Iragarkia
165. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 26a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OIZ
Aldaketa, Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen
dituen ordenantza fiskaletan. Behin betiko onespena
Udal ordenantzen aldaketaren hasierako onespena argitaratuta 2016ko 58. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 23an, eta jendaurreko epea iraganik inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 1.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsita gelditu da Oizko Udalaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa. Ondotik azaltzen da testu osoa.
Oizen, 2016ko uztailaren 22an.–Alkatea, Jaime Urroz Telletxea.
Ordenantza, herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituena
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Oizko udal mugapeko herrilurretako ondasunen administraziorako, xedapen egintzetarako, babeserako, berreskuratzeko eta aprobetxamendurako.
2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Hauek dira herrilurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua (280/1990 Foru Dekretua); Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herrilurren ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa.
II. TITULUA
Administrazioa eta xedapen egintzak
5. artikulua. Herrilurretako ondasunak erabili, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Oizko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.
Herri ondasunen inguruan Oizko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Oizko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek lehentasuneko aukerak baitira.
Herrilurretako ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Oizko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.
6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduan (280/1990 Foru Dekretua) ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
III. TITULUA
Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea
7. artikulua. Oizko Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzera ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.
8. artikulua. Oizko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herrilurretako ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herrilurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari Oizko Udalak, lursailen immatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horien gaineko erabakia.
10. artikulua. Oizko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herrilurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.
11. artikulua. Oizko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Oizko Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.
13. artikulua. Oizko Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren jarduketak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abiatzen ahal da zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Oizko Udalak.
IV. TITULUA
Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:
a) Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak.
b) Herrillarreen aprobetxamendua.
c) Etxerako egurraren aprobetxamenduak.
d) Herrilurretako beste aprobetxamendu batzuk.
15. artikulua. Oizko Udala herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.
16. artikulua. Orokorrean, Oizko herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitatearen titularrak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.
b) Oizko Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea 2 urteko antzinatasunez.
c) Oizen urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.
d) Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.
e) Aziendak Oizko Udaleko Katastroan inskribaturik edukitzea, nagusiki bazka ekoizten duten herri aprobetxamenduen onuradunentzat.
17 artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutieneko soldata baino apalagoak baldin badira.
II. KAPITULUA
Laborantzako herrilurren aprobetxamendua,
larreen 18 lurzatitan
18. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako bizilagun titularrei zuzenean esleituko zaie herrilurren aprobetxamendua.
19. artikulua. 1. Herrilurren aprobetxamendua esleitzeko, Oizko Udalak berdintasun eta justiziaren printzipioak beteko ditu, eta lehentasuna emanen die familia unitatearen titular hauei:
a) Diru-sarrera gutxien duten familia unitateak.
b) Jabetzan edo beste modu batez, antzeko lurrik ez dutenei.
c) Herrilurretako beste aprobetxamendurik ez dutenei.
2. Aurreko lerroaldeko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hau da, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapitulu zergagarria, hirilurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.
20. artikulua. 1. Aprobetxamendu mota honetarako, Oizko Udalak urteko kanona ezarriko du azalera unitate bakoitzeko, eta hura urtero zehaztuko da Aurrekontu Arruntean.
2. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko lehenbiziko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino gutiago.
3. Urtero onesten den Aurrekontu Orokor bakarrean ezarriko da kanona, hala eskatzen duten onuradunentzat, baldin frogatzen badute beren familia unitateko diru-sarrerak direla lanbide arteko gutxieneko soldata halako bat eta erdi baino gutxiago, familia unitateko kide bakoitzeko. Ondorio horietarako, familia unitatean desgaitasun fisikoa edo mentala duen kide bakoitzeko, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrerak daudela zenbatuko da.
21. artikulua. Herrilurren aprobetxamendua egin ahal izateko epea 12 urtekoa izanen da, esleitzen direnetik aurrera.
22. artikulua. 1. Herrilurren aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko.
2. Oizko Udalak zehaztuko du zenbat laborantzako lur esleitzen zaion bizilagun bakoitzari, kontuan hartuta dagoen herrilurra eta esleitzen den lurraren produkzio gaitasuna, baita eskatzailearen ustiategia edo beharrak eta familia unitatearen egoera ekonomikoa ere.
23. artikulua. 1. Oizko Udalak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, herrilurretako aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.
2. Ondoko kasu hauetan ulertuko da herrilurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari:
a) Nekazaritzako makinak edukirik, berari esleitutako herrilurrak lantzeko erabiltzen ez dituenean.
b) Oizko Udalaren Landazaintza Zerbitzuaren edo Nekazaritza Batzordearen txostenari jarraituz, lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituztenean.
c) Ondoko alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta Udalak agindutako epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Oizko Udalak baimendutako pertsonek eginak.
d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez dutenean, horretara beharturik ez egonik ere.
e) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenean.
f) Bazka ekoizten duten herrilurren esleipen hartzaileak izanik, aziendak Oizko Udal honetako abere aberastasunaren katastrotik ateratzen dituztenean.
24. artikulua. Herrilurretan bazkatzen den aziendak ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko, eta foru lege horretako eta bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.
25. artikulua. Onuradunek zuzen behar dituzte landu eta aprobetxatu esleitutako larre-lurzatiak.
26. artikulua. Onuradunek herrilurrak ezin izanen dituzte erabili, Udalaren aldez aurreko baimenik gabe, esleipenekoak ez diren beste aprobetxamendu batzuetarako.
27. artikulua. Esleitutako herrilurretan itxiturak egiteko Oizko Udalaren baimena beharrezkoa da. Itxiturak egiteko zura erabiliko da, edo taketak burdin hariekin, edo landareak. Debeku da fabrika-obrako itxiturak egitea, hala nola adreiluzkoak, edo hormigoi-blokezkoak.
28. artikulua. Herrilurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira batera itxi.
29. artikulua. Herrilurren aprobetxamendua ezin izanen da trukatu onuradunen artean, aldez aurretik interesdunek eskaria egin gabe eta Oizko Udalak baimenik ematen ez badu.
30. artikulua. Oizko Udalak, hiru hilabete aurretik onuradunei iragarri ondoren, aprobetxamenduen esleipenak eraginik gabe uzten ahal ditu, herrilur horietan arbolak sartzea edo beste hobekuntza batzuk bultzatzen baditu. Aditzera ematen da laborantzako lurren aprobetxamendua bertan behera uzteak ez duela onuradunaren alde kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik sortuko. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.
III. KAPITULUA
Herrilarreen aprobetxamendua
31. artikulua. Herrilarreen aprobetxamenduari dagokionez, eskualde hauek ezarri dira:
A) Anizpe, muga hauek dituena: iparraldean Ezpeldegi; hegoaldean Elkarriko erreka, ekialdean Zozorbe; eta mendebaldean Anizpeko erreka.
Era guztietako animaliak larratzen ahal dira, zerriak izan ezik.
B) Zozorbe-Gararteburu, 11,8 hektareakoa. Era guztietako animaliak larratzen ahal dira, zerriak izan ezik. Udalak ezarriko du urtero abere-zama.
C) Larrerri, 18,3 hektareakoa. Era guztietako animaliak larratzen ahal dira, zerriak izan ezik. Udalak ezarriko du urtero abere-zama.
32. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako bizilagun titularrei zuzenean esleituko zaie herrilarreen aprobetxamendua.
33. artikulua. Herrilarreak esleitzerakoan, Oizko Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, eta diru aldetik apalenak diren famili unitateei emanen die lehentasuna.
34. artikulua. Onuradunen maila ekonomikoak zehazteko, Oizko Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 19. artikuluan islatzen den bezala.
35. artikulua. Norberak zuzenean aprobetxatuko ditu herrilarreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Oizko Udalak ulertuko du ez direla zuzenean erabiltzen ari, baldin familia unitateko titularrek beren aziendari baja ematen badiote udalerriko abere aberastasunaren katastroan.
36. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.
37. artikulua. Debeku da zerriak larratzea.
38. artikulua. Ordenantza honen 31. artikuluan aipatutako larreek jasan dezaketen abere zama zehazteko, Oizko Udalak baliokidetasun hauek ezarri ditu azienda espezieen artean:
a) Behor aziendako abelburu bakoitzeko behi bat.
b) Behi azienda bakoitzeko 7 ardi.
c) Ahuntz azienda bakoitzeko ardi bat.
39. artikulua. Bazkatzeko sasoiak, azienda mota eta haien kopurua finkatzeko, Oizko Udalak irizpide hauek ezarri ditu:
Denboraldiak: uda eta udazkena Anizpeko alderdian.
Zozorbe eta Gararteburuko alderdietarako, urtero ezarriko da larratzeko denboraldia.
40. artikulua. Klimatologiak horretara eramanda, edo bazkaren kalitateak eta bolumenak bide emanez gero, aurreko artikuluan zehaztutako eskualdeetan azienda sartzeko egunak aldatzen ahalko dira, Oizko Udalak osoko bilkuran erabakia hartu ondoren.
41. artikulua. Oizko Udalak urtero finkatuko du aurrekontu arruntean larreen onuradunek ordaindu beharreko kanona, azienda eta larratzeko eremua zehaztuta.
Oizko Udalak, Nekazaritza Politika Bateratuko laguntzetarako ematen dituen herrilurretako larreen aprobetxamenduen ziurtagiriengatik, 3,50 euro kobratuko ditu, larreen aprobetxamenduaren hektarea bakoitzeko, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanik ez daudenen kasuan.
Oizko Udalak urtero eguneratzen ahal du kanon hori aurrekontu arruntean.
42. artikulua. Oizko Udalak, hiru hilabete aurretik onuradunei iragarri ondoren, aprobetxamenduen esleipenak eraginik gabe uzten ahal ditu, herrilur horietan arbolak sartzea eta beste hobekuntza batzuk bultzatzen baditu: Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.
IV. TITULUA
Etxerako egurraren aprobetxamendua
43. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoan, Oizko Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei, hiru hilabete lehenagotik onuradunei abisu eman ondotik.
44. artikulua. Oizko Udalak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.
45. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.
46. artikulua. Egurra banatzerakoan Oizko Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, eta diru aldetik apalenak diren famili unitateei emanen die lehentasuna.
47. artikulua. Onuradunen maila ekonomikoak zehazteko, Oizko Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 19. artikuluan islatzen den bezala.
48. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Udalak aurrekontu arruntean. 2016. urterako, 120,00 euroko kanona ezartzen da; Udalarentzat bi lanaldi eginda kentzen ahal da.
49. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Udaleko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei bi urtez ukatuko zaie aprobetxamendu hau.
V. TITULUA
Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak
50. artikulua. Ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, ehizaren aprobetxamendua 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko arauari eta xedapen osagarriei jarraikiz eginen da eta Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen arabera.
51. artikulua. Oizko Udalak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretako harrobien ustiapena eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.
VI. TITULUA
Bizilagunek herrilurretan sorturiko luberriak
52. artikulua. Bizilagunek debeku dute herrilurretan luberriak sortzea, horretarako aldez aurretik ez badute Oizko Udalaren baimena.
53. artikulua. Hau izanen da bete beharreko prozedura: interesdunak eskabidea aurkeztuko du Udaletxean, Udalari baimena eskatuz herrilurrak luberritzeko eta lur horiek nahi dituen helburuetarako erabiltzeko, 58. artikuluan aipatutako agiriak erantsita.
Udalak luberritze hori onetsi edo ukatuko du.
Udalak onesten badu, espedientea Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, onets dezan.
54. artikulua. Bizilagunek luberritutako herrilurren aprobetxamendua 12 urtekoa izanen da.
55. artikulua. Kasu horietan, Oizko Udalak onuradunari kanona gutxitzen ahal dio, esleipen epe osorako nahiz zati baterako, hobekuntza amortizatzeko kontzeptu gisa. Esleipen-epearen gainerakoan, ordenantza honen 20. artikuluan aprobetxamendu horietarako ezarritako kanona ordainduko da.
56. artikulua. Ordenantza honen 18., 19. eta 22.-30. artikuluetan xedatutakoaren arabera eginen da herrilurren lanketa.
VII. TITULUA
Esleitzeko prozedura
57. artikulua. Udalaren osoko bilkuraren erabakiaren ondotik eta iragarki oholean ediktuak argitaratuta, 15 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek herrilurren aprobetxamendurako eskabidea aurkez dezaten.
58. artikulua. Aprobetxamendu eskaerei honako hauen zinpeko aitorpena erantsiko zaie:
a) Oizko biztanle izatea, gutxienez bi urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.
b) Familia unitatea osatzen duten kideena, familia liburuaren fotokopiarekin batean.
c) Udal honekin dituen zerga betebeharrak ordainduta izatearena.
d) Udal honetan nahiz beste batzuetan, jabetzan duen lurraren azalera eta zein laborantza mota (baratzeak, euntzeak eta abar).
e) Errentamenduan edo bestela baliatzen dituen lurrak.
f) Hirilurraren jabetza, etxebizitza kenduta.
g) Abelburuen kopurua eta haien espeziea; larreak baliatzea eskatuz gero, osasun ziurtagiria erantsiko da.
h) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, gizarte segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.
Aipatutako zinpeko aitorpena egiaztatzearren, Oizko Udalak badu ahalmena beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, errenta mailak egiaztatzeko.
59. artikulua. Eskaerak ikusita, Oizko Udalak aprobetxamendu bakoitzean onartutakoen zerrenda onetsiko du behin-behinekoz, adierazita zein den aprobetxamendu tokia edo lotea.
60. artikulua. Behin-behineko zerrenda udal honen iragarki oholean jarriko da 15 egun balioduneko epean, alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betiko bihurtuko dira.
61. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Udalak haien gaineko ebazpena emanen du, eta aprobetxamenduetako bizilagunen behin betiko zerrenda onetsiko du, aprobetxamendu tokiak edo loteak adierazita.
VII. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
62. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:
a) Aprobetxamendua norberak zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Herrilarreetan bazkatzen den aziendak ez betetzea Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa.
c) aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.
d) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.
e) Zertarako esleitzen den herrilurra, bertze zerbaitetarako erabiltzea.
f) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.
g) Bazkatzeko epeak eta eremuak ez errespetatzea.
h) Edozein motatako azienda sartzea herrilurretan edo hermendian, horretarako baimenik izan gabe.
i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.
63. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:
a), b), c), d) eta e) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak.
Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 1.200 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak izanen ditu, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Iragarkiaren kodea: L1608896
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
