241. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2561/2016 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2016rako enplegu publikoaren eskaintzako lanpostuetatik Espainiako nazionalitatea izatea beharrezkoa dutenak zehazten dituena.

Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluak ezartzen du Europar Batasuneko beste estatuetako kide diren herritarrak espainiarren baldintza berberetan sartzen ahalko direla lanpostu publiko guztietan, salbu eta aginte publikoan zuzenean edo zeharka parte-hartzea eratxikita dutenetan eta Estatuaren edo administrazio publikoen interesak gordetzeko helburua duten eginkizunetan. Nafarroako administrazio publikoek finkatuko dute, nork bere eskumenen esparruan, zer lanpostutan ezin izanen diren sartu Europar Batasuneko beste estatuetako kide diren herritarrak.

Alde horretan, ekainaren 29ko 44/2016 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen enplegu publikoaren eskaintza onetsi zen 2016. urterako. Foru dekretu horren 3. artikuluan ahalmena ematen zaio Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari erabaki dezan, kasuko hautaprobetarako deialdia onetsi baino lehen, zein lanpostuk berezko duten ahalmen publikoaren erabilera edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen interesak zaintzeko ardura, haietan Espainiako nazionalitatea eskatzeko.

Adierazitakoarekin bat, bidezkoa da zehaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2016ko enplegu publikoaren eskaintzari dagokionez, zer lanpostutan sartzeko eskatzen den Espainiako nazionalitatea, kontuan harturik aginte publikoan zuzenean edo zeharka parte-hartzea eratxikita dutela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren interesak gordetzeko helburua duten eginkizunak direla.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2016rako enplegu publikoaren eskaintzako lanpostuetatik Espainiako nazionalitatea izatea beharrrezkoa dutenak zehaztea, honako hauek hain zuzen ere:

–Ogasuneko teknikaria.

–Administrazio publikoko teknikaria (arlo ekonomikoa).

–Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea.

–Osasun Publikoaren ikuskatzailea.

–Foruzaina.

–Suhiltzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2016ko azaroaren 21ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

Iragarkiaren kodea: F1613441