156. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZARAITZUKO IBAXAREN BATZORDEA

Aldaketa Batzordearen ordenantzan. Behin betiko onespena

Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak, 2016ko apirilaren 25ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Batzordearen ordenantzan.

Onesteko erabakia 2016ko 88. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 9an, eta jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi dira; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Ezkarozen, 2016ko uztailaren 4an.–Batzordeko lehendakaria, Gustavo Goiena Agirre.

ERANSKINA

Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen 2016ko ordenantzak

Nafarroako foru tradizioak oinarritzen dira, batetik, bere araubide juridiko bereziaren defentsa arduratsuan, eta, bestetik, lurraldean indarra duten tokiko ordenamenduen integrazio harmoniatsuan, batik bat Pirinioetako ibarretan, kontuan izanik ezen, Foru Berriak 3. Legean dioen moduan, tokiko usadioa nagusi zaiola orokorrari, bai eta, jakina, idatzizko zuzenbideari ere.

Zaraitzuko Ibarraren nortasun historikoa hainbat mendetakoa da, eta, mendeen joanak eta Nafarroako Erresumaren bizialdiak berak ezartzen dituzten gorabehera naturalak jasoz, orain arte iraun du, egun eratua baitago ibarreko zenbait hiriren udalerri berriez bestelakoa den entitate batean. Nortasun hori Zaraitzuko Ibaxaren Batzordean gorpuzten da juridikoki, zeinek lehendakaria baitu burutzan.

Mende askotako nortasun horrek balio izan du kontzeju jabari den ondareari eusteko. Ondare hori ibarreko familien aberastasuna da eta indibidualismo ekonomikoaren balizko erasoetatik kanpo eduki behar da; izan ere, beste lurralde batzuetan, hondamendira eraman du herrien egiazki soziala den jabetza komun hori.

Hori dela eta, batzorde hau erne dabil Zaraitzuko kultura gal ez dadin eta ibarreko beste ondasun bat izan dadin. Horretarako, zainduko du hura ahoz eta idatziz zabaltzen dela, euskara eta hura ezagutu eta berreskuratzen lagungarri diren jarduerak sustatzen direla, eta ahaleginak eginen ditu gazteriak gure historia eta kultura ongi ezagutzeko, etorkizunerako ondare gisa.

Betiere Zaraitzuko Ibarraren nortasun historiko-juridiko hori eta araubide berezia onartuta, komeni da egun ordenantzak eguneratzea.

Helburu hori izanik, ordenantzak bildu dira, lau kapitulutan banaturik. Horietako lehena ibarreko egitura juridikoari buruzkoa da, Batzordearen nortasunari eta eginkizunei buruzkoa eta ordenantzen aplikazioari buruzkoa. Bigarrena, lehendakaritzaren eginkizunei buruzkoa eta Batzordearen kudeaketarako jarduerak egiteko Batzordeak kontratatzen dituen langileei buruzkoa. Hirugarrena, larreen eta ehizaren aprobetxamenduei eta produktu naturalen, turistikoen eta basokoen bilketari buruzkoa. Eta, azkena, salaketen eta errekurtsoen prozedurari buruzkoa.

Arauak argitzeko lan horrekin, Zaraitzuko Ibarrak erakutsi nahi du bere usadioei heltzen diela aldaketarik gabe eta borondate irmoa duela Nafarroako zuzenbidearen funtsezko foralitateari eraginkortasunez laguntzeko.

I. KAPITULUA

Zaraitzuko Ibarra, Batzordea eta ordenantzak

Kiñoiak eta hiriak

Lehenbiziko Ordenantza.

Hiriek osatzen dute Zaraitzuko Ibarra eta ondoko hiru kiñoi hauetan biltzen dira:

a) Aldagañako kiñoia: Otsagabia eta Itzaltzu.

b) Errarteako kiñoia: Jaurrieta, Ezkaroze eta Orontze.

c) Atabeako kiñoia: Uskartze, Izize, Galoze, Itzalle, Gorza, Erripalda, Sartze, Ibiltzieta, Espartza eta Igari.

Batzordearen izaera

Bigarren Ordenantza.

Batzordeak nortzen du Zaraitzu Ibarra. Batzorde honek tokiko entitatearen izaera du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluak xedatzen duen moduan, eta, Nafarroako Foru Berriaren 43. Legeak bere bigarren atalean aitortzen duen bezala, nortasun juridiko propioa dauka, ezertan ukatu gabe hirietako udal edo kontzejuena. Halaber, autonomoa da bere ordenantzei jarraikiz aritzeko, Nafarroako foru araubide publiko eta pribatuarekin bat.

Legezko helbidea

Hirugarren Ordenantza.

Batzordearen legezko helbide ezinaldatua Ezkarozeko hirian dago. Han bilduko da, han daude haren idazkaritza, diruzaintza eta artxiboa eta han paratuko da iragarki ohola, Batzordeak erabakitzen duen tokian.

Batzordeko kideak

Laugarren Ordenantza.

Batzordeak bederatzi kide ditu, hiru kiñoi bakoitzetik.

Hautatua izateko baldintzak

Bosgarren Ordenantza.

Baldintza hauek bete behar dira hautatua izateko:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Erroldaturik egotea.

c) Batzordearekin zorrik ez izatea.

e) Ez izatea Batzordeko jarduneko langilea.

Hautatzeko modukoen zerrenda

Seigarren Ordenantza.

Batzordeko kideak hautatzeko, hautatzeko moduan dauden bizilagunen zerrenda eguneratua emanen diote Idazkaritzari ibarreko hiriek.

Batzordeko kideak hautatzea

Zazpigarren Ordenantza.

Kiñoi bakoitzak hiru pertsona hautatuko ditu, sufragio unibertsalaren bidez, kiñoi bakoitzean aurkezten diren zerrenda irekietatik. Zerrendek hautagai bat izanen dute gutxienez, eta hiru titular gehienez, denak kiñoi horretako bizilagunak.

Batzordeak hauteskundeen deialdia eginen du ordenantza hauek behin betiko onetsi eta hurrengo sei hilabetean, eta hurrengoetan, udal hauteskundeak egiten diren egun berean.

Eginkizunen iraupena

Zortzigarren Ordenantza.

Lau urtekoa izanen da Batzordeko kideen agintaldia. Horietako bat hiltzen bada, ezintasuna badu edo uko egiten badu, kiñoi berean boto gehien lortu duen hautagaiari esleituko zaio kargua, eta horrela jarraituko da ondoz ondo, kiñoi berean hautagai guztiak agortu arte. Hautagai gehiagorik ez badago, kiñoi berean hautatzeko modukoak diren bizilagunen artean hautatuko da beste Batzordeko kide bat.

Zina

Bederatzigarren Ordenantza.

Karguaz jabetzean, erabateko kargudun bihurtzeko, Batzordeko kideek zin edo promes egin behar dute Zaraitzuko Ibarreko interesak eta bere araubide juridiko pribatiboaren osotasuna defendatuko dituztela. Batzordeko lehendakari izateko hautatuak, bere agintaldia hastean, makila altxatuko du hotsandiz, aurreko zina berresteko seinale gisa.

Batzordearen bilkurak

Hamargarren Ordenantza.

Batzordeak bi hilabetean behin gutxienez eginen du bilkura arrunt bat.

Batzordeak bilkura berezia egin behar du Batzordeko kide berriak hautatu eta 15 eguneko epean, hautatuak karguaz jabe daitezen eta presa handieneko gaiak jorra ditzaten.

Batzordeko lehendakaritzak bere ekimenez ere egin dezake bilkura bereziaren deialdia. Hiru kidek eskaturik ere egin behar du lehendakariak bilkura bereziaren deialdia. Halakoetan, eskaera egin eta hurrengo bost eguneko epean eginen da zitazioa. Ibarrean hautesleak izateko eskubidea duten herritarren 100 sinadurako eskaerarekin ere egin beharko du bilkura bereziaren deialdia.

Bilkuren zitazioa

Hamaikagarren Ordenantza.

Batzordeko bilkuren zitazioa pertsonala izanen da beti Batzordeko kide bakoitzarentzat, eta paper baten bidez edo beste baliabide eraginkor baten bidez eginen da, non gai-zerrenda jasoko baita. Bi egun balioduneko epea utzi beharko da gutxienez deialdia egin baino lehen.

Ondokoa jasoko da abisuan: gai-zerrenda eta bilkura hori aztertzeko eta erabakiak hartzeko behar diren txostenak, idazkiak eta materiala, Batzordearen eskura egonen direnak. Bilkura bakoitzean eta gai-zerrendatik kanpo, azken orduko gaiak jorratuko dira, bertan dauden kideen erdiak gehi bat horren alde agertzen badira.

Quoruma

Hamabigarren Ordenantza.

Lehenbiziko deialdian Batzordeko kideen gehiengoa bildurik ez badago, beste deialdi bat egin beharrik gabe, ondoko hirugarren egun baliodunean bilduko dira, ordu berean.

Lehendakaritza

Hamahirugarren Ordenantza.

Lehendakaria izanen da bilkuretako burua, edo, hura izan ezean, lehendakariak izendatutako lehendakariordea.

Eskumena

Hamalaugarren Ordenantza.

Batzordeari dagokio Zaraitzuko Ibarraren gobernua, bai barne araubideari dagokionez bai bere ondarearen zaintzari, edozein motatako defentsa judizialari, administrazioari, kontratazioari eta kudeaketari dagokionez.

Hamabosgarren Ordenantza.

Batzordeari dagokio produktuak aprobetxatzeko denborak eta baldintzak ezartzea.

Batzordeari dagokio bidezkotzat jotzen dituen batzordeak izendatzea helburu berezietarako, berak ezartzen dituen iraupenarekin.

Kontzeju jabaria

Hamaseigarren Ordenantza.

Batzordearen jabetza arrunteko beste ondasun batzuez gain, 32. ordenantzan jasotako finkak eta etorkizunean atxiki daitezkeen beste antzeko batzuk Batzordearen kontzeju jabaritzat joko dira, Nafarroako Foru Berriari buruzko 391. Legean berariaz xedatutakoarekin bat, eta, gisa horretan, zatiezinak izanen dira. Finka horiek, halaber, besterenzinak dira, eta, horrenbestez, Batzordearen zorren berme gisa ezin dira erabili, baina horien produktuak bai. Nafarroako Foru Berriari buruzko 392. Legearekin bat, kanpoko auzotartasunekin ere ezin izanen dira kargatu. Batzordearen ondasunak, ondarekoak izan ezik, enbargaezinak dira, toki entitatearen ondasunak diren heinean.

Langileen kontratazioa

Hamazazpigarren Ordenantza.

Batzordeari dagokio bere langileak kontratatu eta izendatzea, ordenantza hauen II. kapituluari jarraituz.

Dietak

Hemezortzigarren Ordenantza.

Batzordeari dagokio Batzordeko kideei bilkura bakoitzarengatik ordaindu beharreko dietak ezartzea, baita onestea ere, justifikatu ondoan, kudeaketa jakin bat egiteko agindua jasotzen duten kideen gastuak eta aurreikusi gabeko joan-etorrienak.

Urteko aurrekontua

Hemeretzigarren Ordenantza.

Batzordeak gastuen eta diru-sarreren urteko aurrekontua prestatuko du. Kasuan kasuko ekitaldi ekonomikoaren aurreko abenduko bilkura arruntean onetsi beharko du behin betiko. Aprobetxamenduen baimenak ere emanen ditu, eta horren emaitzak aplikatuko.

Eztabaida eta bozketa

Hogeigarren Ordenantza.

Batzordearen bilkurak atea zabalik eginen dira.

Publikoak izanen dira, eta lehendakariak hitza emanen die erabakiak hartzeko ekarpen erabakigarria egin dezaketenei.

Eztabaida egin ondoren, lehendakaria moderatzaile, kasuan kasuko gehiengoarekin hartuko dira erabakiak. Berdinketa izanez gero, erabakigarria izanen da lehendakariaren botoa.

Ondoko hauei buruzko erabakiak hartzeko beharko da gehiengo osoa:

a) Batzordearen ondarearen produktuen salmenta arruntetik gaineko ondasunak besterentzea.

b) Errepide eta bideen eraikuntza eta obra-planak; ustiapen kontratuak enpresekin; eta beste edozein kontzeptu, baldin eta diru kopuruak gainditzen badu Kontratuei buruzko 6/2006 Foru Legean publizitaterik gabe prozedura negoziatuetarako ezarritakoa.

c) Lurzatien emakida erabilera berezietarako.

d) Langileak kargutik kentzea.

e) Ordenantzak aldatzea.

f) Barneko erregelamenduak ezartzea.

g) Herri galdeketen deialdia egitea ibarrean.

Aktak

Hogeita Batgarren Ordenantza.

Batzordeko Idazkaritzak bilkura bakoitzean egiten duen aktan ondokoa jaso beharko da: bertaratutako guztien izen-abizenak, bozketen emaitzak, hartutako erabakiak eta bertaratutakoen sinadurak.

Behin Batzordeak onetsirik, akta Akten Liburuan transkribatuko da, gaztelaniaz eta euskaraz nahitaez. Orrialdeek Batzordearen zigilua eta Lehendakaritzaren sinadura eramanen dute. Lehendakaritzak, Idazkaritzarekin batera, dataren eginbidea eginen du liburu horren lehenbiziko orrialdean, liburuak zenbat orrialde dituen jasota geldi dadin.

Akten kopiak

Hogeita Bigarren Ordenantza.

Batzordeak bilkurak egin ondoan, Idazkaritzak horren kopia ziurtatuak igorriko dizkie Batzordeko kideei eta hirien buruei, eta ibarreko etxe guztietara helaraziko ditu.

Ordenantzak

Hogeita Hirugarren Ordenantza.

Zaraitzu Ibarreko ordenantzak tokiko forua dira Batzarreko gobernurako.

Idatzizko usadio edo arau aplikagarririk ezean, Nafarroako gainerako toki entitateentzako araudia aplikatuko da.

Ordenantzak alda daitezke Ibarraren errealitate sozialera egokitzeko, prozedura honi jarraikiz:

a) Batzarrak hasiera batean onestea gehiengo osoz.

b) Jendaurrean jartzea onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta erakundeko iragarki oholean iragarri ondotik, hogeita hamar egunez gutxienez, epe horretan herritar eta bidezko interesa dutenek espedientea aztertu eta erreklamazioak, kontrako iritziak edo oharrak egin ahal izan ditzaten.

c) Batzarrak behin betiko onestea gehiengo osoz. Lehenago, aurkeztu erreklamazioak, kexak edo oharrak ebatzi behar dira.

II. KAPITULUA

Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeko lehendakaria eta lehendakariordea, idazkaria eta langileak

Lehendakaria hautatzea

Hogeita Laugarren Ordenantza.

Batzordeak kide guztien artetik nor hautatzen duen, horixe izanen da Batzordeko lehendakaria. Berdinketa izanez gero, bozketa errepikatuko da segituan, eta, beste behin berdinketa badago, zozketa eginen da berdinduen artean.

Legegintzaldiko 4 urtean egonen da agintean.

Lehendakariak, hautaturik ateratzen den unean bertan, lehendakariordea izendatuko du. Horren eginkizuna izanen da lehendakaria ordeztea hura ez dagoenean.

Lehendakariaren eta Batzordearen eskumenak

Hogeita Bosgarren Ordenantza.

Lehendakaritzari dagokio, Batzordeko bilkuren deialdia egin eta horren buru izateaz gain, ibarreko interesen administrazioa, kudeaketa eta gobernua zuzentzea, eta, batik bat:

a) Batzordearen gobernua eta administrazioa zuzentzea.

b) Batzordea ordezkatzea, bai judizioetan bai judizioz kanpo, eta ibarraren interesen alde erabakitako egintza judizial edo administratiboak egitea Batzordean izenean. Horretarako, behar adina ahalorde eman ditzake.

c) Esku hartzea batzordearen kontratu eta negozio guztietan, eta horrek ematen dituen zerbitzuak eta egiten dituen obrak zuzendu, ikuskatu eta bultzatzea.

d) Batzordearen bilkuren deialdia egitea eta horretan buru izatea, berdinketak haustea kalitatezko botoaren bidez, Batzordean hartutako erabakiak betearaztea eta hura ordezkatzea.

e) Ordainketak agintzea, ordainketa-aginduak emanez.

f) Lan-eskaintzak onestea, aurrekontuarekin bat, baita ordainketak, plantilla eta probak egiteko oinarriak ere, Batzordeak onetsiak langileak hautatzeko, eta horien kontratazioa; halaber, langile guztien lana zuzendu eta kontrolatzea, haien agintari nagusia baita, eta beharrezko neurri guztiak hartzea, bidezko zehapenak barne.

g) Buru izatea egiten diren erremate eta enkante guztietan.

h) Idazkaritzak egiten dituen kopiak eta ziurtapenak baimentzea eta biek batera eginbidea egitea akta liburuetan, 20. ordenantzan ezarritakoari jarraituz.

i) Ibarraren eta herrilurren mugetako mugarriak aztertzea, bera joanda edo norbaiten esku utziz.

j) Zehapenak jartzea bere aginteari men ez egitearen hutsegiteengatik edo ordenantza hauek urratzeagatik, edo Batzordeak berezko dituen gaiei buruz onesten diren beste batzuengatik. Batzordeak proposatuko du zer zehapen aurreikusten den haietarako.

k) Obra-proiektuak eta zerbitzuak onetsi eta/edo kontratatzea, horretarako eskumena duenean, hala jasota egoteagatik aurrekontuan edo Batzordeak hala erabakitzeagatik.

l) Lizentziak ematea Batzordearen eskumenekoak diren gaietan.

Hogeita Seigarren Ordenantza.

Lehendakaritzak Batzordearen egoeren eta kontuen gaineko txostena emanen du dagokien ekitaldiaren ondoko martxoaren 31 baino lehen. Erakunde autonomoenak eta merkataritza sozietateenak, horien kapitala harena denean osorik edo gehienbat, hasiera batean horien organo eskudunek eman eta proposatuak, Batzordeari igorriko zaizkio epe berean, horrek onets ditzan.

Batzordeko Biltzarraren eginkizunak

Hogeita Zazpigarren Ordenantza.

Eskudantzia hauek dagozkio Batzordeko Biltzarrari:

a) Lehendakaritzaren jarduna kontrolatu eta fiskalizatzea.

b) Erregelamendu organikoa eta ordenantzak onestea

c) Zerga arloko baliabideak zehaztea, aurrekontuak onetsi eta aldatzea, bere eskumeneko gaietako gastuak xedatzea eta kontuak onestea; hori guztia Toki Ogasunei buruzko Legean ezarritakoarekin bat.

d) Zerbitzuak kudeatzeko moduak onestea.

e) Beste administrazio publiko batzuek egindako eskumen eskuordetza onartzea.

f) Eskumen gatazka planteatzea beste toki entitate batzuei eta gainerako administrazio publikoei dagokienez.

g) Langileen plantilla onestea, baita lanpostuen zerrenda ere, eta ordainsari osagarri finkoen eta aldi batekoen zenbatekoa finkatzea.

h) Egintza administratibo eta judizialak bideratzea eta Batzordearen osoko bilkurari dagozkion gaietan defendatzea.

i) Batzordearen egintzen gaineko kaltegarritasunari buruzko deklarazioa.

j) Jabari publikoko ondasun baten kalifikazio juridikoa aldatzea.

k) Kreditu eragiketak kontzertatzea, haien zenbateko metatua, ekitaldi ekonomiko baten barrenean aurrekontuaren baliabide arrunten %10 baino handiagoa bada, salbu eta diruzaintzakoak, horrelakoetan une bakoitzean dauden eragiketen zenbateko metatua aurreko ekitaldian likidatu diren diru-sarrera arruntak baino %15 handiagoa denean jardungo baitu, hori guztia toki ogasunei buruzko foru araudian xedatutakoari jarraikiz.

l) Obren eta zerbitzuen proiektuak onestea, haiek kontratatzeko edo emateko eskumena duenean.

m) Ordenantzaren zentzua interpretatzea, arrazoizko dudarik badago.

Batzordearen Idazkaritza eta Diruzaintza

Hogeita Zortzigarren Ordenantza.

Batzordeak Idazkaritza lanpostu bat izanen du. Hura betetzeko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraikiko zaio, bai eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoari ere.

Idazkaritzaren eginkizunak

Hogeita Bederatzigarren Ordenantza.

Idazkaritzari dagokio fede publikoa eta legezko aholkularitza nahitaezkoa emateko erantzukizun administratiboa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 239. eta 239. bis artikuluetan adierazitakoak, eta honako hauek zehazki:

a) Batzordearen bilkura guztietara joatea, hizpidea duela baino botorik ez, eta horien aktak egitea.

b) Batzordeko kideei aholku ematea eta ohartarazpenak egitea, beharrezkoa bada, horien jardun ofizialen legezkotasunari buruz.

c) Doan ematea akten ziurtagiriak, 21. ordenantzakoak, baita Lehendakaritzak agintzen dizkionak ere, aplikatu beharreko araudiak halakoentzako ezartzen dituen eskubideekin.

d) Funtsen kontu-hartzaile gisa aritzea.

e) Batzordearen dokumentazioa zaintzea.

Nolanahi ere, hura kanpoan edo eri badago, edo lanpostuaren erreserba ekartzen duen egoera administratibo batean, edo behin betiko betetzeko arauzko ezintasunean, edo funtzionario batek bete beharreko lanpostu hutsa aldi baterako betetzekoan, honako hauek beteko dituzte Idazkaritzaren eta Kontu-hartzailetzaren eginkizunak:

Kasuan kasuko entitateko langile finkoen bidez, behar adinako titulazioa badute lanpostu zehatz horretarako, edo deialdi baten bitartez hautatutako pertsona bat araubide administratiboan aldi baterako kontratatuz.

Beste toki entitate batean aritzen den funtzionario baten bidez, behar adinako foru gaikuntza badu eta behar bezainbeste frogatuta badago ezinezkoa dela lanpostu horiek aldi baterako betetzea aurreko ataleko aukeretako edozeinekin, edo hura lortzeko beharrezko tramitazioak irauten duen bitartean. Horretarako, horren berri eman beharko dio toki administrazioaren arloan eskumen duen departamentuari, eta kasuan kasuko toki entitateen baimena izan.

Langileria

Hogeita Hamargarren Ordenantza.

Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen langileen zerbitzuak kontratatzen ahal ditu, deialdia egin ondoren. Horren iragarkian, langileen baldintzak, betebeharrak eta eskubideak adieraziko dira.

III. KAPITULUA

Ibarreko finkak eta horien aprobetxamenduak

Batzordearen finkak

Hogeita Hamaikagarren Ordenantza.

Ondoko finka hauek dira Batzordearenak, kontzeju jabari gisa:

a) “Irati”, 6.520 hektareakoa, honako muga hauek dituena: iparraldean, Frantziako muga; ekialdean, Pikatua finka (hura ere Batzordearen jabarikoa); hegoaldean, Abodi finka (hura era Batzordearena); eta mendebaldean, Zabaleta mendia (La Cuestión izenekoa), eta Aezkoa Ibarra.

a) “Abodi”, 1.210 hektareakoa, honako muga hauek dituena: iparraldean, aipatutako Irati finka; ekialdean, Vicente Eseverriren eta Pedro Antonio Landaren soroak eta aipatutako Pikatua finka; hegoaldean, Arrobegia haitza, eta honako hauen soroak: Francisco Roldan, Francisco Landa, Clemente Ochoa, Juan Ignacio Cruchaga, Pedro Antonio Landa, Francisco Azcoiti, Pedro María Miqueleiz, Juan Ramón de Carlos, Francisco Adot, Gabriel Eseverri, Juan Miguel Moso, Benito Sirón eta Pedro Juan de Andrés; eta, mendebaldean, Aezkoa Ibarra.

c) “Pikatua” eta “Andrilla”, 1.610 hektareakoak, honako muga hauek dituztenak: iparraldean, Frantzia; ekialdean, Erronkari ibarra; hegoaldean, honako hauen soroak: Juan Bautista Ochoa, Fernando Bezunartea, Vicente Tanco, Francisco Loperena, Emilio de Andrés eta Juan Ramón Inchusta; mendebaldean, aipatutako Irati finka.

d) “Erremendia”, 1.424 hektareakoa, honako muga hauek dituena: iparraldean, Jaurrietako udal mugapea; ekialdean, Espartzakoa eta Ibiltzietakoa; hegoaldean, Aietxukoa, Jakoistikoa eta Itzallekoa; eta, mendebaldean, Abairregainekoa eta Aietxukoa.

e) “Zenoze Arizluzea”, Gorzako jurisdikzioan, 3.696 metro koadrokoa, honako muga hauek dituena: iparraldean, Peña; ekialdean eta hegoaldean, Galánen eta Domingo Layanaren soroak; eta mendebaldean, Sartzeko dorreak (egun errepidea) eta Francisco Sanzen soroa.

Lekuneak

Hogeita Hamabigarren Ordenantza.

Urtero, Batzordeko batzorde batek ekinen dio Batzordearen finken mugak aztertzeari. Errolda zehatz bat edukiko da lekune horiei buruz.

Batzordeak lekune horietaz duen atzera eskuratzeko eskubideak bat eginen du Nafarroako Foru Berrian eta horren arau ordeztaileetan jasotako araudi orokorrarekin, betiere haietan jasotako irismen, eduki eta barietateen arabera.

Ondarea aldeztea

Hogeita Hamahirugarren Ordenantza.

Batzordeak ahaleginak eginen ditu bere finkak aldezteko. Galaraziko du horietan inor sartzea, eta horien aprobetxamendu hobea bultzatuko, mendiak antolatzeko plan bat prestatuz eta maiztasunez eguneratuz, Nafarroako Gobernuak ezarritakoarekin bat. Halaber, honakoari buruzko guztia xedatuko du: altxonbideak eta artzain bideak zedarritzea, azienda erizaintzak, bildots edo azienda erreserbak, aterpeak eta askak eraikitzea eta finketako gainerako hobekuntzak.

Larreen aprobetxamendua

Hogeita Hamalaugarren Ordenantza.

Ibarreko bizilagun diren abeltzain guztiek zilegi dute Batzordearen finketako larrea aprobetxatzea, baldin eta azienda hiriren batean badute erregistraturik. Horretarako, onuradunek aitorpen bat aurkeztu behar dute, aldez aurretik, Batzordeko Idazkaritzan, adierazteko zenbat buru eta zer azienda mota sartu nahi duten Ibarreko larreetan. Idazkaritzak, inskripzio hori egiaztaturik, kasuan kasuko baimena emanen du, bikoizturik, eskatzailearen izenean. Kopia horietako bat artxiboan gordeko da, eta bestea, berriz, interesdunari emanen zaio, kasuan kasuko basozaintzari aurkez diezaion, hala eskatzen zaionean. Ezin izanen da aprobetxamendurik esleitu jabeak zor likidorik badu Batzordearekin.

Baldintza zehatzak ordenantza batean arautuko dira. Urtebetean onetsi beharko da, ordenantza hau onesten denetik hasita.

Oihan aprobetxamenduak

Hogeita Hamabosgarren Ordenantza.

Oihan aprobetxamenduak arautzeko, Batzordeak bere araubideari eutsiko dio, behar bezala onetsitako mendi antolamenduak horretarako bide ematen duen heinean. Ikuskapena Batzordeko oihan langileek eginen dute.

Saltzen den enbor lote bakoitzarekin, Nafarroako Gobernuko kasuan kasuko departamentuko langileek eginen dute azterketa, Batzordeko langileekin batera. Ondoren, hondarren loteak seinaleztatuko dira, halakorik eskatzen duten bizilagunendako, etxean egurra kontsumitzeko.

Orobat, Batzordeak izei zuraren eskaerak ebatziko ditu, bordak eta etxebizitzak eraiki eta konpontzeko egiten direnak. Azken enkantean zurak izan duen prezioa pagatu beharko da. Ustiapen eremutik atera baino lehen, Batzordeko oihan langileek egiaztatuko dute.

Erreserba funtsak

Hogeita Hamaseigarren Ordenantza.

Batzordeak, ekitaldi ekonomiko bakoitzean, diru-sarrera likido guztien %7ra bitarte erabil dezake erreserba funts gisa, aurreikusi gabe sor litezkeen gastuei heltzeko.

Etenaldia berandutzagatik

Hogeita Hamazazpigarren Ordenantza.

Etenaldia eginen zaie edozein aprobetxamendutarako eskubideei, berandutza izanez gero Batzordearen zorduna den onuradun baten partetik.

IV. KAPITULUA

Salaketak eta errekurtsoak

Arau-hausteak salatzea

Hogeita Hemazortzigarren Ordenantza.

Batzordeko guardek salatu behar dituzte Batzordeko Idazkaritzan ordenantzetan eta arauetan egiten diren hausteak. Ibarreko edozein herritarrek ere salatzen ahal ditu Batzordeko Idazkaritzan ordenantzetan eta arauetan egiten diren hausteak.

Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan –edo hura ordezten duen araudian– ezarritako hura izanen da zehapen prozedura.

Berraztertzeko errekurtsoa eta gora jotzekoa, kasuan kasuko
auzitegiei zuzenduak

Hogeita Hemeretzigarren Ordenantza.

Batzordearen eta/edo lehendakariaren erabakien edo ebazpenen kontra, errekurtso hauek para daitezke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Berraztertzeko errekurtso baten aurrean, Batzordeak errekurtso hori ebatzi behar du egiten den lehenbiziko bilkuran, arrunta edo berezia izan, eta, edonola ere, hilabeteko epean, errekurtso hori Erregistroan sartu eta biharamunetik aitzina.

Iragarkiaren kodea: L1608326