241. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2559/2016 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Funtzio Publikoko zuzendariak emana. Honen bidez ezartzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2013, 2014 eta 2015erako enplegu publikoaren eskaintza osatzen duten lanpostuetatik zer lanpostu sartuko den desgaitasunen bat duten pertsonentzako erreserba-txandetan.

Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina aldatzen duen apirilaren 10eko 13/2015 Foru Legeak, desgaitasuna duten pertsonak enplegu publikora sartzeari dagokionez, honakoa ezartzen du:

“1. Nafarroako Administrazio Publikoetako lan publikoaren eskaintzetan lanpostu hutsen %7 gutxienez gorde eginen da %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenentzat, betiere hautapen probak gainditzen badituzte eta, dagokion unean, aipatutako desgaitasun gradua eta bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin bateragarria dela frogatzen badute. Hala eginen da, helburua izanik lortzea, denboraren poderioz, desgaitasuna duten langileen kopurua Administrazio Publiko bakoitzeko langile guztien %2koa izatea.

Hautapen prozesuak egin ondotik, desgaitasuna dutenek bete gabe gelditzen diren lanpostu erreserbatuak hurrengo lan eskaintzako kupoari gehituko zaizkio, baina gehienez ere %10 izanen dira.

5. Desgaitasuna dutenentzako txandan 1. idatz-zatiaren arabera ezarritako lanpostu kopurutik %25 erreserbatu ahal izanen da, gehienez ere, adimen gaitasuna mugakoa duten edo atzerapen mental arina edo moderatua dutenentzat, betiere %33ko desgaitasuna edo handiagoa frogatzen badute. Erreserba berezi hori ezartzeko, nahitaezkoa izanen da horrelako desgaitasuna duten pertsonen berezitasunetarako egokiak diren lanpostu hutsak egotea enplegu publikoaren eskaintzan.”

Martxoaren 25eko 20/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2013ko, 2014ko eta 2015eko enplegu publikoaren eskaintza onetsi zen. Ondoren, irailaren 9ko 233/2015 Foru Dekretuaren bidez, 2013ko, 2014ko eta 2015eko enplegu publikoaren eskaintzako lanpostuen kopurua handitu zen. Azkenik, maiatzaren 4ko 27/2016 Foru Dekretuaren bidez, martxoaren 25eko 20/2015 Foru Dekretua aldatu zen, 2014ko eskaintza baliogabetu eta 2013ko eta 2015ekoa murriztu baitzen.

Martxoaren 25eko 20/2015 Foru Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen du Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez zehaztuko direla desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-txandak, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako erreserbak barne, sartzeko kasuan kasuko hautapen probak egiteko deialdiak onetsi aurretik, betiere Eskubide Sozialetako Departamentuko organo eskudunek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan desgaitasuna duten pertsonen sarrera sustatzeko Batzorde Mistoak horren gaineko txostena egin ondotik.

Aurrekoarekin bat, beraz, bidezkoa da 28 lanpostu huts erreserbatzea enplegu publikoaren eskaintzan desgaitasuna duten pertsonek bete ditzaten. Horietatik, 5 lanpostu huts erreserbatzen dira desgaitasun intelektuala dutenentzat eta 23 lanpostu huts, berriz, desgaitasun txandarentzat.

Eskubide Sozialetako Departamentuak beharrezko txostena egin du. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan desgaitasunak dituzten pertsonen sarrera sustatzeko Batzorde Mistoaren txostena onetsi da.

Hori dela eta, bidezkoa da %33ko edo handik gorako desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-txanden lanpostuak zehaztea, baita mugako adimen-gaitasuna edo atzerapen mental arin edo moderatua duten pertsonek betetzeko lanpostuak ere.

Horrenbestez, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2013, 2014 eta 2015erako enplegu publikoaren eskaintza osatzen duten lanpostuetatik honako hauek izanen dira %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba txandetan sartuko direnak:

–Hezkuntzako ikuskari bat.

–Bigarren Hezkuntzako hiru irakasle.

–8 maisu-maistra.

–5 erizain.

–BFE/Erradiodiagnostikoko alboko bat.

–BFE/Anatomia Patologikoko alboko bat.

–OOLTko pediatra bat.

–OOLTko bi mediku.

–Gizarte-langile bat.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2013, 2014 eta 2015erako enplegu publikoaren eskaintza osatzen duten lanpostuetatik, mugako adimen-gaitasuna edo atzerapen mental arin edo moderatua duten pertsonek honako hauek beteko dituzte erreserba-txandetan, betiere %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutela frogatzen badute:

–Zerbitzu orokorretako bat, E mailakoa, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako El Vergel zahar-etxeari atxikia. Plantilla organikoan 2815 zenbakia du.

–Garbitzaile bat, E mailakoa, Hezkuntza Departamentuko Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroari atxikia. Plantilla organikoan 30637 zenbakia du.

–Zerbitzu orokorretako langile bat, E mailakoa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Protokolo Atalari atxikia. Plantilla organikoan 97 zenbakia du.

–Zerbitzu anitzetako enplegatu bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitaleguneko Kanpoko Zainketen Unitateari atxikia. Plantilla organikoan 68946 zenbakia du.

–Zerbitzu anitzetako enplegatu bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitaleguneko Biltegi Orokorraren Unitateari atxikia. Plantilla organikoan 68940 zenbakia du.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko azaroaren 21ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

Iragarkiaren kodea: F1613440