1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1054/2016 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, farmazia zerbitzua eta/edo farmazia zerbitzu bati lotutako medikamentuen biltegia duten egoitza (zentro soziosanitario) pribatuentzako diru-laguntza deialdia onesten duena, 2017., 2018., 2019. eta 2020. urteetako arreta farmazeutikoaren funtzionamendu gastuak finantzatzeko.
Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legearen 35. artikuluak eta Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluak ezartzen dute zentro sanitarioetan beharrezkoa dela farmazia zerbitzuak eta/edo medikamentuen biltegiak edukitzea.
Gainera, 16/2012 Errege Lege Dekretuan jasotzen da 100 ohetik gorako zentro soziosanitarioetan beharrezkoa dela farmazia zerbitzu propioak edukitzea.
Nafarroako Gobernuak 2016ko urriaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari 5.456.000 euroko urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, zentro soziosanitario pribatuetako farmazia zerbitzuen arreta farmazeutikorako diru-laguntzen deialdira bideratuko dena. Diru-laguntza horiek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz banatuko dira.
Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte eta publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak bermatuko dira.
Ikusirik Farmaziako zuzendariordeak deialdiaren gainean egindako proposamena eta txosten juridikoa (biak espedientean jaso dira), non azaltzen baita deialdia onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta, orobat, deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, Osasun Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna izanik, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuen 15.2 artikuluari dagokionez, eskuordetutako eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Farmazia zerbitzua eta/edo farmazia zerbitzu bati lotutako medikamentuen biltegia duten Nafarroako Foru Komunitateko egoitza (zentro soziosanitario) pribatuentzako diru-laguntzen deialdia onestea, 2017., 2018., 2019. eta 2020. urteetako arreta farmazeutikoaren funtzionamendu gastuak finantzatzeko. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira.
2. Urte bakoitzeko 1.364.000 euroko gastua baimentzea, urtarrilaren 29ko 1/2016 Foru Legean ezarritako 2016ko Gastuen Aurrekontuan “Farmazia prestazioak” izeneko 540005-52831-4809-313100 kontu-sailaren balio berekoak diren 2017ko, 2018ko, 2019ko eta 2020ko gastuen aurrekontuetako kontu-sailen kargura. Lau urteetako zenbateko osoa 5.456.000 eurokoa da.
3. Ebazpen hau honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuari, Farmazia Zuzendariordetzari eta Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuari.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honen kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluko 4. atalari jarraikiz.
Iruñean, 2016ko azaroaren 21ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Oscar Moracho del Río.
I. ERANSKINA
Oinarriak
1.–Xedea.
Deialdi honen xedea da ospitale baten edo zentro soziosanitario baten farmazia zerbitzuari lotutako farmazia zerbitzua eta/edo medikamentuen biltegia duten egoitza pribatuei, eskaintzen duten arreta farmazeutikoaren funtzionamendu gastuak finantzatzeko, ematen zaizkien diru-laguntzak arautzea. Zerbitzu edo biltegi horiek Osasun Departamentuaren baimena beharko dute, eta arreta farmazeutikoa emateko hitzarmena sinatua izan Osasunbidea-Nafarroako Zerbitzuarekin, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legean ezarritakoaren arabera (lege hori azaroaren 20ko 20/2008 Foru Legearen bidez aldatu zen).
2.–Helburua.
Diru-laguntza hauen helburua da egoitza onuradunen arreta farmazeutikoaren funtzionamendu gastuak finantzatzea, kontuan harturik egoitzetan arreta farmazeutikoa ematea interes publikokoa dela, dudarik gabe, eta, orobat, eraginkorragoa dela medikamentuak laborategiari zuzenean erostea eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari fakturatzea laborategiko salmenta-prezioetan edo merkeago. Gainera, sistema hori lagungarria da bai baliabide publikoak optimizatzeko, bai zentro horien egoiliarrek medikamentuak modu seguruago eta egokiago batean erabiltzeko.
3.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Lau urteetarako zenbateko osoa 5.456.000 eurokoa da.
Diru hori honela banatuko da urte bakoitzean:
–1.274.000 euro, BEZa barne, langile gastuetarako.
–45.000 euro, BEZa barne, lokalen gastu orokorretarako.
–45.000 euro, BEZa barne, garraio gastuetarako.
4.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
Diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat hartuko dira 2017., 2018., 2019. eta 2020. urteetan arreta farmazeutikoaren ondorioz egoitzan sortzen diren funtzionamendu gastuak, honako hauek hain zuzen:
a) Farmazia zerbitzuaren langile gastuak: Urteko ekitaldian sortutako gastuak ordainduko dira (langileen ordainsariak eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuota).
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak justifikatzen diren gastu guztiak hartuko ditu bere gain, betiere muga hau ezarrita: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ospitaleko farmaziako farmazialari espezialisten lanpostuetan (erabateko dedikaziorik gabe) eta osasun-laguntzaileen lanpostuetan aritzen direnei ordaintzen zaizkien oinarrizko ordainsarien zenbatekoa. Ordainsari horiek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren plantillan argitaratzen dira urtero.
Farmazia zerbitzuko plantillarako diru-laguntzak kalkulatzeko erabiliko diren parametroak honako hauek izanen dira biltegi edo farmazia zerbitzu bakoitzeko, mankomunatua izan ala ez:
a.1) 80-250 ohe bitarte: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak bere gain hartuko ditu farmazialari espezialista baten gastuak (lanaldi erdian) eta laguntzaile batenak (lanaldi osoan), behar bezala justifikatuak.
a.2) 251-350 ohe bitarte: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak bere gain hartuko ditu farmazialari espezialista baten gastuak (lanaldi osoan) eta bi laguntzailerenak (lanaldi osoan), behar bezala justifikatuak.
a.3) 351 ohe baino gehiago: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak bere gain hartuko ditu bi farmazialari espezialistaren gastuak (lanaldi osoan) eta bost laguntzailerenak (lanaldi osoan), behar bezala justifikatuak.
Farmazia zerbitzu edo medikamentuen biltegi bera erabiltzen duten zentro soziosanitario bat baino gehiago badira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, aipatutakoez gainera, lanaldi erdian aritzen den farmazialari espezialista baten gastu justifikatuak ere hartuko ditu bere gain.
b) Lokaletako gastu orokorrak.
Atal honetan farmazia zerbitzuen lokaletako berezko gastutzat jotzen direnak sartzen dira (garbiketa, argindarra, ura, berokuntza, etab.).
Gastuak zehazteko, lokalaren metro karratuen araberako hileko zenbateko bat kalkulatuko da, eta horretarako kontuan hartuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak kontsultategi medikoen funtzionamendu gastuak finantzatzeko Nafarroako udalei esleitzen dien diru-zenbatekoa (metro karratua/urtea kontuan harturik finkatzen dena), hain zuzen, II-A motako moduluari dagokiona. Horren ondorioetarako, udalei laguntza horiek emateko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen azkeneko ebazpenaren modulua hartuko da kontuan, hots, diru-laguntza hauek emateko ebazpena onetsi aurretik finkatzen den azkenekoa.
c) Garraio gastuak.
Talde honetan sartzen dira loturik edo mankomunitate batean elkarturik jarduten duten zentroen artean egiten diren medikamentu edo osasun produktuen garraio gastuak, baita medikamentuak eta/edo osasun produktuak entregatzeagatik behar bezala baimenduriko banaketa zentroek kobratzen dituzten kargu logistikoen ondoriozkoak ere.
Ordainketa egiteko, aurretik, faktura aurkeztu beharko da, eta horren bidez egiaztatuko da zerbitzuak diru-laguntzaren xedeko kontzeptuari dagozkiola.
5.–Onuradunak.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskuratzen ahal dituzte baldintza hauek betetzen dituzten egoitzek edo zentro soziosanitarioek:
a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin berariazko lankidetza hitzarmen bat sinatua izatea egoiliarrei arreta farmazeutikoa emateko, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legean ezarritakoarekin bat.
b) 80 ohe edo gehiago edukitzea.
c) Nafarroako Administrazio Publikoetatik eta beste erakunde edo entitate publiko edo pribatuetatik helburu berberetarako diru-laguntzarik jaso ez izana.
d) Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko betebehar orokorrak betetzea.
Diru-laguntza hauen iraunaldia bitartean, farmazia zerbitzu eta/edo medikamentu biltegi berriak irekitzen badira beste zentro soziosanitario pribatu batzuetan, diru-laguntza hauek eskatzen ahalko dituzte, betiere finkatutako baldintzak betetzen badituzte. Horretarako, deialdi honen 7. eranskinean zehaztutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
6.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
Eskaerak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik kontatzen hasita.
Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaerak, bai eta datu faltsuak dituztenak ere.
Diru-laguntza eskaera eta dagokion dokumentazioa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Armada etorbidea, 2, 31002 Iruña), edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren edozein bulegotan edo administrazio prozedura arautzen duen araudian adierazitako gainerako erregistro eta bulegoetan.
Hala ere, aurkezten den dokumentazioan akatsik atzemanez gero, beste 10 egun balioduneko epea irekiko da akats horiek zuzentzeko; entitateak zuzentzen ez baditu, eskaerari uko egiten diola ulertuko da, administrazio prozedura erkideari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz.
7.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
II. eranskinean heldu den ereduaren araberako eskabidea aurkeztuko da, egoitzaren legezko ordezkariak sinatua, eranskin horretan aipatzen den dokumentazioarekin batera.
8.–Laguntzak emateko prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak, eta ebazpena jakinarazteko epea.
Prozedura antolatzeko, instruitzeko, ebazpen proposamena egiteko eta haien jarraipena egiteko eskumena duen organoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia Zuzendariordetza da.
Instrukzio organoak aurkezten duen ebazpen proposamena ikusirik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak diru-laguntzen gaineko ebazpena emanen du.
Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta, laguntza emanez gero, helburua eta esleituriko zenbatekoa azalduko dira. Ebazpena jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten den egunetik. Epe horretan jakinarazi ezean, eskaera ezetsitzat joko da.
Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik edo eskaera ustez ezetsi dela ulertzen denetik.
9.–Gastuen justifikazioa.
a) Farmazia zerbitzuaren langile gastuak:
Egindako gastua justifikatzeko (langileen ordainsariak eta gizarte segurantzako enpresa-kuota), hilero, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Faktura, diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak agertzen dituena.
–Farmazia zerbitzuko langileen gizarte segurantzako TC orrien eta nominen kopiak.
Arreta farmazeutikoaren arduraduna zentro soziosanitarioak kontratatutako enpresa bat baldin bada, zerbitzu hori ematearen ondoriozko gastuak justifikatzeko agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Enpresa horrekin sinatutako kontratuaren kopia, egoitza horretan arreta farmazeutikoa ematen duten langileen datuak jasoko dituena, titulazioa barne. Agiri hau diru-laguntza eman ondoren aurkeztu beharko da.
–Hilero, kontratatutako enpresak egindako faktura, non diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak agertuko diren, betiere zentro kontratu-egileak ordaindu ondoren.
b) Garraio gastuak.
Gastua justifikatzeko, hilero, diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak agertzen dituen faktura aurkeztu beharko da.
10.–Diru-laguntzaren ordainketa.
Behar diren egiaztapenak egin ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak laguntza ordainduko du Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren bitartez, transferentzia bat eginez zentroaren banku-kontura. Gastuak 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko dira.
11.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateraezinak dira xede bera duen beste edozein diru-laguntzarekin, diru-laguntzaren izaera eta/edo hura ematen duen entitatea edozein delarik ere.
12.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
Onuradunak Nafarroako Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.
Zentroak hitzematen du osasun arloko administrazioek honako arlo hauen gainean sustatzen dituzten programetan kolaboratuko duela: farmazia eta osasun arretaren kalitate bermea, osasunaren sustapena eta babesa, eritasunen prebentzioa eta osasun hezkuntza.
Hitzematen du, orobat, arreta farmazeutikoaren gainean indarra duen araudia beteko duela eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak arlo horren gainean ezartzen dituen prozedura eta jarraibideak errespetatuko dituela.
Era berean, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, diru-laguntza hauen onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, Nafarroako Gobernuko Erregistro Elektroniko Orokorraren bitartez, diru-laguntzak kudeatzen dituen administrazio unitateari zuzenduak, diru-laguntza eman zaiela jakinarazten denetik hilabeteko epean:
a) Aipatutako Foru Dekretuaren 4.3 artikuluan xedatutakoaren arabera gardentasun betebeharrik ez badu, horren gaineko deklarazioa.
b) Betebehar hori baldin badu:
1.–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaerari buruzko aitorpena.
2.–Organo horiek osatzen dituzten kargudunak zerrendatzen dituen aitorpena.
3.–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinen eta gainerako diru konpentsazioen gaineko aitorpena, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
4.–Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubideari buruzko aitorpena.
5.–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko ditu agiri horiek.
Informazio hori aurkezteko betebeharra betetzen ez bada, eta hortik etor litezkeen zehapenak galarazi gabe, ezin izanen da diru-laguntza ordaindu, eta, horrenbestez, jasotako dirua itzuli beharko da, hala badagokio, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Onuraduna behartua dago aditzera ematera Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela bere farmazia zerbitzuko funtzionamendu gastuak. Hori farmazia zerbitzua emateko lokalean agerrarazi beharko da, berariaz.
13.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntza emateko ebazpena Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko dira.
14.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.
15.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
II. ERANSKINA
Eskabide eredua (PDFa).
III. ERANSKINA
Erantzukizunpeko aitorpena (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1613470