2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TAFALLA
Udal Erregelamendua, hizkera ez-sexistaren erabilera eta emakumeak eta gizonezkoak ikusarazteko xedea duten estatistika eta azterlanen egokitzapena arautzen dituena. Behin betiko onespena
Tafallako Udalak, 2016ko maiatzaren 31n egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea eta gero erregelamenduaren arabera tramitatzea Udal Erregelamendua, hizkera ez-sexistaren erabilera eta emakumeak eta gizonezkoak ikusarazteko xedea duten estatistika eta azterlanen egokitzapena arautzen dituena Tafallako udal esparruan.
Erregelamendu horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2015eko 118. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 20an, eta Udaletxeko iragarki oholean. Jendaurreko epean inork ez dio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu, ezta geroago ere. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat hartzen da.
Argitara ematen da, aipatutako erregelamenduaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan.
Tafallan, 2016ko uztailaren 27an.–Alkatea, Arturo Goldaracena Asa.
UDAL ERREGELAMENDUA, HIZKERA EZ-SEXISTAREN ERABILERA ETA EMAKUMEAK ETA GIZONEZKOAK IKUSARAZTEKO XEDEA DUTEN ESTATISTIKA ETA AZTERLANEN EGOKITZAPENA ARAUTZEN DITUENA
Zioen azalpena
Politika publikoetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa txertatzeko, estrategia ezin hobe gisa agertu da, argi agertu ere, generoaren zeharkakotasuna (generoaren mainstreaming-a).
Hala definitzen du Europako Kontseiluaren aditu taldeak: prozesu politikoen antolaketa (berrantolaketa), hobekuntza, garapena eta ebaluazioa, halako moduz non genero berdintasunaren ikuspuntua txertatzen duten politika guztietan, maila eta etapa guztietan, neurri politikoak hartzeko inplikaturik egon ohi direnek.
Hots, genero ikuspuntuak eragin behar du araudi, politika, programa eta proiektu publiko guztietan, esku-hartze esparru guztietan.
Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak berariaz jaso du 15. artikuluan. “Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioaren zeharkakotasuna” izenburupean, hauxe ezartzen du: Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa kontuan hartuko da botere publiko guztien jardunean, zeharkakotasun-izaerarekin. Administrazio publikoek printzipio hori modu aktiboan barneratuko dute, euren arau-xedapenak ematean nahiz betetzean, esparru guztietako politika publikoak zehaztu eta horien inguruko aurrekontuak egitean, eta euren jarduera guztiak garatzean.
Beraz, Administrazio Publikoetan generoaren zeharkakotasuna inplementatzeak eskatzen du, abiapuntu gisa, emakumeen eta gizonen errealitatea ezagutzea eta ikusaraztea. Horixe da erregelamendu honen helburua.
Horretarako, planteatzen dugu, batetik, sexuaren aldagaia sartzea datu bilketa guztietan, eta, bestetik, hizkera modu ez-sexistan erabiltzea, eta egiten diren eduki eta irudietan berdintasuna izatea.
Bi alderdi horiek 3/2007 Lege Organikoan jaso dira. Botere publikoen jarduketa irizpideen barnean, 14.11 artikuluak aipatzen du “Administrazio-esparruan sexista ez den hizkera ezartzea”. Eta 20. artikuluak ezartzen du sexu-aldagaia sistematikotasunez sartu behar dela estatistiketan, inkestetan eta egiten dituzten datu-bilketetan:
14. artikulua. Botere publikoen jardute-irizpide orokorrak.
Lege honen helburuetarako, botere publikoen jardute-irizpide orokorrak izango dira:
.../...
11. Administrazio-esparruan sexista ez den hizkera ezartzea, eta hizkera hori suspertzea harreman sozial, kultural eta artistiko guztietan.
20. artikulua. Estatistiken eta ikerketen egokitzapena.
Lege honetako xedapenak eragingarriak izan daitezen, eta genero-ikuspegia botere publikoen ohiko jardueran eragingarritasunez barneratu dadin, botere publikoek hurrengoak egin beharko dituzte euren azterketa eta estatistikak gauzatzean:
a. Sexu-aldagaia sistematikotasunez sartzea estatistiketan, inkestetan eta egiten dituzten datu-bilketetan.
b. Estatistika-eragiketetan adierazle berriak ezartzea eta sartzea, ahalbidetuko dutenak hobeto ezagutzea emakumeen eta gizonen desberdintasunak, balore, eginkizun, egoera, baldintza, asmo eta beharrizanei dagokienez; halakoak zelan azaleratzen diren; eta aztertu beharreko errealitatean halakoek duten elkarreragina.
c. Beharrezko adierazleak eta mekanismoak diseinatu eta sartzea, ahalbidetuko dutenak, Administrazio publikoek zein esparrutan esku hartu eta esparru horietan askotariko bereizkeria-egoerak sortzen dituzten beste aldagai batzuen berri izatea.
d. Behar besteko edukia duten laginak gauzatzea, sartutako aldagai desberdinak sexu-aldagaiaren arabera erabili eta aztertu ahal izateko.
e. Euren eskuetan dituzten datuak erabiltzea, Administrazioak zein esparrutan esku hartu eta esparru horietan jakin dadin emakumeek eta gizonek dituzten egoera, baldintza, asmo eta beharrizan desberdinak.
f. Eginda dauden estatistiketako definizioak aztertu eta, hala denean, egokitu, hori lagungarri izan dadin, emakumeen lana aitortu eta baloratzeko, eta emakumeen zenbait kolektiboren gaineko estereotipo negatiboa saihesteko.
Salbuespenez, eta organo eskudunak onetsitako txosten ziodunaren bidez, justifikatu ahal izango da zehaztu berri diren betebeharretarik baten bat ez betetzea.
Tafallako emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunerako planak helburu gisa ezarri du genero ikuspuntua txerta dadila bultzatzea udal informazioa biltzean, prestatzean eta zabaltzean; idatzizko hizkeran eta irudietan erabilera ez-sexista sustatzea.
Horretarako, hiru ekintza proposatzen ditu:
1.–Udal informazioa biltzeko iturriak egokitzea, sexuaren aldagaia txertatuz arlo guztietan, emakumeen eta gizonen errealitate desberdinak bil daitezen.
2.–Udalak eskuliburu bat egitea, hizkera modu ez-sexistan erabiltzeko gomendioekin.
3.–Udalaren dokumentazio administratiboa, argitalpenak, kanpainak, testuak, etab. berrikustea eta egokitzea, baita euskarri informatikoak ere, hizkera modu ez-sexistan erabiltzen dela zaintzeko.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun egiazko eta benetakoa lortzeko prozesuan, bereziki inportantea iruditzen zaigu hizkera modu ez-sexistan erabiltzea, pertsonen arteko komunikazio bide nagusia baita, eta, era berean, errealitatearen ikuspegi zehatz bat eratzen laguntzen baitu.
Funtsezkoa da hizkeraren bidez emakumeak eta gizonak ikusaraztea, eta haien presentzia, ekarpenak, sentimenduak eta iritziak islatzea. Filologia erromanikoan doktore Eulália Lledó Cunillek dioen bezala, “izendatzen ez dena ez da existitzen”. Horregatik da beharrezkoa hizkera erabiltzea halako moduz non ez den ezkutatuko, azpiratuko, kanporatuko.
Etengabe bilakatzen ari den tresna da hizkuntza, egoera soziala islatzen du, eta pertsona bakoitzaren identitatearen zati da. Horrexegatik, garrantzitsua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean erdietsitako lorpenak hizkeran adieraztea, eta paraleloki egin dezagula oraindik egiteko dagoen bidea.
Hizkuntzak ez dira sexistak. Hizkuntzak ez dira matxistak. Hizkuntza guztiek ahalbidetzen dute erabiltzaileak eraikuntza desberdinak egitea eta ideia bera desberdin komunikatu ahal izatea. Hizkuntzak ez du mugatzen. Hizkuntzaren erabiltzaileak erabakitzen du nola erabili. Beraz, bai gaztelaniak, genero gramatikala markatzen baitu, bai euskarak, ez baitu markatzen, ahalbidetzen dute zuzen eta oker erabiltzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren ikuspuntutik.
Emakumeen eta gizonen errealitatea ezagutuz bakarrik inplementa ditzakegu haien behar eta interesetara egokitzen diren politika publikoak, eta horrela bakarrik azter daiteke zer eragin duten politika horiek berdintasunaren alorreko lorpenetan. Horregatik, funtsezkoa da sistematikoki txertatzea sexuaren aldagaia informazioa biltzeko euskarrietan, eta, harekin batera, beste aldagai batzuk ere bai, ahalbidetuko digutenak diagnostiko zehatza egitea eragin beharreko egoeran.
Aurretik adierazitako guztiarekin eta aipatu den araudiarekin bat, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, erregelamendu hau onestea erabaki da:
1. KAPITULUA
Erregelamenduaren aplikazio esparrua
1. artikulua. Erregelamendu hau Tafallako Udalean aplikatuko da, eta haren menpeko erakunde autonomoetan.
2. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, erregelamendu honen 4. eta 7. kapituluak aplikatuko dira, haiei dagokien neurrian.
2. KAPITULUA
Administrazioen arteko harremanak
3. artikulua. Orokorrean, Tafallako Udalak beste administrazio publikoei igortzen dizkien agiriak, jakinarazpenak eta adierazpenak, hizkera inklusibo eta ez-baztertzailean idatziko dira.
3. KAPITULUA
Herritarren eskubideak
4. artikulua. Herritarrek eskubidea dute Tafallako Udalari eskatzeko hizkera inklusiboa erabiltzeko, bai gaztelaniaz bai euskaraz.
5. artikulua. Administrazioari ahoz zuzentzen zaizkion herritarrei hizkera ez-baztertzailearekin eginen zaie harrera. Horretarako, Udalak prestakuntza emanen du, jendeari harrera egiteko tokietan hizkera ez-sexistaren eta komunikazio inklusiboaren erabileran prestakuntza hartu duten udal langileak daudela bermatzeko, erregelamendu honetako 4. kapituluan aipatzen den ildotik.
4. KAPITULUA
Udalaren kanpoko irudia
6. artikulua. Tafallako Udalak estereotipo sexistarik gabeko hizkera erabiliko du, bai gaztelaniaz bai euskaraz, orokorrean herritarrei zuzentzen zaienean:
–Bandoak, ediktuak, kartelak eta informazio plakak.
–Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta gisako elementuak.
–Eraikin, karrika eta eremu publikoetako errotuluak.
–Udalaren egoitza eta bulegoetako errotuluak, Udalaren ibilgailuetakoak, eta langileen arropa eta uniformeetakoak.
–Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.
–Udalak administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.
–Festetako programa.
–Iragarkiak.
–Dibulgazioko idazkiak eta aldizkariak.
–Udalaren web gunea.
7. artikulua. Publizitatea hedabideetan.
Tafallako Udalak exijituko du era guztietako hedabideetan agertzen diren udal iragarkietan mezuek hizkera ez-sexista eta ez-baztertzailea izan dezatela.
8. artikulua. Argitalpenak.
Hizkera ez-sexistan eta inklusiboan idatziko dira Tafallako Udalak, bere erakundeek eta enpresek sorrarazten dituzten argitalpenak, administrazio agiriak, ordenantzak, zirkularrak, eskabide-orriak, inprimakiak eta abar, baita Udaleko langileen hitzarmen kolektiboa eta akordioa ere.
9. artikulua. Erakunde iragarleei adieraziko zaie beren iragarkietan hizkera ez-sexista eta ez-baztertzailea erabili behar dutela, eta, Berdintasun alorraren bidez, beraiek iragarkiak eta/edo agiriak zuzentzeko materialak eta/edo eskuliburuak eskainiko zaizkie.
5. KAPITULUA
Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua
10. artikulua. Zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketarako Tafallako Udalak egiten dituen kontratazio espedienteetan, klausula bat sartuko da emakumearendako iraingarri eta/edo baztertzaile diren irudi edo mezuak ez erabiltzeko konpromisoa bilduko duena, eta baloratu eginen da proiektu teknikoa idaztean hizkera inklusiboa erabiltzea.
6. KAPITULUA
Hizkera ez-sexistaren erabilera
eta komunikazio inklusiboaren sustapena
11. artikulua. Tafallako Udalak, bere Berdintasunaren Informazio Batzordearen bidez, jarduketa programak eginen ditu, administrazio hizkeraren erabilera ez-sexistarekin eta ez-baztertzailearekin zerikusia duten gaien gaineko informazio eta prestakuntza maila handitu beharrez eta emakumeenganako estereotipo baztertzailerik gabeko komunikazio moduen gaineko ezagutza eta erabilera gizarte alor guztietan sustatu beharrez.
12. artikulua. Hizkera eta irudiak modu ez-sexistan erabiltzeko Nafarroako Gobernuak bultzatutako ekimen eta kanpainetan parte hartuko du Tafallako Udalak, baita beste toki entitate batzuekin elkarturik egiten direnetan ere.
7. KAPITULUA
Udalaren azterlanak eta estatistikak
13. artikulua. Estatistiken eta ikerketen egokitzapena.
1. Erregelamendu honetako arauak benetan gauzatzeko eta generoaren ikuspuntua ohiko jardueran benetan txertatzeko, udal gobernuak, bere eskumenen barnean, honako hauek egin beharko ditu:
a) Sexu-aldagaia sistematikotasunez sartzea estatistiketan, inkestetan eta egiten dituzten datu-bilketetan.
b) Estatistika-eragiketetan adierazle berriak erabiltzea, ahalbidetuko dutenak hobeki ezagutzea emakumeen eta gizonen desberdintasunak, honako hauei dagokienez: baloreak, eginkizunak, egoerak, baldintzak, asmoak eta beharrizanak.
c) Beharrezko adierazleak eta mekanismoak diseinatzea eta sartzea, ahalbidetuko dutenak beste aldagai batzuk ezagutzea, esku-hartzen den esparruetan askotariko bereizkeria-egoerak sortzen dituztenak.
d) Behar besteko edukia duten laginak egitea, sartutako aldagaiak sexu-aldagaiaren arabera erabili eta aztertu ahal izateko.
e) Eskura dauden datuak erabiltzea, esku-hartzen den esparruetan jakin daitezen emakumeek eta gizonek dituzten egoera, baldintza, asmo eta beharrizan desberdinak.
2. Salbuespenez, eta udal idazkariak onetsitako txosten ziodunaren bidez, justifikatu ahal izanen da zehaztu berri diren betebeharretarik baten bat ez betetzea.
14. artikulua. Azterlanak eta estatistikak esleitzea.
Zerbitzuak kontratatuz egiten direnean udal azterlanak eta estatistikak, enpresa esleipendunak onartu beharko du aurreko artikuluan jasotako betebeharrak betetzeko konpromisoa.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Erregelamendu honek indarra hartuko du ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.
Bigarrena.–Tafallako Udaleko Berdintasunaren Informazio Batzordeari ahalmena eman zaio segimendua egiteko erregelamendu hau betetzen ote den, eta hura bermatzeko edozein gairen gainean proposamenak egiteko.
Iragarkiaren kodea: L1608949