156. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

262/2016 FORU AGINDUA, uztailaren 19koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako zerri-aziendako ustiategien gehieneko tamaina arautzen duena.

Zerri-aziendako ustiategien antolamenduko oinarrizko arauak ezartzen dituen martxoaren 3ko 324/2000 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren b) idatz-zatiko 5. puntuak hasiera batean ezartzen zuen zerri-aziendako ustiategiek gehienez ere 864 UzLu izaten ahal zituztela.

Ondoren, indarrean dagoen abenduaren 29ko 3483/2000 Errege Dekretuak aipatutako martxoaren 3ko 324/2000 Errege Dekretua aldatu zuen. Sartutako aldaketek zerri-aziendako ustiategien gehieneko edukierari eragiten diote, besteak beste, gehienez ere 720 UzLu-ko mugara murrizten baita. Bestaldetik, autonomia erkidegoak gaitzen ditu, beren organo eskudunaren bidez ustiategien edukiera %20 arte handitu ahal izateko. Beraz, aukera hori gauzatzen bada, 864 UzLU-ko gehieneko edukiera berriro baimentzen da.

Zerri-aziendaren ekoizpen sistemetan oso bilakaera handia izan da azken urteotan eta horrek behartzen du abeltzaintzako ustiategien orientazio berria kontuan hartzera. Helburua da planteatutako erronka berriei eraginkortasunez erantzun ahal izatea, eta, aldi berean, abeltzaintzako jarduera bideragarri izaten jarraitzea bermatzea. Biosegurtasuneko, ingurumeneko edo abereen ongizateko neurriak garrantzitsuak dira, baita ustiategietako instalazioen neurriak eta horien ekoizpenerako ahalmena ere. Edukiera murriztua izateagatik, ustiategi bat ekonomikoki bideragarria ez bada, hori ixtera bulkatua egongo litzateke, salbu eta baimendutako gehieneko edukiera handitzeko bidea ematen bada, horrela ekoizpenerako ahalmena handituz.

Kontuan hartuta gaur egungo egoera ekonomikoa eta Nafarroako zerrien sektoreak dituen berezitasunak eta behar bereziak abeltzaintzako jarduera garatzeko, beste autonomia erkidego batzuetako ustiategiekin lehiatzen baita, beharrezkoa da gehieneko tamaina malgutzea, Nafarroako arauak beste lurralde batzuetakoak baino murriztaileagoak izan ez daitezen.

Abereak biltzeko gehieneko edukiera handitzea beti errespetu zorrotzenean eta aplikatzekoak diren sektoreko arauekin lotutako parametroak betez egin behar da, beti ahalik eta gutxien izan daitezen arriskuak eta honako arlo hauetan gertatzen ahal diren ukipenak: ingurumena, osasuna, abereen ongizatea, landa-ingurunearen eta populazioaren babesa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Zerri-aziendako ustiategietan baimendutako gehieneko edukierak.

Zerri-aziendako ustiategien antolamenduko oinarrizko arauak ezartzen dituen martxoaren 3ko 324/2000 Errege Dekretua aldatzen duen abenduaren 29ko 3483/2000 Errege Dekretuaren artikulu bakarraren 1. puntuko b) idatz-zatiari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean aplikatu beharreko gehieneko tamaina zerri-aziendako ustiategi berrietarako edo daudenak handitzeko 864 AzLu-koa izanen da, sailkapen zootekniko guztietarako.

Xedapen iragankor bakarra.–Baimenaren zain dauden ustiategiak.

Tramitatzen ari diren espedienteek, oraindik behin betiko ingurumen baimena jaso ez dutenek, arau honetan ezarritako gehieneko tamaina berriak izateko eskubidea izanen dute.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko uztailaren 19an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1608932