2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ABARTZUZA
Aldaketa, Herrilurretako aprobetxamenduen ordenantzan
Behin betiko onespena
Abartzuzako Udalak, 2016ko maiatzaren 31n egin osoko bilkuran, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Abartzuzako Udalaren herrilurretako aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan. Jendaurrean jarri zen 2016ko 113. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 13koan, argitaratutako iragarkiaren bidez. Jendaurreko epean inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, delako aldaketa behin betiko onetsi da eta xedatu testua osorik argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.
Abartzuzan, 2016ko abuztuaren 3an.–Alkatea, Miguel Ros Ros.
ABARTZUZAKO UDALAREN HERRILURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Abartzuzako udal mugapeko herrilurretako ondasunen administraziorako, xedapen egintzetarako eta babes, berreskuratze eta aprobetxamendurako arauak ezartzea.
2. artikulua. Herriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira herrilurretako ondasunak.
3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa.
II. TITULUA
Administrazioa eta xedapen egintzak
5. artikulua. Herrilurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Abartzuzako Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.
Herri ondasunen inguruan Abartzuzako Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Abartzuzako Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela bertze bide batzuen bitartez lortzen ahal, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek lehentasuneko aukerak baitira.
Herri ondasunak desafektatu ondoan bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Abartzuzako Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.
Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
III. TITULUA
Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea
7. artikulua. Abartzuzako Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.
8. artikulua. Abartzuzako Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herrilurretako ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua. Abartzuzako Udalak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Abartzuzako Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.
10. artikulua. Abartzuzako Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.
11. artikulua. Abartzuzako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Abartzuzako Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.
13. artikulua. Abartzuzako Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abiatzen ahal da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Abartzuzako Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.
IV. TITULUA
Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:
a) Herrilurretako larreen aprobetxamendua.
b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.
c) Herrilurretako beste aprobetxamendu batzuk.
15. artikulua. Abartzuzako Udala herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.
16.1. artikulua. Orokorrean, Abartzuzako Udalaren herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.
b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urte bateko antzinatasunez.
c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.
d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.
16.2. artikulua. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
16.3. artikulua. Artikulu hau interpretatzean sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Abartzuzako Udalak osoko bilkuran batzarturik, Herrilurren Batzordeak txostena egin ondotik.
II. KAPITULUA
Herrilurretako larreen aprobetxamendua
17. artikulua. Abartzuzako herrilurretako larreak aprobetxatzeko, tradizioko ohituraz, legez edo hitzarmenez, Abartzuzako Udalaren finkekin batean, baterako ustiapen unitatea osatzen baitute, bi aprobetxamendu eremu ezarri dira:
a) Hermendi izeneko eremua, herritarren azienda libre larratzeko.
b) Larreetako uztondoak eta laborantzako finketako uztondoak aprobetxatzeko eremua, salbu eta ureztalurrak eta hermendiak.
18. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.
19. artikulua. Esleipena urte baterako izanen da.
20. artikulua. Abartzuzako Udalak honela kalkulatu du eremu bakoitzak jasan dezakeen abelburu kopurua:
Ondorio horietarako Abartzuzako Udalak baliokidetasun taula hau ezarri du AzLUari dagokionez:
–Zaldi-aziendako buru 1 AzLU 1 adina da.
–Behi-aziendako buru 1 AzLU 1 adina da.
Ardi edo ahuntz aziendako buru 1 AzLUko 0,15 adina da.
Txahal edo moxal buru 1 AzLUko 0,60 adina da.
Axuri buru 1 AzLUko 0,045 adina da.
Artikulu honetan zehaztu ez den guztian, Abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuari jarraituko zaio.
21. artikulua. Abartzuzako Udalak ondoko kanona ezarri du aprobetxamendu horietarako:
a) Hermendia: 14,85 euro/AzLU.
b) Larreetako uztondoak eta laborantzako finketako uztondoak aprobetxatzeko eremua, salbu eta ureztalurrak eta hermendiak: 550 euro urtean.
22. artikulua. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, biziaren kostuak dituen gorabeheren arabera egokitzeko, kontuan hartuz Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak (abeltzaintzako KPI). Larreetan bazkatzen den azienda abeltzainak berak markatuta egon beharko da.
23. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.
24. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten herritarrak izanen dira Abartzuzako herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.
25. artikulua. Herriko ohiturarekin bat eta nekazari nahiz abeltzainendako kalteak eragozteko, Abartzuzako Udalak ondoko baldintzak ezarri ditu:
Hermendiko eremua: aziendak urte osoan bazkatzen ahalko dira, honako salbuespen hauekin: maiatzaren 5etik uztailaren 25era debeku da azienda guztiarendako, artadietan izan ezik.
26. artikulua. Herrilarreak esleitzeko prozedura: Udalak aldez aurretik erabakia hartu eta Udalaren iragarki oholean ediktua agertuta, 15 eguneko epea irekiko du, urte bakoitzaren martxoaren 1etik 15era, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten. Eskaerari erantsiko dizkiote Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta eman izanaren agiria eta Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen osasun ziurtagiria. Orobat, buru kopurua eta zer azienda mota den.
27. artikulua. Udalak eginen die esleipena ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak beterik, aurreko dokumentazioa aurkezten duten herritarrei.
28. artikulua. (Deuseztatua).
29. artikulua. Esleitzeko prozedura, larreetako uztondoak eta laborantzako finketako uztondoak aprobetxatzeko eremuan, salbu eta ureztalurrak eta hermendiak.
Udalak aitzinetik erabakia hartu, eta iragarki oholean agertuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, maiatzaren 1etik 15era, 16. artikuluko baldintzak beterik, hori eskatzen dutenentzat. Eskaerari erantsiko dizkiote Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta eman izanaren agiria eta Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen osasun ziurtagiria.
Esleipen epea urte batekoa izanen da. Herritar bat baino gehiago bada interesaturik, enkantea eginen da haien artean. Herritar interesdunik ez bada, enkante publikoa eginen da esleitzeko.
Udalak osoko bilkuran onetsiko ditu urtero enkante horren baldintzak hasierako prezioari, prozedurari eta abarri dagokienez.
III. KAPITULUA
Etxerako egurraren aprobetxamendua
30. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Abartzuzako Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.
31. artikulua. Abartzuzako Udalak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Abartzuzako Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.
32. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.
33. artikulua. Egurra banatzerakoan Abartzuzako Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, eta diru aldetik apalenak diren famili unitateei emanen die lehentasuna.
34. artikulua. Onuradunen maila ekonomikoak zehazteko, Abartzuzako Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 18. artikuluan islatzen den bezala.
35. artikulua. Etxerako egur loteen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Abartzuza Udalak aurrekontu arruntean.
36. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Udaleko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.
IV. KAPITULUA
Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak
37. artikulua. Ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraituz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.
38. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den bertze edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Abartzuzako Udalak prestatzen dituen baldintza-orrien arabera eginen dira. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.
V. KAPITULUA
Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan
39.1. artikulua. Abartzuzako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herrilurra hobetzea.
c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.
39.2. artikulua. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.
39.3. artikulua. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:
a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.
b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.
c) Nafarroako Gobernuaren onespena.
39.4. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
40. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalean ebatzi beharko dira.
V. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
41. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:
a) Aprobetxamendua norberak zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Aprobetxamenduen kanonak Abartzuzako Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.
c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.
d) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.
e) Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.
f) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak eta abar) Udalaren baimenik gabe landatzea.
g) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.
h) Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.
i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.
j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.
k) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.
42. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:
–a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.
–g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzailea izateko eskubidea galduko da.
–J arau-haustearengatik isun hauek ezarriko dira:
1. salaketa, 30 euro AzLU bakoitzeko;
2. salaketa eta hurrengoak, 10ka igoko da. Gehienez 300 euro AzLU bakoitzeko.
Barrutietan salatutako azienda, 30 euro AzLU bakoitzeko.
–Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 1.200 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.
–Zehapen prozedura Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatuari lotuko zaio eta, hala behar badu, honako hauetan ezarri denari: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta Zehapen ahalmena erabiltzeko prozedurari buruzko abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua.
Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
Iragarkiaren kodea: L1609323