139. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

288/2016 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, “Aietxu/Ayechu”ko Kontzejuari eta “Urraulgoiti/Urraul Alto”ko Udalari entzunaldia eman eta “Urraulgoiti/Urraul Alto” Udalarena den “Aietxu/Ayechu”ko Kontzejua iraungitzeko espedientea jendaurrean jartzen duena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44 b) artikuluak ezartzen duenez, kontzejuak, besteak beste, haien populazioa zuzenbideko 16 biztanletara ez iristeagatik iraungitzen dira.

Aipatu 44. artikuluko 2. atalaren arabera, Nafarroako Gobernuari dagokio, Lurralde Mugaketako Batzordeak txostena eman ondoren, kontzejuen iraungitzea dekretatzea. Iraungitzearen foru dekretua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta Estatuko Administrazioari igorriko zaio, Toki Entitateen Erregistroan inskribatzeko.

Bestalde, aipatu arauko 1. xedapen gehigarriak ezartzen du 44.1.b) artikuluan jasotako arrazoiarengatik iraungi behar direla hiru urtez segidan hamasei biztanletik beherako zuzenbideko populazioa duten kontzejuak, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak indarra hartu ondotik argitaratutako datuen arabera.

Nafarroako Gobernuak dekretatuko du iraungitzea, populazioaren datuak, kontzejuak iraungitzea bidezko bihurtzen dutenak, argitaratu eta urtebeteko epean.

2014ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 10ean, argitaratu zen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren otsailaren 10eko 60/2014 Foru Agindua, Nafarroako kontzejuetako 2013ko urtarrilaren 1eko populazio kopuruak ofizial deklaratu zituena; 2015eko 35. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 20an, argitaratu zen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren otsailaren 9ko 38/2015 Foru Agindua, Nafarroako kontzejuetako 2014ko urtarrilaren 1eko populazio kopuruak ofizial deklaratu zituena eta, orobat, 2016ko 43. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 3an, argitaratu zen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren otsailaren 9ko 14/2016 Foru Agindua, Nafarroako kontzejuetako 2015eko urtarrilaren 1eko populazio kopuruak ofizial deklaratu zituena.

2013ko urtarrilaren 1etik 2015eko urtarrilaren 1a arteko hiru urteetan (2013, 2014 eta 2015) argitaratutako datu ofizialetatik ateratzen da “Aietxu/Ayechu”ko Kontzejuan, “Urraulgoiti/Urraul Alto”udalerrian, 14 biztanle zeudela 2013ko urtarrilaren 1ean, 13 2014ko urtarrilaren 1ean eta 13 2015eko urtarrilaren 1ean.

Beraz, kontzeju horretako zuzenbideko populazioa hamasei biztanletik beherakoa izan da hiru urtez segidan, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak indarra hartu ondotik argitaratutako datuen arabera.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriko bigarren atalean xedatutakoari jarraituz, Nafarroako Gobernuak dekretatuko du iraungitzea, espedientea instruitu eta bertan interesdunei entzute eman ondotik. Orobat, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 84. eta 86. artikuluetan xedatutakoaren arabera, bidezkoa da “Aietxu/Ayechu”ko Kontzejuari eta “Urraulgoiti/Urraul Alto”Udalari entzute ematea, baita kontzeju hori iraungitzeko espedientea hilabetez jendaurrean jartzea ere.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “Aietxu/Ayechu”ko Kontzejua iraungitzeko espedientea dela eta, “Urraulgoiti/Urraul Alto”Udalari eta aipatu kontzejuari entzute ematea hilabetez, eta espedientea jendaurrean jartzea hilabetez ere, ebazpen honen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, pertsona fisiko edo juridiko guztiek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak egin ahal ditzaten.

2. Ebazpen honen berri ematea “Urraulgoiti/Urraul Alto”Udalari eta “Aietxu/Ayechu”ko Kontzejuari, beren iragarki oholetan argitara dezaten behar diren ondorioetarako.

Iruñean, 2016ko ekainaren 24an.–Toki Administrazioko Zuzendari Nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

Iragarkiaren kodea: F1607824