156. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CABANILLAS

Ordenantza, Udalaren ondasunak hirugarrenei lagatzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Kontuan hartuta 2016ko maiatzaren 20ko bilkura arruntean hasiera batez onetsi zela Udalaren ondasunak hirugarrenei lagatzea arautzen duen ordenantza, eta 2016ko 107. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zela, ekainaren 3an.

Kontuan hartuta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikulua, non honako hau esaten den: “Hasierako onespena behin betikoa bilakatuko da, baldin eta erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez bada. Hala izanez gero, ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori eta behin betiko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira”. Alegaziorik izan ez denez gero, besterik gabe onesten da aipatu ordenantza, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko igortzen da.

Cabanillasen, 2016ko uztailaren 12an.–Alkatea, Jesús Santos Pérez.

CABANILLASKO UDALAREN JABETZAKO MAHAIAK, AULKIAK ETA GAINERAKO ALTZARIAK MAILEGUAN EMATEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Cabanillasko Udalak zenbait mahai, aulki eta banku ditu, bazkarietan eta herri honetan antolatzen diren beste ekitaldi herrikoi batzuetan erabiltzen direnak, bai eta jendaurreko emanaldietan ere.

Cabanillasko Udalak dituen mahai, aulki eta gainerako altzarien mailegua arautzea du xede ordenantza honek, une jakin batean beren ekitaldi pribatuetarako behar dituzten herriko biztanleek, elkarteek edo taldeek erabil ditzaten edo ondoko herrietako udalen eskaerak bete daitezen.

2. artikulua. Eskaera.

Cabanillasko Udalaren mahaien, aulkien, bankuen eta gainerako altzarien eskaera idatziz egin beharko da, eta udal bulegoetan aurkeztu. Eskaerak argi eta garbi adierazi beharko du zenbat aulki, mahai, banku edo bestelako altzari behar diren, eta zein egunetan eta ordutan erabiliko diren.

3. artikulua. Eskaeraren kudeaketa.

Alkatetzaren ebazpenaren bidez ebatziko da biztanleek, elkarteek, taldeek edo ondoko udalek egindako eskaera eta, hari uko eginez gero, ebazpenak arrazoitua izan beharko du, hura justifikatzeko arrazoiek egon behar baitute.

4. artikulua. Zergapeko egintza.

Tasaren zergapeko egintza da Udalaren altzariak maileguan hartzea (mahaiak, aulkiak, bankuak eta gainerako altzariak), ordenantza honetan ezarritako baldintza eta betebeharrekin bat.

5. artikulua. Subjektu pasiboa.

Eskaera egiten duten herritarrak daude beharturik tasa ordaintzera. Elkarteak edo taldeak salbuetsita daude, une jakin batean haien beharra izanez gero beren ekitaldi pribatuak zein publikoak egiteko; orobat, ondoko herrietako udalak, ekitaldi jakin batzuetarako eskatzen ahal baitituzte.

6. artikulua. Tasaren sorrarazpena.

Eskaera aurkezten denean sorraraziko da altzariak maileguan hartzeko tasaren tarifa; zenbateko hauek izanen ditu:

–Altzarien multzo batengatik: 10 euro. Multzotzat ondoko modalitateetako edozein hartuko da:

a) 2 banku, mahaia eta 2 aulki.

b) Mahai bat eta 10 aulki.

–Eskaera ez bada egiten multzoaren arabera, baizik eta altzari bakoitzeko, ondoko tasa ordainduko da:

–Mahai bakoitzeko: 5,00 euro.

–Aulki bakoitzeko: 0,50 euro.

–Banku bakoitzeko: 2,00 euro.

7. artikulua. Lagatzeko baldintzak.

Cabanillasko Udalari itzuli beharko zaizkio mahaiak, aulkiak, bankuak edo beste edozein altzari, haiek erabili eta ekitaldiak amaitutakoan, materiala laga zenean zegoen egoera berean. Izan ere, kalteren bat badago, maileguaren onuradunak bere gain hartu beharko du konponketaren kostua.

Mahaiak, aulkiak, bankuak eta beste altzariak behar bezala zainduko direla bermatzeko, 100 euroko fidantza gordailutu beharko da Cabanillasko Udalaren bulegoetan, eta hori itzuli eginen da, materiala egoera onean itzultzen denean.

Onuradunek udal biltegitik edo gordetzen diren tokitik hartu beharko dituzte mahaiak, aulkiak, bankuak eta gainerako altzariak, eta haietara itzuli, maileguaren aldia amaitu ondoren. Onuradunak nahi badu udal enplegatuak izan daitezela altzariak erabiliko diren tokira eraman eta bueltan ekarriko dituztenak, eta, betiere, zerbitzuaren beharrek bide ematen badute halakorik egiteko, eskaeran hala jakinarazi beharko du, gutxienez 7 egun lehenago; kasu horretan, 100 euro gehiago ordaindu beharko du, lekualdaketa tasaren kontzeptuagatik.

Eskaera bat baino gehiago badaude egun bererako, Cabanillasko elkarteek edo taldeek izanen dute lehentasuna Cabanillasko herritar partikularren eskaeren gainetik eta ondoko herrietako udalen eskaeren gainetik. Kasu horretan bakarrik (ondoko udalak) da zilegi altzariak udal mugapetik kanpo ateratzea.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1608513