1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
259E/2016 EBAZPENA, abuztuaren 17koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Lesakako Udalaren obra-hondakindegia ixteko planerako. Sustatzailea Lesakako Udala da.
2015eko azaroaren 2an Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O) epigrafean dago sartuta (Aldi baterako instalazioak, obra osagarriak, lurraren edo bestelako hondakin inerteen hondakindegiak, haiek ustiatzeko aldia bi urtetik beherakoa bada, metaketak, beste eranskin batzuetan ageri ez diren erauzketa lanak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Alde horretatik, bada espedientean aldeko txosten bat, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2016ko ekainaren 29an emana, non adierazten baita, lurralde antolamenduari dagokionez, baimendutako jarduera dela eta ez duela 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan jasotzen den lurzoru urbanizaezineko jarduerarako baimena behar.
Ingurumen espedientean jasota dagoenez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 97E/2015 Ebazpenaren bidez, zehapen espedientea ireki zitzaion Lesakako Udalari Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea ustez hausteagatik Otsangoko zabortegi zaharrari dagokionez.
Aipatu ebazpena betetzeko, salatutako Udalak obra-hondakindegia ixteko plana aurkeztu du.
2015eko azaroaren 10ean, informazio tekniko osagarria eskatu zitzaion Lesakako Udalari, jarduketa behar bezala ebaluatu ahal izateko. 2016ko maiatzaren 27an, sustatzaileak Udalaren obra-hondakindegia ixteko proiektua, jarduketa behar adina deskribatzen duena, igorri zuen.
Proiektuaren bitartez, Otsango auzoko obra-hondakindegia itxiko da eta haren azalera, 12.400 m² hartzen dituena Lesakako 2. poligonoko 194. lurzatian, lehengoratuko da bi fasetan: 1. fasea, 2016. urtea bukatu baino lehen egin beharrekoa, eta 2. fasea, 2018ko udazkenean bukatu beharrekoa, berriz landareztatzea barne.
Birmoldatze topografikoa eginen da 1. fasean eta kalitateko lurra botako da goiko geruzan, gero landareztatze lanak egiteko.
Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Lesakako Udalaren obra-hondakindegia ixteko planerako. Sustatzailea Lesakako Udala da.
2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Lehen fasean, 2016ko abendura arte, hondakinen kudeatzaile baimendu batek balorizatzen ahal diren zaborrak kendu eta eramanen ditu, pista bat eginen da alde batetik eta atzerakako hondeamakina baliatuz birmoldatuko da topografia betelana eginez, ez dadin ertzik izan malda desberdineko azalerak elkartzen diren tokietan. Gaur egun ezpondaren oinarriak hartzen duen azalera okupatuko da, ez gehiago; agian, atzera eramanen da haren burualdea (goiko plataforma laua) hegoalderantz, malda txikitzeko; zabortegiaren goiko zelaiaren kota ere handitzen ahal da.
–Bigarren fasea hasi arte atez itxita jarraituko du, lehengoratze azalera estaltzeko behar den landare lurra tamainan jaso ahal izateko.
–Lehegoratzearen bigarren fasean (2018ko abendu arte) eta martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretua betez (eraikuntza eta eraispeneko hondakinen produkzioa eta kudeaketa arautzen ditu Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean), hondeatutako material naturalen hondakinak, LER 170504 kodea dutenak, izanen dira onartuko diren hondakin bakarrak, lehengoratze eragiketa bat delako (R10 kodea); behar adinako kalitatea izanen dute eta haien bolumena 4.300 m³-koa izanen da, gehienez ere.
–Proiektuaren topografia lortutakoan, landare lurra zabalduko da, 30-50 cm lodi, eta harriak kendu eta arrastelu lana eginen da gainazalean. Hondeatze lurren R10 eragiketarako baimenduta dagoen kudeatzaile batek ekarri beharko du lurra; gainera, erabilera horretarako abisua eman beharko du aldez aurretik.
–2016ko udazkenean ereinen da bertako belar eta zuhaixken hazi nahaste batekin, eta hurrengo espezieetako zuhaitzak, 150 cm-ko aleak, sartuko dira 4 x 4ko landare-tartean: Fraxinus excelsior, Quercus robur, Acer campestre edo Betula celtiberica.
–Landaketen berme eta mantentze epea bukatutakoan (sartzen direnetik bi urteren buruan gutxienez ere), sarbidea kenduko da eta itxitura sendo bat ezarriko da, inor sar ez dadin lehengoratutako aldean, kontrolik gabeko isurketak galarazteko. Ongi legoke kabailoi egitea soberako lurrekin bidearen eta betelaneko plataformaren artean, edo areka bat.
–Baldintza horiek beteko direla egiatatzeko, obra-hondakindegia lehengoratu eta ixteko lanen azken egoerari buruzko txosten fotografikoa igorriko da 2016ko abenduaren 31 baino lehen.
–Inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, eta abar) sustatzaileak Basozaintzari abisu eman behar badio, mezu elektronikoa bidaliko dio Bidasoko barrutiari (ogfobida1@cfnavarra.es).
3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Lesakako Udalari eta Bidasoa aldeko Basozaintzari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko abuztuaren 17an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1609681