165. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VALTIERRA

Piperotako lokalak arautzen dituen udal ordenantza
Behin betiko onespena

Valtierrako Udalak, 2016ko maiatzaren 30ean egin osoko bilkura berezian, hasiera batean onetsi zuen Piperotako lokalak arautzen dituen udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2016ko 111. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 9an, baita Valtierrako Udalaren iragarki oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurreko aldi hori bukatu ondoan, 2016ko abuztuaren 1eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, hasiera batean onetsitako testuari egindako alegazioak baietsi dira eta ordenantza horren testua behin betiko onetsi da, baietsitako alegazioen ondoriozko idazketa berria hasierako testuari gehituta; orobat, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen kontra –xedapen administratiboa baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik aurkeztu (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Valtierran, 2016ko abuztuaren 2an.–Alkate udalburua, Victoria Montori Mateo.

PIPEROTAKO LOKALAK ARAUTZEN
DITUEN UDAL ORDENANTZA

ATARIKOA

Gero eta handiagoa denez aisialdirako lokalen eskaria, dela modu iraunkorrean erabiltzeko, dela soilik herriko bestetarako, Udalak bere egin du eskari hori herritarren zein erabiltzaileen atsedenarekin eta segurtasunarekin uztartu beharra.

Batzuetan ikusi da erabilera hori duten lokaletan ez direla neurri zuzentzaile egokiak aplikatu eta, are gehiago, lokalen edo eraikinen egitura baldintzak desegokiak izanik, arriskua handia dela.

Ordenantza honen helburua da piperotarako lokalek bete beharreko baldintza teknikoak zehaztea, erabiltzaileek eta herritarrek eragozpenik eta arriskurik izan ez dezaten, kasuan kasuko neurri zuzentzaileak hartuz, halako eran non jarduera hori egitea bateragarria izanen baita herritarrekiko bizikidetzarekin.

Hori dela eta, garrantzitsua da ongi bereiztea ordenantza honetan piperoak deitzen direnak eta elkarte gastronomikoak. Azken horiek helburu gastronomikoa duen jendea biltzeko tokiak dira, jantokiko mahaiak dituzte, sukaldea eta jakiak prestatzeko elementuak; tabernako barra ere izan dezakete, telebista, musika ekipoa, eta behartuta daude komunak, estalkira arteko erauzgailua, suteei aurrea hartzeko neurriak eta isolamendu akustikoa izatera. Elkarte gastronomikoek, 93/2006 Foru Dekretuaren 4.D.F) eranskinak dioenaren arabera, jarduera sailkatuaren espedientea tramitatu beharko dute eta ez dira ordenantza honen xede.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Lokal bat urte guztiko “pipero” gisa erabili gogo dutenek bete beharreko baldintza eta beharkizunak ezartzea du xede ordenantza honek, baita, ondoren, hartu beharreko neurriak ere, Valtierrako Udalak “pipero gisa erabiltzeko lizentzia” eman ondotik.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau Valtierrako udal mugapeko pipero guztiei aplikatuko zaie, iraunkorrei zein aldi baterakoei, 1. eranskinean ezarritakoaren arabera, bai gaur egungoei, bai etorkizunean instalatuko direnei.

3. artikulua. Definizioak.

Kultura, aisia edo jostetako asmoekin jendea biltzeko erabiltzen diren tokiei “piperoak” deitzen zaie, irabazteko asmorik ez badute eta, bertan, jende guztiarentzat irekita izan gabe eremu pribatu hutseko jarduerak egiten badira. Eraikinen beheko solairuan egoten dira, hirigintzako araudiaren arabera haiek instalatzea zilegi bada (eta hirigintzako baimen hori espres ezartzen ez bada, antzeko erabilerakoekin parekatuko da), eta ez dira taberna, sukaldea, jatetxea edo antzeko zerbitzuak sartzen. Honelakoak izaten ahalko dira: “

–“Iraunkorrak”: jarduera urte osoan dutenak. Lokal horiek 1. eranskineko baldintzak bete beharko dituzte.

–“Aldi baterakoak”: jarduera herriko besten astean bakarrik egiten dutenak, edo abuztuan, herriko besten astea dela eta. 1. eranskineko baldintzak bete beharko dituzte.

TITULU BAKARRA

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Prozedura

4. artikulua. Lizentziaren tramitazioa.

Lagun talderen batek lokal bat “pipero” gisa erabili nahi badu, aldez aurreko baimena eskatu beharko dio Udalari. Baimen horrek “Piperoak erabiltzeko lizentzia” izena izanen du. Betiere, debeku da arras delako jardueran aritzea behar den lizentzia eskuratu gabe.

4.1. Prozedura.

Prozedura ofizioz abiatuko da, edo interesdunek eskatuta. Horretarako, tramite hauek eginen dira:

Interesdunek “Piperoa erabiltzeko lizentzia” eskatuko dute Valtierrako Udalaren Erregistro Orokorrean, eskabide bat aurkeztuz. Eranskinean eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte eta, eskabidearekin batean, dokumentazio hau erantsiko dute:

a) Piperoaren izena eta helbidea.

b) Lokalaren jabearen izen-deiturak, NANa, helbidea eta telefonoa.

c) Taldeak izendatutako hiru ordezkarien izen-abizenak, posta helbidea, posta elektronikoaren helbidea, telefono mugikorra eta NANaren fotokopia, Udalak bidal ditzakeen jakinarazpenak jasotzeko.

Taldea adingabeez osatua bada, haien gurasoetako hiru izendatuko dira; eta betiere, eskatzaileak edo kideetako bat adingabeak badira, aitaren, amaren edo hura ordezkatzen duen tutorearen baimena erantsiko da, adingabearen erantzukizuna bere eginaz.

d) Eskatzaileek lokalaren titulartasuna edo hura erabiltzeko legezkotasuna egiaztatu beharko dute. Horretarako, errentamenduaren kontratuaren edo erabilera lagapenaren kopia edo jabetza eskritura aurkeztuko dute.

e) Suteen aurkako eta erantzukizun zibileko aseguru-poliza badela egiaztatzea, 250.000 euroko gutxieneko estaldurarekin, jardueraren ondorioz gerta daitekeen edozein istripuren aurrean lokala babesteko.

Valtierrako bestetarako lizentzia nahi duten gela guztiek uztailaren 15a baino lehenago aurkeztu beharko du eskabidea. Data horren ondotik aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

4.2. Ebazpena.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Udalaren zerbitzu teknikoek eranskinean eskatzen diren beharkizunak betetzen ote diren egiaztatuko dute, eta beharrezko txostena eginen. Txosten horretan jasoko da lokala antzeko beste batzuetatik hurbil edo ondoan dagoen, eta proposatzen ahalko da, Udaltzaingoaren txostena ikusirik, eremuren bat edo kale zatiren bat “saturatutzat” jotzea.

Valtierrako Udalak, alkatetzaren ebazpen baten bidez, piperoa erabiltzeko lizentzia eman edo ezetziko du. Lizentzia horretan zehaztuko dira lokala erabiltzeko mugak eta neurri osagarriak ezarri ahalko dira jarduerak egoki gauzatu daitezen, hurrengo artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Noiznahi edo arlo honetako arauak betetzen ez direla uste denean, Udalak, abisatu ondoren, ikuskatzeko bisitak egiten ahal ditu instalazioak titularrek aurkeztu dokumentazio teknikoari eta emandako lizentziaren baldintzei egokitzen ote zaizkien egiaztatzeko.

Pipero iraunkorrak erabiltzeko lizentziak indarra izanen du jarduera hori egiten den bitartean, ordenantza honetan xedatzen dena kontuan izanik. Halaber, urtero aurkeztu beharko da taldeko kideen zerrenda eguneratua, erantzukizun zibileko aseguruaren poliza eguneratua, indarra duen errentamendu kontratua, baita hasiera batean legeztatu ziren baldintzetan izan diren aldaketak ere, halakorik izan bada.

Bestetako piperotako lizentzien indarraldia abuztuaren 1etik abuztuaren 31ra arte izanen da, eskatzen den urtean.

Piperoa erabiltzeko lizentzia ematen duen Alkatetzaren ebazpenak uneoro egon beharko du lokalean, Udaleko teknikarien eskura.

Valtierrako Udalak, erregistro eguneratu bat edukiko du piperoen inguruan, iraunkorrak zein aldi aldi baterakoak izan.

Ordenantza honetako baimenak ez du zerikusirik sektoreko araudiaren arabera eskatzen ahal den bertze edozein baimenekin.

5. artikulua. Funtzionamendua.

Lokal horiek aisialdirako erabiltzeko baimenak muga batzuk izaten ahal ditu, erregelamendu honen xedapenen eta araudiaren arabera aplikagarri direnak. Zehazki, honako hauek:

a) Eskola-adinean dauden gazteek piperoak erabiltzea eskola-ordutegiaren barrenean, jolas-orduak barne direla.

b) Lastaira, kartoia eta plastikoa (edalontziak kenduta) pilatzea, ezta sutea sortu edo zabaltzeko arriskua ekar dezakeen bertze ezein material ere.

c) Lokalean merkataritzako jarduerak edo salmentak egitea.

d) Sukaldea edo etxetresna elektrikoa edukitzea, zuzeneko kontaktuaren bidez kolalean sua eragiten ahal badute. Aldiz, onartuko dira grillik gabeko mikrouhin labea eta hozkailua.

e) 18 urtetik beherakoek edari alkoholdunak eta tabakoa kontsumitu edo edukitzea edo hori toleratzea, Adingabeei Edari Alkoholdunen Kontsumoa Galarazi eta Mugatzeari buruzko martxoren 16ko 10/1991 Foru Legearen eta Tabakoari buruzko otsailaren 14ko 6/2003 Foru Legearen arabera.

f) Droga toxikoak, gai sorgorgarriak nahiz psikotropikoen legez kanpo kontsumitzea, izatea edo trafikoa eta harekiko tolerantzia, Herritarren Segurtasuna babesten duen otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 23.i) artikuluarekin bat.

g) Piperoko altzariz nahiz edozein elementuz eremu publikoa hartzea, ibilgailuen edo oinezkoen joan-etorria eragotzi edo oztopatuz.

h) Eremu publikoa edozein hondar, zikinkeria eta, oro har, edozein zaborrez zikintzea.

i) Ateak eta leihoak irekita izatea, traba egiten ahal badute barneko asotsa kanporatzeagatik, asotsa eragiteagatik edo usainak kanporatzeagatik.

j) Egunez zein gauaz ezin izanen da gainditu zarata maila jakin bat, aplikatzekoa den araudian ezarritakoa.

k) Gehienez baimendutako edukiera bete beharko da, Etxegintzaren Kode Teknikoaren 2. zatian SI dokumentuaren 3. zatian ezarritakoaren arabera (eraikina hustea). Proiektuan definituko da, eta ebazpen bakoitzean zehaztuko. Elkarte gastronomikoei baimendutako edukiera hartuto da erreferentzia gisa.

II. KAPITULUA

Zehatzeko prozedura

6. artikulua. Arau-hausteak.

6.1. Zati orokorra.

Ordenantza honetan xedatua betetzen ez duten egintzak arau-haustetzat joko dira. Ordenantza honetako zehapenak zehazteko, kontuan hartuko dira honako printzipio hauek:

a) Diru bidezko zehapena ezarriko da kontuan izanda zehatuarentzat egindako arau-haustea ez izatea onuragarriagoa hautsitako araua betetzea baino.

b) Halaber, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasunaren eta ezartzen den zehapenaren artean. Honako irizpide hauek hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:

b.1) Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.

b.2) Kalteak nolakoak diren.

b.3) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

c) Ordenantza honetan bildutako arau-hauste administratiboak zehatzeko, espedientea instruitu beharko da aldez aurretik, aplikazioko arauan ezarritako prozedurari jarraituz.

d) Erantzukizunaren astungarritzat hartuko dira giza osasunean izan dezakeen eragina, kalte akustikoa, kaltearen atzeraezintasuna, lekuaren ezaugarriak, intentzionalitatea, berrerortzea eta kutsadura edo istripurako arriskua.

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke. Aurreko printzipioen arabera mailakatuko dira arau-hauste eta zehapenak hiru kategorietako bakoitzean.

Zaraten gaineko araudia betetzen ez denean, 4/2005 F.L.an bildutako araubidea eta zehapen prozedura aplikatuko dira, ekainaren 6ko 135/1989 Foru Dekretuan eta 1367/2007 E.D.an jasotako mailaketaren arabera.

Alkatea izanen da organo eskuduna zehapen espedienteak irekitzeko eta arau-hausteak zehatzeko, non ez duen jardueren gaineko legeriak bertze eskumenik zehazten.

6.2. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak dira:

a) Dokumentazioa ez eguneratzea, ordenantza honetan xedatutakoari jarraituz.

b) Edozein motatako altzariak kalera ateratzea, bizilagunei traba egiten badiete edo oinezkoen pasa eragozten badute eremu publikoko espaloietan.

c) Zaborrak bota edo uztea eremu publikoan eta/edo lokal ondoan.

d) Eremu publikoan pixa egitea.

e) Txirrindulak, motorrak edo bestelako ibilgailuak aparkatzea oinezkoak nahiz ibilgailuen joan-etorria trabatuz.

f) Baimendutako asots maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuak arintzat jotzen duenean.

g) Ateak eta leihoak irekita izatea, traba egiten ahal badute barneko asotsa kanporatzeagatik, asotsa eragiteagatik edo usainak kanporatzeagatik.

h) Ordenantza honetan edo lege aplikarritetan larritzat edo oso larritzat jotzen ez diren arau-hausteak.

6.3. Arau-hauste larriak:

Arau-hauste larriak dira:

a) Merkataritzan edo salerosketan aritzea lokalean.

b) Asots maila baimendua gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuak larritzat jotzen duenean.

c) Lokalaren egoera aldatuta, horren berri ez ematea Udalari.

d) Lokalaren barrenean kartoia, plastikoa edo beste edozein material pilatzea, haren ezaugarriak direla eta, sua piztu edo hura hedatzen lagun dezakeenean.

e) Hiri-altzariak egotea piperoaren barrenean.

f) Lokalera sartzeko baimendutako jende-kopurua gainditzea.

g) Eremu publikoa behin eta berriz okupatzea, barreneko jarduera kanpoaldera zabalduta.

h) Lokalean gauaz edo egunaz animaliak edukitzea inor haietaz arduratu gabe, betiere bizilagunei traba egiten badiete edo osasun publikoarendako arriskua badakarte.

i) Urtebetean bi arau-hauste arin egitea, lehen arau-haustetik aitzina.

6.4. Arau-hauste oso larriak.

Arau-hauste oso larritzat hartuko dira honako hauek:

a) Piperoa erabiltzeko lizentzia eskuratu gabe jardueran aritzea.

b) Lokalaren jabeak sute aseguruaren poliza edo lokaleko jardueraren ondoriozko erantzukizun zibileko poliza ez izatea.

c) Erabileraren lizentzia eskuratzeko datu faltsuak alegatzea.

d) Ordenantza honetan edo kasuari aplikatzen zaion legerian ezarritako arauzko ikuskatze edo kontrol lanak oztopatzea edo sarrera ukatzea.

e) Ezarritako epetik kanpo piperoan jardutea.

f) Piperoa erabiltzeko lizentzia emanik, eranskinean eskatzen diren baldintzetako bat ez betetzea.

g) Lokalaren jabeak hura behar den egoeran ez izatea segurtasun, egituraren sendotasun eta bizigarritasun baldintzak bermatzeari dagokionez.

h) Baimendutako asots maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuak larritzat jotzen duenean.

i) Jarduera horiek egiten diren lokaletan adingabeek edari alkoholdunak izatea, kontsumitzea edo haiei lortzea edo eskaintzea.

j) Droga toxikoak, gai sorgorgarriak edo psikotropikoak eduki eta/edo kontsumitzea.

k) Urtebetean bi arau-hauste larri edo hiru arin egitea, lehen arau-haustetik aitzina.

7. artikulua. Erantzuleak.

Ordenantza honetan arau-hauste gisa sailkaturik agertzen diren egintzak benetan egin dituzten pertsonak izanen dira arau-hausteen erantzuleak. Espedientea zuzenduko zaie gainerakoen ordezkari agertzen diren taldekideei, 4. artikuluan xedatzen denaren arabera. Horrek guztiak ez du ukatzen zehapena, ekonomikoa bada, taldeko kide gisa agertzen diren guztiei eskatzea modu solidarioan, baldin eta ez badute borondatezko epean ordaintzen. Orobat, jabea haien erantzule subsidiarioa izanen da.

8. artikulua. Zehapenak.

8.1. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinei zehapen hauetako bat edo bi ezarriko zaizkie:

–Baimenaren etenaldia, lokala gehienez ere 30 egunetarako itxita.

–100 euro bitarteko isuna.

8.2. Arau-hauste larriak:

Arau-hauste larriei zehapen hauetako bat edo biak ezarriko zaizkie:

–Baimenaren etenaldia, lokala gehienez ere 90 egunetarako itxita.

–101 eurotik 300 eurora bitarteko isuna.

8.3. Arau-hauste oso larriak.

Arau-hauste oso larriei zehapen hauetako bat edo biak ezarriko zaizkie:

–Lizentzia baliogabetzea, lokala ixtea eta 3 hilabetetik 3 urtera bitarteko epean beste lizentzia bat eskuratu ezina.

–100 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.

9. artikulua. Behin-behineko neurriak.

Ordenantza honetan sailkatutako arau-hauste batengatik zehapen prozedura hasten denean, zehapena ezartzeko eskumena duen organoak behin-behineko neurri hauetako bat edo batzuk hartzen ahal ditu, besteak beste:

a) Lokala aldi baterako ixtea.

b) Tresnak edo ekipoak zigilatzea.

c) Zuzenketa, segurtasun edo kontrol neurriak, arriskua edo kaltea egiten ez jarraitzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Valtierrako Udalari dagokio ordenantza honen puntu guztien interpretazioa egitea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza honek indarra hartu ondotik ezartzen diren pipero iraunkor nahiz aldi baterakoei bertan ezarritako xedapenak aplikatuko zaizkie. Orobat, lehendik dauden piperoei aplikatuko zaizkie; izan ere, sei hilabeteko epea dute ordenantza honek indarra hartzen duenetik aitzina, hari egokitzeko.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Valtierran, 2016ko abuztuaren 1ean.

1. ERANSKINA

Gutieneko ekipamendua pipero aldi baterako eta iraunkorretarako

Pipero iraunkorren baimena tramitatzeko, ondotik zehazten diren zerbitzuak badituela frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko zaio eskaerari:

a) Ziurtagiri teknikoa, teknikari eskudunak sinatua, ziurtatzen duena kasuan kasuko higiezina ondotik ematen diren zerbitzuez horniturik dagoela:

–Eraikuntza Udalaren edo Udalez gaindiko araudi indardunaren arabera egokituta egotea.

–Beheko solairuan egotea, eremu publikotik sarrera zuzenean duela.

–Gehieneko edukiera, aplikatu beharreko araudiaren arabera.

–Edateko ur korrontearen zerbitzua.

–Instalazio elektrikoaren ziurtagiria.

–Komun-zuloa eta konketa dituen komuna.

–Aireberritze naturala edo behartua lokal eta gela guztietan, CTE DB HS araudiaren arabera.

–Eraikuntzaren Kode Teknikoa betetzea, suteei aitzintzeaz eta erabileraren segurtasunaz den bezainbatean. Suteari aitzintzeko neurriak, sektorean indarra duen araudiarekin bat; zehazki, 2 kg CO2-ko itzalgailua, 34 B eraginkortasunekoa, izan beharko dute lotune elektrikoaren koadrotik hurbil eta 6 kg-ko hautsezko itzalgailu balioaniztunak, 21A-113B eraginkortasunekoak, 10 m²-ko azalera erabilgarrian 1,2 Kg gai itzalgarri izan dadin.

–Seinale eta larrialdiko argiak paramentuan, ateratzeko atearen gainean; gainera, lokala nola dagoen banatua, haren arabera agintzen direnak, aplikatzeko araudiarekin bat.

–Zaratei buruzko 135/1989 Foru Dekretuaren eta 1367/2007 E.D.aren gainerako determinazioak betetzea etxebizitzetan, patioetan eta eremu publikoetan.

–Instalazioak telebista edo musika ekipoa baldin badu, etxebizitza kaltetuenean izan daitekeen hots mailarik altuena 30 dBA izanen da eta 25 dBA 23:00etatik aitzinera; betiere, zaratei buruzko araudian ezarritakoaren arabera bai Nafarroan bai Estatuan. Udaleko agintariak, lokalarentzat egokia irudituz gero, potentzia akustikoaren mugagailu bat ezarteko eskatzen ahal du.

b) Jabeak harpidetzea suteen aseguru poliza eta erantzukizun zibilekoa, 250.000 eurokoa.

Aldi baterako piperoen baimena tramitatzeko, ondoko dokumentazioa erantsi behar zaio eskaerari:

a) Jabearen zinpeko aitorpena, dioena jarduera horietako erabiltzen den higiezinak gutieneko baldintzak betetzen dituela segurtasunaren aldetik, eta badituela komuna argia, txorrotako ura eta itzalgailua.

b) Jabeak harpidetzea suteen aseguru poliza eta erantzukizun zibilekoa, 250.000 eurokoa.

2. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1609231