165. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

244E/2016 EBAZPENA, abuztuaren 10ekoa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Murillo el Frutoko udal mugapean NFU’S hondakinak balorizatu eta birziklatzen dituen instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzen duena. Instalazioaren titularra Indugarbi NFU’S SL da.

Ekainaren 24ko 7/2004 Foru Legearen bidez Murillo el Frutoko Udalaren 159.224 metro koadroko herrilurraren onura publikoa deklaratu eta haren desafektazioa onetsi zen, gero Indugarbi, S.L. enpresari saltzeko, hondakinak balorizatuko dituen industria multzoa jartzeko. Aipatutako foru lege horren lehenbiziko xedapen gehigarriak ezartzen du edukiaren eraginkortasun juridikoak indarra hartuko duela Ingurumen baimen integratua eskuratzen denean eta behar den Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onesten denean. Hortaz, instalazio hori Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren apirilaren 26ko 209/2007 Foru Aginduaren bidez emana, eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 287E/2014 Ebazpenaren bidez aldatua.

2016ko ekainaren 7an, titularrak Ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzea eskatu du, zehazki, LER 191210 kodearen aplikazioa erabili ezin diren pneumatikoetatik ateratako ehunaren eta R1 kudeaketa eragiketaren (balorizazio energetikoa) hondakinari.

2016ko ekainaren 21ean, titularrak eskatu du LER kodea aldatzea sortutako burdin-materialen hondakinerako, ez baitagokio egun esleitua duena, LER 170405 kodea, eraikuntza eta eraispen hondakinena, LER 191202 kodea baizik, instalazioan egiten den tratamendu mekanikoaren eragiketarako egokiagoa baita.

Aurkeztutako eskaera Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aztertu duelarik, ondorioztatu du onargarria dela, izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta eskura dauden teknika onenak aplikatzeko irizpidearekin.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta zerbitzuetako zuzendariei eskumenak eskuordetzeko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak irailaren 22an emandako 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Eskatutako aldaketa onartzea Murillo el Frutoko udal mugapean NFU’S hondakinak balorizatu eta birziklatzeko dagoen instalazio baten Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Indugarbi NFU’S SL da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Indugarbi NFU’S SLri eta Murillo el Frutoko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 10ean.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1609597