156. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

799/2016 EBAZPENA, abuztuaren 2koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, NNPEK-Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluari, Nafarroako Foru Komunitatean ekoizpen ekologikoaren kontrol-agintaritza den aldetik, 2016-2020 aldian eman beharreko laguntzaren oinarri arautzaileak onesten dituena.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50. artikuluaren arabera, Nafarroak, besteak beste, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren inguruko gaietan du eskumen esklusiboa, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera.

Orobat, 13/1982 Lege Organikoaren 56. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak ardura nagusia du nekazaritzako, abeltzaintzako, elikadurako eta landa garapeneko politiketan Nafarroan, bai eta Espainiako eta Europar Batasuneko politiken aplikazioan Foru Komunitatean ere.

2092/91 (EEE) Erregelamendua indargabetu eta produktu ekologikoak ekoizteari eta etiketatzeari buruzko Kontseiluaren ekainaren 28ko (EE) 834/2007 Erregelamenduak 2009ko urtarrilaren 1ean hartu zuen indarra, eta ekoizpen ekologikoaren sistema arautzen duen esparru juridikoa ezartzen du; xedetzat du lehia leiala eta produktu ekologikoen merkatuaren funtzionamendu egokia bermatzea, eta kontsumitzaileek ekologikotzat etiketatutako produktuetan duten konfiantza mantendu eta justifikatzea.

Erregelamenduaren 27. artikuluaren arabera, Europar Batasuneko estatuek kontrol araubide bat sortuko dute, eta, 882/2004 (EE) Erregelamenduarekin bat, agintaritza eskudun bat edo batzuk izendatuko dituzte, kontrolak erregelamendu honetan ezarritako betebeharren arabera egiteko ardura izanen dutenak. Beraz, agintaritza eskudun horrek honako hauek egin ditzake:

a) Kontrolatzeko ahalmena beste kontrol-agintaritza bati edo batzuei ematea; azken hauek objektibotasun eta inpartzialtasunaren berme egokiak eskaini beharko dituzte, eta eginkizun horietarako behar diren langile kualifikatuak eta baliabideak izan.

b) Kontrol eginkizunak kontrol-erakunde bati edo batzuei eskuordetzea.

Abenduaren 20ko 617/1999 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ekoizpen ekologikoaren eta nekazaritzako produktu eta elikagaietan horren adierazgarria jartzearen gaineko erregelamendua onetsi zuen. Bere 5. artikuluaren arabera, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilua (NNPEK) izanen da kontrol-agintaritza bakarra Nafarroako Foru Komunitatean.

15. artikuluaren arabera, Kontseiluak finantzabide hauek izanen ditu: beren enpresarako kontrol araubidea onartu duten operadoreek emandako diru kopuruak; jasotako diru-laguntza, legatu eta dohaintzak; ordaintzat jasotzen diren diru kopuruak; bere ondarea osatzen duten ondasunak eta ondare horren emaitza edo errentak; eta beste edozein titulurengatik dagozkion guztiak.

Bestetik, estatuen laguntzei buruz Europar Batasunak duen politikaren helburua da lehia askea bermatzea, baliabideak eraginkortasunez banatzea eta Europako merkatuaren batasuna sendotzea, aldi berean nazioarteko konpromisoak errespetatuz. Nekazaritza sektorean, estatuen laguntza horiek hiru printzipio ezberdin dituzte:

Lehiaren politikaren printzipio orokorrekin bat egiten dute.

Europar Batasunak nekazaritzaren eta landa garapenaren arloan dituen politika bateratuekin koherentzia mantendu behar dute.

Batasunaren nazioarteko konpromisoekin bateragarriak izan behar dira, bereziki Munduko Merkataritza Antolakundearen nekazaritza arloko akordioa.

Nekazaritza sektorean printzipio hauek aplikatzeko tresna juridiko bat da Europar Batasunaren zuzentarau hauek: Nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014-2020 aldian aplikatu beharreko zuzentarauak.

Zuzentarau horietan, Batzordeak baldintzak eta irizpideak adierazten ditu nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako laguntzak barne merkatuarekin bateragarritzat jotzeko. Laguntzen araubideei eta banakako laguntzei aplikatuko zaizkie.

Zuzentarauetan biltzen diren laguntza moten artean, “Nekazaritzako produktuen ekoizleek kalitate araubideetan parte hartzeko laguntzak” daude (1.1.9 atalean). Kalitate araubideei lotutako laguntza horietan, diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dira “derrigorrezko kontrol neurriena, kalitate araubideei lotuak, agintaritza eskudunek edo haien izenean eta Europar Batasunaren edo estatuaren araudiarekin bat hartuak”. Kalitate araubide horietako bat da Produktu ekologikoak ekoizteari eta etiketatzeari buruzko 834/2007 Erregelamenduan ezarritakoa.

1.1.9 atalaren 284. puntuaren arabera, onuradunei ezin zaie ordainketa zuzenik egin laguntza emateko, kontrol neurriaren erakunde arduradunari egin behar zaiolako.

Nafarroako Foru Komunitatean, ekoizpen ekologikoaren arloan, NNPEK kontrol-agintaritza bakarra denez, eta, 834/2007 (EE) Erregelamenduaren arabera, 882/2004 (EE) Erregelamenduaren araberako kontrol araubide bat ezarri behar denez, laguntza bat ezarri behar da Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako ekoizleek produktu ekologikoen kalitate araubidean parte har dezaten.

Horregatik, Nafarroako Gobernuaren gastuen aurrekontu orokorretan kontu-sail izendun bat dago NNPEKren kontrol ofiziala partez finantzatzeko, bere xedeak betetzeko autonomia duen entitate publiko bat baita, nortasun juridiko propioarekin eta xedeak garatzeko gaitasun osoarekin. Izen ere, edonolako kudeaketa eta xedapen egintzak gauzatu ditzake.

NNPEKrako laguntza honek Nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014-2020 aldian aplikatu beharreko zuzentarauetan xedatutakoari jarraitzen dio (2014/C/204/01). Beraz, laguntzaren berri eman zaio Europako Batzordeari, merkatu bateratuarekin bateragarria dela aitor dezan.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. NNPEK-Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluari, Nafarroako Foru Komunitatean ekoizpen ekologikoaren kontrol-agintaritza den aldetik, 2016-2020 aldian eman beharreko laguntzaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jasotzen dira.

2. Gardentasunari buruzko betebeharraren gaineko aitorpenerako eredua, ebazpen honen II. eranskinean jasoa, onestea.

3. 75.000 euroko gastua baimentzea 2016rako, 2016ko gastuen aurrekontuko “Ekoizpen Ekologikoa Arautzeko Kontseilurako diru-laguntza. Kontrola eta ziurtapena” izeneko 720003-71620-4459-413104 kontu-sailaren kargura. 5. oinarrian aurreikusitako intentsitatea benetan egindako kostuen %100 izanen da 2016. urterako.

4. Diru-laguntza eman ahal izateko, Europako Batzordeak aitortu behar du bateragarria dela Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuarekin.

5. Ebazpena NNPEK-Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen hau Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (BDNS) erregistratzea.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, jakinarazpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko abuztuaren 2an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

NNPEK-Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluari, Nafarroako Foru Komunitatean ekoizpen ekologikoaren kontrol-agintaritza den aldetik, 2016-2020 aldian eman beharreko laguntzaren oinarri arautzaileak

Lehenengo oinarria.–Xedea eta justifikazioa.

Oinarri arautzaile hauen xedea Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluari ematen ahal zaion laguntza finantzarioaren esparrua definitzea da, 2092/91 (EEE) Erregelamendua indargabetu eta produktu ekologikoak ekoizteari eta etiketatzeari buruzko Kontseiluaren ekainaren 28ko 834/2007 (EE) Erregelamenduan ezarritako derrigorrezko kontrol neurriak egiteagatik, ekoizpen ekologikoaren operadoreek bere ekarpena egin dezaten, zentzuzko kuota baten bidez, kalitate araubide honek ezarritako kontrol neurriei lotutako derrigorrezko kontrolaren gastuengatik.

Bigarren oinarria.–Laguntzaren helburua.

1. Laguntza honen helburua Nafarroako nekazaritzako ekoizleen eta haien elkarteen parte-hartzea sustatzea da ekoizpen ekologikoaren sisteman, eta derrigorrezko kontrol ofizialaren jardueren kostua finantzatuko du partez, ekoizpen ekologikoaren kalitate araubideari lotua. Europar Batasunaren araudiarekin bat egiten dira jarduera horiek.

2. Nafarroako nekazaritzako ekoizle ekologikoentzako laguntza honek Nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014-2020 aldian aplikatu beharreko zuzentarauetan xedatutakoari jarraitzen dio (2014/C 204/01).

Hirugarren oinarria.–Onuradunak eta kontrol neurrien erakunde arduraduna.

1. Laguntza honen azken onuradunak Nafarroako ETEak eta Nafarroako nekazaritzako ekoizle ekologikoak izanen dira. Zeharka jasoko dute laguntza, gauzatan, diruz lagundutako kontrol zerbitzu baten bidez. Baldintza hauek bete behar dituzte:

a) ETEa izatea, Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

b) Krisi egoeran ez egotea, Nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014-2020 aldian aplikatu beharreko zuzentarauen 35.15 puntuan ezarritako definizioaren arabera (2014/C 204/01).

c) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu bateratuarekin bateraezintzat jo ondoren.

2. Nafarroako nekazaritzako ekoizle ekologikoek ezin dute ordainketa zuzenik jaso derrigorrezko kontrol neurriak egiteagatik, kalitate araubide honek ezarritako kontrol neurriei lotuta. Europar Batasunaren araudiarekin bat egiten dira jarduera horiek.

3. NNPEKri ordaindu behar zaio laguntza, zuzentarauen 280.b) puntuan aipatzen diren kontrol neurrien erakunde arduraduna den aldetik.

Laugarren oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014-2020 aldian aplikatu beharreko zuzentarauei jarraikiz, diru-laguntza jaso dezakete derrigorrezko kontrol neurrien kostuek, 834/2007 (EE) Erregelamenduan ezarritako kalitate araubideari lotuak. NNPEK-k egin behar ditu neurri horiek, Nafarroako Foru Komunitateko agintaritza eskudunaren izenean.

2. Ez da laguntzarik emanen operadoreek egindako kontrolen kostuak konpentsatzeko, ezta ere Europar Batasunaren araudiaren arabera kontrolaren kostuak nekazaritzako produktuen ekoizleek eta haien elkarteek pagatu behar dituztenean, gastuen benetako zenbatekoa zehaztu gabe.

3. Ekoizleek nekazaritzako ekoizpen ekologikoaren araubidean inskribatzeagatik dituzten kostuak ez dira finantzatuko, ez eta araubide orretan parte hartzeagatik dituzten urteko kuotak ere.

Finantzaketa bikoitza saihesteko, laguntzen araubide honek estalitako kostuak ezin dira kontuan hartu Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren 11. neurrian aurreikusitako laguntza kalkulatzeko.

4. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) ezin da diruz lagundu, salbu eta ezin bada berreskuratu dagozkion legeekin bat.

5. Agintaritza eskudunaren aurrean eskaera aurkeztu baino lehen operadoreei egiten zaizkien ziurtapen eta kontrol neurriek ezin dute laguntzarik jaso.

Bosgarren oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Aurrekontu ekitaldi bakoitzean urte horretako diru-laguntzari dagokion gastua baimenduko da, eta kontrol neurrietarako laguntzaren intentsitate portzentajea ezarriko da. Benetan egindako kostuen %100 izan daiteke portzentaje hori.

2. Gehieneko laguntza 250.000 eurokoa izanen da urtean, eta, nolanahi ere, ematen den diru-laguntzak ezin du zenbateko hau gainditu: NNPEK-k egindako kontrol ofizialeko jardueren urteko kontrolen kostua ken ekoizleek kontrol gastuengatik pagatzen dituzten kuotak.

3. Laguntza emateko, ez zaie ordainketa zuzenik eginen ekoizpen ekologikoaren ekoizleei; Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluari pagatuko zaio, kontrol neurriaren arduraduna eta zerbitzua ematen duen entitatea den aldetik.

Seigarren oinarria.–Diru-laguntzaren eskaera.

Laguntza eskatzeko, NNPEK-k eskabidea aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, dagokion aurrekontu ekitaldiko urtarrilaren 1etik aurrera. Atal hauek izan behar ditu eskabideak:

–Kontrol eta ziurtapen gastuen aurreikuspena, gastuaren izaeraren arabera xehakatuak, eta hurrengo ekitaldiko diru-sarreren aurreikuspena, izaeraren eta helburuaren arabera identifikatuak.

–Laguntzaren xedeko ekintzak osorik edo partez finantzatzeko edozein administraziori zein erakunde publikori edo pribaturi eskatutako edo harengandik jasotako edozein laguntza aitortzea.

–Erantzukizuneko aitorpena, laguntzaren xedeko gastuen artean ebazpen honen 3.1 oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten operadoreenak ez daudela dioena.

–Baimena, Administrazioak zerga arloko betebeharren egoera eta Gizarte Segurantzarekikoena egiazta ditzan.

Zazpigarren oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Dagokion diru-laguntza bi zatitan ordain daiteke, honela:

Ekainaren 30etik aurrera, lehenbiziko ordainketa eskatzen ahalko da, ordaintzeko eskaera aurkezten den egunera arte egindako gastu lagungarriengatik. Ordaintzen ahal den gehieneko zenbatekoa emandako laguntzaren %50 da.

Bigarren ordainketa, diru-laguntzaren gainerakoa, urte bakoitzeko abenduaren 1etik aurrera, ordura arte guztira egindako eta aurreko ordainketan ez lagundutako kontrol eta ziurtapen jarduerari zuzenean esleitutako gastuak aurkeztu ondoren.

2. Diru-laguntza pagatzeko eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Memoria teknikoa, entitateak egindako kontrol eta ziurtapen jarduketak eta entitateko langileek egindako lanak azaltzen dituena.

b) Itxitako azken ekitaldiko egoera-balantzea eta galdu-irabazien kontua.

c) Ordura arte guztira egindako kontrol eta ziurtapen jarduerari zuzenean esleitutako langileen gastuen frogagiriak, bai eta kontrol eta ziurtapenerako beharrezkoak diren gainerako gastuenak ere.

d) Diruz lagun daitezkeen gastuei dagozkien ordainketen frogagiriak.

Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak agiri guztiak ikuskatuko ditu eta onetsiko ditu aurkezturiko gastuak, frogagirien balioa eta beste agirien askitasuna.

Nolanahi ere, frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, NNPEKn aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko, eta Administrazioaren datu-baseak kontsultatzen ahalko ditu Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuta dituela egiaztatzeko.

Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak behar diren kontrolak eginen ditu gastuak onargarriak direla egiaztatzeko.

Zortzigarren oinarria.–NNPEKren betebeharrak.

1. Oro har, NNPEK-k Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

2. NNPEK-k kontrolaren kuota murriztuko die hori eskatzen duten ekoizpen ekologikoaren operadore guztiei, betiere Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren erregistroetan inskribaturik badaude.

3. Gutxienez ere 10 urtez gordetzea laguntza honi dagozkion agiri guztiak.

Bederatzigarren oinarria.–Onuradunaren gardentasunerako betebeharra.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateetako bat denez, NNPEK-k Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko ditu, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen baditu eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoak 20.000 euro gainditzea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze kasuetan, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarren oinarria.–Garapena eta jarraipena.

Laguntzaren kontrolaren eta jarraipenaren ondorioetarako, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak bidezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatzen ahalko dio NNPEKri, laguntzaren xedeko jarduerei eta ekintzei dagokienez, entitateak eskatutako baldintzak ezarritako epeetan betetzen dituela egiaztatzeko eta dagozkien egiaztapenak egiteko.

Hamaikagarren oinarria.–Publiko egitea eta informazioa.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak konpromisoa hartzen du laguntzen araubidearen testu osoa eta hori aplikatzeko xedapenena argitaratzeko, edo norbanako laguntzen oinarri juridikoa, edo horren esteka bat internet globaleko gune batean, Nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014-2020 aldian aplikatu beharreko zuzentarauen I. zatiko 3.7 puntuaren 128. puntuarekin bat (2014/C 204/01).

Laguntza emateko erabakia hartu ondoren argitaratuko da informazio hori. Gutxienez 10 urtez gordeko da informazioa, eta murrizketarik gabe jendearen eskura egonen da.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak konpromisoa hartzen du txostenak eta berrikuspenak egiteko, Nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014-2020 aldian aplikatu beharreko zuzentarauen III. zatiko 2. kapituluan ezarritakoarekin bat.

Hamabigarren oinarria.–Murriztapenak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. NNPEK-k diru-laguntza emateko baldintza eta konpromisoak betetzen ez baditu, diru-laguntzak oso-osorik itzuli beharko ditu, bai eta dagozkion berandutze-interesak ere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

2. Arau-hausteen eta zehapenen araubide aplikagarria azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa izanen da, eta arau-hauste eta zehapenetarako zehapen prozedurak Nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloetako zehapenak paratzeko administrazio prozedura onesten duen abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuari jarraituko dio.

II. ERANSKINA

Gardentasunari buruzko betebeharraren gaineko aitorpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1609288