156. ALDIZKARIA - 2016ko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

52/2016 FORU DEKRETUA, uztailaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsua arautzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoarentzat, administrazio publikoen eta gizarte eragileen, emakume elkarteen eta beste entitate pribatu batzuen arteko lankidetza tresnak sustatzea da irizpide orokorretako bat botere publikoen jarduketarako.

Ildo beretik, Nafarroako Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuna Sustatzeko azaroaren 28ko 33/2002 Foru Legeak ezartzen du zer neurri hartu behar dituen Nafarroako Gobernuak aukera berdintasunaren arloan proposatutako sentsibilizazio helburuak lortzeko; besteak beste, genero berdintasunaren aldeko elkartegintza sustatzea. Parte-hartze sozial eta politikoaren arloan, Nafarroako Gobernuak helburu gisa planteatzen du emakumeen parte-hartzea sustatu eta handitzea bizitza sozialean eta politikoan eta, horretarako, emakumeen elkartegintza sustatzen duten kanpainak bultzatzeko agintzen du.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, bere estatutuak onesten dituen irailaren 30eko 240/2015 Foru Dekretuarekin bat, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea du helburu Nafarroako bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialaren esparru guztietan.

Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen elkarteen mugimendua sendotuta dagoen mugimendua da, nahiz etengabeko bilakaeran dagoen, eta emakume nafar guztien ordezkaritzat jo daiteke, bai eta haien hainbat jarduketa eremurena ere. Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren bidez zuzenean du elkarrizketa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I. Planak (2006-2010), beste plan bat onetsi arte indarrean dagoenak, 8. eremuan, Pekingo 1995eko Adierazpenaren 13. epigrafean adierazitakoa bere eginez, esaten du “emakumeen ahalduntzea eta haien erabateko parte-hartzea berdintasun baldintzetan gizartearen arlo guztietan, erabakiak hartzeko eta boterea eskuratzeko prozesuetan parte hartzea barne, funtsezkoak direla berdintasuna lortzeko”.

Ildo berean, Planaren 8.4 helburua beteko bada, hau da, “emakumeen parte hartzea bultzatu eta sustatzea Nafarroako elkarteen sarean”, hainbat lan lerro garatu dira emakume elkarteekin, hala nola, haiei aholkua, prestakuntza eta laguntza ekonomikoa ematea eta elkarlana Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren arauzko erregulazioan, bertan ordezkatuta baitaude.

Maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretuak, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionatzeko araubidea erregulatzen dituenak, ezartzen duenez, emakume elkarteen zentsuan inskribatuta dauden elkarteen bidez hautatuko dira emakume elkarteak ordezkatzen dituzten Berdintasunerako Kontseiluaren kideak.

Aurreikuspen hori betetzearren, beharrezkotzat jotzen da foru dekretu hau onestea, zeinak beste erregulazio bat ezartzen duen, martxoaren 4ko 127/1996 Foru Dekretuak aurreikusten duena baino osoagoa eta eguneratuagoa, hartan Nafarroako emakume elkarteen gaur egun arteko zentsuaren arau erregulatzaileak ezartzen baitira.

Orobat, emakume elkarteen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren arteko harremanak hobetzeko tresna da zentsua, lankidetza bultzatze, elkarteek egiten duten lana errazte eta emakumeen parte-hartze soziala akuilatze aldera.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko uztailaren 27an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea eta helburua.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsua arautzea du xede foru dekretu honek, genero berdintasunaren arloan eskumena duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari atxikitako organoa baita.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta emakumeen elkarte mugimenduaren arteko ezagutza, informazioa eta lankidetza bultzatzea du helburu Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsuak, honako hauek jomuga dituela:

a) Emakumeen elkartegintza bultzatu eta sustatzea Nafarroan.

b) Emakume elkarteak ordezkatzen dituzten Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko kideak aukeratzen parte hartzea.

c) Emakumeen parte-hartze soziala bultzatzea elkarteen bidez; bereziki, erabakiak hartzeko eta estamentu guztietan sartzeko prozesuetan.

d) Sostengu izatea, elkarteak berak kudeatzeko.

2. artikulua. Definizioa.

Foru dekretu honen ondorioetarako, bazkideen artean %80 baino gehiago emakumeak dituzten elkarteak eta elkarteen federazioak dira emakume elkarteak.

3. artikulua. Inskribatzeko beharkizunak.

1. Indarra duen legeriaren arabera eratuta egon eta dagokien elkarte erregistroan inskribatuta dauden elkarteak, elkarteen federazioak eta ordezkaritzak inskribatzen ahalko dira Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsuan, baldin eta aurreko artikuluan xedatutakoaz gain, beharkizun hauek betetzen badituzte:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzea xede izatea, eta bizitza sozial, ekonomiko, kultural edo politikoaren edozein eremutan emakumeen sustapena eta defentsa bilatzen dituzten guztiak.

b) Emakume batek bete beharko du, nahitaez, Zuzendaritza Batzordeko buruaren kargua edo elkartea ordezkatzen duen organo baliokideko kargua.

c) Nafarroako Foru Komunitatean jardutea.

2. Orobat, dagokien elkarte erregistroan inskribatuta dauden elkarte edo federazioetako emakume atalak inskribatzen ahalko dira zentsuan, baldin eta, gutxienez ere, aurreko a) eta c) idatz-zatietan adierazitako beharkizunak betetzen badituzte. Gainera, atal horiek:

a) Emakumeek bakarrik osatuta egon beharko dute.

b) Autonomia izan beharko dute jarduerak eta programazioa garatzeko.

4. artikulua. Inskripzio eskaera.

1. Dagokien elkarte erregistroan inskribatuta dauden entitate interesdunek eskatuta inskribatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsuan, genero berdintasunaren arloan eskumena duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoaren web-orrian eskura egonen den eskaera eredua baliatuta.

2. Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da inskripzio eskaera, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea erregulatzen duen arauan aurreikusitako toki edo baliabideetako edozeinetan, elkartea ordezkatzen duen pertsonak eskabidea sinatuta; genero berdintasunaren arloan eskumena duen organoari zuzendu beharko zaio eta dokumentazio hau izanen du erantsita:

a) Erantzukizuneko aitorpena, Elkarteen Erregistroan jasota dauden datuak zentsuan inskribatzeko eskatzen den unean eguneratuta daudela dioena.

b) Elkarteko organo eskudunak egindako ziurtagiria, elkarteko tarifak ordainduta dituzten bazkideen kopurua egiaztatzen duena.

c) Entitate eskatzaileak aurreko urtean egin dituen jardueren deskribapena eta eskaera aurkezten den urterako jarduera programa.

d) Emakumeen atalen kasuan, elkarteko organo eskudunaren ziurtagiria, atalaren osaera eta jarduerak eta programazioa garatzeko autonomia egiaztatzen dituena.

3. Aurreko idatz-zatian adierazitako dokumentazioa kopia soila izaten ahalko da, eta genero berdintasunaren arloan eskumena duen organoak bere du aukera jatorrizko dokumentuak eskatzeko nahiz kopia konpultsatua, notario edo administrazio bidez.

4. Ez da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esku dagoen dokumentazioa aurkeztu beharko, baldin eta aldaketarik izan ez badu. Kasu horretan, hura aurkeztu beharrean, dokumentuari dagokion espedientearen identifikazioa aurkezten ahalko da, eta genero berdintasunaren arloan eskumena duen organoak ere berdin-berdin egin ahalko die eskaera elkarte interesdunei helburu horrekin.

5. Inskripzio eskaerak ez baditu ezarritako beharkizunak jasotzen edo adierazitako dokumentazioa erantsita ez badu, eskaera eginen zaio delako elkarteari hamar egun balioduneko epean akatsa zuzen dezala edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio, hori egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

6. Zentsuko organo kudeatzaileak elkartearen dokumentazioaren kopia eskatzen ahalko dio Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroko pertsona titularrari, baldin eta beharrezkoa badu bere eginkizunak betetzeko.

5. artikulua. Inskripzioaren ebazpena.

1. Aurkeztutako dokumentazioa azterturik, genero berdintasunaren arloan ebazteko eskumena duen organoak arrazoien gainean onetsi edo ukatuko du inskripzioa ebazpen baten bidez, eta hori elkarte interesdunari jakinaraziko zaio.

2. Hilabetekoa izanen da ebazpena emateko eta jakinarazteko epea, eskaera aurkezten den egunetik. Ebazpena jakinarazi gabe epea iraganik, inskripzio eskaera baietsitzat joko da administrazio isiltasunaren bidez.

3. Inskripzioa ukatzen duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea erregulatzen duen arauan aurreikusitakoari jarraituz.

6. artikulua. Inskripzioaren ondorioak.

Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsuan inskribatutako elkarteek onura hauek izaten ahalko dituzte inskripzio egunetik aurrera:

a) Emakume elkarteak ordezkatzen dituzten Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko kideak aukeratzen parte hartzea, araudi erregulatzailean ezarritakoari jarraituz.

b) Nafarroako Gobernuak emakume elkarteei buruz editatzen dituen argitalpen edo gidetan agertzea elkarteen zentsuan inskribatutako entitate gisa.

c) Bazkideen lehentasuna Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatzen dituen prestakuntza programetan, topaketetan, jardunaldietan eta beste ekitaldi batzuetan parte hartzeko.

d) Jakinaren gainean egotea, genero berdintasunaren arloan eskumena duen organoak eman dezakeen informazio interesgarriari buruz.

e) Ezar daitekeen beste edozein.

7. artikulua. Inskripzioaren ondoriozko betebeharrak.

Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsuan inskribatutako elkarteek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Elkarteen Erregistroan jasota egon behar duten datuak eguneratuta izatea.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsuan inskribatzeko aurkeztu behar diren datuak eguneratuta izatea, urteko memoria izan ezik.

c) Entitatea ordezkatzen duenak sinatutako idazki baten bidez emanen du edozein aldaketaren berri, bere garaian, Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsuan inskribatzeko eskatzean, aurkeztutako datuei buruz.

d) Adierazten zaien epean, eskatzen zaien informazioa ematea, entitatearen datuak eguneratuta egon daitezen; orobat, erakunde horren egiaztatze eta kontrol jarduketak onartzea.

e) Jardueren urteko memoria eskatuz gero, hura erabakitako epean aurkeztea.

8. artikulua. Aldi baterako etenaldia eta behin betiko baja.

1. Hurrengo arrazoietako bat gertatzen denean izanen da aldi baterako etenaldia Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsuan:

a) Foru dekretu honetan aurreikusitako betebeharrak ez betetzea. Kasu horretan, 6 hilabeterako etenaldia izanen da, eta entitateak epe horretan bete beharko ditu bere betebeharrak.

b) Eskatzen zaizkion datuak faltsutu edo ezkutatzea, ordenamendu juridikoan ezarritako erantzukizunak ezertan ukitu gabe. Kasu horretan, etenaldia urtebetekoa izanen da haren ebazpenaren egunetik aurrera.

Genero berdintasunaren arloan eskumena duen organoaren ebazpen baten bidez erabakiko da zentsuko aldi baterako etenaldia: zuzenean, a) kasuan, eta elkarte interesdunari entzutea eman ondoren, b) idatz-zatian. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

2. Hurrengo arrazoietako bat gertatzen denean emanen da behin betiko baja Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsuan:

a) Elkarteen Erregistroan baja hartzeagatik, bai elkartea desegin delako, bai beste edozein arrazoirengatik.

b) Elkartearen borondateagatik, haren ordezkaritza duenak idatzita adierazirik.

c) Entitatearen jarduera-ezagatik bi urtez segidan.

d) Entitateak betebehar bat ez betetzeagatik 8.1 artikuluko a) idatz-zatiaren araberako etenaldian dagoela, hura sei hilabeteko epean ez zuzentzeagatik.

e) Eskatzen zaizkion datuak berriro faltsutu edo ezkutatzeagatik, entitatea lehenago etenaldian egon denean arrazoi horregatik, 8.1 artikuluko b) idatz-zatiaren arabera.

Genero berdintasunaren arloan eskumena duen organoaren ebazpen baten bidez erabakiko da zentsuko behin betiko baja: zuzenean, a), b) eta c) kasuetan, eta elkarte interesdunari entzutea eman ondoren, d) eta e) idatz-zatietan. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsuko etenaldiaren zein bajaren berri emanen zaio Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluari.

Xedapen gehigarria.–Zentsuan jasotako datuen publikotasuna.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsuan inskribatuta ageri diren datuak publikoak izanen dira. Haren edukiaren gaineko ziurtagirien bidez adieraziko da publikotasuna.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritakotik kanpo geratuko dira pertsonen intimitateari eragiten dioten datuak, bai eta datu pertsonalak arautzen dituen legeriak bereziki babesten dituen datuak ere.

Xedapen iragankorra.–Zentsuan inskribatutako elkarteak.

1. Aurreko araudiaren arabera Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsuan inskribatuta dauden elkarteek sei hilabeteko epe luzaezina izanen dute foru dekretu honetan aurreikusitakoa betetzeko eta eskatzen den dokumentazioa aurkeztu eta Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsuan agertzeko.

2. Aurreko idatz-zatian adierazitako sei hilabeteko epea iraganik, foru dekretu honetan eskatzen den dokumentazioa eguneratzen ez duten elkarteak, edo beren funtzionamendua hartan xedatura egokitzen ez dutenak, ofizioko baja hartuko dute zentsuan.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen da martxoaren 4ko 127/1996 Foru Dekretua, Nafarroako Emakume Elkarteen Zentsuaren arau erregulatzaileak ezartzen dituena, bai eta foru dekretu honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak ere.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko uztailaren 27an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1608921