156. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

780/2016 EBAZPENA, uztailaren 26koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, “Kalitate araubideetan lehenbizikoz parte hartzea” azpineurrirako laguntzen 2016ko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barrenean.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du Nafarroan nekazaritza eta abeltzaintza gaietan eta jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko arloetan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) eta 56.1.a) artikuluek ezartzen duten bezala.

Eskumen horien barrenean dago nekazaritzako elikagaien kalitate deiturak sustatzea, eta, bereziki, ekoizleek horrelako figuretan parte har dezaten bultzatzea, beren ekoizpenari balio erantsi bat eskaintzeko modu bezala; horri esker beren ustiategien bideragarritasuna hobetuko da, produktu horiek merkataritza bideetan lehenetsiz.

Ildo horretan, Nafarroako Foru Komunitateak tradizio handia du nekazaritzako elikagaien kalitate figurak sustatzen eta bere produkzioak defendatzen bertako produktuen berezko balioak bermatzen dituzten ziurtapen agirien bitartez, hala produktuek dituzten berezko ezaugarriengatik, nola jatorriari egiten dizkion erreferentziengatik, hori guztia orokorrean kalitate estandar altuak dituen nekazaritzako ekoizpena sustatzeko eta balioesteko modu bat delakoan.

Horren ondorioetarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak nekazaritzaren garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezkoa, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua; haren 16. artikuluan “Nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate araubideak” izeneko neurria ezarri zen, eta, zehatzago, 1.a) puntuan adierazten da neurri horretarako laguntza emanen zaiela Europar Batasunaren esparruan aintzatetsita dauden kalitate araubideetan lehenbiziko aldiz parte hartzen duten nekazariei edo nekazari elkarteei, edo baldintza berezi batzuk betetzen dituztenei.

Gainera, baliabideak egoki erabiltzen direla bermatzearren, “jardunean” dauden nekazarientzat bideratu behar da laguntza, 1307/2013 Erregelamenduaren 9. artikuluan adierazten denaren ildotik, eta, hasiera batean, gehienez ere bost urterako izan behar dira; izan ere, horrelako araubideetan sartzeko unean eta parte hartzen den lehenengo urteetan, parte hartzearen ondorioz nekazariei ezartzen zaizkien eginbehar osagarriak eta kostuak ez dira erabat konpentsatzen merkatuan.

1305/2013 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ustiategi bakoitzari urtero emanen zaizkion gehieneko laguntzak finkatzen dira; kopuru horiek, nolanahi ere, laguntzaren oinarri arautzaileetan zehaztu beharko dira, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren arabera.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programak neurri hori osorik jasotzen du, bi azpineurritan bereizita: “kalitate araubideetan lehenbizikoz parte hartzea” eta “informazio eta sustapen jarduerak”. Lehenengo azpineurria ezartzea du helburu ebazpen honek.

Azpineurriaren definizioan, kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA analisia (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, nekazaritzako elikagaien sektoreari.

Alde horretatik, Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat, Nafarroako nekazaritzako ustiategien bideragarritasuna hobetu nahi da, beste jarduketa ildo batzuekin batera, landa eremuan sare sozial eta ekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarria bermatzeko eta bizi-kalitateko baldintza egokiak eskaintzeko.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena Nafarroako testuinguruan, Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak lortzeari eta haietan parte hartzeari begira; lehentasun horiek Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera daude bideraturik hazkunde zentzuzko, jasangarri eta bateratzaile baten atzetik, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den “Esparru Estrategiko Komunari” dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta beste zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Azpineurri hau, bereziki, Batasunaren landa garapenerako lehentasunari egokitzen zaio, 1305/2013 Erregelamenduaren 5.3.a) artikuluari jarraikiz, honako helburu hau duelako: “lehen mailako ekoizleen lehiakortasuna hobetzea, nekazaritzako elikaduraren katean hobeki integratuta kalitate araubideen bidez, nekazaritzako produktuei balioa eranstea, eta sustapen lana egitea tokiko merkatuetan eta banaketa txikiko zirkuituetan, ekoizleen elkarte eta antolakundeetan eta lanbidearteko antolakundeetan.

Beraz, neurri honen esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapenerako laguntzari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko, kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari, landa garapenerako neurriei eta baldintzazkotasunari dagokienez.

–Batzordearen martxoaren 11ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari dagokionez, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzei dagokienez eta zuzeneko ordainketei, landa garapeneko laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboei dagokienez.

Elikagaien kalitateko araubideetan lehen aldiz parte hartzeagatik nekazariei ematen zaien laguntza, 1305/2013 Erregelamenduaren 16.1 artikuluan eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan ezarritako xedapenen menpe egoteaz gain, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 48. artikuluaren menpe ere daude (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta), izan ere, laguntza hauek ez daude tratatu horren 42. artikuluaren aplikazio eremuaren barrenean. Aurretik, Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari laguntza honen berri eman zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren inprimakia jaso zuela adierazi, eta goian aipatutako arau-proiektua erregistratu zuen, SA.43469 (2015/XA) laguntza zenbakiarekin.

Foru agindu honi, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Ebazpen honen aldeko txostena eman du Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa agintaritzak.

Foru agindu hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean (foru dekretu horren bidez, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Nekazaritza Aldeen Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman zion Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barrenean, “Kalitate araubideetan lehenbizikoz parte hartzea” azpineurrirako laguntzen oinarri arautzaileak onesten dira, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den bezala, bai eta ebazpen honen II. eta III. eranskinak ere.

2. Deialdia onestea.

“Kalitate araubideetan lehenbizikoz parte hartzea” azpineurrirako laguntzen 2016ko ekitaldirako deialdia onesten da, hurrengo oinarrietan ezarritako baldintzei loturik.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 5.000,00 euroko gastua baimentzen da 2016ko Aurrekontu Orokorretako honako kontu-sail honen kargura: “Elikagaien kalitate figuren sustapena. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izeneko 720003 71620 4700 413100 kontu-sailaren kargura.

4. Eskaerak aurkezteko epea 2016ko ekitaldiko deialdian.

Deialdi honetan eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Eskualde behartsuak eta mendialdekoak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2002ko maiatzaren 15ean emandako Foru Aginduaren zerrendan agertzen direnak dira deialdi honetarako eskualde behartsuak eta mendialdekoak, edo, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren esparruan aplikatzearen ondorioetarako, foru agindu hori ordezten duten Nafarroako Foru Komunitateko xedapenetan aipatzen direnak, deialdi honek indarra hartzen duenean indarrean badaude.

6. Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari (BDNS) jakinaraztea.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Diru-laguntzei buruzko Datu-base Nazionalean erregistratu beharko dira.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko uztailaren 26an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

“Kalitate araubideetan lehenbizikoz parte hartzea” azpineurrirako laguntzen oinarri arautzaileak, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barrenean

1. oinarria.–Neurri hau aplikatzeko xedea, eremua eta baldintza orokorrak.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Kalitate araubideetan lehenbizikoz parte hartzea” azpineurrirako laguntzak arautzea dute xede oinarri hauek, honako hauek ezartzen duten esparruan: batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 16.1 artikulua (erregelamendu horrek landa garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez ematen dena, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua), eta bestetik, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduaren 48. artikulua (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

2. Batzordearen erabaki baten ondorioz bateraezin deklaratutako legez kanpoko laguntza batez baliatu diren enpresek ezin izanen dute laguntzarik lortu, ez eta emandako laguntzengatiko ordainketarik jaso ere, harik eta enpresak itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte legez kontra jasotako laguntza bateraezin horren zenbateko osoa eta dagozkion errekuperazio-interesak.

3. Europar Batasunaren Zuzentarauen 35.15 puntuan dagoen definizioaren arabera krisian dauden enpresek ezin dute laguntzarik jaso, izan ere, zuzentarau horiek nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako dira eta landa eremuetarako estatu-laguntzei aplikatu behar zaizki 2014tik 2020ra bitarte (2014/C/204/01, hemendik aurrera Zuzentarauak).

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. 1305/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan finkatutakoari jarraikiz, neurri honen azken helburua da, batetik, pizgarriak ematea nekazariei nekazaritzako elikagaien kalitate araubideetan parte har dezaten, beren produktuei balio bat eransteko eta hobeki merkaturatzeko aukera ematen dietelako, eta bestetik, berme gehiago eskaintzea kontsumitzaileei produktuaren kalitatea ziurtatzeko eta berezko ezaugarriei eusteko.

2. Helburu estrategikotzat hartzen dira, 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan aipatutako Batasunaren lehentasunekin bat etortzen direlako goitik behera; izan ere, lehen mailako ekoizleen lehiakortasuna hobetzen laguntzen dute, kalitate araubideen bitartez nekazaritzako elikagaien katean nagusiki integratuz eta, horrenbestez, nekazaritzako produktuei balioa erantsiz.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke nekazariak, nekazari elkarteak eta lehengaien ekoizleak, nekazaritzako produktuen kalitate araubide hauetako batean bederen parte hartzen badute lehenbizikoz:

–”Lodosako pikillo piperra” BJD.

–”Erronkari gazta” BJD.

–”Idiazabal gazta” BJD.

–“Nafarroako olioa” BJD.

–”Nafarroa” Babestutako Jatorri Deitura.

–”Errioxa” Jatorri Deitura Kalifikatua.

–”Cava” Jatorri Deitura Kalifikatua.

–”Hiru Erribera” Adierazpen Geografikoa.

–”Queilesko Erribera” Adierazpen Geografikoa.

–”Nafarroako zainzuria” AGB.

–”Tuterako orburua” AGB.

–”Nafarroako aretxea” AGB.

–”Nafarroako bildotsa” AGB.

–Nekazaritza Ekologikoaren Ekoizpena, Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamenduan agertzen dena.

2. Neurri hauen xedeko kalitate figuren ezarpen eremuak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoa edo zati bat hartu beharko du.

3. Onuradunak produktu babestu bera kalitate figura batean baino gehiagotan inskribatu dezaketen ustiategien titularrak badira, kalitate figura bakar baterako laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

4. Laguntza hauen onuradun izateko debekua dute nekazaritza ekologikoaren araubideari lotuta dauden nekazariek, araubide horretan lehenbizikoz parte hartzen ari baldin badira eta laguntza eman baldin bazaie 1305/2013 Erregelamenduaren “Nekazaritza ekologikoa” izeneko 28. artikuluaren babesean.

4. oinarria.–Onuradunak onartuak izateko irizpideak.

1. Neurri honen onuradun izan nahi duten nekazariek (pertsona fisikoak eta juridikoak) eta nekazari elkarteek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezten duten egunerako:

a) Adinez nagusi izatea, pertsona fisikoak badira.

b) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dagoen nekazaritza ustiategi baten titularra izatea.

c) Jarduneko nekazari gisa aritzea, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluko definizioaren arabera. Errege dekretu horrek erregulatzen ditu nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien zuzeneko ordainketak eta laguntzeko beste araubide batzuk, bai eta zuzeneko ordainketen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

d) Zer kalitate figuratarako eskatzen den laguntza, haien erregistroetan inskribatu gabe egotea eskaera eguna baino lehen, non ez diren onuradunak laguntza horiek lehen aldiz lortu dituztenak aurreko lau deialdietako batean.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekurik ez urratzea.

f) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

2. Onuradun izaera bost urteren buruan galduko da, kalitate berezitu bakoitzaren araubidean parte hartzen hasten denetik aurrera.

5. oinarria.–Ustiategiak onartuak izateko irizpideak.

Ustiategiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresa mikro eta txikien definizioaren araberakoak izatea, Batzordearen 2003/361EB Gomendioaren arabera (2003ko maiatzaren 20ko EEAO, 124. zk.).

b) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egotea.

6. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Zehazki, honako gastu hauek dira laguntzaren xede:

–Kalitate araubide bakoitzean inskribatzearen ondoriozko kostuak (kudeaketa organo batean eta/edo ziurtapen eta kontrol organo batean inskribatzea).

–Kalitate araubide bakoitzean parte hartzeagatiko urteko kuota (kudeaketa organo batean eta/edo ziurtapen eta kontrol organo batean).

–Ziurtapen kontrolen kostua.

2. BEZa ez da diruz lagungarritzat hartuko.

3. Gastu hautagarriak izanen dira onuradunak urtero jasandako gastuak, lehenagoko eta/edo geroagoko produkzio kanpaina batekoak badira ere, babestutako produktuaren produkzio zikloaren arabera.

4. Eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen, Zuzentarauen I) zatiko III. kapituluaren 3.4 puntuan eta 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan erabakitakoarekin bat.

7. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Diruz laguntzen den kalitate araubide bakoitzean parte hartzearen ondorioz onuradunek jasandako gastu finkoak ordaintzeko erabiliko dira neurri honen babesean ematen diren laguntzak, bost urtez gehienez.

2. Laguntza urte osorako diru-laguntza bat izanen da, onuradunak benetan egindako eta egiazki ordaindutako kostu diruz lagungarrien %70 adinakoa.

3. Laguntza ez da 3.000 eurotik gorakoa izanen, ustiategi bakoitzeko eta urteko, eta diruz lagungarriak izanen dira kalitate figura bakoitzean parte hartzeagatik sortutako gastuak, betiere guztirakoa ez bada aipatutako zenbatekoa baino handiagoa.

4. Laguntzaren intentsitatea eta diruz laguntzen ahal diren kostuak kalkulatzeko, ulertuko da erabiltzen diren zenbateko guztiak ezein kenkari fiskal edo karga aplikatu aurrekoak direla. Diruz laguntzen ahal diren kostuak abalatzeko, frogagiri argiak, berariazkoak eta eguneratuak aurkeztu beharko dira.

5. Diru-laguntza ez den moduan ematen denean laguntza, horren zenbatekoa izanen da diru-laguntza gordinaren parekoa.

6. Gastu diruz lagungarria kalkulatzearen ondorioetarako, III. eranskinean ezarritako moduluak aplikatuko dira.

8. oinarria.–Diru-laguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera egiteko, emandako puntuen batuketa eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera:

a) Nekazari gaztea, hau da, Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 516/2015 Ebazpenaren 9. oinarriko 4. puntuko b) letraren arabera definitutako pertsona fisikoa. Ebazpen horren bidez, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” neurrirako laguntzen 2015eko deialdia eta horren oinarri arautzaileak onetsi ziren Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barrenean: 25 puntu.

b) Lehentasunezkotzat hartutako nekazaritzako ustiategi baten titularra izatea: 20 puntu.

c) Mendialdean edo eskualde behartsu batean kokatutako nekazaritzako ustiategi baten titularra izatea: 15 puntu.

d) Lehentasunezko elkarte bateko bazkide den entitate bateko bazkide izatea: 10 puntu.

e) Laguntza espedientearen onuraduna emakumezkoa izatea: 10 puntu.

f) Onuradunak parte hartu baldin badu aholkularitza eta prestakuntza neurrietan Nafarroako Foru Komunitatean homologatutako edo aitortutako prestakuntza eta aholkularitza entitateen bitartez, 1305/2013 Erregelamenduaren 15. artikuluaren arabera: 10 puntu.

g) Nekazaritza ekologikoaren neurrian parte hartzeagatik eta laguntza jasotzeagatik 1305/2013 Erregelamenduaren “Nekazaritza ekologikoa” izeneko 28. artikuluaren babesean: 10 puntu.

3. Espedienteen puntuazioan berdinketarik bada, lehentasuna izanen du puntu gehien duenak a), b), c) eta d) ataletan eta ondorengoetan, zerrenda bukatu arte.

Berdinketak jarraituz gero, zer kalitate figura dela-eta eskatzen den laguntza, haren erregistroan inskribatzeko eskaera egunari begiratuz antzinatasun txikiena duten eskatzaileek izanen dute lehentasuna

4. Lehentasunezko nekazaritzako ustiategitzat hartuko dira uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan agertzen den definizioaren araberakoak direnak.

9. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntza honen norgehiagokako araubideko tramitazioan, lehentasunak ezarriko dira eskaeren artean aurreko 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz, eta aipatu irizpideen arabera balorazio handiena lortzen duten eskaerei esleituko zaie diru-laguntza, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

2. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 30 puntu lortzea balorazio irizpideetan.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Laguntza hauen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Kasuan kasuko kalitate figuraren erregistroan egindako inskripzioa eta behar den kontrol erakundearekin sinatutako kontratua (edo balio bera duen agiri lotzailea) formalizatzea.

b) Kalitate figuraren barrenean kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena duten organoek ezarritako kuotak ordaintzea.

c) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan justifikatzea, ezarritako epean eta moduan, jasotako funtsak diru-laguntza emateko aintzat hartutako helburuei lotutako gastuak ordaintzeko erabili direla.

d) Laguntza egoki eman dela eta ordaindu dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

e) Ustiategiaren alderdi tekniko eta ekonomikoei buruz behar diren argibideak ematea, bai eta neurri honen esparruan harturiko laguntzei buruz ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Diru-laguntza jaso duten jarduketak finantzatzeko beste diru-laguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu eta/edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den azken ordainketan frogatu baino lehen.

h) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

2. Neurri honetan laguntzen eskaera aurkezteak berarekin dakar oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoak onartzea.

11. oinarria.–Laguntza-eskaera eta dokumentazioa.

1. Ebazpen honetan ageri diren diru-laguntzak jasotzeko eskabideak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira, edo Nekazaritzako Bulegoetan, Nafarroako Gobernuko gainerako erregistroetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 38.4 artikuluan aipatutako bulegoetako edozeinetan. Telematika bidez ere aurkezten ahalko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko ataria baliatuz.

2. Laguntza-eskabideak horretarako ezarritako eredu normalizatuetan aurkeztuko dira. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan, Nekazaritzako Bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es Interneteko atariko izapideen katalogoan eskuratzen ahalko da.

3. Eskatutako beharkizunak betetzen direla frogatzeko, eskabidearekin batera, erantzukizuneko aitorpena erantsi beharko da, eta bertan frogatu eskatzailea ez dagoela ebazpen honen lehen oinarriko 2. eta 3. puntuetan aurreikusitako egoeretako batean; orobat, kalitate figura bakoitzean parte hartzearen ondoriozko urteko gastuen aurrekontua aurkeztu beharko da, kontzeptuz kontzeptu xehakatua, II. ereduaren arabera.

4. Onuradunak eskaera bakarra aurkeztu beharko du deialdi bakoitzeko.

12. oinarria.–Kostuak apaltzea.

1. Batzordearen 2809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 48. artikuluak eta Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak eskatzen dute proposatutako kostuak apaldu direla egiaztatzea, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten dute. Horren ondorioetarako, instrukzio organoak sistema hauek erabiliko ditu:

a) III. eranskinean jasotako moduluen aplikazioa (“Inskripzioen, parte-hartzeen eta ziurtapenen kostuen moduluak”).

b) Aurreko kasuan sartzen ez diren egoeretan, balorazio batzorde batek parte hartzea eskatuko da, aurkeztutako aurrekontuaren aldeko txostena edo aurrekontu alternatibo bat aurkeztu beharko duena. Batzorde hori kudeaketa unitatearen arduradunak eta profil teknikoa duten Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiko bi lagunek osatuko dute.

Batzorde horren erabakia justifikatuko da kudeaketa eta kontrol organoek ezarritako tasa, tarifa edo kostuak egiaztatuz; izan ere, onuradunak organo horietan bakarrik inskribatu beharko dira nahitaez.

2. Onuradunak aurkezturiko aurrekontua eta behar den sistema aplikatuz ateratzen dena, zein den txikiena, hura izanen da diruz lagun daitekeen aurrekontua.

3. Laguntza eskaeran oinarrituta eginen dira kostuak apaltzeari buruzko egiaztatze kontrolak, esleitu aurretik, eta onuradunak aurkeztutako ordainketa eskaeran oinarrituta, ordaindu aurretik.

4. Azkenik, onuradunak aurkezten dituen agiriak ez badira nahikotzat jotzen, kostuen apaltzea behar bezalako bermearekin aplikatu ezin zaien kontzeptuek ezin izanen dute diru-laguntzarik jaso.

13. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.

14. oinarria.–Diru-laguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia dutela egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Eskabidea osorik dela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza-eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioen aurrekontua eta aplikatzekoak diren mugak, baremoak eta moduluak, oinarri arautzaile hauen 7. oinarrian ezarriak.

5. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

6. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta esleipenaren espedientean jaso beharko da onuradunek diru-laguntzak eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

15. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak diru-laguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da eta eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak.

4. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, banan-banan, deialdia ixten den egunetik hasita hiru hilabeteko epearen barrenean.

5. Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean onuradunei adieraziko zaie neurri honek Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren babespeko diru-laguntza izan duela, besteak beste Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatua, “Nekazaritzako eta elikadurarako produktuen kalitate araubideak” izeneko neurriaren barrenean, lehen mailako ekoizleen lehiakortasuna hobetzeko.

6. Diru-laguntzaren prozedura ebazteko ezarritako epea, edo deialdian finkatzen dena, bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

7. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, ebazpena espresa izanez gero, edo isiltasun administratiboz ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespenik gertatzen bada.

16. oinarria.–Ordaintzeko eskaera.

Diru-laguntzak emateko ebazpenean jasotzen diren laguntzak jaso ahal izateko, onuradunek ordainketa eskaera aurkeztu beharko dute 2016ko azaroaren 1a baino lehen. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, izapideen katalogoan, eskura dagoen eredua erabili beharko dute, eta, horrekin batera, jatorrizko fakturak eta/edo froga balioa duten bestelako agiriak eta ordainketaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

17. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera burutu dela egiaztatu ondoren ordainduko dira diru-laguntzak. Horren ondorioetarako, jarduera egin izanaren egiaztapena ez da aintzat hartuko harik eta kasuan kasuko ekitaldian kalitate figuraren erregistroetan segitzen duela egiaztatu arte eta kontrol organoaren egiaztapena bukatu arte.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak konpromisoak betetzen dituela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

3. Instrukzio organoaren egiaztatze lanen ondorioz ikusten bada hartutako konpromisoak ez direla nabarmen bete, oinarri arautzaile hauen 18. oinarrian adierazitako murrizte eta baztertze irizpideak aplikatuko dira.

4. Laguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, betiere jarduneko nekazarien definizioan ezarritakoa bete dela eta eskatutako betebeharrak eta konpromisoak ere bete direla egiaztatu ondoren.

18. oinarria.–Murrizketak eta salbuesteak ordainketan.

1. Diru laguntza jaso dezaketen jasandako gastuen zenbatekoa txikiagoa bada onartutako laguntza baino, laguntzaren zenbatekoa egokitu eta behar den proportzioan murriztuko da.

2. Ordainketa egin behar denean egiaztatzen bada aldatu direla eskaeren hurrenkera finkatzeko aintzat hartutako baldintzak edo betebeharrak, eta puntuazio baxuagoa zegokiola frogatzen bada, eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du.

3. Aipatutako murrizketak eta salbuesteak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

Honako egoera hauetan, ezinbesteko arrazoiak edo salbuespeneko kasuak gertatu direla ulertuko da:

a) Onuraduna hiltzea.

b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.

c) Ustiapena edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eta eskaera aurkeztu zenean ezin bazen desjabetzea aurreikusi. Ustiategiaren zati handi bat dela ulertuko da baldin Europako Dimentsio Unitateen %40 baino gehiago murrizten bada.

d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurrak eta/edo instalazioak asko ukitzen dituena.

e) Ustiategiko eraikinen eta/edo instalazioen suntsipena, istripuz.

f) Epizootia edo landareen gaitza, onuradunen azienda edo labore guztiak edo zati bat kaltetu dituena.

4. Behar den espedientearen bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onarturiko laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

19. oinarria.–Laguntzak metatzea.

1. Laguntza hauen onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan.

2. Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa, ezta ezarritako intentsitate gordinak baino handiagoa ere.

3. Laguntza hauek metatzen ahalko dira:

a. Batasunaren organoek kudeatutako laguntzak eta landa garapenerako estatu-laguntzak, diruz laguntzen ahal diren kostu berberetarako direnean, baldin eta gainditzen ez badira Batasunaren Zuzenbidearen arau aplikagarrietan laguntzetarako ezarritako gehieneko intentsitate portzentajeak.

b. Landa garapenerako estatu-laguntzak (diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarriak badituzte) eta Estatuko beste laguntza batzuk, baldin eta diruz laguntzen ahal diren kostuak ezberdinak badira edo, diruz laguntzen ahal diren kostuak berdinak izanda ere, bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntzetarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo laguntzarako gehieneko intentsitate portzentajeak.

c. Landa garapenerako estatu-laguntzak (diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarririk ez dutenak) eta Estatuko beste edozein laguntza, azken horrek diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarriak baditu.

d. Landa garapenerako estatu-laguntzak (diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarririk ez dutenak) eta Estatuko beste edozein laguntza, azken horrek ere diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarriak ez baditu, betiere bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntza handienarentzat ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitate-portzentajeak.

e. Nekazaritza sektorearentzako landa garapenerako estatu-laguntzak eta LGENFren laguntzak, diruz laguntzen ahal diren kostu berberetarako direnean, izan LGENFrekin batera finantzatzen ahal direnak, izan Estatuko finantzaketa besterik ez dutenak, eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu-laguntzentzat ezarritako gehieneko laguntza edo gehieneko intentsitatea.

f. Landa garapenerako estatu-laguntzak eta diruz laguntzen ahal diren kostu berberetarako gutxieneko laguntzak, betiere bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu-laguntzarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitatea.

4. Laguntza hauek ezin dira metatu:

a. Basogintzako sektoreko ekoizleen erakunde eta batasunentzako landa garapenerako hasierako laguntzak eta, 1305/2013 EB Erregelamenduaren 27. artikuluan, ekoizleen erakundeak eta batasunak sortzeko ezarrita dauden laguntzak.

b. Nekazari gazteentzako eta ustiategi txikiak garatzeko hasierako laguntzak eta 1305/2013 EB Erregelamenduaren 19.1 artikuluko a) letraren i) eta iii) txataletan nekazari gazteentzako eta ustiategi txikiak garatzeko aipatzen direnak, bien batuketa 702/2014 EB Erregelamenduan ezarritako kopurua baino handiagoa baldin bada.

20. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Oinarri arautzaile hauen esparruan egiten den publizitatea arautzeko, Batasuneko arau aplikagarriei jarraituko zaie kasuan-kasuan, bai eta haiek garatzen dituzten Estatuko arauei edo Estatura ekarritakoei ere; zehazki, Batzordearen 808/2014 Exekuzio Erregelamenduari jarraituz, zeinak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 Erregelamendua, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidezko landa garapenerako laguntzari buruzkoa, aplikatzeko xedapenak ezartzen baititu.

II. ERANSKINA

Gastuen aurrekontuaren eredua (PDF).

III. ERANSKINA

Laguntza moduluak kalitate figura bakoitzeko (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1608922