139. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

880/2016 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, “Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketak Arautzen dituzten Arauak onesten dituen Gobernu Kontseiluaren Erabakia” argitaratzeko agintzen duena. Gobernu Kontseiluak 2016ko ekainaren 15ean hartutako erabaki baten bidez onetsi zen hori.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko 2016ko ekainaren 15eko Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia, “Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketak Arautzen dituzten Arauak” onesten dituena.

“GRADU IKASKETAK ARAUTZEN DITUZTEN ARAUEI BURUZKO ERABAKIA

2009ko uztailaren 1eko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez ‘Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu ikasketak arautzen dituzten arauak’ onetsi ziren. Aipatu erabakia 2009ko abuztuaren 17ko 101 zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Gobernu Kontseiluaren 2009ko urriaren 6ko eta 2012ko azaroaren 27ko bi erabakiek aldatu zituzten arau horiek. Lehen kasuan, araudia Gobernu Kontseiluak ezarri zuen iraupen-arauetara egokitu zen, deialdi-kopuruari zegokienez, eta bigarren kasuan hizkuntza-gaitasuna arautu, ikasle-tipologia, arduraldiaren arabera, ezarri eta ikasle batek seihileko batean gutxienez zenbat kreditutan matrikulatu behar duen ezarri zen. Bigarren aldaketa-erabaki honek, bere aldetik, ‘Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu ikasketak arautzen dituzten arauen’ testu birbildua onetsi zuen.

Gero, 2013ko urriaren 9ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez aldatu ziren, ikasleek matrikulatutako kredituen denbora antolaketaren kontuetan, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak beken eta ikasketetarako laguntzen gaian onetsitako araudi berrira egokitzeko.

Azkenik, 2014/2015 ikasturterako, eta urteko matrikula daukaten ikasketa planak seihilekoko matrikula daukaten ikasketa planekin batera izaten ahal zitezen, berriz aldatu ziren, 2014ko maiatzaren 27ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiaren bidez.

2016/2017 ikasturterako, beharrezkoa da araudia berritzea; izan ere, egiaztapen-txostenetako ikasketa planak hurrenkera jakin batekin egituratu dira, eta hainbat arrazoi direla medio, lehen aipatutako araudi-aldaketetan hurrenkera hori desagertzen joan da. Alegia, irakasgaiak matrikulatzeko denbora-hurrenkera da zaindu behar den alderdia.

Hau honela, beste proposamen bat egin da, kontuan hartuta lehenagoko araudiak zeuzkan gorabehera batzuk araudi berekian arautzen direla, esaterako onarpen prozesua, irakasgaien ebaluazioa, Gradu Amaierako Lana, eta abar, eta beraz, gorabehera horiek araudi honetan sartzea ez da beharrezkoa.

Honako hau da Gobernu Kontseiluak, Irakaskuntzako errektoreordeak proposaturik, bere kideek aldez aurretik eztabaida eginda, 2016ko ekainaren 15ean egindako bileran, hartu duen

ERABAKIA:

Lehena.–Gradu ikasketak arautuko dituzten arauak ezartzea.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea”.

Iruñean, 2016ko ekainaren 15ean.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO IKASKETAK ARAUTZEN DITUZTEN ARAUAK

ATARIKO KAPITULUA

Artículo 1. Aplikatzeko eremua.

Arautegi hau aplikatuko zaie Nafarroako Unibertsitate Publikoan ematen diren graduko unibertsitate ikasketa ofizialei. Ikasketa horiek araututa daude 2015eko otsailaren 2ko 43/2015 Errege Dekretuak aldatutako 2007ko urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan, unibertsitate ikasketa ofizialak ordenatzeari buruzkoan.

Artículo 2. Prozedura administratiboak eta akademikoak.

Araudi honetan arautzen diren administrazio prozedurak eta irakaskuntza prozedurak, baita dagozkien epeak ere; errektorearen edo eskumena duen errektoreordearen ebazpen baten bidez ezarriko dira ikasturte bakoitzerako.

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Gradu ikasketen egitura eta edukia

Artículo 3. Ikasketa planak eta lan karga.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasketa plan bat modulu, gai eta irakasgaien egitura zehatz bat izango da, eta horiek segidan antolatuta eta 60 ECTS krediturekin planifikatuta ikasturte bakoitzean.

2. Ikasleak eskuratu beharreko prestakuntza teoriko eta praktiko guztia edukiko du graduko titulu baten ikasketa-arduraldia: jakintza-arloko oinarrizko alderdiak, nahitaezko eta aukerako irakasgaiak, mintegiak, kanpo praktikak, egonaldiak atzerrian, lan zuzenduak, gradu amaierako lanak eta beste prestakuntza jarduera batzuk.

Artículo 4. ECTS kredituak.

Prestakuntza programa Europar Kredituetan (ECTS) egituratuko da, eta horietako bakoitzak ikaslearen 25 lan ordu adina balio du.

Artículo 5. Ikasketen denbora-egitura.

1. Ikasturte bakoitza bi seihilekotan garatuko da. Lehenbizikoa Udazkeneko seihilekoa eta bigarrena Udaberriko seihilekoa deitzen dira.

2. Seihileko bakoitza 30 ECTSko iraupena izango du, gradu bikoitzetan izan ezik, beren araudi espezifikoa edukiko baitute.

Artículo 6. Oinarrizko prestakuntza, nahitaezkoa eta aukerakoa.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu ikasketen plan guztiek edukiko dute 1393/2007 EDan, garapen-xedapenetan, eta, hala badagokio, gradu hauen bidez garatzen den lanbide arautu bakoitzaren arautegian ezarritako oinarrizko prestakuntza, nahitaezkoa eta aukerakoa.

2. Oinarrizko eta nahitaezko irakasgaiek 6 ECTSko irakaskuntza karga edukiko dute, eta titulua emateko erabiliko den hizkuntzan eskainiko dira gutxienez ere. Salbuespenez, eta horretarako aski arrazoirik balego, 3 ECTS kreditu dituzten oinarrizko prestakuntzako nahitaezko irakasgaiak proposatzen ahalko dira.

3. Aukerako irakasgaiek 6 edo 3 ECTSko irakaskuntza karga edukiko dute. Ikaleak aipamen bat lortzeko nahitaez matrikulatu behar dituen irakasgaiak aukerako irakasgaitzat hartuko dira.

Artículo 7. Kanpoko praktikak.

1. Posible baldin bada, tituluarekin lotutako kanpo praktiken aldi bat egiteko beharra jasoko da Ikasketa Planaren barnean.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoan gai honi buruz indarrean dauden xedapenek zuzenduko dituzte kanpoko praktikak.

Artículo 8. Egonaldiak beste ikastegi batzuetan.

1. Posible baldin bada, tituluarekin lotutako nazioko edo atzerriko beste unibertsitate batzuetan egonaldi bat egiteko beharra jasoko da Ikasketa Planaren barruan.

2. Ikasleak Goi Mailako Hezkuntzako Unibertsitate Ikastegietan egingo duen egonaldia baliatuko du ikasketak egiteko, edo, hala badagokio, Gradu Amaierako Lana egiteko, edo gero kredituak lortzeko aukera emango dioten praktikak egiteko enpresetan eta erakundeetan edo garapenerako lankidetza jardueretan.

3. Ikasketa Planaren barruan sartzen ahalko da, halaber, tituluarekin lotutako Nazioarteko Mugikortasun Birtualeko Programak garatzea. Programa horiei esker, ikasleek “urruneko” nazioarteko esperientzia lortzeko aukera izango dute.

4. Nafarroako Unibertsitate Publikoan gai honi buruz indarrean dauden xedapenek zuzenduko dituzte beste ikastetxe batzuetan egiten diren egonaldiak.

Artículo 9. Gradu amaierako lana.

1. Gradu-ikasketen bukaeran, ikasleek Gradu Amaierako Lan bat egin eta defendatu behar dute. Ikasketa planaren arabera, lan horrek 6, 12, 18, 24 edo 30 ECTS kreditu izango ditu.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan gai honi buruz indarrean dauden xedapenek zuzenduko dituzte Gradu Amaierako Lanak.

Artículo 10. Jardueren aitortza akademikoa.

1. Ikasleek aukera dute jardueren aitortza akademikoa lortzeko aukerako kredituetan eta gehienez ere 6 ECTS, unibertsitateko kultura jardueretan, kirol jardueretan, ikasleen ordezkaritza jardueretan, elkartasun jardueretan eta lankidetza jardueretan parte hartzeagatik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan gai honi buruz indarrean dauden xedapenek zuzenduko dituzte jarduera hauek egiteagatik emandako kredituen aitortza akademikorako irizpideak.

Artículo 11. Atzerriko hizkuntza gaitasuna egiaztatzea.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan Graduatu titulua lortzeko, ikasleak hizkuntza gaitasuna frogatu beharko du ingelesez, frantsesez, alemanez edo italieraz, Europako Kontseiluaren “Hizkuntzen Erreferentziako Europako Esparru Komunaren: ikaskuntza, irakaskuntza, ebaluazioa” delakoaren araberako B1 mailaren parekoa edo goragoko mailakoa, Unibertsitateen Kontseiluak egiaztatutako titulazioaren txostenean hala ezartzen bada.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoan gai honi buruz indarrean dauden xedapenek zuzenduko dute hizkuntza gaitasuna egiaztatzeko prozedura.

Artículo 12. Ikasketen amaierako data.

Hau izango da Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasketak amaitzeko da:

a) Ikasketa planean eskatutako kreditu guztiak bukatzeko unean ikasleak hizkuntza-gaitasuna badauka, titulua lortzeko beharrezkoa den azken kreditua lortu den data izango da.

b) Ikasleak hizkuntza gaitasuna lortzeko beharrezkoa den akreditazioa aurkezten badu ikasketa-planeko kreditu guztiak lortu eta gero, ikasketen amaiera data hau izango da:

1. Akreditazioaren data, beharrezkoak diren kredituak lortu eta geroagokoa bada.

2. Titulua lortzeko beharrezkoa den azken kreditua lortu den data, akreditazio kredituak baino lehenago lortu baldin bada.

Titulua lortzeko beharrezkoak diren kreditu guztiak lortu dituzten, baina hizkuntza gaitasuna ez daukaten ikasleek eskubidea edukiko dute titulua eman dakiela eskatzeko, hizkuntza gaitasuna egiaztatzen dutenean, ikasketa-planaren balizko aldaketak eta are ikasketa planaren iraungitzea kontuan hartu gabe.

BIGARREN KAPITULUA

Ikaslearen arduraldia

Artículo 13. Ikasleen tipologia arduraldiaren arabera.

1.–Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikasleen tipologia hau ezarriko du, ikaslearen arduraldiaren arabera:

–Arduraldi osoko ikaslea: ikasturte batean 60 ECTS kreditutik 84 ECTS kreditura bitartean matrikulatzen dituena. Arduraldi horrekin jarraituko du ikasketak bukatzeko falta zaion kreditu kopurua 60tik beherakoa denean eta bukatzeko geratzen zaion guztia matrikulatzen duenean.

–Arduraldi partzialeko ikaslea: ikasturte batean 30 ECTS kreditutik 59 ECTS kreditura bitartean matrikulatzen dituena.

–Arduraldi murriztuko ikaslea: ikasturte batean 12 ECTS kreditutik 29 ECTS kreditura bitartean matrikulatzen dituena.

Aurreko tipologiez gain, hezkuntza-behar bereziak izaten ahal direla aurreikusten da. Ondorioz, beste laugarren ikasle-mota bat sortzen ahal da, bere izaera aitortzeko banan-banako analisia eskatzen duena.

2. Arduraldi murriztuko ikasleen izaera salbuespenezkoa izango da, eta denbora-muga edukiko du. Horren arrazoiak balioetsi eta gero, gaian eskumena duen errektoreak edo gaian eskumena duen errektoreordeak emango du horretarako baimena. Gizarte Kontseiluak arduraldi murriztuko ikasleentzako iraupen-araubide berezi bat aurreikusi ahalko du.

HIRUGARREN KAPITULUA

Irakaskuntza eta administrazio egutegia

Artículo 14. Urteko irakaskuntza eta administrazio egutegiaren onespena.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak edo gai horretan eskumena duen errektoreordeak proposatuta, Gobernu Kontseiluak ikasturte bakoitzerako irakaskuntza egutegia onetsiko du, betiere ondoko artikuluan ezarritako jarraibideak errespetatuz.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak edo gai horretan eskumena duen errektoreordeak ikasturte bakoitzerako administrazio egutegia onetsiko du, betiere ondoko artikuluan ezarritako jarraibideak errespetatuz.

Artículo 15. Irakaskuntza egutegiaren egitura.

Irakaskuntza-egutegia honela antolatuko da:

Seihileko bakoitzaren irakaskuntza-aldia eta ebaluazio aldia, guztira 18 astetik 20 astera bitartean luzatuko dira.

–Seihileko bakoitzean, aldi horretan eman diren irakasgaiak badira, eta azken probak egin behar badira irakasgai horietarako, irakaskuntza-aldiko asteetatik azken biak gordeko dira.

Era berean, seihileko bakoitzean, aldi horretan ematen diren, etengabeko ebaluaziorako metodologietan oinarritzen diren, eta ebaluazioko azken probak egin beharrik ez duten irakasgaietarako, irakaskuntza-aldia luzatuko da egun horietan.

LAUGARREN KAPITULUA

Matrikula

Artículo 16. Matrikula-epea.

Ikasturte bakoitzean matrikula bakarra egingo da, eta administrazio-egutegia onesten duen ebazpenean ezarritako epeetan egingo da matrikula.

Artículo 17. Matrikula egiteko eskaera.

Unibertsitateak eskaera onartzen ote duen baldintzatuta egongo da honako hauekin: eskaeran emandako datuak egiazkoak izatea, ikasleak gradu ikasketan sartzeko indarreko arauetan ezarritako baldintzak betetzea, iraupen arauak betetzea, eta dagozkion prezio publikoak ezarritako moduan eta epean osorik ordaintzea.

Artículo 18. Matrikulatutako kredituen denboraren araberako antolamendua.

1. Ikasleak lehen ikasmailako irakasgai guztiak matrikulatu beharko ditu ondorengo ikasmailetakoak matrikulatu baino lehen.

2. Ikasketa-planetako oinarrizko irakasgaien eta nahitaezko irakasgaien matrikula hurrenez hurren egin beharko da, ikasmaila baxueneko irakasgaietatik hasita.

3. Ikasleak, irakasgaiak lehenengo aldiz matrikulatu baino lehen, aurreko ikasturteetan gainditu gabeko irakasgai guztiak matrikulatu behar ditu. Betebehar horretatik salbuetsita daude mugikortasun programa batean parte hartzen duten ikasleak mugikortasunean ematen diren irakasgaietarako.

4. Aukerako irakasgaietan matrikulatzen diren ikasleek, gainditzen ez badituzte, irakasgai horiek utzi eta beste batzuetan matrikula egin ahalko dute, kontuan hartu gabe utzitako irakasgaien deialdi edo matrikulazio kopurua.

Artículo 19. Matrikula aldatzea.

1. Matrikula aldatzeak bere baitan hartuko du, besteak beste, irakasgaiak ordezkatzea, talde-aldaketa eta deuseztatze partziala.

2. Zilegi izango da matrikularen aldaketa eskatzea seihileko bakoitzaren hasieran, errektorearen edo eskumena duen errektoreordearen ebazpen baten bidez ezarritako epeetan.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen ebazpen baten bidez arautuko dira ikasleei matrikula aldatzea utziko dieten arrazoiak.

Artículo 20. Unibertsitatearen ofiziozko jarduna matrikulari buruzko eskaerei dagokienez.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikasleen espedienteak blokeatuko ditu honako kasu hauetan:

–Matrikularen prezio publikoak ezarritako epeetan ez ordaintzeagatik.

–Ikasleak ez badu aurkezten matrikula egiteko nahitaez eskatzen diren agirietakoren bat.

2. Espedientea blokeatzeak berarekin ekarriko du tituluak edo ziurtagiriak ezin luzatzea, espedientea beste unibertsitate batera ezin lekualdatzea, edo bestelako kudeaketa akademiko administratiborik egin ezin izatea. Salbuetsita geratzen da lerroalde honetan ikasleen kalifikazioak irakasgai baten aktan sartzea, jakinez gero kalifikazio hauek ez direla egiaztagiri batean sartuko edo ez direla erabiliko beste edozein kudeaketa akademiko-administratibotan.

3. Interesdunari espedientearen blokeoaren berri emango zaio, jakinaren gainean egon dadin, besterik gabe.

Artículo 21. Matrikula erabat baliogabetzea eta horren ondorioak.

1. Ikasleek matrikula erabat baliogabetzeko eskubidea edukiko dute inolako justifikaziorik gabe, ondorengo atalean ezartzen diren epeetan.

2. Matrikula baliogabetzeko eskaera Unibertsitateko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da matrikula egiten denetik aurrera edozein unetan eta ikasturtea hasten denetik 20 egun natural igaro baino lehen. Matrikula ikasturtea hasi eta gero egin bada, baliogabetzea eskatzeko 20 egun naturaleko epea zenbatzen hasiko da matrikula egin den egunetik.

3. Aurreko puntuan ezarritakoa galarazi gabe, ikasleak eskatuta, matrikula baliogabetu ahalko zaio ikasturtearen edozein unetan, aurrerantzean ikasketak jarraitzea eragozten dioten aparteko egoeretan eta gertatzezkoetan, ikasleak behar bezala justifikatuta. Matrikulatutako irakasgaietako bat jada ebaluatu eta kalifikatu badute eta kalifikazioa ebaluazio aktetan jasota baldin badago, matrikula ez da erabat baliogabetuko, baizik eta aldatu egingo da oraindik ebaluatu eta kalifikatu gabe dauden irakasgaiak bertatik kentzeko.

4. Lehen ikasmailan estreinakoz ikasleak matrikula eginda eduki, eta aparteko eta ezusteko egoeraren batean dagoelako, ikasleak behar bezala justifikatuta, matrikula deuseztatzen bazaio ikasleek, ikasketa horietan lehen bezala matrikulatzeko eskubidea izaten jarraituko dute, hurrengo aurreinskripzio prozesuan berriro parte hartu beharrik gabe. Ikaspostu horiek ez dira onarpen mugen barnean zenbatuko.

5. Kasu guztietan, errektorearen edo eskumena duen errektoreordearen ebazpen baten bidez ebatziko dira baliogabetzeak.

6. Matrikula baliogabetzen bada, matrikulatu, aitortu edo baliokidetutako kredituengatik ordaindutako prezio publikoen % 100 itzuliko da, betiere aipatu kreditu horiek aktan kalifikaziorik ez badute matrikula baliogabetu nahi den ikasturtean.

7. Inolaz ere ez dira itzuliko espedientea irekitzeagatik ezarritako prezio publikoak ezta kudeaketa administratiboari dagozkionak ere.

BOSGARREN KAPITULUA

Kredituen balioa aitortu eta transferitzea

Artículo 22. Araudi aplikagarria.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan gai honi buruz indarrean dauden xedapenek zuzenduko dute Kredituak Aitortzeko eta Transferitzeko sistema

SEIGARREN KAPITULUA

Irakaskuntza-plangintza

Artículo 23. Irakaskuntza-plangintza.

Matrikula-epeak baino lehen, ikastegiek ikasleen eskura jarriko dute Unibertsitatearen web-ean eskolen asteko ordutegiari buruzko informazioa, eta han jasoko dira, halaber, irakasgaietako irakaskuntza gidak, ezarritako irakasleak, bai eta, baldin badaude, azterketen datak ere.

Artículo 24. Tutoretzak.

1. Seihileko bakoitzean garatuko diren tutoretzen bidez, irakasgai bakoitzaren ikasketa prozesuan zehar ikasleei banaka lagunduko zaie eta argibideak emango zaizkie.

2. Sailek zaindu behar dute ikasketa planekin bat eta ematen dituen irakaskuntzen plangintzaren arabera atxikita dituzten irakasleen tutoretzak behar bezala beteko direla.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoak bermatuko du ikasleek tutoretza izan dezaten, beharreko irizpideak eta ordutegiak ezarrita.

ZAZPIGARREN KAPITULUA

Azterketa deialdiak eta ikasleen ebaluazio prozesuak

Artículo 25. Deialdi kopurua.

1. Ikasleak sei deialditarako eskubidea du irakasgai bakoitza gainditzeko.

2. Edozein irakasgaitan matrikulatzeagatik deialdi bat izango du ikasleak, ebaluaziorako, ikasleak irakasgaia zein ikasturtetan egiten duen, ikasturte horretan.

3. Irakasgai baten lehen eta bigarren matrikulan, deialdia ez da kontuan hartuko irakasgaiaren aktan “Ez aurkeztua” kalifikazioa azaltzen denean.

4. Irakasgai baten hirugarren eta hurrengo matrikuletan, deialdia erabili dela ulertuko da irakasgaiaren aktan “Ez aurkeztua” kalifikazioa azaltzen denean.

Artículo 26. Deialdien ezaugarriak.

Irakasgai bakoitzeko lehenengo lau deialdiak ohiko deialdiak izango dira eta azken biak aparteko deialdiak izango dira.

Artículo 27. Ez ohiko deialdiak.

1. Ikasleek zilegi dute azken bi deialdietako ebaluazioa epaimahai batekin egiteko eskatzea, administrazio egutegian ezarritako epeetan.

2. Errektoreak edo eskumena duen errektoreordeak ebatziko ditu eskaerak.

3. Epaimahaia osatuko dute irakasgaia atxikitako saileko edo sailetako hiru irakaslek, eta horietako inor ez da izango ikaslea matrikulatuta dagoen irakaskuntza taldearen arduraduna, eta dagokion ikastegiko dekanoak edo zuzendariak izendatuko dituzte. Epaimahaiak, dagokion irakasgairako, oro har ezarritako ebaluazio sistema aplikatu beharko du.

Artículo 28. Ebaluazioa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan gai honi buruz indarrean dauden xedapenek zuzenduko dituzte ebaluazio prozesuak.

ZORTZIGARREN KAPITULUA

Konpentsazioaren bidez gainditzea

Artículo 29. Irakaskuntza betekizunak.

1. Irakasgaiak konpentsazioaren bidez gainditzeko aukera izango da, eskakizun hauek guztiak betetzen badituzte:

a) Ikasketak amaitzeko gehienez ere irakasgai bakar bat gelditzea ikasleari, Gradu Amaierako Lana salbu.

b) Konpentsatu behar duen irakasgaia aukerakoa ez izatea, ezta kanpoko praktikei dagokiena, ezta Gradu Amaierako Lana ere. Aipamen jakin bat lortzeko beharrezkoak diren aukerakoak salbuetsita daude.

c) Ikaslea bi egoera hauetakoren batean egotea:

1. 4,0 puntu edo gehiago edukitzea, ikaslea kalifikatu duten konpentsatu beharreko irakasgaiaren bi azkeneko deialdietako batean.

2. Irakasgaiaren kalifikazioa azken bi deialdietan 4,0 baino txikiagoa izanik, 5,0 edo handiagoa den emaitza bat lortzea formula hau aplikatuta:

(Ikasketa espedientearen batezbestekoa * 0,7) + (Kalifikazioa * 0,3)

non ikasketa-espedientearen batezbestekoa aterako baita mugikortasun-ikaspostuak eta praktikak esleitzeko aplikatutako baremoarekin bat etorriz. Baremoaren formula hau da:

Σ (kalifikazioa * irakasgaiaren kreditu kopurua)

Σ (zenbat aldiz agertzen den kalifikatutako irakasgaia * irakasgaiaren kreditu kopurua)

Hauek ez dira kontuan hartuko:

–“Ez aurkeztua” kalifikazioa duten irakasgaiak.

–“Gai” edo “Ez Gai” kalifikazioa duten irakasgaiak.

non “kalifikazioa” baita konpentsatu beharreko irakasgaian lortu den notarik altuena azken bi deialdietan.

2. Ikasleak irakasgai bakarra gainditu ahal izango du sistema honen bidez.

3. Ikaslearen espedientean irakasgai hori sistema horren bidez gainditu dela adieraziko da. Konpentsazioaren bidez gainditutakoa “Gai 5,0” kalifikazioaren baliokidea da. Espedientea barematzeari dagokionez, konpentsazioaren bidezko gai kalifikazioak 1 balio du.

Artículo 30. Prozedura.

1. Irakasgaia konpentsazioaren bidez gainditzeko eskaera administrazio egutegiak, errektorearen edo errektoreorde eskumendunaren ebazpenaren bidez, ezarritako epearen barruan aurkeztuko da.

2. Eskabideak Gradu Ikasketen Atalean aurkeztuko dira eta handik dagokion ebazpena emateko proposatuko diote errektoreari edota gai hauetan eskuduna den errektoreordeari.

3. Aurreko artikuluan ezarritako baldintza guztiak betetzen badira, eskaera onartuko da.

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

Iraupen araubidea

Artículo 31. Aplikatzekoak diren arauak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluari buruzko uztailaren 2ko 15/2008 Foru Legearen 7. d) artikuluan ezarritakoarekin bat, Gizarte Kontseilua da Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasleen errendimendua eta iraupena arautzeko eskumena duen erakundea.

HAMARGARREN KAPITULUA

Gradu ikasketen egokitzapena eta iraungipena

Artículo 32. Aplikatzeko eremua.

1. Kapitulu honetako arauak aplikatuko zaizkie iraungitze bidean den titulazio bat egiten ari diren eta beren ikasketak titulazio hori ordezten duen titulazio berrira egokitzeko eskatzen duten ikasleei.

2. Arau hauen aplikazio eremutik kanpo gelditzen dira titulu batean sartzen diren ikasleak, erabat iraungitako ikasketa planetan ikasketak hasita dauzkatenak edo titulu berriarekin zuzenean lotuta ez dauden ikasketa planetan hasita dauzkatenak.

3. Egokitzapen eskaera Unibertsitateko errektoreari zuzendutako eskabidearen bidez egingo da, Gobernu Kontseiluak egokitzapenaren gaian onesten duen erabakiak ezartzen duenaren arabera.

Artículo 33. Iraupen arauak urratu gabe, Graduko ikasketa berrietara egokitzeko eskatzen duten ikasleak.

1. Gradu titulu bat ezartzeagatik beren ikasketak iraungitze bidean den plan batean hasi dituzten ikasleek ikasketa berrietarako egokitzapena eskatzeko aukera izango dute Unibertsitateko errektoreari eskabidea zuzenduz matrikula egiteko jarritako epean.

Artículo 34. Iraungitze bidean den ikasketa planak egiten jarraitzen duten ikasleak.

1. Ikasketa planen iraungitzea ikasketa berriak ezartzen diren heinean egingo da. Gobernu Kontseiluak erabakiko du iraungitze hau hurrenez hurren eta ikasturtez ikasturte gertatzen den, edo murgiltze sistemaren arabera.

2. Ikasketa planen iraungitzea lege orokorrek ezartzen dutenari egokituko zaio, baita gai hau arautzen duen Gobernu Kontseiluaren erabakiak ezartzen duenari ere.

3. Iraungi den irakasgai baten kredituak aitortzen ahal badira titulu berriko irakasgai bat edo batzuetan, ikasleak matrikula egiten ahalko du irakasgai horietan, iraungitzen ari den planean bere ikasketak bukatzeko behar dituen kredituak osatzeko.

Artículo 35. Iraungitze bidean diren lehen eta bigarren zikloetako planetan Ikasketen Amaierako Proiektua gainditzeko duten ikasleak.

1. Iraungitzen ari diren planetan Ikasketen amaierako proiektua gainditzeko duten ikasleek, titulazioaren azken ikasmaila iraungitzen denetik gehienez ere lau urteko epea izango dute hura defenditu eta gainditzeko.

2. Era berean, matrikulak bi deialditarako eskubidea emango du ikasturte bakoitzean.

3. Ingeniaritza teknikoei dagokienez, 2015/2016 ikasturtea izango da matrikula egiteko eta Ikasketen Amaierako Proiektua defendatzeko aukera egongo den azken ikasturtea. Goi mailako Ingeniaritzei dagokienez, 2019/2020 ikasturtea izango da matrikula egiteko eta Ikasketen Amaierako Proiektua defendatzeko aukera egongo den azken ikasturtea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa

Arautegi honetan jaso ez diren egoerak errektoreak edo eskumena duen errektoreordeak ebatziko ditu. Ebazpen horien alderdirik garrantzizkoenak dagokion prozedurari buruzko infomazioa ematen den Unibertsitatearen web-orrialdean argitaratuko dira.

Bigarrena

Arau hauen aplikazio eremuan ikasleek aurkezten dituzten eskaerak, epea ezarrita ez dutenak, eskaera epea bukatzen denetik gehienez ere 30 egun naturaleko epean ebatziko dira. Nolanahi, administrazioaren isiltasunak eskaera ez onartzea dakar.

Hirugarrena

Espainian araututako lanbide-jardueretarako gaitzen duten tituluak direnean, arautegi hau aplikatuko da, baldin eta bateragarria bada Gobernuak ezarritako baldintzekin 1393/2007 Errege Dekretuaren 15. artikuluaren 4. idatz-zatian ezarritako moduan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Datozen ikasturteetan (2016/2017 eta 2017/2018 ikasturteak), zer titulaziotan matrikulatzen diren, titulazio hori 2016/2017 ikasturtea baino lehen hasi ziren ikasleak, 18.3 artikuluak ezartzen dituen betebeharretatik salbuetsita geratzen ahalko dira, baldin eta hori justifikatzen duten arrazoiak badaude, nola baita lehenagoko ikasturteetan matrikulatu diren eta gainditu ez diren kredituak 18 ECTS edo gehiago izatea. Hori gertatzen bada, matrikula aldaketa eskatzen ahalko dute, baldin eta, gutxienez, gainditu gabe dauzkaten kredituen %50 matrikulatuta geratzen badira, ikasmaila baxuenetatik hasita. Salbuespen bat ezin izango da aplikatu irakasgai berean behin baino gehiagotan.

Aldaketa hau Irakaskuntzako Errektoreordetzak ebazpenaren bidez ezartzen dituen prozeduraren eta egutegiaren arabera egingo da.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Erabaki hau indarrean sartzen denean baliogabetu egingo dira 2012ko azaroaren 27an Gobernu Kontseiluak onetsi zituen Gradu Ikasketak arautzen dituzten Arauak, baita Erabaki honetan ezarritakoaren aurkako maila berdineko zein beheragoko arauak, zirkularrak, aginduak, eginbideak edo xedapenak ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa

Eskumenen titulua

Arau hauek ematen dira Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 15.1 artikuluan ezarritakoaren babesean, zeinak Gobernu Kontseiluari esleitzen baitizkio irakaskuntzaren antolamenduaren eremuan estrategia ildoak eta programarenak aplikatzeko jarraibideak eta prozedurak ezartzeko eskumena. Era berean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuek, 2003ko maiatzaren 19koek, 20. artikuluaren b) atalean ezartzen dute Gobernu Kontseiluaren eginkizuna dela jarraibide orokorrak eta horiek aplikatzeko prozedurak onestea, ikasketak antolatzeko eremuan.

Bigarrena

Indarra hartzeko eguna

Nafarroako Aldizkari Ofizialean Erabaki hau argitara eman, eta biharamunean hartuko dute indarra arau hauek.

Hirugarrena

Araudi honetako aginduak genero femeninoan aipatzea gaztelaniako testuan

Araudi honetan, gaztelaniako testuan, genero maskulinoan agertzen diren pertsonak, kolektiboak edo kargu akademikoak, horrela agertzen dira markarik gabeko genero gramatikala delako. Hala dagokionean, genero femeninoa duten formak ere baliozkoak izango dira aginduen aipamenetan.

Iragarkiaren kodea: F1607735