156. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Aldaketa xehakatua Baztango Udal Planeko ordenantza orokorretako VI. kapituluko 35., 43. eta 49. artikuluetan. Behin betiko onespena

Baztango Udalak, 2016ko ekainaren 23an egin osoko bilkura arruntean, 6. puntuan, erabaki zuen behin betiko onestea Baztango Udal Planeko ordenantza orokorretako VI. kapituluko 35., 43. eta 49. artikuluetan aldaketa xehakatua egiteko espedientea.

Aditzera ematen da orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan, indarra duen legeriak agindutakoari jarraikiz.

Baztanen, 2016ko ekainaren 23an.–Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa.

ALDATURIKO ARTIKULUAK. HIRIGINTZAKO ARAUDIA

Artikuluen deskripzioa aldaketa egin ondoren

35. artikulua. Estalkiak.

1. Estalkiak teila arabiar edo antzekoekin eginen dira.

Zuntz-zementua, xafla, etab., debekatuta daude lurzoru urbanizaezinean biltegiratzeko erabiltzen diren eraikinetan eta nekazaritza eta abeltzaintzako erabileretarako eraikinetan izan ezik. Kasu horietan akabera gorrixkak, berdeak edo zuriak erabiliko dira.

(...)

43. artikulua. Ageriko materialak fatxadetan.

Bertako eraikinen berezko material tradizionalak erabiltzea gomendatzen da. Fabriken mota eta estalduren kalitatea, ehundura eta akabera eraikinaren kokalekuaren berezko konposizio irizpideen eta irizpide estetikoen arabera eginen dira.

Debekatuta dago hormigoizko blokez egindako akabera, eta guztiz edo zati batean alikatatutako fatxadak ere debekatuta daude.

Kanpoaldean akaberako material hauek erabiliko dira:

1. Zarpiatuak eta luzituak, zuriz pintatuak. Gainerako beste koloreetarako kontsultatu beharko da.

2. Harlangaitza.

3. Harlandua.

4. Eskualdeko harrizko plaka onartzen da elementu oso eta itxietan erabiltzeko, inoiz ez harriaren eraikuntzako zorroztasuna mimetizatzen

5. Urbanizazio berrietan eta lurzoru urbanizaezinean, ondokoa baimentzen da: zura eta oholak, hormigoizko bistako hormak, bistako adreilua (lur-koloreak izan ezik), panel aurrefabrikatuak han-hemenka dauden elementuetan eta akabera leun edo erdi-leunekin.

6. Orokorrean ez da onartuko usadiozko eraikuntza sistemen itxurak egitea pinturaz, plakez, etab.ez.

7. Biltegirako edo nekazaritzarako eta abeltzaintzarako diren eraikuntzetan, lurzoru urbanizaezinean, baimenduko da fatxadak metalezko xaflazkoak izatea, lauak edo tolestuak izan, baita lonazkoak ere, zuriz edo berdez.

49. artikulua. Biltegiak, tailerrak eta etxaldeak.

Orokorrean etxebizitza-erabilerarako agertzen diren determinazioak bete beharko dituzte, honako salbuespen hauekin.

–Oinplanoaren proportzioak:

Salbuespen gisa, azalera handiagoko oinplanoak onartzen ahalko dira, araudi partikularrean agertzen denaren arabera, eta egin nahi den erabilerak horretarako justifikazioa ematen badu. Justifikazio horretan bolumenaren dimentsioak nahiz fatxadaren proportzioa aipatuko dira, eta betiere 4/3 proportzioari eutsi beharko zaio luzera/zabaleran.

–Garaiera:

Altuera gutxienez 3,00 m izanen da eta gehienez 5,50 m, solairu bakarrean.

–Estalkiak:

Estalkia bi isurialdekoa edo lau isurialdekoa izanen da, gailurra luzerarik handieneko aldearen paraleloan egonik. Sabaitik argiztatzea onartuko da. Kasu horretan, ahal dela elementu bakar baten bidez eginen da eta eraikinaren konposizio simetria errespetatuko da.

Sekzio kurboko estalkiak baimentzen dira.

–Materialak:

Ordenantzen 43. artikuluan definituta daudenak erabiliko dira.

Arotz-lanak zurezkoak direnean ere, sarbideko ate nagusiak –orokorrean dimentsio handikoak– metalezkoak izan daitezela onartzen da, eta kolore berberari eutsiko zaio.

–Izkinak:

Ordenantzen 38. artikuluan agertzen diren determinazioak beteko dituzten izkinak erabiltzea gomendatzen da.

–Fatxaden konposizioa:

1. Erdiko gorputzean sarbidea dago. Fatxadaren lerroarekin alderatuta atzeraemanda egoten ahalko da. Erdiko gorputzaren gainean, estalkiraino geratzen den azaleran, argiztapenerako fatxada-atala jartzen ahalko da. Estalkiaren eta hormen arteko lotura, biek bat egiten duten lerroa nabarmenduko duen elementu baten bidez eginen da. Elementu hori eraikinean egiten diren sarbide-baoen nahitaezko muga izanen da, bai fatxada nagusian bai besteetan.

2. Alboetako fatxadetan eta atzekoetan, iripide berberak erabiliko dira.

3. Atzeko eta alboetako fatxadak itsuak izatea onartzen da.

–Estalpeak:

Nekazaritzako biltegietan, estalpeak baimenduko dira, metalezko barneko egitura kurboa dutela, bai eta inguratzaile berdea ere, lonazkoa edo antzeko materialekoa. Irekiak izan daitezke, bai fatxada nagusian bai atzekoan, baldin eta saralea biltzeko erabiltzen bada. Gainerako kasuetan, estalpea itxita egonen da, bai aurreko partean bai atzekoan.

–Estalkien eta fatxaden aireztapena:

Aireztapenak baimentzen dira teilatu-hegaletan eta alboetan.

Iragarkiaren kodea: L1608400