

b) Eskabideko oinarrizko datuak ez betetzea edo lehiaketa erabaki ahal izateko beharrezkoa diren agiriak, eskatu bazaio ere, ez aurkeztea.

Bestela, laguntza automatikoki ukatuko da.

2. Laguntza horiek eskatzeko, ezinbestekoa da lehenbiziko oinarrian kasu bakoitzerako jasotzen diren hezkuntza premia bereziak izatea eta eskaera egiten denean helbidea Nafarroan izatea.

3. Adinaren baldintzak:

a) Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituztenendako laguntzak jasotzeko, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn matrikulatuta dauden ikasleek 3tik 18 urte bitarteko adina izanen dute 2016ko abenduaren 31n.

b) Derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzarako laguntzak jasotzeko, ikasleek 16tik 21 urte bitarteko adina izanen dute 2016ko abenduaren 31n.

4. Ezinbesteko baldintza da 2015-2016 ikasturteko deialdian eskatu ziren egiaztagiriak aurkeztu izana, deialdi horretako bekarik edo laguntzarik jaso bada, eta aurreko ikasturteetako beketatik edo laguntzetatik deus ere itzultzekorik ez izatea.

5. Diru-laguntza jaso ahal izateko, oinarri honetan adierazitako kontzeptuetarako gastuak 2016ko irailetik 2017ko ekainera bitarte egin beharko dira.

Hirugarren oinarria.–Onuradun izateko betebehar ekonomikoak.

1. Laguntza jasotzen ahalko dute 2015. urtean 10.000 euroko per capita errenta familiarra gainditu ez duten familia unitateetako kideek, edo 2015. urtean pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztu beharrik izan ez duten familia unitateko kideek. Per capita errenta lortuko da familia unitateko kideen errentaren aitorpenetako zerga-oinarri guztien batuketari kenduz ezkontidearen alde ordaindutako konpentsazio pentsioak –epaileak agindu dituenak–, horrelakorik badago, eta gero, diru-kopuru hori familia unitatea osatzen duten kideen kopuruarekin zatituz. Familia unitateko kide ez izanda ere, aitorpenean kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten kideen kasuan, haien errenta aitorpenaren zerga-oinarriaren %50 baino ez da gehituko.

2. Aitortu beharrari dagokionez eta aurreko atalek aipatzen dituzten gainerako kontzeptuetarako, indarra duen legerian xedatutakoari lotuko zaio.

3. Eskabidea aurkezten den egunerako, 2015. urteko diru-sarrera aitortuak asko murriztu baldin badira, familia unitatean errentak jasotzen dituzten kideetako bat hil delako edo lanerako ezintasun nahiz langabezia egoeran dagoelako, eskatzaileak hori espresuki adieraziko du eskabideari erantsitako orri batean eta, horrekin batera, egoera berria frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, deialdia ebazteko izendatutako batzordeak baloratu ahal izateko.

4. Onuradun izateko, eskatzailearen familia unitateko kide guztiek zerga arloko betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan eskatzen diren baldintza guztiak bete.

5. Bekarako eskaera aurkezteak berarekin dakar Hezkuntza Departamentuari baimena ematea ondareari eta errentei buruz behar dituen datuak Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren bidez lortzeko.

Laugarren oinarria.–Laguntzak. Gehieneko zenbatekoak.

1. Aurreko baldintzak betez gero, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleendako laguntzak kontzeptu hauengatik ematen ahalko dira, gehieneko diru kopuru hauek gainditu gabe:

2. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo DBHko ikasleendako laguntzak:

a) Hezkuntza premietarako laguntza: 1.300 euro gehienez.

b) Gaitasun handia dutenendako laguntza: 700 euro gehienez.

c) Garraioa: 500 euro gehienez, laguntza zentroa 8 km baino urrunago dagoenean bizilekutik.

3. Desgaitasuna izanik derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan ari diren ikasleentzako laguntzak:

a) Laguntza: 1.500 euro gehienez.

b) Garraioa: 500 euro gehienez, laguntza zentroa 8 km baino urrunago dagoenean bizilekutik.

4. Laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Diruz lagundu daitekeen aurrekontu aurkeztuaren %100ekoa izanen da diru-laguntza, betiere aurreko puntuetan modalitate bakoitzerako zehazten diren mugak izanik. Onartutako eskaerek gainditzen badute deialdi honetarako baimendutako gehieneko gastua, salbuespen gisa, laguntzak emateko proposamenak onuradunen artean hainbanatuko du diru-laguntzari esleitutako gehieneko zenbatekoa.

Bosgarren oinarria.–Aurkeztu beharreko eskaera eta agiriak.

1. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleendako laguntzen eskaerak inprimaki baten bidez (karpeta) aurkeztuko dira. Inprimaki hori ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan (Iruñeko San Domingo kalea, zk.g.), Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroaren web orrian (http://creena.educacion.navarra.es) edo Nafarroako Gobernuko zerbitzuen katalogoan eskura daiteke, eta oso-osorik bete beharko da aintzakotzat hartu izateko.

2. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzako ikasleendako laguntzen eskaerei honako agiri hauek erantsi beharko zaizkie:

a) Aitaren, amaren edo tutorearen NANaren fotokopia.

b) Familia liburu osoaren fotokopia. Ikaslearen gurasoak bereizirik edo dibortziaturik baldin badaude edo tutoreak baldin badauzka, ikaslea eskabidea egin duenaren mende dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio.

c) Eskatzailearen familia unitateko kideek 2015ean aurkeztutako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenen fotokopia osoa. Zaintza partekatua denean, bi gurasoen aitorpenen fotokopia.

d) Beka zer kontzeptutarako eskatzen den, horiengatik familiak saio batean, hilean eta urtean pagatzen duen zenbatekoa berariaz agertzen duen egiaztagiria.

e) Familiaren bizilekuaren ziurtagiria (errolda).

f) Eskatzailearen familia unitateak, legez beharturik ez egoteagatik, 2015. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin ez badu, eskabideari ondokoa erantsi beharko zaio:

f.1) Besterendako lanean ari direnen, pentsiodunen edo langabeen kasuan, 2015. urtean izandako diru-sarreren frogagiria, kasuan kasuko enpresak edo erakundeak luzatua.

f.2) Enpresaburuen, nekazarien eta profesional liberalen kasuan, 2015. urtean izandako diru-sarrera gordinen aitorpena.

3. Hezkuntza laguntzako premia bereziak dituzten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo DBHko ikasleendako laguntzen eskaerei honako agiri hauek ere erantsi beharko zaizkie:

a) Ikastetxeko orientatzailearen txostena. Bertan adierazi behar da ikasleak nolako hezkuntza premia berezia duen, laguntzaren helburuak zeintzuk diren eta zergatik behar duen ikastetxetik kanpoko laguntza.

b) Laguntza eman behar duen entitatearen txostena, programaren laburpena eta dagokion ikastetxearekiko koordinazioa aipatuta, eta laguntzaren kostuaren aurrekontua ziurtatzen duen agiria.

c) Garraioaren hileroko kostuaren aurrekontua, laugarren oinarrian, 2. puntuan, c atalean, aipatzen den garraiorako laguntza eskatzen denean.

4. Desgaitasuna izanik derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan aritzen diren ikasleentzako laguntza jasotzeko eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroak laguntza pedagogikoaren alde emandako txostena.

b) Minusbalioa kalifikatzeko ziurtagiria, ikusmeneko, entzumeneko edo mugimenduko desgaitasunaren gradua %33koa edo handiagoa dela adierazteko.

c) Osasun ziurtagiria, nahaste psikiatriko larriak dituzten ikasleen kasuan.

5. Edonola ere, betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko zaizkie eskatzaileei.

III.–Hezkuntza bereziko bekak eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleendako laguntzak. Oinarri komunak

Lehenbiziko oinarria.–Eskatutako agiriak eta eskaera aurkezteko tokia eta epea.

1. Eskatzaileak behar bezala betetako eskaera, bi ataletako bosgarren oinarrian zehazten diren agiriekin batera, ikastetxean aurkeztu beharko du, eta horrek inprimakian (karpeta) dagokion zatia beteko du, eta beharrezko dokumentazioa erantsiko. Tramitazioa hurrengo lerroaldeetan azaltzen den bezala eginen da:

Hezkuntza Departamentuko erregistroan (San Domingo kalea, zk.g. - 31001 Iruña) aurkeztuko da, edo araudi aplikagarriak baimentzen duen beste bide batez.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen xedapen indargabetzaile bakarrean xedatutakoarekin bat, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan xedatutakoak indarrean jarraitzen du, eskaeren aurkezpenari dagokionez.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.nafarroa.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, erregistro orokor elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

2. Hezkuntza bereziko bekak eta laguntzak emateko deialdi honetako eskabideak eta betebeharren egiaztagiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Zuzentzeko epea. Eskaerak aurreko ataletan adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, batzordeak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluaren arabera.

Bigarren oinarria.–Organo eskudunak.

1. Hezkuntzako zuzendari nagusiak emanen ditu Hezkuntza bereziko bekak eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleendako laguntzak, ebazpen baten bidez, ebaluazio batzordeak egindako txostenaren arabera, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpen proposamena egin ondoren.

2. Batzorde hori ondoko hauek osatuko dute:

a) Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.

b) Orientazio Bulegoko burua.

c) Hezkuntza Premien Bulegoko burua.

d) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko zuzendaria.

e) Komunitaterako Zerbitzuetako irakasle bat, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroari atxikia.

f) Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko APT bat (arlo juridikoa).

3. Hezkuntza Departamentuak, espedienteak ikusi eta horietan agertzen diren datuak egiaztatu ondoren, dokumentazioa, txostenak edo argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, beharrezkoak badira.

Hirugarren oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Deialdi honetako bekak eta laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako edozein organok, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek helburu beretarako emandako beka eta laguntzekin.

2. Hala ere, emandako laguntzak, bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Laugarren oinarria.–Prozedura eta erreklamazioak.

1. Eskaerak baloratu ondoren, batzordeak emanen diren laguntzen behin-behineko proposamena prestatuko du. Proposamen hori Nafarroako Gobernuko zerbitzuen katalogoan argitaratuko da eta eskatzaileak eskolatuta dauden ikastetxeei jakinaraziko zaie. Orobat, ikastetxeek familiei proposamen horren berri emanen diete. Horrez gain, emandako beka eta laguntzen zerrenda hori ikastetxean berean eta Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuan kontsultatzen ahalko da.

2. Behin-behineko balorazioarekin ados ez dauden eskatzaileek espedienteak berrikus ditzala eskatzen ahalko diote Hezkuntza Departamentuko Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari. Horretarako 10 egun balioduneko epea izanen da, ebazpena Nafarroako Gobernuko zerbitzuen katalogoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3. Ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, ebazpen bat onetsiko du, beka eta laguntza onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda dakarrena, bai eta aurkeztutako eta baietsitako erreklamazioen ondorioz egiten diren aldaketak ere. Ebazpena Nafarroako Gobernuko zerbitzuen katalogoan emanen da argitara. Beka eta laguntzen behin betiko zerrenda interesdunei eta eskatzaileak eskolatuta dauden ikastetxeei jakinaraziko zaie, eta Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuan jarriko da ikusgai.

4. Beka eta laguntza onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Bosgarren oinarria.–Beken eta laguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1. Bekak eta laguntzak jasotzeko, onuradunek gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte, 2017ko ekainaren 9a baino lehen ondoko agiri hauek aurkeztuta:

a) Garraio, jantoki eta egoitzako beken kasuan, ordainketa eskatu den egunera arte ikastetxera joan izanaren ziurtagiria, eta behar diren zenbatekoen ordainketan egunean izatearen ziurtagiria.

Garraioaren kasuan, honela eginen da:

–Eskola autobusa: ordainketaren ziurtagiria, ikastetxeak egina, pagatutako zenbatekoa zehaztuta.

–Garraio publiko edo familiarra: bertaratutako egunen gaineko ziurtagiria, ikastetxeak egina.

–Taxia: zerbitzu horrengatik ordaindutako fakturak.

b) Laguntzen kasuan, hura non eman zaion, ikastetxe horrexek edo behar bezala kreditatutako profesionalak luzatutako ziurtagiria, ondoko hau jasota: zer laguntza eman zaion, guztira zenbat saiotan, saio bakoitzaren iraupena, zer hilabetetan egin den eta guztira zenbat ordaindu den horregatik.

2. Beken eta laguntzen ordainketa Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez baimenduko da, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak proposaturik. Eskaera aurkezten denean ikaslea zein ikastetxetan eskolatua dagoen, hari ordainduko zaio zuzenean, eta hori arduratuko da onuradunen aitari, amari edo legezko tutoreei ordaintzeaz.

3. Nolanahi ere, beken eta laguntzen azken ordainketa egiteko, oinarri honetan zehazten diren frogagiriak aurkeztu behar dira.

Seigarren oinarria.–Laguntzak itzultzea.

1. Onuradunek edozein unetan gal ditzakete hartutako laguntzak; horretarako, eskabidean adierazi ziren eta laguntza emateko oinarritzat hartu ziren datuen egiazkotasuna frogatzeko espedientea ireki beharko da. Espediente hori Hezkuntza Departamentuak ireki eta ebatzi beharko du, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen duenaren arabera.

2. Espedientearen ondorioz laguntza itzuli behar dela erabakiz gero, hartutako diru-kopuruak itzuli beharko dira, galarazi gabe eskatzaileak izan litzakeen erantzukizun administratibo, zibil eta penalak.

Zazpigarren oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

II. ERANSKINA

Erantzukizuneko aitorpena

Bekaren eta/edo laguntzaren eskatzaileak sinatu beharko du behar bezala betetako eskaeraren inprimakia (karpeta), bere izenean edo pertsona/enpresa eskatzailea ordezkatuz. Bertan, aitortuko du:

1. Beste laguntza batzuk direla eta:

–Ikasturtean zehar kontzeptu beragatik jasotzen dituen laguntza guztien berri emateko konpromisoa hartzen duela.

2. Betebeharrak betetzea dela eta: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren egoeretatik bakar batean ez dagoela, hots:

–Epai irmoaren bidez ezarritako kondenaren ondorioz diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukeraz gabetua ez egotea.

–Konkurtso baten deklarazioa eskatu ez izana eta/edo prozeduraren batean kaudimengabea deklaratua ez izatea eta/edo konkurtso batean partaide gisa deklaratua ez izatea eta/edo esku-hartze judizialaren mende ez egotea eta/edo desgaitua ez izatea Konkurtsoei buruzko Legearen arabera, non eta konkurtsoa kalifikatu duen epaian finkatutako desgaikuntzaldia bukatu ez den.

–Administrazioarekin egindako edozein kontratu behin betiko suntsiarazi beharrean egon ez izana, horren errunduntzat deklaratua izanik.

–Pertsona fisikoa, merkataritza sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza daukatenak indarra duen araudian ezarritako bateraezintasun kasuetako batean ez egotea.

–Egoitza fiskala erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean ez izatea.

–Ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapenaren ondorioz, foru lege honetan edo tributuei buruzko lege orokorretan ezarritakoaren arabera diru-laguntzak lortzeko aukeraz gabeturik ez egotea.

–Nafarroako Foru Administrazioak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste diru-laguntza edo laguntza bat dela kausa irekitako diru-itzulketa edo zehapen prozedura batean sarturik ez egotea.

–Gizarte Segurantzarekiko zerga arloko betebehar guztiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak eguneratuak izatea.

3. Eskaera honetan jarritako datuen egiazkotasuna dela eta: datuak benetakoak direla eta, faltsuak edo desegokiak izanez gero, etor daitezkeen erantzukizun guztiak onartzen dituela eta ezjakintasuna alegatzeko bidea baztertzen duela.

4. Datuak gaurkotzea dela eta: hitzematen duela aitorpen honetan zehazten diren laguntzen gainean gertatzen den edozein aldaketa departamentu honi adieraziko diola idatziz, jakinarazten denetik 15 eguneko epean gehienez ere, eta helburu bererako laguntza eskatu dien gainerako entitate publikoei ere adieraziko diela.

5. Informazioa eskuratzea dela eta:

–Badakiela deialdia egin duen administrazio unitateak ahalmena duela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko datuak baliabide telematikoen bitartez eskatzeko, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 6. artikuluan (298. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 14koa) Erregistro eta jakinarazpen telematikoak eta, ziurtagiriak aurkeztu ordez, herritarrek egiten duten baliabide telematikoen erabilera arautzen dituen otsailaren 21eko 209/2003 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz (51. Estatuko Aldizkari Ofiziala, otsailaren 28koa).

–Badakiela inprimaki honetatik ateratzen diren datuak fitxategi automatizatu batean erregistratzen ahal direla, horien kudeaketa eta tratamendu estatistikoa hobeki egiteko asmoz.

Nahi izanez gero, datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak erabil daitezke legedian aitortutakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Teknikora Nagusira joz (San Domingo kalea, zk.g. - 31001 Iruña).

Iragarkiaren kodea: F1700010