165. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

637/2016 EBAZPENA, abuztuaren 9koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, 2016-2010 aldirako Nafarroan Natura 2000 sarekoak diren mendi-larreen kudeaketa jasangarria egiteko diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena. Laguntza horiek Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020ko Programaren 7.6.1 neurrian sartuta daude.

Laguntza hauen xedea Natura 2000 sareko Kontserbazio Eremu Berezien kudeaketa planetan sartutako larratze habitatekin lotutako neurrien aplikazioa bultzatzea da. Horretarako, intereseko larre horien titular diren toki entitateak diruz lagundu beharra dago, larreen kudeaketa habitat horien kontserbaziora eta hobekuntzara egokitu dezaten, larreen antolamendurako proiektuak aplikatuz. Beharrezkoa da Natura 2000ko Lekuetan sartuta dauden Batasunaren intereseko larratze habitatak abeltzaintza antolatuz babestu eta hobetzea, bereziki mendialdean, bertan larreak andeatzeko arriskua baitago, artzaintza gehiegizkoa nahiz behar adinakoa ez izateagatik. Laguntza hauen helburuak izan beharko luke abeltzaintzaren egokitzapena erraztea larre mota hauetan, trantsizioak iraun bitartean.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du komeni dela Natura 2000 sareko Kontserbazio Eremu Berezien kudeaketa planetan sartutako larratze habitatekin lotutako neurrien aplikazioa bultzatzea. Horretarako, intereseko larre horien titular diren toki entitateak diruz lagundu beharra dago, larreen kudeaketa habitat horien kontserbaziora eta hobekuntzara egokitu dezaten, larreen antolamendurako proiektuak aplikatuz.

Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilaren 27an hartutako erabakiaren bidez, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion urte anitzeko gastu konpromisoak hartzeko 2016tik 2020ra bitarteko ekitaldietan, Nafarroan Natura 2000 Sarekoak diren mendi-larreen kudeaketa jasangarriari laguntzeko. Laguntza hori Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020ko Programaren 7. neurriko 6.1 azpineurrian jasota dago.

Ebazpen honen aldeko txostena eman du Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa agintaritzak.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2016-2020 aldirako diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

2. 2016-2020 aldirako Nafarroan Natura 2000 sarekoak diren mendi-larreen kudeaketa jasangarria egiteko diru-laguntzen deialdia onestea.

3. 150.000 euroko gastua baimentzea, 2016ko Gastuen Aurrekontuetako ‘’Mendiko larreak. Landa Garapenerako Programa, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa 2014-2020’’ izeneko 740002 74200 4609 456308 kontu-sailaren kargura, ebazpen honek dakartzan konpromisoei aurre egiteko. Era berean, 150.000 euroko kopuru hori bera baimentzea 2017., 2018., 2019. eta 2020. ekitaldietarako, kontu-sail horretan edo antzekoan. Baimendu beharreko diru kopurua, osotara, 750.000 eurokoa da.

4. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdi honetan eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari (BDNS) jakinaraztea.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Diru-laguntzei buruzko Datu-base Nazionalean erregistratu beharko dira.

6. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

7. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 9an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Oinarri hauen xedea 2016-2020 aldirako Nafarroan Natura 2000 sarekoak diren mendi-larreen kudeaketa jasangarria egiteko laguntzak arautzea da.

Laguntza hauen xedea Natura 2000 sareko Kontserbazio Eremu Berezien kudeaketa planetan sartutako larratze habitatekin lotutako neurrien aplikazioa bultzatzea da. Horretarako, intereseko larre horien titular diren toki entitateak diruz lagundu beharra dago, larreen kudeaketa habitat horien kontserbaziora eta hobekuntzara egokitu dezaten, larreen antolamendurako proiektuak aplikatuz. Beharrezkoa da Natura 2000ko Lekuetan sartuta dauden Batasunaren intereseko larratze habitatak abeltzaintza antolatuz babestu eta hobetzea, bereziki mendialdean, bertan larreak andeatzeko arriskua baitago, artzaintza gehiegizkoa nahiz behar adinakoa ez izateagatik. Laguntza hauen helburuak izan beharko luke abeltzaintzaren egokitzapena erraztea larre mota hauetan, trantsizioak iraun bitartean.

2. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Honako hauek dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

a) Azienda gobernatzea bermatzeko langileen gastuak.

b) Azienda gobernatzeko ekipamenduak: ur guneak egokitzea, artzai elektrikoak, mahuka mugikorrak eta gatz guneak; honetatik kanpo geldituko dira bideak, mahuka iraunkorrak, itxitura finkoak.

c) Larreen erabilera jasangarrirako proposamena prestatzea, bai eta larratze habitaten bilakaeraren emaitzei buruzko azken txostena ere. Atal honetan lurzoruen analisia egiteko kostuak ere sar daitezke.

Mota honetako gastuak sartzen ahalko dira baldin eta urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik urriaren 31 bitarte eginak badira, salbu eta lehendabiziko urtekoak, laguntza eskaera egiten den egunetik 2016ko azaroaren 30a bitarte egindakoak hartuko baitira kontuan.

2. Gastu mota bakoitzeko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa ondokoa izanen da:

–Aldi horretan egindako gastuen %100, a) eta c) motakoak direnean (salbu eta enpresaren gizarte segurantzarako kotizazioak edo BEZa, kanpoan kontratatzen badira).

–Gainerako gastu moten %60 (BEZa kenduta).

Kostuak neurrikoak izateko printzipioa bermatzeko, aurkeztutako gastuei Nafarroako Baso Tarifak aplikatuko zaizkie. Hemen ikus daitezke: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/F8D69F46-A996-4090-8C10-8AD400A48F6C/308598/TFNA2015_ver109.pdf.

3. Eskaera bakoitzeko, urteko gehieneko aurrekontu onargarria 20 eurokoa izanen da larre hektareako lehendabiziko 1.000 hektareetan, eta 10 eurokoa aurreko kopurua gainditzen duen larre hektareako.

Nolanahi ere, diru-laguntzak emateko baldintzak dira baliabide ekonomikoak eta behar den adinako kreditua aurrekontuetan izatea.

3. oinarria. Onuradunak.

A.–Deialdi honen laguntzen onuradun toki entitateak izaten ahal dira, Natura 2000 sarean sartuta dauden larreen titularrak baldin badira.

B.–Onuraduna izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte eskatzaileek:

1. Laguntzaren xede diren larreak Kontserbaziorako Eremu Berezi deklaratutako eremu batean sartuta egotea.

2. Laguntzaren xede diren larreetarako Larratze Antolamendurako Plana izatea.

3. Larreen erabiltzaileak diren abeltzainekin akordio bat izatea larreen erabilera jasangarritako aurkeztu den proposamena garatzeko.

4. Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

5. Larreen erabilera jasangarrirako proposamen bat aurkeztea 2016-2020 aldirako memoria baloratuaren izaerakoa, Larratze Unitateen Inbentarioko kasuko fitxak erantsita. Memoria horrek bat etorri beharko du inguru horretako Larratze Antolamendurako Planarekin; horretarako, Mendi Zerbitzuko Oihanak Kudeatzeko Atalaren aldeko txosten teknikoa beharko du. Horrez gain, proposamenak eta KEBaren Kudeaketa Planen jarraibideek eta araudiak bateragarriak izan beharko dute.

C.–B atalean ezarritako betebeharrak honela frogatuko dira:

1. Administrazio eskudunak ofizioz egiaztatuko ditu 1, 2, eta 4. baldintzak, departamentuan dauden datuetan oinarrituta.

2. 5. puntuko baldintza larreen erabilera jasangarrirako proposamenaren memoriaren bidez frogatuko da. Biodibertsitatearen Zerbitzuak Mendi Zerbitzura igorriko du memoria, txostena eman dezan.

3. 3. baldintza larreen erabiltzaileek eta toki entitate eskatzaileak izenpetutako akordioaren akta bidez frogatuko da.

4. oinarria. Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak, II. eranskineko ereduaren araberakoak, www.navarra.es atariko zerbitzuen katalogoan ere lortzen ahal dira, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Iruñeko González Tablas kalea, 9, 31005), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

2. Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztu behar da:

–Eskabidea, II. eranskineko ereduaren araberakoa.

–Larreen erabilera jasangarriari buruzko memoria baloratua, 2016-2020 aldikoa, Larratze Unitateen Inbentarioko fitxak, III. eranskineko ereduaren araberakoak, erantsita.

–Larreen erabiltzaileen eta toki entitate eskatzaileak izenpetutako akordioaren akta.

–Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik eta sinaturik.

5. oinarria. Diruz lagundu beharreko espedienteei aplikatutako hautapen irizpideak.

Deialdi honen xedeko diru-laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

Lagundu beharreko espedienteak hautatzeko aplikatuko diren irizpideak hauek dira:

IRIZPIDEA

PUNTUAZIOA

PUNTUAZIOA EMATEKO MODUA

Larreen erabilera jasangarrirako proposatu den planaren kalitatea

gehienez ere 20 puntu eskaera bakoitzeko

Plana kontserbaziorako eremu bereziaren kudeaketa helburuetarako egokia den eta haren zehaztasuna baloratuko da, kategoria hauek emanez: bikaina (20 puntu), egokia (10 puntu) eta onargarria (0 puntu).

Batasunaren intereseko larratze habitaten azalera

5 puntu 100 hektareako, gehienez 100 puntu

–Laguntza hauen ondorioetarako, larratze habitatak honakoak dira: larratze interesa duten Batasunaren intereseko larre eta sastraka habitatak, Habitaten Zuzentarauaren I. eranskinean jasotakoak (92/43/EEE). Hauek dira habitatak: 4030, 4060, 4090, 5110, 5210, 6140, 6170 eta 6510

–Azalerak kalkulatzeko, 92/43/EEE Zuzentarauan Nafarroako Batasunaren Garrantzizko Lekuetarako jasotzen den habitaten kartografia eguneratua erabiliko da lehentasunez (1:25.000). Informazio hori osatu edo argitzeko, egun dauden larratzeen antolamendurako proiektu berariazkoak erabiltzen ahalko dira.

Lehentasunezko larratze habitaten azalera

5 puntu 50 hektareako, gehienez ere 50 puntu

–Laguntza hauen ondorioetarako, larratze habitatak honakoak dira: larratze interesa duten lehentasunezko larre eta sastraka habitatak, Habitaten Zuzentarauaren I. eranskinean jasotakoak (92/43/EEE). Hauek dira habitatak: 4020*, 6210* eta 6230*

–Azalerak kalkulatzeko, 92/43/EEE Zuzentarauan Nafarroako Batasunaren Garrantzizko Lekuetarako jasotzen den habitaten kartografia eguneratua erabiliko da lehentasunez (1:25.000). Informazio hori osatu edo argitzeko, egun dauden larratzeen antolamendurako proiektu berariazkoak erabiltzen ahalko dira.

30 puntura iristen ez diren proposamenak besterik gabe ezetsiko dira. Berdinketa gertatuz gero, lehen irizpidean puntu gehien dituen espedientea hautatuko da, eta, berdinketa ez bada hausten, hautatzeko bigarren irizpidea berdin erabiliko da.

6. oinarria. Diru-laguntza ematea.

Eskaera hartuta, hirugarren arauan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Biodibertsitatearen Zerbitzuak oinarri hauetan ezarritako balorazio irizpideen arabera ebaluatuko ditu eskaerak, eta Mendi Zerbitzuko Oihanak Kudeatzeko Atalari txostena eskatuko dio, Larratze Antolamendurako Planarekin bateragarria den jakiteko. Eskatutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

Dokumentazioa osatuta, organo eskudunari igorriko zaio ebazpen proposamena, eta, bertan, onuradunek diru-laguntza kobratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela adieraziko da.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak du eskumena diru-laguntza nori eman ebazteko deialdian aurreikusitako bost urteetan. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

7. oinarria. Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

1. Diru-laguntzaren xedea behin bete ondoren, eta urte bakoitzeko abenduaren 1a baino lehen, onuradunek oinarri arautzaile hauetako IV. eranskineko eredua beteta aurkeztu beharko dute, onetsitako diru-laguntza erabili dela justifikatzen duen memoria batekin eta egindako gastuak eta inbertsioak frogatzen dituen dokumentazioarekin batera:

–Lan-kontratua izan duten langileen kostuei dagokienez, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko nomina guztien edo soldata gordinaren zenbatekoa kobratu dela justifikatzen duten beste agiri ofizial batzuen fotokopiak.

–Zerbitzuak emateko kontratua izan duten langileen kostuei dagokienez, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko faktura guztiak. Egindako gastua ordaindu dela frogatzearren, bankuetako frogagiriak erantsi beharko zaizkie ordainagiriei.

–Azpiegituretako inbertsioei edo mantentze-lanei dagokienez, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko faktura guztiak. Egindako gastua ordaindu dela frogatzearren, bankuetako frogagiriak erantsi beharko zaizkie ordainagiriei.

2016an, eskaera egiten den egunetik 2016ko azaroaren 30era bitarte egindako gastuak onartuko dira.

Onuradunek gastuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, Biodibertsitatearen arloko Lankidetza eta Kudeaketa Bulegora zuzenduta.

2. Kanpoko kontratazio baten bitartez gauzatu den jardueraren gastuak, diru-laguntzaren xede denak (BEZik gabe) 12.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu, aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzuak eman dituzten kasuan, edo 30.000 eurokoa obra-kontratuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela, eta, horretarako, idazkariaren egiaztagiri bat aurkeztuko du, kontratazio publikorako erabili den prozedura frogatzen duena.

8. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

Egiaztagiriak azterturik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak emandako urte bakoitzeko ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela frogatzen duen memoria aurkeztuko da.

Laguntza emandako aldiko urte bakoitzeko ordainketa bat eginen da.

9. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

2. Toki entitateak bere gain hartzen du larreetako azpiegiturak modu egokian izateko konpromisoa, bereziki idoiak, askak, itxiturak eta gatz biltegiak.

3. Biodibertsitatearen Zerbitzuari jakinaraztea larreetako bakoitzean sartuko duen aziendaren zerrenda. Jakinarazpen hori urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen egin beharko da (lehenbiziko urtean, aurkeztutako erabilera planerako proposamenean sartuta egon beharko du), eta larre bakoitzari buruzko informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

–Larrea erabiltzen duten abeltzaintzako ustiategien zerrenda.

–Ustiategiko titularr(ar)en datu pertsonalak.

–Abeltzaintzako ustiategi bakoitzaren jatorrizko herria.

–Ustiategi bakoitzak larrean sar ditzakeen abelburuen kopurua, mota eta arrazak.

–Larreak erabiltzen dituzten abeltzaintzako ustiategietako titular bakoitzak toki entitateari urtean ordaintzen dion kanona.

–Ustiategi bakoitzari baimendutako aprobetxamenduaren aldia.

4. Laguntza aplikatzeko aldia behin amaituta, txosten bat aurkeztea Biodibertsitatearen Zerbitzuan, teknikari eskudun batek egina, larratze habitaten egoera eta bilakaera jasotzen dituena.

10. oinarria. Diru-laguntzen kontrola, murrizketak, zehapenak eta salbuespenak.

1. Esleipenean ezarritako konpromisoak eta beharkizunak ez betetzeak berarekin ekarriko du emandako diru-laguntza deuseztatzea edo jasotako diru-laguntzak itzuli beharra, osorik nahiz zati batean, kasuen arabera, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen II. kapituluarekin bat, berandutze-interesak barne izan edo ez, bidezkoa denaren arabera.

2. Onuradunak eskatutako ordainketaren zenbatekoa %10 handiagoa bada kudeaketa organoak egindako kontrolen ondotik onuradunari ordaindu beharrekoa baino, zehapen bat ezarriko da, eskatutako zenbatekoaren eta zehaztutakoaren arteko aldea adinakoa, eta laguntza osoa kentzetik haratago ez da joanen.

3. Aipatutako murrizketak eta salbuesteak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu dela, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu. Honako hauek izanen dira ezinbesteko arrazoiak:

a) Hondamendi natural larria, instalazioak edo erabilerarako onartutako planaren betetzea nabarmen kaltetzen dituena.

b) Instalazioak istripuz hondatzea onuradunari ezin egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, garaiz eta behar bezala jakinarazten bazaio.

4. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko aitorpen bat egin duela nahita, laguntzak bertan behera utziko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean indarrean diren iruzurraren kontrako borrokako prozeduretatik eratorritakoak.

11. oinarria. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

1. Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Horrelakoetan, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

12. oinarria. Diru-laguntzaren publizitatea, onuradunaren aldetik.

Oinarri arautzaile hauen esparruan emandako laguntzen publizitateak kasuan-kasuan aplikatu beharreko Europar Batasuneko arauei jarraituko die, baita haiek garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionalei ere.

II. ERANSKINA

2016-2020 aldian KEBetako larreen kudeaketa jasangarria egiteko laguntza eskaera.

III. ERANSKINA

Larratze unitatearen inbentario fitxa + larreen erabilera jasangarrirako proposamen baten edukia.

IV. ERANSKINA

Ordainketa eskaera (inprimaki eredua, lanak bukatu ondoren aurkeztu beharrekoa urte bakoitzean).

Jaitsi beharreko fitxategiak PDF formatuan daude

Iragarkiaren kodea: F1609533