165. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZUÑIGA

Udal ordenantza, Bikote egonkorrak arautzen dituena
Behin betiko onespena

Zuñigako Udalak, 2016ko urtarrilaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Zuñigako Udalerrian Bikote egonkorrak arautzen dituen udal ordenantza. Hura 2016ko 22. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 3an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zuñigan, 2016ko uztailaren 29an.–Alkatea, Pedro María Oteiza Díaz.

BIKOTE EGONKORRAK
ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Bikote egonkorren Zuñigako Udalaren erregistroak administrazio izaera du eta bertan ondoko artikuluan aipatzen diren elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Ordenantza hau aplikatzerakoan, bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeak ezartzen duenari jarraikiz, bikote egonkortzat hartuko da bi pertsonaren arteko elkartze libre eta publikoa, ezkontideenaren pareko afektibitate-harreman batean, sexu-joera kontuan izan gabe, baldin eta adinez nagusi badira edo adingabeko emantzipatu, eta zuzeneko lerroan edo alboko lerroan, bigarren mailaraino, odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik ez badute. Elkartze hori osatzen duten kideek ezin izanen dute bertze pertsona batekin ezkontza-loturarik izan edo bikote egonkorrik osatu.

3. artikulua. Bikoteek, sexu joera kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin aurreko artikuluan azaldutako elkartzeren bat osatzen badute.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Zuñigako Udalean erroldaturik, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikoteen bertze erregistro batean.

4. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aitzinera, haien artean ordenantza honen 2. artikuluan zehazten denaren araberako elkartze bat osatzen dutela deklaratzeko.

5. artikulua. Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabe jarri gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Horrelakoetan, medikuaren irizpena beharko dute, ordenantza honetako 2. artikuluan zehazten denaren araberako elkartze bat osatzeko gaitasuna aitortzen diena.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago, bertze batekin bikote egonkorra osatzen badu edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

6. artikulua. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agertarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz. Hitzez hitz idazten ahalko dira, baita ere, elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmen guztiak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

7. artikulua. Zuñigako Udalean ordenantza honetako baldintzei jarraikiz inskribatzen diren elkartze guztiek ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute, udalaren eskumenekoak diren gaietan.

8. artikulua. Bikote egonkorren erregistroa Udalaren Idazkaritza Orokorraren ardura izanen da. Inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira erabat.

9. artikulua. Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

10. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

11. artikulua. Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturik bikoteekin zerikusia duten oharpenak.

12. artikulua. Erregistroaren publizitaterako modu formala idazpenen ziurtagirien luzapena izanen da, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondoan. Erregistrora jotzeko, hari buruz indarra duten arau orokorrei jarraituko zaie.

Elkartzea egonkortzat hartuko da bikotekideak urtebete jarraian ezkonduen gisa bizi izan badira. Halaber, bien arteko seme-alabarik dagoenean, orduan elkarrekin bizitzea aski izanen baita, edo bikote egonkorra osatzeko nahia agiri publiko batean agertu badute.

Baldin eta bikotekide batek edo biek ezkontza-lotura bat badute, horietako azkenak ezkontza-desegitea edo, kasua bada, deuseztasuna lortzen duen unera arte elkarrekin bizitzen igarotako denbora kontuan hartuko da adierazitako urtebeteko epea zenbatzean.

13. artikulua. Bikote egonkorra iraungitzea.

1. Kasu hauetan, bikote egonkorra iraungitzat hartuko da:

a) Bikotekide baten heriotzagatik edo heriotzaren deklarazioagatik.

b) Kide bat ezkontzen denean.

c) Bien artean hala erabaki delako.

d) Bikoteko kide batek bere aldetik hala nahita, beste kideari modu frogagarrian jakinarazita.

e) Urtebetetik goiti elkarrekin bizitzetik geldituta.

f) Kideek eskritura publikoan adostutako kasuetan.

2. Bikoteko bi kideak behartuta daude noizbait dokumentu publiko bidez adierazia izan lezaketena indarrik gabe uztera, nork bere aldetik bada ere.

3. Bikote egonkorra osatzen duten kideek ezin izanen dute bertze inorekin bertze bikote egonkorrik eratu, non eta lehenengo bikotea ez den desegin lehen idatz-zatian ezarrita dagoen zerbait gertatzearen ondorioz.

4. Bikote egonkorraren iraungitzeak bi kideetako edonork bertzearen alde emandako botereak berreskuratzea ekarriko du.

14. artikulua. Baliozko egitea.

1. Bikote egonkorra osatzen duten kideek dokumentu publikoz edo pribatuz arautzen ahalko dituzte, balio osoz, elkarbizitzaren ondoriozko harreman pertsonalak eta ondarezkoak, bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak adieraziz. Orobat, bikotea osatzen duten kideek arautzen egin ahal izanen dituzte egoki deritzeten ordain ekonomikoak bikotea desegiten den kasurako, Foru Lege honek ezarritako gutxieneko eskubideak betiere errespetatuz; eskubide horiei ezin zaie uko egin exijitu ahal direneko unea iritsi bitartean.

2. Ezin izanen da aldi baterako bikote egonkorra osatzeko itunik egin, ezta baldintzapetu ere.

3. Hitzarmenik ezean, bikote egonkorra osatzen duten kideek ahal duten neurrian lagunduko dute etxea mantentzen eta gastu komunei aurre egiten, bai dirua emanez bai lan pertsonala eginez. Gastu komunei aurre egiteko ekarpentzat joko dira etxean eginiko lana, bertze kidearen lanbiderako edo enpresarako laguntza pertsonal edo profesionala ematea horren truke inolako ordainik edo behar adinako ordainik jaso gabe eta norberaren jardueratik edo ondasunetatik eratorritako baliabideak, norberaren dirusarreren proportzioan, eta, horiek nahiko ez balira, norberaren ondasunen proportzioan.

Ez dira gastu arruntzat joko kide bakoitzak bere ondasun propioak kudeatzearen eta babestearen ondorioz sortutako gastuak; ezta ere, orobat, bikotekideetako baten interesei erantzuten dietenak.

4. Elkarrekin bizitzeari uztean, bikoteko kideetako edozeinek bertzeari aldikako mantenua eskatu ahalko dio, bizibidea izan ahal izateko; hurrengo kasuetan eskatzen ahalko da:

a) Elkarrekin bizitzearen ondorioz, eskatzaileak diru-sarrerak lortzeko zeukan gaitasuna gutxitu egin bada.

b) Elkarrekin izandako seme-alabak –bere ardurapekoak– zaindu beharraren ondorioz lan jarduerarik ezin badu egin edo horretarako oztopo larriak baditu.

5. Hitzarmenik ezean, bi kideek bizirik daudela uzten badiote elkarrekin bizitzeari, inolako ordainketarik edo behar adinakorik jaso gabe bikotearentzat edo bikotekidearentzat lan egin duenak eskubidea izanen du diru-ordainsari bat jasotzeko baldin eta, aipaturiko arrazoiaren ondorioz, bidegabeko aberastea ekarri duen desoreka-egoera bat sortu bada bien ondareen artean.

15. artikulua. Ondare erantzukizuna.

Bikote egonkorra osatzen duten kideek modu solidarioan erantzunen dute hirugarrenen aurrean baldin eta sorrarazi dituzten betebeharrak beharrezkoak baziren etxea mantentzeko eta elkarrekin izaniko seme-alabez arduratzeko.

16. artikulua. Adopzioa.

1. Bikote egonkorra osatzen duten kideek elkarrekin adoptatzen ahalko dute, eta ezkondutako bikoteen eskubide eta betebehar berak izanen dituzte.

2. Bikote egonkorrek osaturiko familia eredua ere jasoko da umeen adopzio eta hartzeari buruzko foru araudian, eta, horretarako, aldatu eginen da foru araudia.

17. artikulua. Akzio eta eskubideez baliatzea.

1. Bikote egonkorreko kideak eta bikote ezkonduetako kideak egoera berean egonen dira hurrengo gaiei buruzko xedapenei dagokienez: tutoretza, kuradoretza, ezgaitzea, absentzia deklarazioa eta zarrastel deklarazioa.

2. Idatz-zati berria erantsi zaio Nafarroako foru zuzenbide pribatuko Bilduma edo Foru Berriari buruzko 62. Legeari. Honela gelditu da: “Bikote egonkorreko kideak eta bikote ezkonduetako kideak egoera berean egonen dira hurrengo gaiei buruzko xedapenei dagokienez: ezgaitzea, absentzia deklarazioa eta zarrastel deklarazioa”.

18. artikulua. DBLO.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Legearen 5. artikuluarekin bat, aditzera eman zaie emandako datu pertsonalak DBEAn inskribaturiko fitxategi bati gehituko zaizkiola, ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroa eramateko, eta ziurtagiriak egin ahal izateko.

Orobat, badakite datuak ikusi, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko eskubideak erabil ditzaketela, idatziz eskatuz gero Udaleko Idazkaritzan, helbide honetan baita: Pilotalekuko plaza, 8, 31511 Zuñiga (Nafarroa).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.–Ordenantza honetan arautzen ez den orotan Bikote egonkorren berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: L1609006