156. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

223E/2016 EBAZPENA, uztailaren 22koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Beteluko udal mugapean brontze galdaketarako instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzen duena. Instalazioaren titularra Wisco Española SA da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 30eko 872/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 11ko 257E/2014 Ebazpenaren bidez aldatua.

2016ko martxoaren 8an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, bi hozte-dorre jartzeko. Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuak 2016ko martxoaren 14an emandako irizpenaren arabera, aldaketa ez da funtsezkoa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, horregatik, ez da beharrezkoa Ingurumen baimen integratu berria ematea; aldaketa nabarmena da ordea, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan, eta, horregatik, aldaketak Ingurumen baimen integratuan jaso eta hura aldatu beharra dago.

2016ko apirilaren 15ean, titularrak Ingurumen baimen integratua aldatzeko eskaera egin zuen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hau da, piezen zeharkako hozte prozesua hobeki kontrolatzeko eta hozteko uraren kontsumoa gutxitzeko bi hozte-dorre jartzeko.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan titularrari entzutea emateko tramitea bete da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta zerbitzuetako zuzendariei eskumenak eskuordetzeko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak irailaren 22an emandako 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Beteluko udal mugapean brontze galdaketako instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzea, bi hozte-dorre jartzeko proiektua gauzatzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Wisco Española SA da.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Hirugarrena.–Titularrak proiektua burutu dela adierazten duen erantzukizuneko aitorpena aurkezten duen egunean edo, edozein kasutan, aldaketa abian jartzen den egunean hasiko dira aplikatzen Ingurumen baimen integratuaren aldaketa honetan ezarritako baldintzak. Bitartean, indarrean dagoen Ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Wisco Española SAri, Beteluko Udalari eta Kantauri aldeko Ur Konfederazioari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko uztailaren 22an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1608895