241. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

601/2016 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, “Ziordiko hondakin uren tratamendua” izeneko proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onesten dituena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren irailaren 9ko 416/2016 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren hamabost egunez bai proiektua bai ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Epe horretan zenbait alegazio jaso dira. Hona hemen erantzunak:

1.–Adoración Zabala González eta José Luis Zabala González jaun-andreek, Ziordiko 2. poligonoko 806. lurzatiaren jabeek (ZI-11), hauxe alegatzen dute:

Haien iritziz, hustubidea egin daiteke zuzenean Milagro kalerantz bideratuta, egun tarte horretan proiektuak ukitzen dituen lurzatietako bakar bat ere okupatu gabe. Bigarren alegazioan adierazten dute ukitutako lurzatia hiri lurzoru finkatua dela, bizitegietarako erabilera duena, eta zortasuna beren finka erabiliz egiteko ideiari eutsiz gero baldintza batzuk bete beharko direla, hala nola, zortasunaren zabalera mugatu eta akotaturik uztea tokian bertan, zortasuna finkaren eraikigarritasunerako oztopo ez izatea, erregistro kutxetarik ez paratzea eta aldi baterako okupazioa ez izatea hiru hilabetetik gorakoa.

Alegazioari erantzunez adierazten da saneamenduko hustubidea ezin dela egin Milagro kaletik, haren bitartez biltzen diren saneamenduko harguneak proiektatutako trazadura osoan zehar kokaturik daudelako.

Aipatutako gainerako baldintzei dagokienez, hau esan daiteke:

Zortasunaren zabalera 3 metrokoa da, metro eta erdiko tarteekin banatuta hodiaren bi aldeetan. 806. lurzatian, hodia zuzen joanen da ZIOP11 eta ZIOP12 putzuen artean, eta lurrean ikusgai egonen dira lanak amaitu ondoren.

3 metroko zortasunak bide zortasunerako ezarritako eraikigarritasun muga berberak izanen ditu. Egungo planeamendua begiratuta, eraikitzeko lerroa lurzatiaren mugatik 4 metrora dago, eta beraz hustubidearen zortasunetik kanpo geldituko litzateke.

Gainera, proiektuaren arabera 806. lurzati horretan ez dago ez kutxetatik ez putzurik.

Azkenik, aldi baterako okupazioa lanak egin bitartekoa izanen da, hau da 10 hilabetekoa. Halere, ahaleginak eginen dira denbora hori ahalik eta laburrena eta kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen; eta lanak hasi aurretik jakinaraziko da hasiera.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.–“Ziordiko (Nafarroa) hondakin uren tratamendua” izeneko proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onestea, eta aurkeztutako alegazioak ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Ziordiko herriko etxeko iragarki oholetan argitaratzea. Orobat, iragarki bat argitaratuko da Foru Komunitateko egunkari batean.

3. Ebazpen hau Ziordiko Udalari eta alegatzaileei jakinaraztea. Horrekin batera, adieraztea administrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2016ko azaroaren 25ean.–Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

Iragarkiaren kodea: F1613891