156. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZARRAKAZTELU

Kuadrilla gelatako lokalak arautzen dituen ordenantza
Behin betiko onespena

Zarrakazteluko Udalak, 2015eko martxoaren 26an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Zarrakaztelun kuadrilletarako lokalak arautzen dituen udal ordenantza. Erabaki hori 2015eko 72. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 16an.

Zarrakazteluko Udalak, 2016ko urtarrilaren 28an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen, behar den gehiengoarekin, Zarrakaztelun kuadrilletarako lokalak arautzen dituen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zarrakaztelun, 2016ko ekainaren 24an.–Alkatea, Javier Igal Iguaz.

ZARRAKAZTELUKO KUADRILLA GELATAKO LOKALAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Atarikoa

Zarrakazteluko udalerrian kuadrilletarako lokalak egon dira aspalditik, eta haien helburu nagusia da lagun taldeak biltzeko espazio bat sortzea, haietan batez ere aisialdirako jarduerak elkarrekin egiteko.

Hasieran, kuadrilletarako gelak herriko bestetan egiten ziren, jaietarako jarduera horri eta hura prestatzeko garaiari lotuta soilik. Urteak joan, urteak etorri, kuadrillen gelak gero eta gehiago izan dira, eta, horren ondorioz, kuadrilletarako gelen ohiko kontzeptua aldatu da funtsean.

Une honetan, Zarrakaztelun kuadrilletarako lokal andana daude; haietako asko iraunkorrak dira eta zenbaitetan instalazio horiek maiz erabiltzen dituzte, batez ere herriko gazteek; hori dela eta, beharrezkoa da haiek arautzea.

Egun haiei ematen zaien erabilerak ondorio handiak ekarri dizkiote herriaren dinamika sozialari, eta atzeman da herritarren interes desberdinak uztartu beharra dagoela, gatazkarik sor ez dadin.

Bestalde, Udalaren ardura da aholku ematea baldintza egokiei buruz eta haien egoera gainbegiratzea, egoera kaxkar batek ekartzen ahal dituen konpondu ezinak saihesteko, gero damurik hartu behar ez izateko.

Ordenantza honen helburua da elkarbizitza normalizatua izan dezaten kuadrilletako gelen erabiltzaileek, alde batetik, eta lokal horien kokaguneko gainerako bizilagunek, bestetik; horretarako, bermatzen saiatu beharko da etxearen esparruan norberaren eta familiaren intimitaterako eskubide oinarrizkoa bateragarria dela aisialdiarekin eta denbora librearekin.

Hori dela eta, ulertu behar dago ordenantza honen helburua ez dela gehiegi arautzea kuadrilletarako gela horiek, ezta haien funtzionamenduan eskua neurriz kapo sartzea ere. Aitzitik, eta aipatu oinarrizko helburuak kontuan izanik, Zarrakazteluko Udalak, bere eskumenen esparruaren barrenean, kuadrilletarako gelen baimena arautu nahi du, eta, halaber, hura argia izan dadila edukiaren aldetik, Zarrakazteluko bizilagunen eskubideak berma ditzala eta arin tramita dadila, betiere Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 2/1989 Foru Legearen 1.2 artikuluan aurreikusitako agindutik abiatuta (abenduaren 10eko 26/2001 Foru Legeak eman idazketaren arabera); haren aplikazio eremuan ez badira ere esparru guztiz pribatuari edo familiarrari lotutako jarduerak sartzen, honako hau, berriz, eskatzen da: “dibertsio edo jostetarako jarduera horiek egiten diren lokalek behar bezalako baldintza teknikoak bete behar dituzte hirugarrenei enbarazurik ez egiteko eta pertsonen zein ondasunen segurtasuna bermatzeko, batez ere hauei dagozkienak: egituren sendotasuna, instalazioen funtzionamendua, suteen kontrako prebentzio eta babes neurriak eta osasungarritasun eta higienea. Horietarako, bada, udalaren baimena beharko dute lokal horiek”.

Hartara, ordenantza honen asmoa da jakitea zer lokalek egiten duen bat ordenantza honetan kuadrilletarako gelatzat jotzen denarekin, gomendio teknikoak emateko gela horien egokitzapenari eta funtzionamenduari buruz, erantzukizunak zehazteko eta parte diren alderdi guztien interesak bateratzeko.

I. TITULUA

Orokortasunak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea, aplikazio eremua eta helburuak.

1. Ordenantza honen helburua da Udalaren esku-hartze administratiboa zehaztu eta arautzea, zehazteko zer baldintza tekniko eta zer beste baldintza bete behar dituzten kuadrilletarako gelatzat hartzen diren lokalen jabeek eta erabiltzaileek.

2. Ordenantza honen aplikazio eremua egun kuadrilletarako gela gisa erabiltzen diren lokal guztietara zabalduko da, edota horretarako eskaria lehendabiziko aldiz egiten dutenetara, betiere Zarrakazteluko udal mugapearen barrenean.

3. Zehazki, hona hemen ordenantza honen helburuak:

a) Kuadrilletarako gelen lokalek gutxieneko baldintzak betetzea higienearen eta osasunaren aldetik.

b) Gutxieneko segurtasun baldintzak ezartzea lokaletan erabiltzaileentzat zein bizilagunentzat.

c) Elkarbizitza normalizatua lortzea kuadrilletarako gelen erabiltzaileen eta lokal horren inguruko gainerako bizilagunen artean.

d) Zarrakazteluko gazteen eta herritarren aisialdia eta denbora librea bermatzea, eta hori segurtasunarekin eta bizilagunen intimitate pertsonala eta familiarra izateko eskubidearekin bateratzea.

2. artikulua. Zer diren kuadrilletarako gelak.

1. Ondoko hauek hartuko dira kuadrilletarako gelatzat (kontuan hartu gabe zabaldu diren izen anitzak -peñak, piperoak, pipoteak etab.): sarrera mugatua eta erabilera pribatua dituzten lokalak, publikoak ez direnak, non aisialdia, josteta, olgeta edo antzeko arloko jarduerak, irabazi asmorik gabekoak, garatzen baitira.

2. Honako hauek baino ez dira kuadrilletarako gelatzat hartuko:

a) Behe solairuko lokalak eraikuntza kolektiboetan, familia bakarreko etxebizitzetan eta biltegietan.

b) Lehen solairuko lokalak, BS + 1eko eraikuntza batean, horren oin-plano osoa hartzen badute eta beheko solairua jabe berarena bada (betiere horretan ez badago etxebizitza bat edo horrek ukitzen ahal duen beste edozein jarduera).

3. artikulua. Kuadrilletarako gelen motak.

1. Kuadrilletarako gelen artean, bi mota bereizi dira:

a) Gela iraunkorrak. Honela joko dira irekitze eskabideko epea mugarik gabekoa denean.

b) Bestetako gelak. Honela joko dira kuadrilletarako gelen irekitze eskabidea soilik lotzen zaionean Zarrakazteluko herriko bestak ospatu eta prestatzeari, urte bakoitzeko ekainean, abuztuan eta urrian.

2. Kuadrilletarako gela iraunkorrek kuadrilletarako gelak erabiltzeko beharrezko lizentzia eskuratu beharko dute, ordenantza honetan ezartzen diren baldintza eta betebeharrei jarraituz.

Baldintza horiek betez gero, denboran mugarik izan gabe emanen da lizentzia, kuadrilletarako gelek une oro bete beharko badituzte ere lizentzia emateko eskatu ziren betebehar eta lizentzia tekniko eta juridikoak.

3. Kuadrilletarako gela iraunkorrek jakinarazpena egin behar diote Udalari, erabiltzen hasi baino lehen, udal teknikari batek ikus dezan nola dauden eta zer jarduketa egin behar den, beharrezko neurri higieniko-sanitarioak, ingurumenekoak eta segurtasunekoak hartzeko.

4. Bestetako gelek bestak hasi baino 30 egun lehenago eskatu beharko dute kuadrilletarako gelak erabiltzeko beharrezko lizentzia.

Lizentzia hori emanda, bestetako gela ekainean, uztailean, abuztuan, irailean eta urrian erabiltzen ahalko da, eta urte horretako urriaren 31rako itxi beharko da. Hura ondoko urteetan erabiltzeko, Udalaren lizentzia eskatu beharko da berriz.

4. artikulua. Erantzuleak.

Ondoko hauek izanen dira erantzuleak, ordenantza honetan eskatutako betebehar eta baldintzak konplitu beharko dituztenak:

a) Higiezinaren jabea.

b) Higiezinaren erabiltzaileak (errentariak, lagapen-hartzaileak etab.).

c) Kuadrilletarako gela erabiltzen duten lagun-taldeko adingabekoen ordezkariak.

5. artikulua. Kuadrilletarako gela erabiltzeko lizentzia.

1. Kuadrilleterako gela erabiltzeko lizentzia udal baimena da, lokal bat kuadrilletarako gela gisa eta ordenantza honetan arautu bezala erabiltzeko.

II. TITULUA

Kuadrilletarako gela izanen den lokalak bete beharreko baldintzak

6. artikulua. Gutxieneko baldintza teknikoak.

1. Kuadrilletarako gelak izanen diren higiezinek bete beharreko gutxieneko baldintza teknikoek errespetatu beharko dituzte indarra duten arau sektorialak.

2. Kuadrilletarako gela guztiek ondoko baldintza teknikoak bete beharko dituzte gutxienez:

a) Behe solairuko lokalak izatea eraikuntza kolektiboetan edo familia bakarreko etxebizitzetan, edo BS + 1eko eraikuntza bateko lehen solairuan, horren oin-plano osoa hartzen badute eta beheko solairua jabe berarena bada (betiere horretan ez badago etxebizitza bat edo horrek ukitzen ahal duen beste edozein jarduera).

b) Edateko ur korrontearen hornidura.

c) Instalazio elektrikoa baldintza egokietan.

d) Seinalatzeko eta larrialdietako argiteria, irteteko atearen gaineko paramentuan jarrita, bai eta lokalaren banaketari buruz indarra duen araudiaren bestelako aginduak ere.

e) Gas-instalazioa duten kuadrilletarako gelek frogatu beharko dute instalatzaile ofizialek paratu dutela eta horren inguruko arau guztiak betetzen dituela.

f) Komun-zuloa eta konketa dituen komuna.

g) Suteen kontra babesteko neurriak, indarra duen araudi sektorialari jarraikiz. Zehazki, honako hau eduki behar du kuadrilletarako gelak: 2 Kg CO2-ko itzalgailua, 34 B eraginkortasunekoa, lotune elektrikoaren koadrotik hurbil eta 6 Kg-ko hautsezko itzalgailu balioaniztunak, 21A-113B eraginkortasunekoak, 10m²-ko azalera erabilgarrian 1,2 Kg gai itzalgarri izan dadin.

h) Proportzioa kuadrillako kideen eta lokalaren azaleraren artean, gutxienez 1,5 m² pertsonako ratioa duela.

3. Kuadrilletarako gelak sukaldea edo otorduak prestatzeko antzeko instalazioak izanez gero, instalazio horiek gutxienez aireztapen hodi bat eduki behar dute sukaldean jarduteko, sor daitezkeen ur-lurrun, gas edo kea kanpora atera ahal izateko. Halaber, ur korronteko harraska eduki beharko du. Azkar erretzen diren elementuetatik urrun kokatu behar da sukaldea, sutea eragiteko arriskua izan baitaitezke.

7. artikulua. Aplikatzekoa den eta indarrean dagoen araudiko aldaketa.

Aplikatu daitekeen araudi sektorialean aldaketak eginda, higiezina legezko determinazio berrietara egokitu beharko da, kuadrilletarako gela erabiltzeko lizentzia berritzeko eskatuz.

III. TITULUA

Kuadrilletarako gela izanen den lokala egokitu eta erabiltzeko betebeharrak eta mugak

8. artikulua. Jabearen betebeharrak.

Honakoak dira jabearen betebeharrak:

a) Kuadrilletarako lokala egokitzea ordenantza honetan ezarritako gutxieneko baldintza teknikoen arabera, kuadrilletarako gela erabiltzeko lizentziak indarrean irauten duen bitartean.

b) Kuadrilletarako gelaren erabiltzaileei lokala laga eta erabiltzeko konpromisoa dokumentu pribatuan behintzat formalizatzea, ordenantza hau beteko dela ezarriz.

Hura ez bada formalizatzen, jabeak lokala erabiltzaileei doan uzteagatik, bi alderdien frogagiri bat sinatu behar dute, lokala kuadrilletarako gela gisa erabiltzen dela adierazteko, bai eta ordenantza honetan eskatzen diren betebeharrak biek onartzen dituztela ere.

c) Suteen kontrako eta erantzukizun zibileko aseguru poliza izatea, kuadrilletarako gela izanen den higiezina erabiltzeari dagokionez gerta daitezkeen gorabehera eta betebehar guztiak bermatzeko.

d) Udal lizentzia berritzeko eskatzea, Udalaren aitzineko errekerimendurik gabe ere, lokal horretarako errespetatu behar diren irizpide teknikoen arauak aldatuz gero.

9. artikulua. Kuadrilletarako gelaren erabiltzaileen betebeharrak.

Honako hauek dira kuadrilletarako gelaren erabiltzaileen betebeharrak:

a) Kuadrilletarako gela gisa higiezina egokia izan dadin lizentzian eskatutako gutxieneko baldintza teknikoei eustea.

b) Jabeak lokala doan uzteko agiria piperoko kide guzti-guztiek sinatzea, hala denean.

c) Zarrakazteluko Udalari jakinaraztea lokala kuadrilletarako gela gisa erabiltzeari utzi zaiola, kuadrilletarako gela gisa erabiltzeari benetan utzi eta ondoko hilabetean.

d) Gizalegez jokatzea, zorrotz jokatu ere, ordenantza honetan zehazten diren debekuak eta erabiltzeko mugak bere gain hartuta.

10. artikulua. Adingabeen ordezkari legalen betebeharrak.

Honako hauek dira kuadrilletarako gela erabiltzen duen kuadrilla baten kide adingabeen ordezkari legalaren betebeharrak:

a) Adingabea ordezkatzea kuadrilletarako gela erabiltzeko lizentziaren baimenari buruzko espedientean.

b) Ordenantza hau adingabeak ez betetzeak ekartzen dituen ondorio hurrenen erantzule zuzena izatea.

11. artikulua. Erabiltzeko mugak eta debekuak.

Kuadrilletarako gelen erabiltzaileek ondoko mugak eta debekuak errespetatu beharko dituzte:

a) Ez da koltxoirik, kartoirik edo plastikorik biltzen ahalko, ezta bere ezaugarriak direla-eta sutea eragin edo zabal dezakeen bertzelako materialik ere.

b) Debeku da irabazi asmoa duen edozein jarduera garatzea lokalean.

c) Bide publikoa erabiliz gero, oinezkoaren eskubidea eta ibilgailuen joan-etorria errespetatuko dira. Jarduera bukatutakoan, segituan garbitzeko ardura hartzea.

d) Debeku da eremu publikoa zikintzea edozein hondar edo hondakin botata, bai eta, oro har, baimendutako kuadrilletarako gela erabiltzeak sortzen duen beste edozein zabor mota ere. Kasu horietan, kuadrillako kideek garbitu beharko dute eremu publikoa.

Zarata edo bibrazioak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintzak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuan baimendutako zarata eta bibrazio mailak ezin izanen dira gainditu.

a) Kuadrilletarako gela erabiltzeko, saihestu beharko da edozein traba, zarata edo bibrazio, higiezin horretako edo ondokoetako bizilagunei eragiten badie, edo eremu publikoaren erabiltzaileei eragiten badie ere.

b) Adingabeek edari alkoholdunak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzko martxoaren 16ko 10/1991 Foru Legean ezarritako mugak eta debekuak bete beharko dira.

c) Derrigorrezko ikaskuntzara joateko adinean dauden kuadrillako kideei debekatuko zaie gela erabiltzea eskolako orduetan.

IV. TITULUA

Kuadrilletarako gelen lizentzia eta erregistroa tramitatzea

12. artikulua. Kuadrilletarako gelen erabiltzaileen ordezkariak

1. Kuadrilletarako gelen erabiltzaileak nortasun juridikorik gabeko batasuntzat hartuko ditu Zarrakazteluko Udalak, eta guztiek izendatutako ordezkari baten bidez zuzenduko zaizkio Udalari, Udalarekin tramitazio oro egiteari dagokionez.

2. Kuadrilletarako gelaren erabiltzaileak, guztiak edo haietako batzuk, adingabeak izanez gero, bi ordezkari izendatuko dira:

a) Kuadrillako kide adingabeen legezko tutoreen ordezkari bat.

b) Adinez nagusien ordezkari bat, kide guztiek izendatua.

3. Kuadrilletarako gelaren ordezkariak edo ordezkariek Zarrakazteluko Udalari jakinarazi beharko dizkiote kontakturako beharrezko datuak (posta helbidea, posta elektronikoa, telefono finkoa edo sakelakoa etab.), Zarrakazteluko Udalak egin ditzan jarduketa, komunikazio edo jakinarazpen guztiak, ordenantza hau aplikatuta.

4. Kontakturako datuetako aldaketa guztien berri eman beharko diote Zarrakazteluko Udalari; izan ere, ordezkariek adierazitako datuen bidez ezin bada jakinarazpenik egin, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoari jarraituko zaio iragarkien bidez jakinarazteko.

13. artikulua. Lizentzia eskaera aurkeztea.

1. Kuadrilletarako gelaren ordezkariak edo ordezkariek kuadrilletarako gela erabiltzeko lizentziaren eskaera aurkeztu beharko dute Zarrakazteluko Udalaren Erregistro Orokorrean, udal bulegoetan, ondoko datu eta agiri hauekin:

a) Kuadrilletarako gelaren ordezkariaren edo ordezkarien identifikazio osoa, eta ordezkaritza horren frogagiria, I, II eta III. eranskinei jarraikiz.

b) Helbidea eta kontakturako datuak, jakinarazpenen ondorioetarako.

c) Kuadrilletarako gela osatzen duten kide guztien izen-deiturak, IFZ, posta helbidea, helbide elektronikoa, telefono finkoa, sakelako telefonoa, etab., edo, bestela, adingabeen legezko ordezkari guztienak, IV. eranskinari jarraikiz.

d) Errentamenduaren, erabilera lagapenaren eta abarren kontratuaren kopia; hau da, jabeak zein kontraturen bidez jartzen duen kuadrillako kideen eskura kuadrilletarako gela izanen den higiezina, haren kopia.

Jabeak lagapen hori doan eginez gero eta, hortaz, higiezina lagatzeko kontraturik ez badago, lokalaren jabeak eta kuadrillako kide guztiek sinatutako frogagiri bat erantsi beharko da, V. eranskineko ereduari jarraituko diona, lokala kuadrilletarako gela gisa erabiltzen dela aitortzeko, eta bi alderdiek ordenantza honetan eskatzen diren betebeharrak zorrotz konplituko dituztela adierazteko.

e) Suteen kontrako eta erantzukizun zibileko aseguru poliza, higiezinaren jabeak izenpetua; hura berritu aldiro, horren berri eman beharko zaio Zarrakazteluko Udalari.

2. Bestetako geletarako, lizentziaren eskaera 30 egun lehenago aurkez daiteke. Data horren ondotik aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

14. artikulua. Baldintza teknikoak egiaztatzea.

1. Eskariak beharrezko baldintzak bete dituela egiaztatu ondoan, Zarrakazteluko Udalak txosten teknikoa prestatuko du, higiezina kuadrilletarako gela gisa erabiltzeko egokia dela egiaztatzeko.

2. Zarrakazteluko Udalak izendatutako udal teknikaria higiezinera joanen da, eta segurtasunean, bizigarritasunean edo osasungarritasunean akatsik atzemanez gero, 15 eguneko epea emanen zaio eskatzaileari txosten teknikoan atzemandako akatsak zuzentzeko.

3. Udal teknikariak atzemandako akatsak zuzendu direla frogatzen duen agiria aurkezten badu eskatzaileak eta teknikariaren iritziz hura zuzena eta erabatekoa bada, aldeko txostena eman beharko du.

Akats horiek emandako epean ez badira zuzentzen, udal teknikariak kontrako txostena emanen du eta ezetsi eginen da eskaria.

4. Aurreikusitako tramitearekin batera, bizilagunei eginen zaie jakinarazpena, jarduerak ukituak geratzen direnek, 15 eguneko epean, bidezkotzat jotzen dituzten oharrak edo alegazioak egin ditzaten.

5. Udal honek txostena emanen du, interesdunek eta/edo ukituek aurkeztutako alegazioei beharrezko erantzuna emateko.

15. artikulua. Espedientearen ebazpena.

1. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.q) artikuluarekin bat, Alkatetzak dauka eskumena kuadrilletarako gela erabiltzeko lizentziaren eskaeraren espedientea ebazteko.

2. Kuadrilletarako gela erabiltzeko lizentzia ematen duen Alkatetzaren ebazpenak une oro egon beharko du lokalean, Udalaren teknikarien eskura.

16. artikulua. Lizentziaren indarraldia.

1. Kuadrilletarako geletarako ematen den udal lizentziak mugarik gabeko indarraldia izanen du, higiezinak gisa horretan irauten duen bitartean.

2. Edonola ere, eta aurreko atalaren salbuespena izanik, kuadrilletarako geletarako ematen den udal lizentziaren indarraldia mugatuko da errentamendu kontratuan, erabilera lagatzekoan eta abarretan edo V. eranskinaren arabera jabeak eta erabiltzaileek aurkeztutako ziurtagirian zehaztutako epera; Zarrakazteluko Udalari aurkeztu beharko zaio, behar bezain garaiz aurkeztu ere, kontratu edo ziurtagiri horietan zehazten diren luzapenak bete direla.

3. Bestetarako geletarako ematen den udal lizentzia urte horretako ekainetik urrira bitarte mugatuko da.

17. artikulua. Kuadrilletarako gelen erregistroa.

Kuadrilletarako gelen erregistroa sortuko da, Zarrakazteluko Udalak kuadrilletarako gela baimendunak sar ditzan, ondoko datu hauek gutxienez agertzen direla:

a) Non kokatzen den.

b) Kuadrilletarako gelaren ordezkarien datuak.

c) Kuadrilletarako gelako kide guztien datuak.

d) Lizentzia noiz baimendu zen.

e) Lizentzia noiz amaitu zen.

18. artikulua. Lizentzia eskualdatzea eta lokalaren jabea aldatzea.

1. Lizentzia eskualdatzea baimentzen da kuadrilletarako gela izateko egokitutako lokal bera erabiltzen duten kuadrillen edo erabiltzaileen artean, kuadrilletarako gela erabiltzeko lizentzia eskuratu badute eta ondoko baldintzak betetzen badituzte:

a) Lokalaren jabeak edo erabiltzaileek horren berri ematea Zarrakazteluko Udalari hilabeteko epean gehienez, higiezinaren erabiltzaileek eskualdaketa egin zutenetik.

b) Errentamenduaren kontratu berria edo erabilera lagatzekoa eta abar ekartzea, edo V. eranskineko agiria (ordenantza honen 13.1.d artikuluan xedatua bete beharrez).

c) Kuadrilletarako gelaren erabiltzaile berriek betetzea ordenantza honetako baldintzak.

2. Kuadrilletarako gela izateko egokitu den lokalaren jabea aldatzeak ez dio aldaketarik ekarriko kuadrilletarako gela erabiltzeko Zarrakazteluko Udalak emandako lizentziaren indarraldiari, baldin eta jabe berriak ondoko baldintza hauek betetzen baditu:

a) Lokalaren jabe berriak horren berri ematea Zarrakazteluko Udalari hilabeteko epean.

b) Higiezinaren jabe berriaren ziurtagiria, non onartzen baita higiezina ordurarte erabiltzen zuten erabiltzaile berek kuadrilletarako gela erabiltzen jarraitzea.

c) Errentamenduaren kontratu berria, erabilera lagatzekoa eta abar, edo ordenantza honen V. eranskinaren araberako agiria.

d) Ordenantza honen 13.1.f) artikuluan aurreikusten den aseguru poliza aurkeztea, jabe berriak izenpetua.

V. TITULUA

Administrazioaren ikuskaritza eta zehapen araubidea

19. artikulua. Betebehar teknikoei eustea eta Administrazioaren ikuskaritza.

1. Kuadrilletarako gela jardunean dabilen bitartean, lizentzia ematerakoan eskatzen ziren baldintza tekniko eta juridiko guztiei eutsi behar zaie eta Zarrakazteluko Udalak hura edozein unetan egiaztatzeko ahalmena izanen du, ondoko ataletan zehaztuarekin bat.

2. Zarrakazteluko Udalari dagokio ordenantza honetan arautako kuadrilletarako gela izanen diren higiezinak behar bezala erabiltzen direla egiaztatu eta ikuskatzea. Udalak langileak hautatuko ditu beharrezko egiaztapen eta ikuskapen lanak egiteko.

3. Higiezinaren jabeek, kuadrilletarako gelako kideak diren erabiltzaileek eta haien ordezkariek ere laguntza eman beharko diete ikuskatzaileei, lokala ikuskatu eta egiaztatzeko lanak erraztuz.

4. Kasu bakoitzean, ikuskatzaileak akta eginen du bisita horren arrazoiak eta emaitzak argi azalduz, eta agiri horren kopia emanen die ikuskapenean egon direnei.

20. artikulua. Gomendioak eta arau-hausteak.

Bereziki zaindu beharko da oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorria errazten dela.

1. Ordenantza honi dagokionez, honako hauek izanen dira arau-hauste oso larriak:

a) Kuadrilletarako gela gisa erabiltzea higiezina, kuadrilletarako gela erabiltzeko lizentziarik gabe.

b) Lokalaren jabeak sute aseguruaren poliza edo kuadrilletarako gela gisa jardutearen ondoriozko erantzukizun zibileko poliza ez izatea.

c) Kuadrilletarako gela erabiltzeko lizentzia eskuratzerakoan datu faltsuak alegatzea.

d) Ordenantza honetan edo kasuari aplikatzen zaion legerian ezarritako arauzko ikuskatze edo kontrol lanak oztopatzea edo sarrera ukatzea.

e) Kuadrilletarako gela erabiltzea lizentzia aldi baterako ezeztatu zen epean.

f) Kuadrilletarako gela erabiltzeko lizentzia emanik, ordenantza honetan eskatzen diren oinarrizko baldintza teknikoetako bat ez betetzea.

g) Jabeak lokala ez mantentzea segurtasuna, egituraren egonkortasuna eta bizigarritasuna bermatzeko baldintzetan.

h) Baimendutako zarata eta bibrazio maila gainditzea, ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuak oso larritzat jotzen duenean.

i) Adingabeek izatea edari alkoholdunak.

j) Peñako kideek edo gonbidatuek adingabeei edari alkoholdunak eskaintzea, edo horiek kontsumitzea.

k) Legeak debekatutako substantziak kontsumitzea.

l) Urtebetean bi arau-hauste larri edo hiru arin egitea, lehen arau-haustetik aitzina.

2. Ordenantza honi dagokionez, honako hauek izanen dira arau-hauste larriak:

a) Eremu publikoa okupatu ondoren, zikin uztea janari hondarrekin, paperekin, plastikoekin edo beirarekin.

b) Merkataritzan aritzea, salmenta egitea edo ordenantza honetan kuadrilletarako gela aurreikusten diren erabileraz bestela jardutea.

c) Baimendutako zarata maila gainditzea, ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuak larritzat jotzen duenean.

d) Udalari ez jakinaraztea lokalaren baldintzetako edozein aldaketa, besteak beste aseguru poliza berritzea edo, araudia aldatuz gero, lizentzia berritzeko eskaria ez egitea.

e) Urtebetean bi arau-hauste arin egitea, lehen arau-haustetik aitzina.

3. Ordenantza honi dagokionez, honako hauek izanen dira arau-hauste arinak:

a) Lokalaren barrenean kartoiak, plastikoak, koltxoiak edo beste edozein material pilatzea, haren ezaugarriak direla eta, sua piztu edo hura hedatzen lagun dezakeenean.

b) Zarrakazteluko Udalari ez jakinaraztea horretarako ezarritako epean kuadrilletarako gelaren erabiltzaileak aldatu direla, ordenantza honetan zehaztu bezala.

c) Zarrakazteluko Udalari ez jakinaraztea horretarako ezarritako epean kuadrilletarako gelarako egokitutako lokalaren jabea aldatu dela, ordenantza honetan zehaztu bezala.

d) Baimendutako zarata maila gainditzea, 135/1989 Foru Dekretuak arau-hauste arintzat jotzen duenean.

e) Ordenantza honetan edo aplika daitezkeen legeetan xedatutako betebeharrak ez konplitzea, arau-hauste larritzat edo oso larritzat jotzen ez direnean.

21. artikulua. Zehapenak.

Alkateari dagokio zehapenak jartzea, izendatutako udal teknikariak txostena egin ondoan.

1. Arau-hauste oso larriei zehapen hau ezarriko zaie: 1.000 euro.

2. Arau-hauste larriei zehapen hau ezarriko zaie: 500 euro.

3. Arau-hauste arinei zehapen hau ezarriko zaie: 250 euro.

4. Zehapena pagatzeaz gain, 15 eguneko epean zuzendu beharko da zehapena ezartzea ekarri duen arrazoia. Teknikariak edo albienteak aztertuko du zuzenketa hori.

Arau-hauste oso larri bat zehatu ondoan, arau-haustean berrerortzen bada, behin betiko ezeztatzen ahalko da kuadrilletarako gela gisa higiezina erabiltzeko lizentzia.

22. artikulua. Zehapen espedientearen tramitazioa.

Zehapen espedientearen tramitazio administratiboak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. Tituluan xedatutako aginduei jarraituko die, bai eta titulu hori garatzeko erregelamenduan xedatukoei ere, hura Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuak onetsi baitzuen.

23. artikulua. Jakinarazpenak adingabeen legezko ordezkariei.

Zarrakazteluko Udalak kuadrilletarako gelen zehapen espedienteei dagokienez egiten dituen jarduketa guztiak, kuadrilletarako gela bakoitzeko ordezkariei ez ezik, kuadrilla edo taldea osatzen duten adingabeen legezko ordezkari guztiei ere jakinaraziko zaizkie zuzenean.

VI. TITULUA

Egokitzeko araubidea

24. artikulua. Ordenantza hau onestean dauden kuadrilletarako gelak egokitzeko araubidea.

1. Hemendik gutxira zerrenda bat prestatuko da Zarrakaztelun egun aisialdirako gela iraunkor gisa erabiltzen diren higiezin guztien identifikazioa biltzeko. Hala identifikatuak daude horretarako egin den azterketa eta ikuskapen baten ondorioz.

2. Zerrenda horretan kuadrilletarako gelak identifikatzeko oinarrizko datuak bilduko dira, besteak beste, titulartasuna, erabiltzaileen identifikazioa, higiezinaren kokalekua edo azalera, kuadrilletarako gelen erregistroa osatzeko oinarria izanen baitira datu horiek.

3. Zerrenda horretan bildutako aisialdirako gela guztiek, ordenantza honen 2. artikuluko definizioarekin bat egiten badute, araudi honetara egokitu beharko dute; hartara, kuadrilletarako gela erabiltzeko lizentzia eskatuko dute, betiere ordenantza honetan eskatzen diren betekizunak eta betebeharrak eta oinarrizko baldintza tekniko guztiak konplituta.

4. Zerrendan jasotako kuadrilletarako gelak egokitzeko epea 12 hilabetekoa izanen da, zerrenda hori argitaratzen denetik hasita.

VII. TITULUA

Datuen babesa

Kuadrilletarako gelen erregistro bat sortzeko eta lizentzia eskatzeko, Udalak datu pertsonalak bildu behar ditu. Datu pertsonal horiek fitxategi misto batean erregistratuko dira. Lizentzia emateko eta erregistroa mantentzeko erabiliko dira, ordenantza honen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat. Datu pertsonalak ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, eta konfidentzialtasun osoz tratatuko dira une oro. Tratatutako datu motari dagozkion segurtasun neurriak ezarri ditu Zarrakazteluko Udalak. Datuen titular diren erabiltzaileek datuak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien kontra jotzeko eskubideak gauzatzen ahalko dituzte, Udaleko bulegoetan idazki bat aurkeztuz, NANaren fotokopia erantsita.

Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 20. artikuluak ezartzen duenez, administrazio publikoen fitxategiak sortzeko nahitaezkoa da xedapen orokor bat, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratuko dena.

Sorrera egiteko xedapenak ondokoa zehaztu behar du: fitxategiaren helburua eta aurreikusitako erabilerak, datu pertsonalak zer jende multzorengandik erdietsi nahi diren edo zer jende multzo dagoen datu horiek ematera behartua, datu pertsonalak biltzeko prozedura, fitxategiaren oinarrizko egitura eta hartan sarturik dauden datu pertsonalen moten deskripzioa, datu pertsonalen lagapena eta, halakorik bada, hirugarrenendako aurreikusten diren datu eskualdaketak, fitxategiaren ardura duten administrazioen organoak, zer zerbitzu edo unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak, eta segurtasun neurriak, oinarrizko mailakoak, maila ertainekoak edo handikoak direla zehaztuta.

Aurrekari horiekin bat, Zarrakazteluko Udalak “Kuadrilletarako gelak” izeneko fitxategia sortzen du. Hona hemen haren ezaugarriak eta egitura:

Xede eta erabilera aurreikusiak: lizentzia kudeatzea eta erregistro bat mantentzea, hura arautzen duen ordenantzarekin bat.

Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunek berek emanen dituzte inprimakien bidez.

Ukitutako norbanakoak edo taldeak: kuadrillaren ordezkariak, horren kideak eta kuadrilletarako gelak diren lokalen jabeak.

Fitxategiaren oinarrizko egitura:

–Identifikazio datuak: izen-deiturak, posta arrunteko helbidea eta helbide elektronikoa, IFZ, telefonoa, sinadura.

–Ezaugarri pertsonalen gaineko datuak.

–Datu ekonomikoak, finantzarioak eta aseguruenak.

–Inguruabar sozialen datuak.

–Tratamendurako erabilitako sistema: mistoa.

Datuen komunikazioa: ez dago aurreikusia.

Organo arduraduna: Zarrakazteluko Udala.

Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Zarrakazteluko Udala.

Segurtasun maila: oinarrizkoa.

Ordenantza behin betiko argitaratu ondoren, fitxategia Datuak Babesteko Espainiako Agentziako erregistroan inskribatuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Zarrakazteluko Udalari dagokio ordenantza honen interpretazioa puntu guztietan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.–Kuadrilletarako gela erabiltzeko lizentzia emateak ekarriko du alderdi guztiek (jabeak eta erabiltzaileek) onartu behar dutela ordenantza honetan xedatua.

Bigarrena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Estatuko edo Nafarroako legeei jarraituko zaie, bai eta haiek garatzeko erregelamendu aplikagarriei ere.

Hirugarrena.–Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

I. ERANSKINA

Kuadrilletarako gelako kideen identifikazioa eta akreditazioa (kuadrilletarako gela adinez nagusiek soilik osatzen dutenean).

II. ERANSKINA

Kuadrilletarako gelako kideen identifikazioa eta akreditazioa (kuadrilletarako gela adingabeek soilik osatzen dutenean).

III. ERANSKINA

Kuadrilletarako gelako kideen identifikazioa eta akreditazioa (kuadrilletarako gela adingabeek eta adinez nagusiek osatzen dutenean).

IV. ERANSKINA

Kuadrilletarako gelako kideen identifikazioa.

V. ERANSKINA

Kuadrilletarako gelaren lokala erabiltzeko lagapenaren ziurtagiria eta Kuadrilletarako lokalak arautzen dituen ordenantzan eskatzen diren baldintzak beteko diren onespena.

Jaitsi beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: L1608092