1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
318/2016 EBAZPENA, abuztuaren 2koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena, uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian aipatzen diren ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko 2015-2016 ikasturtean. Aipatu foru dekretuak martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretua aldatu zuen, hau da, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzaren lehen zikloa arautu eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta zikloko hezkuntza arloko edukiak ezarri zituena.
Uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuak lehen xedapen gehigarrian xedatzen du Hezkuntza Departamentuaren parte-hartzea lankidetza hitzarmena izenpetu ohi duten udal titulartasuneko ikastetxeen kudeaketa gastuak finantzatzeko, diru-laguntzen araubide berariazko baten bitartez, betiere martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren eranskineko hezkuntza edukiak ematen badituzte eta adingabeei zuzeneko hezkuntza arreta ematen dieten profesionalek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak eta horren garapeneko araudiak eskatzen dituzten titulazioak badituzte.
Alde horretatik, Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduaren 2.3. artikuluan xedapen gehigarri hartan jasotako ikastetxeentzako diru-laguntzetarako deialdia eginen dela jasotzen da. Foru agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen artean lankidetza hitzarmenak izenpetzeko oinarriak ezarri ziren, udal titulartasuneko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko.
Diru-laguntzak emateko deialdia eta arauak onestea du xede ebazpen honek, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoarekin bat.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onestea, uztailaren 25eko 72/2015 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian aipatzen diren ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko 2015-2016 ikasturtean, ebazpen honi eranskin gisa gehitu zaizkion oinarri arautzaileei jarraituz. Aipatu foru dekretuak martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretua aldatu zuen, hau da, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzaren lehen zikloa arautu eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta zikloko hezkuntza arloko edukiak ezarri zituena.
2. 729.624,88 euroko gastua baimentzea 2016ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Udalekin hitzarmenak, 0 eta 3 urte bitarteko haurrak eskolatzeko” izeneko 425002-42120-4609-322100 kontu-sailaren kargura.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntza Departamentuan Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentua duen kontu-hartzaile delegatuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalari igortzea.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2016ko abuztuaren 2an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.
I. ERANSKINA
Uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian aipatutako ikastetxeen titular diren toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak, 2015-2016 ikasturterako
1.–Deialdiaren xedea eta helburua.
Toki entitateei diru-laguntzak emateko arauak ezartzea du xede deialdi honek, uztailaren 25eko 72/2015 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian aipatzen diren ikastetxeen 2015-2016 ikasturteko kudeaketa finantzatzeko.
Deialdi honen helburua da toki entitateei laguntzea 0-3 urteko haurrei hezkuntza arloko arreta emateko zerbitzuetan, eta laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko erraztasunak ematea.
2.–Onuradunak eta betebeharrak.
Ikastetxeen titular diren toki entitateek eskatzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak, baldintza hauek betez gero:
1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako kasuetako bakar batean ere ez egotea.
2. Uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren eranskineko hezkuntza arloko edukiak eman beharko dituzte, eta adingabeei zuzeneko hezkuntza arreta ematen dieten profesionalek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak eta horren garapeneko araudiak eskatzen dituzten titulazioak izan beharko dituzte.
3.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Deialdi honen bidez ematen diren diru-laguntzak 2016ko Gastuen Aurrekontuko “Udalekin hitzarmenak, 0 eta 3 urte bitarteko haurrak eskolatzeko” izeneko 425002-42120-4609-322100 kontu-sailaren kargura izanen dira, eta, gehienez ere, 729.624,88 euro banatuko dira.
Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduan aurreikusitako irizpide eta moduluen arabera zehaztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa; foru agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen artean lankidetza hitzarmenak izenpetzeko oinarriak ezarri ziren Haur Hezkuntzako lehen zikloko udal titulartasuneko ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko. Muga hauek aplikatuko dira:
a) Aurreko irizpideak aplikatuz onuradun diren toki entitateei dagozkien diru-laguntzen zenbateko metatuak deialdi honetarako baimendutako gastua gainditzen badu, bidezko hainbanaketa eginen da, laguntzen kopurua aurrekontu erabilgarriari egokitzeko.
Betiere, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleez arduratzen diren langileak finantzatzeko ekarpena hainbanaketa horretatik aparte izanen da.
b) Betiere, 2016. urtean, Hezkuntza Departamentuak funts gehigarriak baditu deialdi honetarako aurrekontua handitzeko, ematen diren laguntzen zenbatekoa handitzen ahalko da, harik eta Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduan ezarritako irizpideak aplikatuz onuradunei legokiekeen zenbatekoa jo arte.
Kopuru gehigarria eraginkorra izanen da lehen aipatu inguruabarraren ondorioz kreditu erabilgarririk adierazten bada; betiere, bidezko aurrekontu aldaketa onetsi beharko da diru-laguntza ematen duen ebazpena baino lehen.
4.–Eskaera egiteko epea eta aurkeztu beharreko agiriak.
4.1. Interesdunek II. eranskinaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute Hezkuntza Departamentuko 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 10 egun balioduneko epean.
4.2. Eskabidea, horretarako ahalordea duenak sinatua, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, edo Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4 artikuluan ezartzen diren tokietako edozeinetan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez araututako Erregistro Elektronikoan.
4.3. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Legezko ordezkariaren ahalordea frogatzen duen agiria.
–Ikastetxe bakoitzean 2015-2016 ikasturtean sortutako diru-sarreren eta gastuen egiaztagiria.
–Ikastetxe bakoitzean 2015-2016 ikasturtean matrikulatutako haurren zerrenda, eta haietako bakoitzak ordaindutako tarifak, Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 22ko 21/2013 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz.
–Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak dituela frogatzen duen ziurtagiria.
–Diru-laguntzaren xedeko jarduera osorik edo haren zati bat azpikontratatzen duten toki entitateek kontratazio horren efizientzia eta ekonomia frogatu beharko dute idazkariaren ziurtagiri baten bidez; bertan, kopuruari edo inguruabarrei dagozkien prozeduraren arabera kontratatu dela adieraziko da, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen arabera.
4.4. Eskaera osorik betetzen ez bada edo eskaera baloratzeko garrantzitsuak diren alderdiak behar bezala frogatzen ez badira, akatsa zuzen dezala eskatuko zaio toki entitateari. Horretarako hamar egun balioduneko epea emanen zaio gehienez ere, jakinarazpenaren biharamunetik aurrera. Eskatutako dokumentazioa zuzentzen ez bada, toki entitateak eskaera bertan behera utzi duela ulertuko da eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da; hala jakinaraziko zaio.
5.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak, eta ebazpena jakinarazteko epea.
0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalak txostena egin ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak bi hilabeteko epean, gehienez ere, ebatziko du deialdi hau, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aurrera. Ebazpen hori toki entitate interesdun guztiei jakinaraziko zaie.
Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.
6.–Entitate titular onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoak dira entitate titular onuradunen betebeharrak.
7.–Diru-laguntzaren ordainketa eta gastuen justifikazioa.
Dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa deialdi honen hirugarren oinarrian xedatutakoaren arabera kalkulatu ondoren, haren ordainketa osorik eginen da 2016ko azken hiruhilekoan.
8.–Bateragarritasuna hirugarrenen diru-laguntzekin.
Toki entitateek beste diru-laguntza edo laguntza batzuk hartzen ahalko dituzte deialdi honen xederako, edozein administrazio publikotatik edo beste ente publiko edo pribatu batzuetatik.
Toki entitateak beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jaso eta ikastetxearen diru-sarrerak guztirako gastuak baino handiagoak badira, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduko da Hezkuntza Departamentuaren diru-laguntzatik.
9.–Toki entitate onuradunen betebeharrak, diru-laguntzaren xedeko jarduera finantzatzeko publizitateari buruz.
Diru-laguntza jasotzen duten toki entitateek, eskura dituzten hedabideen bitartez edo, horrelakorik ezean, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren edo prentsaren bidez, Hezkuntza Departamentuak diru-laguntza eman izanaren berri eman beharko dute.
10.–Azpikontratazioak.
Toki entitate onuradunek eskaeraren xedeko ikastetxe guztien edo batzuen kudeaketa azpikontratatzen ahalko dute, eta ez dago portzentaje mugarik azpikontratatzen den zenbatekorako.
11.–Oinarri arautzaileen eta deialdiaren aurka jartzen ahal diren errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarrien kontra, toki entitate interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
12.–Ematen diren diru-laguntzen eta haien entitate onuradunen zerrendaren araubidea eta publizitate maila.
Hezkuntza Departamentuak ematen diren diru-laguntzak eta haien entitate onuradunen zerrenda argitaratuko ditu bere web orrian.
II. ERANSKINA
Eskabide-eredua, toki entitateentzako diru-laguntzen 2015-2016 deialdirako (PDFa).
III. ERANSKINA
Diru-sarreren eta gastuen ziurtagiria (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1609233