241. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

523/2016 EBAZPENA, abenduaren 1ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean, 2017-2018 ikasturtean, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan eskolaldi etengabearen eta eskolaldi malguaren ezarpena arautzen duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 120.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ikastetxeek, beren autonomia baliatuta, hainbat alderdi lantzen ahal dituzte: esperimentazioak, lan-planak, antolatzeko moduak, bizikidetza-arauak, eskola-egutegia edo arloen zein irakasgaien eskola-ordutegia zabaltzea; betiere hezkuntza-administrazioek ezartzen dituzten baldintzetan egingo dute, eta aplikatzekoa den araudiak, baita lanari buruzkoak ere, ahalbidetzen duen neurrian. Edonola ere, familiei ez zaie ekarpenik egin beharra ezarriko, ezta hezkuntza-administrazioei eskakizunik egingo ere.

Eskolaldia, oro har, zatitua da, eta goizeko eta arratsaldeko saioak ditu, asteko egun batean izan ezik (egun horretan goizeko saioak daude bakarrik). Ikastetxeek pedagogiaren eta antolakuntzaren aldetik duten autonomia aplikatuz, aukera ematen zaie lanaldi hori berrikusteko, ikastetxe batzuetako hezkuntza sektoreen eskaerei erantzuna emateko.

Eskaera horien jatorrian gizartean, laneko ordutegi eta baldintzetan, etengabe gertatzen diren aldaketak daude. Horien ondorioz, gizarte ohitura berriak agertzen dira, eta hauek, kasu batzuetan, desadostasunak sortzen dituzte ezarritako eskolako ordutegiekin.

Horregatik, ebazpen honen bidez, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeei aukera eman nahi die eskolaldia aldatzeko, hala eskatzen badute, nagusiki ikasleen eta familien interesetara, beharretara eta ezaugarrietara egokitzeko.

Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariaren txostena ikusirik, Nafarroako Foru Komunitatean Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan eskolaldi etengabea eta eskolaldi malgua ezartzeko prozedura arautzen duten jarraibideak onestearen aldekoa.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean, 2017-2018 ikasturtean, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan eskolaldi etengabea (curriculum arloetako saioak goizean eta beste jarduera batzuk arratsaldean) ezartzeko prozedura arautzeko jarraibideak onestea, I. eranskineko garapenarekin bat.

2. Nafarroako Foru Komunitatean, 2017-2018 ikasturtean, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan eskolaldi malgua (curriculum arloetako saioak goizean eta arratsaldean, astelehenetik ostiralera, asteazkeneko arratsaldea eta asteko beste arratsalde bat libratuz) ezartzeko prozedura arautzeko jarraibideak onestea, II. eranskineko garapenarekin bat.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Plangintzaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Unibertsitateen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016ko abenduaren 1ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan eskolaldi etengabea ezartzeko prozedura arautzeko jarraibideak

1.–Eskolaldi etengabea.

1. Eskolaldi etengabearen modalitatean, ikasleei eskolak goizez ematen zaizkie, astelehenetik ostiralera, eta nahitaezko programa bat dago ikasleei arratsaldeetan ere arreta emateko (zerbitzu osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak), asteko lau arratsaldetan.

2. Ikasleek, ikasturte guztian zehar, gutxienez 25 irakastordu izanen dituzte astean, jolas orduak barne. Horien eguneko iraupena, gehienez, 40 minutukoa izanen da.

3. Eskolaldiaren berezitasuna kontuan hartuko da ordutegi orokorra diseinatzeko, eta bai ordutegiak bai eskola-egutegiak Hezkuntza Departamentuak gai horietaz urtero ematen dituen arauetako baldintzak bete beharko dituzte.

4. Eskolaldi etengabea antolatzeko, kontuan hartuko dira, lehentasunez, ikasleen eta beren familien interesak, beharrak eta ezaugarriak.

5. Ikasturteko arlo bakoitzerako erabiltzen den ordutegia ez da txikiagoa izanen, guztira, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 2ko 51/2014 Foru Aginduan orokorki ezarritakoa baino.

6. Jantokiko eta eskolako garraio zerbitzuen jarraipena bermatu beharko da, zerbitzu horiek partekatzen dituzten ikastetxeekin koordinatuz. Zerbitzu osagarrien ordutegia ezin izanen da aldatu ikasleen kalterako.

7. Ikastetxe publikoetan, eskolaldi etengabea ezartzeak ez du inoiz ekarriko ez giza baliabideak ez funtzionamendu gastuak handitzea. Ikastetxe pribatu itunduetan, eskolaldi etengabea ezartzeak ez du inoiz ekarriko Hezkuntza Departamentuak ematen dien finantzazioa aldatzea.

8. Eskolaldi etengaberako baimena aldi baterako izanen da, 2017-2018 ikasturterako hain zuzen ere, eta hurrengo ikasturtean planteatu beharko da ea jarraipena ematen zaion edo bertan behera uzten den.

9. Arratsaldeetan ikastetxeak eskolaz kanpoko jarduerak antolatu beharko ditu, eta ikasleentzat borondatezkoak izanen dira. Jarduera horien barnean honako hauek izanen dira, besteak beste: eskola-errefortzua, ikasketa gidatua, biharamunerako etxeko lanak egiteko aukera, hizkuntzekin lotutako jarduerak, teknologia berrien aplikazioa eta kirol jarduerak. Denbora horretan, ikastetxeko zuzendaritzak bermatuko du ikastetxeko irakasleak izanen direla jardueretan, arduradun eta/edo parte-hartzaile gisa.

10. Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleen ordutegia eta ikasleek ikastetxean egon beharreko ordutegia bereizi eginen dira. Eskolaz kanpoko jardueretan arduradun edo parte-hartzaile gisa ematen dituzten orduak irakastordu gisa zenbatuko dira.

11. Ikastetxeko irakasleez gain, jarduera horietan familiak, erakundeak, udalak eta kultur eta kirol entitateak ere inplika daitezke.

2.–Prozedura.

1. Ezin izanen dira aldi berean aurkeztu eskolaldi etengabera aldatzeko proiektua eta eskolaldi malgura edo zatitura aldatzekoa.

2. Zuzendaritza taldeak eginen du eskolaldi etengabearen proiektua, eta, hartan, honako hauek agertuko dira, gutxienez:

a) Denbora antolatzeko modu berriarekin proposatzen diren helburu orokorrak.

b) Ikastetxearen ordutegi orokorra.

c) Ikastetxeko hezkuntza mailak.

d) Ikasleen eskola-ordutegia.

f) Irakasleen eskolaldiaren banaketa. Zehaztuko dira arratsaldeko eskolaz kanpoko jardueren antolamenduan duten inplikazioa eta parte-hartzea.

g) Ikastetxeko jardueretan parte hartzen duten erakundeen, entitateen eta taldeen zerrenda, ekartzen duten finantzaketa eta haien antolaketaren eta garapenaren arduradunak.

h) Zerbitzu osagarrien planifikazioa. Eskolaldi etengabeak jantokiko zerbitzuaren erabileran izanen duen eragina eta eskolako garraioa duten ikastetxeen arteko koordinazio neurriak, ikasleen sarrera eta irteera orduei dagokienez.

i) Arratsaldeko eskolaz kanpoko jardueren zerrenda.

j) Eskolaldi etengabearen jarraipen eta ebaluazio plana.

3. Eskolaldi etengabearen proiektua ezkutuko bozketan onetsi beharko da, eta ikastetxeko irakasle guztien hiru bosten beharko dira horretarako, klaustro berezirako deia eginik. Bozketaren akta eginen da, III. eranskineko ereduaren arabera. Akta jendaurrean paratuko da, ikastetxean.

4. Aurreko puntuan ezarritako baldintza bete beharko du proiektuak, eta, horretaz gain, Eskola Kontseiluan boto eskubidea dutenen bi herenek onetsi behar dute, bilkura berezian. Horretan ere, ezkutuko bozketa izanen da. Bozketaren akta eginen da, IV. eranskineko ereduaren arabera. Akta jendaurrean paratuko da, ikastetxean.

5. Eskola Kontseiluak proiektuari ematen dion onespena (aurreko atalean ezarritakoaren arabera, betiere) behin-behinekoa izanen da, eta idatziz komunikatuko zaie familiei, garaiz, V. eranskineko ereduaren arabera. Bozketaren eguna baino dezente lehenago, bilera bat eginen da, eta, bertan, zuzendaritza taldeak eskolaldia aldatzeko proiektua eta hori egiteko arrazoia azalduko die familiei, bai eta Hezkuntza Departamentuan aurkeztu baino lehen egin beharreko prozedura ere. Ondoren xedatutakoaren arabera eginen da bozketa:

a) Zuzendaritza taldeak prestatuko du boto-emaileen errolda, ikastetxean matrikulatutako ikasleen familiekin edo legezko ordezkariekin, kanpoan utziz eskolaldia aldaketak ukitzen duen azken ikasmailakoak (ikastetxean ematen den oinarrizko hezkuntzan).

b) Familia bakoitzak edo, kasua bada, legezko ordezkariek, eskubidea dute ordezkatzen duten ikasle bakoitzeko boto bat izateko.

c) Boto-paperean honako galdera hau eginen da:

Ados al zaudete eskolaldia aldatzeko proiektuarekin, eskolaldi etengabea izan dadin?

BAI

EZ

d) Bozketa egiteko, errolda osatzen dutenei bozkatzeko eskubidea errazten dien ordutegia erabiliko da.

e) Botoa zuzenekoa da, isilpekoa eta inork ezin dio beste inori utzi.

f) Familiei bozketaren egunaren berri ematea. Proposamenari dagokionez jarrera desberdinak dituztenen ordezkariek gutxienez hiru eskola egun izanen dituzte, bozketaren aurretik, ikastetxean bilerak egiteko eta horietara deitzeko. Han, beren jarrerak azaltzeko eta defendatzeko aukera izanen dute.

g) Ikastetxean bozketa mahai bat eratuko da, honela osatua: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu izanen dena; idazkaria; eta Eskola Kontseiluko ordezkari bat, gurasoen sektorekoa, borondatez parte hartu nahi duena. Borondatez parte hartu nahi duten batzuk badaude, edo bat ere ez badago, zozketa bidez hautatuko da ordezkari hori. Gurasoen sektoreak ordezkari batzuk izan ditzake, bozketaren egunean txandaka aritzeko.

h) Aurreko d) atalean xedatutakoaren ordez, botoa postontzi batean sartzen ahalko da. Zuzendaritza taldeak horretarako espresuki jarriko du, eta bere ardurapean egonen da. Bi gutun-azal erabiliko dira: kanpokoan, boto-emailearen izena, NANa eta sinadura eta ordezkatzen duen haurraren izena eta ikasmaila agertu beharko dira. Gutun-azal horren barnean beste gutun-azal bat jarriko da, itxita, boto-papera barnean sartuta. Bozketa presentziala bukatutakoan, idazkariak emanen dizkio mahaiari postontzian sartutako botoak. Geroago iristen diren botoak ez dira kontatuko. Halaber, boto presentziala eman dutenek postontzian ere botorik eman badute, postontziko boto horiek ere ez dira zenbatuko.

i) Mahaikideek botoak zenbatu ondoren, emaitzen akta eginen da, VI. eranskinarekin bat, eta ikastetxean paratuko da, ikusgai. Aktaren kopia bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da.

j) Behin betiko onespena lortzeko, beharrezkoa izanen da eskolaldia aldatzearen alde agertzea errolda guztiko hiru bosten gutxienez. Erroldan ikastetxeko ikasle guztiak sartuko dira, kanpoan utziz ikastetxean ematen den oinarrizko hezkuntzako azken ikasmailakoak.

3.–Onespena.

1. Ikastetxeko zuzendariak, betebeharrak bete direla egiaztaturik, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendutako eskabide baten bidez, eskatuko du eskolaldia aldatzeko. Beranduenez 2017ko urtarrilaren 24an aurkeztuko du eskabidea. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Eskolaldia aldatzeko proiektua.

–Irakasleen klaustroaren bilkuraren akta, eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz hartutako erabakiaren emaitza adieraziko duena.

–Eskola Kontseiluaren bilkura bereziaren akta, eskolaldia aldatzeko proiektua behin-behinekoz onesten duena.

–Eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz ikasleen familiek edo legezko ordezkariek egindako bozketaren emaitzaren akta.

2. Hezkuntzako zuzendari nagusiak, ikastetxeak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ebazpen bat emanen du eskolaldiaren aldaketa baiesteko edo ezesteko.

3. Baimendutako ikastetxeek, “Educa” kudeaketa programaren bidez, ikastetxeko ordutegi orokorra aldatu beharko dute hurrengo ikasturterako.

4.–Jarraipena eta ebaluazioa.

1. Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren bidez, zainduko du eskolaldi etengabe berria ongi gauzatzen dela.

2. Halaber, ikastetxeko Eskola Kontseiluak eskolaldi etengabearen barneko ebaluazio bat eginen du, berak ezarritako parametroei jarraikiz.

3. Eskolaldia aldatzeko baimena duten ikastetxeetako zuzendaritza taldeek, bukaerako memorian, eskolaldi berriaren funtzionamenduari buruzko azterketa agertuko dute.

II. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan eskolaldi malgua ezartzeko prozedura arautzeko jarraibideak

1.–Eskolaldi malgua.

1. Eskolaldi malguaren modalitatean eskolak goizez eta arratsaldez ematen dira, salbu asteazkenean eta asteko beste egun batean; bi egun horietan goizez izanen dira, eta bost saio emanen dira.

2. Ikastetxe publikoetan, irailean eta ekainean, ikasleentzako eskolaldiak 20 ordu izanen ditu astean, jolas orduak barne. Ikasturteko gainerako hilabeteetan ikasleen eskolaldiak gutxienez 26 ordu izanen ditu astean, jolas orduak barne.

3. Ikastetxe pribatu itunduetan, ikasleek, ikasturte guztian zehar, gutxienez 25 irakastordu izanen dituzte astean, jolas orduak barne. Ikastetxeak irailerako eta ekainerako aukeratzen badu ikasleentzat astean 20 orduko eskolaldia izatea, jolas orduak barne, ikasturteko gainerako hilabeteetarako ikasleen eskolaldia gutxienez 26 ordukoa izanen da astean, jolas orduak barne.

4. Ikastetxeko eskola-egutegiak ikastetxeen eskola-egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko jarraibideak urtero arautzen dituen ebazpeneko baldintzak bete beharko ditu.

5. Eskolaldi malgua antolatzeko, kontuan hartuko dira, lehentasunez, ikasleen eta beren familien interesak, beharrak eta ezaugarriak.

6. Ikasturteko arlo bakoitzerako erabiltzen den ordutegia ez da txikiagoa izanen, guztira, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 2ko 51/2014 Foru Aginduan orokorki ezarritakoa baino.

7. Jantokiko eta eskolako garraio zerbitzuen jarraipena bermatu beharko da, zerbitzu horiek partekatzen dituzten ikastetxeekin koordinatuz. Zerbitzu osagarrien ordutegia ezin izanen da aldatu ikasleen kalterako.

8. Ikastetxe publikoetan, eskolaldi malgua ezartzeak ez du inoiz ekarriko ez giza baliabideak ez funtzionamendu gastuak handitzea. Ikastetxe pribatu itunduetan, eskolaldi malgua ezartzeak ez du inoiz ekarriko Hezkuntza Departamentuak ematen dien finantzazioa aldatzea.

9. Eskolaldi etengaberako baimena aldi baterako izanen da, 2017-2018 ikasturterako hain zuzen ere, eta hurrengo ikasturtean planteatu beharko da ea jarraipena ematen zaion edo bertan behera uzten den.

2.–Prozedura.

1. Ezin izanen dira aldi berean aurkeztu eskolaldi malgua aldatzeko proiektua eta eskolaldi etengabera edo zatitura aldatzekoa.

2. Zuzendaritza taldeak eginen du eskolaldi malguaren proiektua, eta, hartan, honako hauek agertuko dira, gutxienez:

a) Denbora antolatzeko modu berriarekin proposatzen diren helburu orokorrak.

b) Ikastetxearen ordutegi orokorra.

c) Ikastetxeko hezkuntza mailak.

d) Ikasleen eskola-ordutegia.

e) Zerbitzu osagarrien planifikazioa. Eskolaldi malguak jantokiko zerbitzuaren erabileran izanen duen eragina eta eskolako garraioa duten ikastetxeen arteko koordinazio neurriak, ikasleen sarrera eta irteera orduei dagokienez.

f) Jarraipen eta ebaluazio plana.

3. Eskolaldi malguaren proiektua ezkutuko bozketan onetsi beharko da, eta ikastetxeko irakasle guztien hiru bosten beharko dira horretarako, klaustro berezirako deia eginik. Bozketaren akta eginen da, VII. eranskineko ereduaren arabera. Akta jendaurrean paratuko da, ikastetxean.

4. Aurreko puntuan ezarritako baldintza bete beharko du proiektuak, eta, horretaz gain, Eskola Kontseiluan boto eskubidea dutenen bi herenek onetsi behar dute, bilkura berezian. Horretan ere, ezkutuko bozketa izanen da. Bozketaren akta eginen da, VIII. eranskineko ereduaren arabera. Akta jendaurrean paratuko da, ikastetxean.

5. Eskola Kontseiluak proiektuari ematen dion onespena (aurreko atalean ezarritakoaren arabera, betiere) behin-behinekoa izanen da, eta idatziz komunikatuko zaie familiei, garaiz, IX. eranskineko ereduaren arabera. Bozketaren eguna baino dezente lehenago, bilera bat eginen da, eta, bertan, zuzendaritza taldeak eskolaldia aldatzeko proiektua eta hori egiteko arrazoia azalduko die familiei, bai eta Hezkuntza Departamentuan aurkeztu baino lehen egin beharreko prozedura ere. Ondoren xedatutakoaren arabera eginen da bozketa:

a) Zuzendaritza taldeak prestatuko du boto-emaileen errolda, ikastetxean matrikulatutako ikasleen familiekin edo legezko ordezkariekin, kanpoan utziz eskolaldia aldaketak ukitzen duen azken ikasmailakoak (ikastetxean ematen den oinarrizko hezkuntzan).

b) Familia bakoitzak edo, kasua bada, legezko ordezkariek, eskubidea dute ordezkatzen duten ikasle bakoitzeko boto bat izateko.

c) Boto-paperean honako galdera hau eginen da:

Ados al zaudete eskolaldia aldatzeko proiektuarekin, eskolaldi malgua izan dadin?

BAI

EZ

d) Bozketa egiteko, errolda osatzen dutenei bozkatzeko eskubidea errazten dien ordutegia erabiliko da.

e) Botoa zuzenekoa da, isilpekoa eta inork ezin dio beste inori utzi.

f) Familiei bozketaren egunaren berri ematea. Proposamenari dagokionez jarrera desberdinak dituztenen ordezkariek gutxienez hiru eskola egun izanen dituzte, bozketaren aurretik, ikastetxean bilerak egiteko eta horietara deitzeko. Han, beren jarrerak azalduko eta defendatuko dituzte.

g) Ikastetxean bozketa mahai bat eratuko da, honela osatua: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu izanen dena; idazkaria; eta Eskola Kontseiluko ordezkari bat, gurasoen sektorekoa, borondatez parte hartu nahi duena. Borondatez parte hartu nahi duten batzuk badaude, edo bat ere ez badago, zozketa bidez hautatuko da ordezkari hori. Gurasoen sektoreak ordezkari batzuk izan ditzake, bozketaren egunean txandaka aritzeko.

h) Aurreko d) atalean xedatutakoaren ordez, botoa postontzi batean sartzen ahalko da. Zuzendaritza taldeak horretarako espresuki jarriko du, eta bere ardurapean egonen da. Bi gutun-azal erabiliko dira: kanpokoan, boto-emailearen izena, NANa eta sinadura eta ordezkatzen duen haurraren izena eta ikasmaila agertu beharko dira. Gutun-azal horren barnean beste gutun-azal bat jarriko da, itxita, boto-papera barnean sartuta. Bozketa presentziala bukatutakoan, idazkariak emanen dizkio mahaiari postontzian sartutako botoak. Geroago iristen diren botoak ez dira kontatuko. Halaber, boto presentziala eman dutenek postontzian ere botorik eman badute, postontziko boto horiek ere ez dira zenbatuko.

i) Mahaikideek botoak zenbatu ondoren, emaitzen akta eginen da, X. eranskinarekin bat, eta ikastetxean paratuko da, ikusgai. Aktaren kopia bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da.

j) Behin betiko onespena lortzeko, beharrezkoa izanen da eskolaldia aldatzearen alde agertzea errolda guztiko hiru bosten gutxienez. Erroldan ikastetxeko ikasle guztiak sartuko dira.

3.–Onespena.

1. Ikastetxeko zuzendariak, betebeharrak bete direla egiaztaturik, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendutako eskabide baten bidez, eskatuko du eskolaldia aldatzeko. Beranduenez 2017ko urtarrilaren 24an aurkeztuko du eskabidea. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Eskolaldia aldatzeko proiektua.

–Irakasleen klaustroaren bilkuraren akta, eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz hartutako erabakiaren emaitza adieraziko duena.

–Eskola Kontseiluaren bilkura bereziaren akta, eskolaldia aldatzeko proiektua behin-behinekoz onesten duena.

–Eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz ikasleen familiek edo legezko ordezkariek egindako bozketaren emaitzaren akta.

2. Hezkuntzako zuzendari nagusiak, ikastetxeak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ebazpen bat emanen du eskolaldiaren aldaketa baiesteko edo ezesteko.

3. Baimendutako ikastetxeek, “Educa” kudeaketa programaren bidez, ikastetxeko ordutegi orokorra aldatu beharko dute hurrengo ikasturterako.

4.–Jarraipena eta ebaluazioa.

1. Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren bidez, zainduko du eskolaldi malgu berria ongi gauzatzen dela.

2. Halaber, ikastetxeko Eskola Kontseiluak eskolaldi malguaren barneko ebaluazio bat eginen du, berak ezarritako parametroei jarraikiz.

3. Eskolaldia aldatzeko baimena duten ikastetxeetako zuzendaritza taldeek, bukaerako memorian, eskolaldi berriaren funtzionamenduari buruzko azterketa agertuko dute.

ESKOLALDI ETENGABEAREN ERANSKINAK

III. eranskina.–Eskolaldi etengabera aldatzeko proiektuari buruz klaustroan egindako bozketaren akta.

IV. eranskina.–Eskolaldi etengabera aldatzeko proiektuari buruz Eskola Kontseiluan egindako bozketaren akta.

V. eranskina.–Familientzako gutuna, eskolaldi etengabea (arratsaldeetan eskolarik izan gabe) ezartzeko aukerari buruz.

VI. eranskina.–Eskolaldi etengabera aldatzeko proiektuari buruz ikasleen familiek eta/edo legezko ordezkariek egindako bozketaren emaitzaren akta.

ESKOLALDI MALGUAREN ERANSKINAK

VII. eranskina.–Eskolaldi malgura aldatzeko proiektuari buruz klaustroan egindako bozketaren akta.

VIII. eranskina.–Eskolaldi malgura aldatzeko proiektuari buruz Eskola Kontseiluan egindako bozketaren akta.

IX. eranskina.–Familientzako gutuna, eskolaldi malgua ezartzeko aukerari buruz (bi arratsalde libratuz).

X. eranskina.–Eskolaldi malgura aldatzeko proiektuari buruz ikasleen familiek eta/edo legezko ordezkariek egindako bozketaren emaitzaren akta.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1613741