10. ALDIZKARIA - 2017ko urtarrilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

214/2016 FORU AGINDUA, abenduaren 27koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana. Honen bidez sortzen da Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuari dagokion Egoitza Judizial Elektronikoa.

ATARIKOA

Justizia Administrazioan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea arautzen duen uztailaren 5eko 18/2011 Legeak berarekin ekarri du behin betiko onartzea informazioaren teknologien erabilera, herritarrena eta profesionalena, Justizia Administrazioarekin dituzten harremanetan, eta Justizia Administrazioak gainerako administrazio eta erakunde publikoekin dituen harremanetan.

Aipatutako legeko III. tituluak “egoitza judizial elektronikoa” definitzen eta arautzen du, eta, 9. artikuluarekin bat, honela definitzen da: “herritarrek telekomunikazio sareen bidez eskuratzen ahal duten helbide elektronikoa, zeinaren titulartasuna, kudeaketa eta administrazioa dagozkien justizia arloan eskumena duten administrazioei”.

Egoitza Judizial Elektronikoa ezartzearekin, zentralizatu nahi dira Nafarroako Justizia Administrazioaren eremuko bulego judizial bakoitzak ematen dituen prozedura eta zerbitzuak, horietarako sarbidea errazteko, eta, orobat, gune bat sortzeko non Justizia Administrazioak, herritarrek eta profesionalek erlazioa izanen duten, jarduera judizial baten esparruan, behar bezalako berme prozesalekin.

Aipatutako araugintzako testuaren 9. artikuluak hauxe dio: “justiziaren arloan eskumena duten administrazioek zehaztuko dute zein izanen diren egoitza judizial elektronikoak sortzeko baldintzak eta tresnak”. Dioenez, betiere Estatuko Aldizkari Ofizialean edo egoki den Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratutako xedapenaren bidez sortuko dira.

Nafarroako Justizia Administrazioaren eremuko sarbide-atariak eta erregistro elektronikoak juridikoki arautzeko, foru agindu hau prestatu da, eta honen aldeko txostena eman dute Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Administrazio Judizial Elektronikoaren Estatuko Batzorde Teknikoak, Estatuko Fiskaltza Nagusiak eta Datuak Babesteko Espainiako Bulegoak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

1. Foru agindu honen helburua da Nafarroako Egoitza Judizial Elektronikoa sortzea, uztailaren 5eko 18/2011 Legean ezarritakoa betetzeko (lege haren bidez arautu zen Justizia Administrazioan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea).

2. Egoitza Judizial Elektronikoaren bidez egin ahal izanen dira Justizia Administrazioaren autentifikazioa behar duten jarduketa, prozedura eta zerbitzu guztiak, edo Administrazio Justiziarekin dituzten harremanetan herritarren eta profesionalen autentifikatzea behar duten guztiak, baita beste jarduketa batzuk ere, baldin egoitzan sartzea erabakitzen bada.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Haren aplikazio eremuak honako hauek hartzen ditu: bulego judizialak, fiskaltzaren bulegoak eta Nafarroako Justizia Administrazioko beste zerbitzu batzuk, baita herritarrak eta profesionalak ere, bitarteko elektronikoen bidez haiekin erlazionatzen direnean.

3. artikulua. Egoitzaren helbide elektronikoa.

Egoitza judizial elektronikoaren erreferentziazko helbide elektronikoa hau izanen da: https://sedejudicial.navarra.es/.

4. artikulua. Egoitzaren titulartasuna eta kudeaketa.

a) Nafarroako Gobernuan justiziaren arloan eskumenak dituen departamentuari egokituko zaio Egoitza Judizial Elektronikoaren titulartasuna.

b) Justizia Zuzendaritza Nagusiarena izanen da egoitzaren kudeaketa teknologikoaren eskumena.

c) Justizia Zuzendaritza Nagusiak horretarako berariaz izendatutako organo administratiboek izanen dute erantzukizuna egoitza judizial elektronikoan herritarren eta profesionalen esku jarritako kudeaketa eta zerbitzuen gainean. Orobat, informazioa sortzen duen organoarena izanen da edukiaren erantzukizuna.

5. artikulua. Egoitzaren edukia.

1. Egoitza Judizial Elektronikoan sartzea aurreikusi diren edukiak hauek dira:

a) Honako hauek identifikatzea: egoitza, organo titularra eta kudeaketaren, eskura dauden zerbitzuen eta erator daitezkeen azpiegoitzen erantzukizuna duen organoa.

b) Egoitzan eskura dauden zerbitzu eta bitarteko elektronikoetara iristeko bideak identifikatzea, zehaztuz, behar denean, aipatutakoez gain horietara iristeko zer telefono eta bulego dauden.

c) Nafarroako Egoitza Judizial Elektronikoa zuzen erabiltzeko gida, eta mapa, zehaztuz zein den nabigatzeko egitura eta zer atal dauden.

d) Egoitzako ziurtagiriak egiaztatzeko sistema; zuzenean eta doan eskuragarri egon beharko da.

e) Nafarroako Egoitza Judizial Elektronikoan onar edo erabil daitezkeen sinadura elektronikoko sistemen zerrenda.

f) Egoitzaren bidezko erregistro elektronikoa edo elektronikoak sortzeko arauak.

g) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa, estekak emanez Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren egoitza elektronikorako eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren egoitza elektronikorako.

2. Nafarroako Egoitza Judizial Elektronikoak zerbitzu hauek izan behar ditu:

a) Egoitzan dauden zerbitzuen zerrenda.

b) Zerbitzuen gutuna eta zerbitzu elektronikoen gutuna.

c) Herritarrek Justiziaren aurrean dituzten eskubideen gutuna, herritarrek Justiziaren arloan dituzten hizkuntza eskubideen gutuna, eta Justiziaren arloan eskumena duen departamentuak, bere eginkizunen barnean, onesten dituen zerbitzuen gutunak (hauei buruzko zerbitzu gutunak: liburutegi judizialak, herritarren arretarako bulegoa, etab.).

d) Herritarrek eta profesionalek erabil ditzaketen, edo, behar denean, erabili behar dituzten bitarteko elektronikoen zerrenda, kasu bakoitzerako, Justizia Administrazioarekin komunikatzeko duten eskubidea gauzatzean.

e) Espedientearen tramitazio egoera ezagutzeko aukera, indarreko araudiak ezarritako moduan.

f) Jakinarazpen edo komunikazio elektronikoetarako sarbidea.

g) Bidezko denean, iragarki oholetan edo ediktuetan argitaratu beharreko ebazpen eta komunikazioak elektronikoki argitaratzea.

h) Elkarreragingarritasun eta segurtasuneko eskema judiziala betez lortutako adostasun eta bateragarritasun aitorpenak eta bestelako elkarreragingarritasun bereizgarriak argitaratzea.

i) Egoitzako organo eta erakunde publikoen zigilu elektronikoak egiaztatzea.

j) Egoitzako organo eta erakunde publikoek egindako agirien egiazkotasuna eta osotasuna egiaztatzea, egiaztatze kode seguruaren bidez autentifikatuz.

k) Egoitza zuzen erabiltzeko, erabiltzaileari elektronika arloko aholkularitza zerbitzuak ematea.

l) Inprimaki eta eredu normalizatuak argitaratzea, jarduketei edo prozedurei hasiera emateko, edo bere eskumeneko zerbitzuak eskatzeko.

m) Iradokizunak eta kexak egiteko esteka, Nafarroako Egoitza Elektronikoaren kudeaketari eta zerbitzuei dagokienez.

3. Zerbitzu berriak garatu ahala, egoitzan sartuko dira.

6. artikulua. Egoitzako zerbitzuetara iristeko bideak.

Egoitza Judizial Elektronikoko zerbitzu, jarduketa eta prozeduretara iristeko, honako bide hauek gaituko dira:

a) Sarbide elektronikorako, Internet bidez.

b) Telefono bidez eskaintzen diren zerbitzuetarako, telefonoak behar bezala argitaratuko dira egoitzan berean.

7. artikulua. Egoitza Judizial Elektronikoa arautzen duten printzipioak.

1. Honako printzipio hauei jarraikitzen zaie Nafarroako Egoitza Judizial Elektronikoa: publikotasuna, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna. Printzipio horiek uztailaren 5eko 18/2011 Legetik eratortzen dira (lege haren bidez arautu zen Justizia Administrazioan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea).

2. Egoitza Judizial Elektronikoan dagoen informazioaren konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta osotasuna bermatu beharko ditu Justizia Administrazioaren Zuzendaritzak, uztailaren 5eko 18/2011 Legetik eratortzen diren segurtasun irizpideekin bat (lege haren bidez arautu zen Justizia Administrazioan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea).

3. Orobat, datu pertsonalak babestearen arloari dagokionez indarreko araudian ezarritako segurtasun neurriak aplikatuko zaizkie egoitzaren bidez jasotako edo tratatutako datu pertsonalei.

8. artikulua. Iradokizunak eta kexak egiteko bitartekoak.

Egoitzako kudeaketa eta zerbitzuei buruzko iradokizunak eta kexak telematikoki aurkeztuko dira, uztailaren 5eko 18/2011 Legearen 9.2 artikuluan xedatuarekin bat, Egoitza Judizial Elektronikoko kexa eta iradokizun zerbitzuaren bidez.

9. artikulua. Eratorritako egoitza elektronikoak.

1. Nafarroako Gobernuan Justiziaren arloan eskumena duen departamentuak behar adina egoitza edo azpiegoitza judizial elektroniko eratorri sor ditzake, foru agindu honetan azaldutako eskumenen esparruan, uztailaren 5eko 8/2011 Legearen 10. artikuluko 3., 4., 5. eta 6. artikuluei jarraikiz.

2. Nafarroako Gobernuan justizia arloko eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez sortuko da edo dira, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da sorrera hori.

Xedapen gehigarri bakarra.–Bateragarritasuna eta elkarreragingarritasuna.

Nafarroako Foru Komunitateko egoitza judizial elektronikoak eta eratorritako egoitzek bermatuko dute sistema informatikoak bateragarriak direla eta elkarren artean elkarreragingarritasuna dagoela, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Administrazio Judizial Elektronikoaren Estatuko Batzorde Teknikoak ezarri bezala.

Xedapen iragankor bakarra.–Egoitza Judizial Elektronikoa funtzionamenduan jartzea.

Egoitza Judizial Elektronikoa gehienez sei hilabeteko epean jarriko da funtzionamenduan, foru agindu honek indarra hartzen duenetik.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko abenduaren 27an.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1614847