165. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

2. aldaketa, Eremu publikoan ostalaritzako terrazak paratzea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2016ko maiatzaren 31n egin osoko bilkuran, besteak beste erabaki zuen hasiera batean onestea Tafallako udal mugapean “Eremu publikoan ostalaritzako terrazak paratzea arautzen duen ordenantzaren 2. aldaketa.”

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, onetsitako ordenantza jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, 2016ko 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, ekainaren 24an.

Jendaurreko epea bukaturik, inork ez du haren kontrako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu; beraz, behin betiko onetsita dago eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, dagozkion ondorio juridikoak izan ditzan.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten da ezen honako ordenantza honen aurka –xedapen administratibo bat baita– ez dela administrazio bidean errekurtsorik aurkezten ahal (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

PROPOSAMENA 2. ALDAKETA EGITEKO EREMU PUBLIKOAN OSTALARITZAKO TERRAZAK PARATZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAN

Aldatutako artikuluen testuak

Ordenantzaren honako artikuluak aldatu dira:

16. artikuluan. Baldintza orokorrak.

–Paragrafoko azken esaldia honela geratuko da idatzita:

“Erdiko oina duten eguzkitakoak, fatxadari lotutako olanak eta eguzki-babesak izan ezik, berariaz debeku dira gainerako estalgarrien euskarriak, desmuntatzen diren egiturak badira ere.”

17. artikuluan. Hornigarriek bete beharreko baldintzak.

–2. puntuan f) atala erantsi da, honela dioena:

“f) Eserlekua edo taburetea (0,40 x 0,40 m)”.

–4. puntuan, hirugarren paragrafo berria eransten da. Hona hemen:

“Halaber, zilegi da egitura arineko eguzki-babes autosostengarriak paratzea, aurkeztu behar den ezaugarri teknikoen fitxari eta/edo dokumentazio teknikoari jarraituz. Egitura 2,20 m izanen da garai, gutxienez, eta 3,50 m gehienez. Ezin izanen da, inola ere, terrazarako baimendutako azaleratik irten. Egitura ezin zaio zolari, fatxadari edo eremu publikoko beste edozein osagairi lotu. Nolanahi ere, zilegi izanen da kontrapisuak erabiltzea, jardinera gisa edo antzera, multzoa egonkorra dela bermatzeko.

Eguzki-babesaren ereduak ingurunera egokitzeko gutxieneko baldintzak bete behar ditu, eta Udalaren zerbitzu teknikoek onestearen menpe egonen da.”

–4. puntuko 4. paragrafoa honelaxe geldituko da idatzia:

“Eguzkitakoak, olanak eta eguzki-babesak ehunezkoak izanen dira, lauak eta hiriaren inguruko koloreekin bat datozela; betiere, aise biltzeko modukoak izanen dira.”

Tafallan, 2016ko ekainaren 22an.–Alkate udalburua, Arturo Goldaracena Asa.

Iragarkiaren kodea: L1609546