1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
17E/2016 EBAZPENA, azaroaren 11koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Tuterako Mejanako (Nafarroa) putzuetan ura hartzeko sistema hobetzeko proiekturako, Tuterako Udalaren Uren Batzordeak sustaturik.
2016ko irailaren 27an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko K epigrafean sartua dago, hots, “Nekazaritzarako ur baliabideak kudeatzeko proiektuak eta ureztalurrak ezarri, finkatu eta hobetzeko proiektuak” izenekoan. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 2016ko urriaren 31n egindako txostenean adierazi du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 111. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskatutakoa baimendutako jardueratzat har daitekeela. Baimendutako jarduerak eta erabilerak udalaren eskumenekoak izanik, ez da beharrezkoa foru lege horren 117. artikuluan lurzoru urbanizaezinerako aurreikusitako jardueraren baimena.
Jarduketak badu ingurumen ukipenetarako baimena, Ingurumen Kalitatearen zuzendariak azaroaren 17an emandako 0538/2008 Ebazpenaren bidez emana, izan ere, ebazpen horren bidez ingurumen ukipenetarako baimena eman zen Tuterako Mejanako (Nafarroa) putzuetan ura hartzeko sistema hobetzeko proiekturako, Tuterako Udalaren Uren Batzordeak sustaturik. Nolanahi ere, ebazpen hori eman zenetik bi urte baino gehiago igaro direnez, baimena iraungia eta baliorik gabe dagoela ulertzen da.
Oraingo eskaera proiektu bererako denez, eta egiaztatu denez baimen hartan ezarritako baldintzak berrikustera behartzen duen inguruabar berririk ez dagoela, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena eman dio espedienteari, ingurumen ukipenetarako baimena emateko ebazpenean ezarritako baldintza guztiak beteta.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Tuterako Mejanako (Nafarroa) putzuetan ura hartzeko sistema hobetzeko proiekturako, Tuterako Udalaren Uren Batzordeak sustaturik.
2. Baimenari Ingurumen Kalitatearen zuzendariak azaroaren 17an emandako 0538/2008 Ebazpenean jasotako baldintza berberak aplikatuko zaizkio, izan ere, ebazpen horren bidez ingurumen ukipenetarako baimena eman zen Tuterako Mejanako (Nafarroa) putzuetan ura hartzeko sistema hobetzeko proiekturako; gaur den egunean baimen hori iraungia eta baliorik gabe dagoela ulertzen da.
3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Tuterako Udalari, Basozaintzari (Tuterako barrutiari) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko azaroaren 11n.–Udalen Hirigintza Planeamendurako Ataleko burua (Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren ordezkoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 767/2016 Ebazpenaren bidez), Rafael Araujo Guardamino.
Iragarkiaren kodea: F1612791